L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Musuak denoi, Antonio

 

Antonio F.

 

euskaratzailea:

P.S

 

Gutun hau Gernikako Anita Etxebarriari esker eskuratu dugu. Antonio F. gudari espainolak Madrileko bataloi komunista bateko partaide omen zen bere anaiari idatzi zion, apirilaren 26ko goizez. Arratsaldean hil zuten, nahiz ekainaren 14garrena bitartean identifikatu gabe eduki. Gutuna ez zen Gernikatik irten, eta ez da egundaino beste inon argitaratu.

 

Hola, Miguel.

        Zer moduz zaudete? Ongi, espero diat. Ama? Esaiok laster joango naizela etxera. Oraingoan egia omen duk permiso bat emango didatela, edo behintzat hala agindu zidatek.

        Orain Gernikan negok, pare bat egunetarako. Giro ona zegok, freskoa baina aterri. Jelatzen ez duen bitartean (etxean ez zegok kalefakziorik). Oso goiz aditu dituk abioiak, baina urruti, ez al dira oraintxe etorriko, izan ere buelta bat emateko gogoa zeukeat.

        Zer moduz ikasketak? Atzo hirekin gogoratu ninduan, izan ere ez zegok biologiaz zeinekin hitz egiterik hemen, eta atzo kasualitatez herritik atera ginela, garo-mendi batean gertatu gintuan. Garo altuak hituen, ederrak, eta hostoñoen azpitan lerro simetrikoetan, esporadun soroak zizkiteken, hazi samarrak. Honenbestez, espora batzu libre ibiliko dituk, ernetzeko zorian, protaloa sorturik, hostorik eta zuztarrik gabe, baina rizoide bidez hartzen dituztelarik lurretikako urak eta gatzak. Laster berriz, arkegonioak eta anteridioak emango dizkitek, eta azken hauen espermatozoideak igerian ibiliko dituk, obozelula bila...

        Gauean galdetu nian eta rizoma hoien hautsa este-xixareak akabatzeko erabiltzen omen ditek hemen. Gainerantzean, ximaurretako erabiltzen dizkitek garoak baserri denetan, idortuta daudelarik ebakita. "Cuando amarillea, si cortas, mejor es, que no luego, que es tarde", esan zidaken, erdara graziosoan, etxeko nagusiak.

        Miguel, gauza bat eskatu behar nian. Nire mahaian dudan txokolate-kajan sarturik dagoen medaila bidal iezaidak, hurrengoan. Klase guztietako amuletoen beharrean ere egongo omen gaituk eta.

        Bueno, gaur azoka eguna duk eta etxekoandreari galdetu behar zioat, letxuga pare bat edo zerbait nahi al duen erostea.

        Musuak denoi, maite zaituztet,

Antonio

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.