L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Iparragirreren madarikazioa

 

Mikel Untzilla Mendinueta

 

        (Neska lagunarekin geratu nintzen bere farman arratsalde hartan. Mauntena zoragarri baten maldan zegoen farma. Paisaian zehar xipak sakabanatzen ziren berdetasunean maluta txuriak irudikatuz. Maryren aita xiperra zen eta lao jebia izan arren plauxa baino nahiago zituela xipak aitortu zidan tibixa piztean. Uiken hartan zer egin erabakitzeke genuen: esporta, dantza plazara joan, drinka batzuk hartu... Hala ere denbora ona izateko asmoa genuen. Besaulki konfortan esertzearekin batera jelou esan zidan Maryk, berehala zetorrela, prestatzera zihoala, nuspaperra eta magazinak hortxe nituela zerbait irakuri nahi izanez gero. Baietz erantzun nion, nuspaperra irakurriko nuela, baina eskua luzatzearekin batera izenburu arraro xamarra zuela iruditu zitzaidan karpeta batekin egin nuen topo, eta arreta bizian irakurtzen hasi beste zereginik ez neukanez gero).

 

Euskal Herrira gerturatzen ari nintzen eta zirarra berezi batek kilikatzen zidan bizkar ezurra. Mugan lehen kontrolera hurbildu bezain laister soldadu batek dokumentazioa eskatu zidan. Ordu erdi beranduago soldadua itzuli egin zen aurrera jarraitzeko baimenarekin. Traje isolatzaile berezia jantzi nuen. Ez dakit zenbat kilometro egin nituen kontrolak, kamarak eta hesiak gaindituz kotxe zahar batzuk zeuden esperantzaz. Horietako lehen kotxean loti zetzan txoferrari papera eman eta martxan jarri ginen. Bidean gurutzatu genituen herriak hilda zeudela zirudien, baina azken herri hartako 72 zenbakidun etxera iritsi eta txirrina jotzean itxura arras arraroa zuen gaztetxo batek ireki zuen atea. Eskurik ez, eta ordez martzianoen bideojokua zuen. Txoferrak papera erakutsi ondoren barrura sartu eta telebista antzeko burudun agure batekin itzuli zen. Txoferrak emandako papera irakurtzean zera esan zidan zaharrak:

        —Zepeinpe zaparapa zupu bippi-bippi epetapa zerpe napahipi dupuzupu bippi-bippi?

        Nekez ulertzen nuen haren euskara eta itzulgailu automatikoa piztuz galdera errepika arazi nion:

        —Zein zara zu bip-bip eta zer nahi duzu?

        —Nire arbasoak Lekuazpiagatarrak izanik —esan nion— 1987an Iankilandiara joan beharrean gertatu ziren. Arbasoen lurra ezagutzera nator. Gainera, artikulu bat egiten ari naiz eta 1999an gertatutakoa aztertu nahiko nuke.

        Agureak burutzat zuen telebistan irrifar komiko bat marraztu zuen eta hitz egiteko gogoa zuela igerri nion. Berehala hasi zitzaidan gertatutakoa azaltzen:

        —Zerua lurrak eta itsasoak sortuak zirenean gizakiak kimatu ziren. Garai hartan ez zekiten etxerik eraikitzen, lurrik lantzen, itsasoratzen. Jan eta lo besterik ez zegiten baina listo igarri zuten egoera itzul araziko zuen kakoa lurrean zegoela, eta buztina erabiliz ontziak, adreiluak etabar luzea asmatzen joan ziren. Denbora igaro ahala basoetan aurkitutako abar eta ezpalaz baliatuz tresnak egiten hasi ziren, eguraldiaren gorabeherak ezagutzen, urtaroak bereizten, fruituak biltzen, zenbatzen, idazten, animaliak uztartzen, burnia, zilarra eta urrea bilatzen eta lantzen. Gizakien aurrerapenak ikusirik, ortzian agintzen zuten jainkoek bere boterea lurrera ere zabaltzeko asmoz lur eta zeru arteko akordio batetara iritsi behar zela erabaki zuten, hala adieraziz lurtarrei.

