L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Palpara gogoan

 

Maite Urkia

 

Telefono dei bat espero zenuen. Beste batzutan bezala. Gaua zen, iluna, haatik zu ilargi zuriaren bila zenbiltzan lainoen artean, gauari begira. Bazenekien non zegoen kale haietan xamurki hurbildu zitzaizun argia, baina ez zenuen ikusten, agian geroago.

        Aparailuak jo aurreko ixiltasunak urduri jartzen zintuen gela barruan. Etxean ez zegoen beste inor. Balkoira irten zinen berriz, lasaitzeko, distraitzeko. Kanpoko soinuak irristan igarotzen zitzaizkizun, irristan eta mutu, edo zu entzungor.

        Tabernatik irten eta etxerantz abiatu zinetenean, hodei batek itzali egin zuen eguzkia zuen gainean. Harrez gero, luzeegiak ziren lausoak, irriak kolore gabeak.

        Denborak ez zekien aurrera baino. Eta zu zain. Baina ez zenekien deirik izango ote zen egun hartan. Azken begiratua zenuen gogoan. Telebistaren aurrean jarri zinen, zure barne ahotsak pelikula hartakoenen artean gal zitezen. Tiroek ez zuten aski hots egiten ordea.

        Eta bera. Bat batean, harekikoa epel, epelago, bero sentitu zenuen, ate ostean balego bezala. Irekitzera joan zinen larri, lasterka, aspertu eta alde egin zezan baino lehen. Berriz ixtean, etxea zein ilun eta ixil zegoen ohartu zinen ilun. Pelikulakoei ez zenien jaramonik egiten. Sofa gainean erdi etzanda, goizean uste izandako egun ederraren amaiera etsiari begiratzen zenion, etsi ezinik artean.

        Telefono dei bat espero zenuen. Espero zenuen baina, ia ez zenuen espero. Palpara ahantzi gabeak xamurtu egin zintuen. Ahantzi gabeko palparak bultzatu zintuen jeikitzera, pasilloan zehar ibiltzera, telefonoa hartu, eta zai zenuenari deitzera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.