L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Komplot Dmitrov

 

Violet Font

 

Amstel ibaiaren uhobian sekulakoa harrapatu omen genuen bart, zeharo desafinatzen: ni naiz Kapitain Pillotu neri behar zait obeditu, Kapitaina da txit beltza bizar luze gorrixkara holandesen tankerara, holandesen tankerara! Eta akaso horregatik edo, goizean laino zirudien urezpondak: eta bare-bare dago Baionako barraraino. Nagika, Amy izan da maindiretatik estraina deskorapilatuta untziko leihatiletik begiratu duena eta, eztarria hartuta, Amstelgo urak laino zeudela kantatu duena. Eta goizean Amy izan da, biluzik baita ere, lanbro arteko periskopio kamufla ezinari begieman dion lehena.

        —Ostia Karel —harritu da—, sumarino spya bat zeukeagu gure leihoan! —eta segituan zanpatu ditu titiburuak ezkutatu nahian.

        —Tira Amy, Gerra ezkeroztik hemen ez dun arrainik geratzen. Hire amaren etxeko pezerako arrain gorriak salbu, noski —kojin bat bota diot ohetik—. Hator, benga, hator hona, nere ondora...

        —Sumarino bat Karel! —buelta emanda—, sumarino bat esan diat; bazekiat Gerra ezkeroztik hemen arrainik ez dagoela. Eta orain, gainera, nere ipurdiari begira zegok putakume hori!

        —Nor!

        —Nik zer zekiat!; periskopiotik begira ari dena!

        —Ja!, espabilatua.

 

Sumarino spyaren batekin txokatuko ginen bart, eta gu ezta konturatu ere! Hori izan da burutik pasatu zaigun aurrenengo gauza. Ez bait da mugitu ere egin, bere presentzia deskubritu dugula adierazten saiatu gatzaizkion arren. Frantsesa edo germaniarra edo sobietikoa izango da. Agian turkoa, itsasorratza izorratu egingo zitzaion sumarino turkoa.

        Ea sikiera uxatzen genuen, ordu erdiz gutxienez imintzioak egiten aritu gara periskopioaren aurrean. Ez da ordea batere doilitu, ez diogu ez s.o.s ez haserre intentziorik somatu. Ezer ez. Sonntag-ek, adibidez, spray gorriz marraskatu dio lentea; eta ezta hala ere!, bere setakeriari eutsi bait dio tramankulu begiluze madarikatuak. Ze arraio nahiko ote dute.

        —Kakazarra! —oihukatu du Sonntag-ek—. Norbaitek egon beharko du bada barruan!

        —Ba ez zekiat zeren zai gauden orduan; ni behintzat behera nihoak, allakuidaus! —Mahlke, beti bezala, buzeatzeko irrikaz—. Hire aleta eta antiajuak hartuko dizkiat, e Karel?

        Sonntag eta Mahlke putzutarako prestatu bitartean, Amy-k —muxika bat gosaltzen— eta nik, ez dugu une bakar batez ere periskopioa bistatik kendu. Badaezpadare.

        —Ostia, eske meskalinak jaten dizkiagun bakoitzero horrela ibili beharra ere!

        —Bale Amy, bale. Ez gaitun berriro hasiko e!

 

Kaskoa lanperna, alga eta karramarroz josia dagoela esaka agertu dira gure bi eskafandristak, burbuilen artean aire bila; eta mailu bat eta zintzela beharko zituztela, eta baita destornilladore pare bat ere eskotilla ireki ahal izateko, eta ziur asko Gerradanik dagoela hor hondoa jota, bai, ze posible bait da Gerra garaian sumarinoa hemen sartu izatea, espioitzan nola enemigoen untzietatik ihesiz ezkutatzera. Eta guzti hau ia arnasik hartu gabe.

        Amy-k beste muxika bat jateko hartu duen denbora igaro dute urpean. Burbuilak.

        —Eskotilla zabaldu diagu.

        —Barruko kaskoa agerian zegok orain, eta Mahlke-k ba omen zekik nola barneratu... urik sartzen utzi gabe!

        Haitzetan harrapatua dago. Horregatik ez da periskopioa mugitzen. Barnekaldeko kaskotik torpedoen kamarara sartu dira. Ez dago ez irratirik ez logistika aparailurik, deus ez, erabat desmontatu izan balute bezala. Torretan, radar-a ere desagertu da. Handik maniobra kamarara; eta han ere, ez brujula giroskopikorik ez klinometrorik ez profundidade neurgailurik, ezer ez, lemak eta presioarentzat egokitutako aire balbulak salbu. Motorren kamarara ailegatu direnean, kakazarra esango zuen Sonntag-ek, blindatua bait dago eta ezin izan dute han miatu. Beraz, ez dakigu non fabrikatu zen. Diesel motorra ikustea lortu izan balute!, baina ezta hori ere. Eta sumarino guztian ez dago beste inolako hizkidun plakarik... popara iritsi eta marinelen gelatara heldu arte. Puntadun zerbaitez marrazturiko bihotz bat aurkitu du Mahlke-k: bi inizial. Besterik ez! Kakazarra esango zuen Sonntag-ek.

        Mando militarraren «suit»an ordea, bitakora kuadernoa zegoen mahai baten gainean. Sonntag itsu-itsu hurbildu omen zaio. Hutsik!, hutsik lehenengo orrialdea, hutsik bigarrena eta hutsik azkena.

        Eta paretean, soilik, ipuin honekin batera doan erretratua. Dmitrov irakur zitekeen azpian, Dmitrov Komandantea. Orain ezabatua dago. Eta kakazarra esan du Sonntag-ek.

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.