L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Casa Tomada

 

Lupus Borrel

 

                                Cortazarrek Casa Tomada idatzi zuela,

                                katekima berria otsoentzat

                                eta

                                alokairu orrietan zehar ihes.

 

Harzazu kafea Mari, gehiagorik ez dago eta. Berau berotzeko ere ez daukagu butanorik, kanpoan erosi behar izan dut. Badakizu, termoagaz joan eta sei ebaki eskatu. Beno, beste inoiz ere antzekoa egin dugu. Bai, badakit oraingokoa azkena dena eta oraingoan urrunera goazena, baina ez dugu horregatik kafea hotzituten utziko. Egiozu putz bero badago. Ez, benetan, ez naiz damutzen; oraindik lehenengo gauetaz oroitzen naiz. Holan por holan ezagutu genuen elkar, zu tabernako barra atzean alkondara erremangatuta eta ilea zapi gorriagaz lotuta. Koleta alde batera eta bestera astintzen ezetz esaten zenigunean. Ezetz esan eta atzera bueltatzen ginen zeure menosprezuak sufritzera. Oso gustoko genuen zure aurpegi haserretua eta mogimendu elektrikoak. Aita oso pozik zebilen gugaz, oso kliente fijoak ginen eta. Hantxe zegoen beti «Mari, zerbitu egiezu mutiko hauei, ez duzu egarri direla ikusten ala?» Eta zuk, abotsa jakin dakizun garratzen jarrita, «zer gura duzue?» itauntzen zenigun. Gero kulturetxearen lokaletatik bota gintuzten eta norberak bere bidea hartu genuen. Ni Bilbora eta besteak batek daki nora. Urteak pasatu ziren berriz ikusi arte; oraindik ere gogoratzen zara? Kristona zeneraman gainean, spida hartuta zenuen eta begiak distiratsuak. Han zenbiltzan neuri begira eta begira zeure hatzamarrok ormako kristalean olgeten zutela. Gogoratzen zara? bakarrik zeunden une hartan, hatzamarrok kristalean olgetan eta zu irrifarrez, distiratsu. Halako batean, eskuak atzerantz egin eta koleta bat egin zenuen. Eta irrifarrez hainbatetan ezetz esan zidan koleta erakutsi zenidan. Eta abots goxuaz «ez duzu gura?»; berbak zeure begietatik irristatzen ziren. Geroztik beti, goizetan begiratzen dizudanean, berdin ikusten zaitut; eta batzutan, lotsatu egiten naiz, ondo dakizun moduan. Baina zeure aitak ez nau begi onez ikusten izan. Lehenago bezero ona izan banintz ez du sekulan ere onartu guk biok ez ezkontzearena eta holan bizitzearena, etxerik etxe eta herririk herri. Bai, neu ere lokartzen hasia naiz, kafea edateari ekin arren. Iluntzera arte ez da inor etorriko, ordurako urrun izango garela. Heurek pentsatu baino urrunago. Gomutatzen zara plazan bizi ginela, zelan patronoa etorri zitzaigun periodikua eskuan eta arrantzaka? jada bazeukan geure hurrengo pisua boligrafo gorriz markatuta; gu botatzeko etorri eta bageunden urrun, bere arrantzak entzuten ez diren lekuan. Koittadua! Ez dakit konturatu zinen, baina polizia eta guzti izan zen gau hartan gure inguruan. Komisaldegian sekulako garrasiak entzuten ziren, biok ginen elkarren bila, zeu bortxatzen zintuztenean. Inpotentziak eraginda negarrez eta garrasika. Ez diegu sekulan ere barkatuko, ez. Ubeldurez beteta zeunden irtetzean eta neu gartzelan, urruneko leku hortan zugaz elkartu ezinean. Koleta beltz horrekin olgeten zenduen baina. Edazazu kafea hotzitu baino lehenago. Nerau ere lokartzen hasia naiz eta erdia baino ez dut ikusten, baina zeure gorputzaren epeltasuna senditzen dut oraingoz. Laister hotzitu egingo zaizu gorputza, geroxeago biok elkarregaz izateko.

 

Auzoko orri parrokialean agertutakoaren estraktoa: »...Lehengunean gertatu zena da gaurreguneko egoera azaltzen duena. Drogadikto bikote bat agertu zen hilik sobredosia dela medio. Ardi galduen gisa jokatzen duten gazteek ez dute inolako laguntzarik jasoten drogarengandik; paradisu faltsu bat ez ezik. Hor ikustea da egoera sozial honen helburu gabezia...».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.