L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Futuroa

 

Antonia Ormaetxea

 

        Pasatuan futuroari buruz idatzi direnak gure presentea bihurtu izan zitezkeelakoan idatzi ei ziren. Gaitza da, ostera, ustez asmatzen ari ziren futuroa egun dugun presentea ote denentz igartzea. Data eta guzti idatzi izan dira futuroari buruzko literatur lan batzu, ezagunena Orwell-en «1984» nobela delarik, ziur aski.

        Dataren gorabehera hori zela eta, orain dela urte parea ere hortxe ihardun izen zuten politiko, kritiko eta bestelako «iko» andana, jo eta ke gure orduko presentean nobelan iragarritako futuroaren zeintzu ezaugarri identifikatzea geneukan zehaztu nahiz. Zeren atzetik ari izan ote ziren? Zer zela eta jakingura gaisoti hura?

        Beharbada askok buruketa erreza egiten zuen. Orain artekoan Orwell-ek iragarritakoaren ehuneko zenbat bete den jakinez gero —pentsatzea zeukaten—, zilegia dateke hurrengo urteetan profezia haiek ehuneko berean betetzen segitzea, nahiz eta iragarritako urtea baino apur bat beranduago izan. Honetara literaturak, entretenigarri izateaz gain, bestelako zeregina ere betetzen du, hots, futuroa aurretiz iragartzearena. Futuro hori asmatzerakoan, hala ere, presentea da idazleak daukan lorratz bakarra.

        Presentea aurreritzirik barik aztertuta joera nagusietaz jabetu eta joerok gerora proiektatuz asmatzen da zer datorkeen. Holaxe zioen Julio Cortazar minak, buruz eta zentzua gordetzen saiatuz, errepikatzen ari naizelarik. Cortazarrek idazleak egunean egungoaz jakitun egon behar duela esaten zuen, gauza berriak ezagutu behar bait ditu datorkeena igartzeko. Beraz, geroa asmatzerakoan presentearen interpretazioa egiten dugu, ez beste ezer. Orwell-ek idatzi zuenak areago balio du orduko egoera ezagutzeko futuroa igartzeko baino. Ez du honek futurorik asmatu ez zuenik esan gura. Gaurko zer egon zen idatzita zegoenerako —1984 idatzi zenerako— orduko errealitatean, gure presenteraino helduko zena esatea zeukana?

        Idatzita zegoen mundua zati bitan zatituta zegoena eta zatiturik segituko zuena. Idatzita zegoen mundu batetakoek besteari buruz izango genuen informazioa gero eta eskasagoa eta manipulatuagoa izango zena. «Big Brother» delakoak menperatuko gintuena ere erreza zen asmatzen, antza. Zer esanik ez, hitzen esanahia aldatu egingo zena, egun sozialista españolen kasuan begi bistakoa den bezela. Gau batzutan alde zaharrean, zazpi kaleetan, ematen duten ginebra nobelakoa bezain nazkagarria izango zenik, hori sinestea ere gogorra da. Zer esanik ez, aldatzen ez den gauza nagusia kanpoko itxura dateke. Askok du buruan, ikusten denez, Reynolds aluminiozko paperaz jantzitako gizakiak futuro estereotipatuan eta, berori dela eta, ez daki futuro hura berton duguna igartzen, ez bait dio egungoari ametsetako halako janzkerarik antzematen. Beste gauza askotan, aldiz, presente hau orduan iragarritako futuroa da, pasatu hartan idatzita bait zetzaten bilakabide nagusiak.

        Futuroa proiektatzea, era honetara, presentearen kritika bihurtzen da, halabeharrez. Presenteari buruz irakurri ditudan kritikarik gogorrenak, «Zientza fikzioa» delakoaren aldean bereiztearren «Proiekzio Zientzia» izena eman dioten beste horretako nobeletan irakurri ditut. Stanilaw Lem da nire egile gurena gai hauetan. Gaurko teologia hankaz gora jartzeko, burokraziaren kritikarik zorrotzena eta umoretsuena egiteko, egungo sasiegiak iruntzitara jartzeko, kontraesanak azalarazteko, maisua dugun Lem-ek geroko gizartean kokatzen ditu gertaerak, futuro posibleetariko bat asmatuz. Baina ez dugu futuro hori benetako futuroa izango denik sinesten, gure presentea absurdoa dela baino, presenteko joerak azken muturrera eramanez gero, egoera absurdoak sortuko badira presenteko joerok absurdoak baina errealak direlako. Lem-ek horrelaxe lortzen du egungo uste ustel askoren azalkeria azalaraztea. Lem-en nobelak suntsitzaileak dira.

        Lem-ek asma dezakegun hitz guztien esanahia dela posible diosku, noiz izango den gauzatua hitzezko azalon mamia ez dakigun arren. Hitza asmatu eta egia izan dadin zein gizarte moeta behar den, horixe ei dugu «futuroak» asmatzeko formula. Besogilea hitza asmatzen badugu, adibidez, besoak saltxitxak egiten diren bezala, egin egiten diren gizartean izango dira posibleak. Hurrunegi dagoenentz gizarte hori? Agian, besogileak diren futuro proiektatu horretan aurkituko dugu egungo medikuntzaren kritikarik zorrotzena egiteko era, futuro horretan, ezinbestez, gaurko esperientzia isladarazi behar izango dugulako, nahi eta nahi ez, berau bait da dakigun bakarra, berau bait da abiapuntu posible bakarra. Laburbilduta esateko, presentea da futuroari buruzko historia guztien abiapuntua eta lehengaia. Presentea proiektatzeko bidea, aldiz, norberak aukeratzen ditu, ideologiaren arabera, era honetara, futuroa ere ideologizatu egiten delarik, presentearen irudi ideologizatua eskeiniko du beronen kritika den futuro horrek. Futuroari buruzkoek moralizatu egiten dute, bada, beti ere, presenteko joera nagusiak zeintzu diren aukeratu beharra daukalako eta aukerabidea bera ere, beti ere, ideologiakoa izango delako. Beraz, Fikzio zientzia delakoa produkto ideologikoa da, oineritzitzat presenteari buruzkoak dituelarik. Generoak irakurleak gaurko munduaren interpretazioa eskeini gura dio, nahiz eta «ebasioa» delakotzat jo askok generoa. Ez dago ebasiotzat jo daitekeen generorik, baina gaurko gaiari gagozkiolarik, arengo da egia baieztapen horren azpian datzana.

        Zinemagintza erreakzionarioenak zelan hartu eta erabili dituen «presentetik proiektaturiko futuroak» gaurko balorerik ustelenak defenditzeko, hara hortxe diodanaren adibiderik argiena. Buruan ditudan arren izenak gorde egiten ditudan pelikuletan mezu erreakzionarioena iragartzen zaigu, «futuroaz» ari direlako kontua erabiltzen delarik aitzakitzat. Egun, moralkeria burgesa «futuroa» gaurko «presente» honen justifikagarria bihurtarazten saiatzen da. Hurrun dira Orwell, Bradbury, Huxley, Lem... futuroa proiektatuz presentea erakusten saiatu zirenen ahaleginak. Beraien ustez, gaurkoak nora eramango gaituen erakutsiz, gizartea aldatzen errezago saiatuko ginatekelakoan garatutako generoa merkatarien eta faxisten eskuetara joan da. «Futurotik» familia, armada eta AEBen nagusigoa iraun arazi behar dela dioskutenak, dukegun presenterik hoberena beraiena dela esaten ari zaizkigu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.