        Lurtarrek ez zuten horrelako hitzarmen baten beharrik ikusten, baina hala ere gizonen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk izango ziren erabaki nahi zuten jainkoekin bildu ziren. Iadanik lurtarrek ezagutzen zuten sagar zukuaren goxua, eta eztabaidatzeko asmorik ez zutenez gero sagardoa oparitu zieten jainkoei. Jainkoek pozik hartu zuten eskeinitakoa, baina lurtarrek, beren kasa moldatu nahi zutela oharturik, etsi eta mendekatzea erabaki zuten opariak azaldutako borondate ona ahaztuz. Mendeku gisa ez zieten erakutsiko mortalei futbolean egiten eta, horren ordez, edozein gauzarengatik apustuak egiteko zaletasuna muinetaraino sartu. Horren lortzeko neurri gabe jokatzeko zaletasuna bere baitan gordetzen zuen kutxatxoa igorri zuten sagardoaren ordain gisa lurrera. Ordurako trebeak ziren gure arbasoek, kutxatxo hark gauza onik ez zekarrela antzemanik, ireki gabe nonbait estaltzea erabaki zuten. Gernika deitu herrixkan zulo galanta egin eta bertan sartuz gainean arbol bat landatu zuten, haztean gure Herriaren babes totemikoa bilakatuko zen arbola hain zuzen ere.

        Egunak, urteak eta mendeak igaro ziren arbola lekuko ixila zelarik. Botatzeko ahaleginak sarritan gauzatzear egon arren beti norbait altxatzen zen gogoratu araziz hori gertatuz gero galduak ginela. Hauen artean ospe handia irabazi zuen Iparragirre deituriko bat daukagu. Bere ahotsa askotan altxatu zen gogoratu araziz zutik mantendu behar zela, izugarria izan zitekeen zerbait gertatzea nahi ez baldin bazen behintzat. Bazekien hark nonbait, arbol horren segeretua. Urte mordoxka bat igaro eta bonbaz suntsitzen saiatu ziren, baina hala eta guztiz ere herri guztia kixkalduagatïk azoka egunean arbolak zutik zirauen.

        Lortutako adinak gauza preziatua bihurtu zuen gure herriaren babes totemikoa. Oharturik bailo handiko zera zela zorioneko arbola, iankiek bere lurraldeetara eramateko asmoz egindako proposamena onartu egin zen. Ondorioa erraz aski somatu daiteke: kutxatxoko apostu zaletasun neurtezina aske geratu zen.

        —Eta gero? —galdetu nion txundituta.

        —Oraingo egoera sortuko zuena Kasinojaialaiak irekitzean hasi zen. Oharturik apustu zaletasuna geldi ezina zela, mota guztietako jokuak asmatzen hasi ziren. Jokuok egiteko lantegiak barra-barra irekitzean soldadu kopurua ere handitu egin zen, jokuaren polizia sortu eta kontrolak gehitu produkzio kateak babesteko. Guztia JANaren kontrolpean zegoen. Joku sukarraren aurkako taldeak agertu baldin baziren ere, listo desagertarazi zituzten Jokuzaleen Alderdi Nagusikoek geroz eta gehiago hedatuz joku zaletasuna. Euskal Herri osoa Kasinojaialaiz bete zuten, izena ere aldatu ziotelarik. Joku Herri deituko zitzaion ofizialki aurrerantzean eta Gernikan, arbola kokatzen zen tokian, Hiperkasinojaialaia eraiki zuten aro berriaren adierazgarri gisa edo. Urte batzuten buruan joku sukarra izugarri altxatzean beldurra sartzen hasi zen populazioan gertatzez ari ziren gauza bitxiak zirela eta. «Bideojendea» deituak izan ginenok jaiotzen hasi ginen. Haur gehienok jokuarekin zerikusïrik zuen zerbait genuen gorputzaren atal arrunt baten ordez, ni neu eta nire bilobatxoa adibide. Orduan hasi ziren komunikabideak Iparragirreren madarikazioaz hitzegiten, baina beste batzuk aldiz Iparragirrek ez zuela zerikusirik euskomutanteekin zioten, askoz ere lehenagokoa zelako madarikazioa. Eta noski, arrazoi zuten.

        Gertatutako gauza hauengatik Joku Herriko Kasinojaialaiak porrot egiten hasi ziren, krisi ekonomiko latzean sartu eta izugarrizko pobrezia nagusituz gure herrian. Hala ere makurragoak izan ziren mutazioen eraginak. Mutazioengatik aurrerantzean lurralde hau erreserba gisa mantentzea erabaki zuten Potentzia Nagusiek eta...»

 

        Bultxeta! Bazetorren. Mary prest zegoen. Bere lana irakurtzen ari nintzela ez ohartzeko, iristen sentitzean, magazinen artean izkutatu eta ea tibixa itzali behar zen galdetu nion. Ez nion aipatu ere egin zaldi laisterketarena, ez nion eskatu Euskal Herrira egindako bidaiaren berririk, ez nion galdetu ezer ere ez magazine artean ahazturik ziur aski zituen apunte haietaz. Erantzuteko betarik eman gabe, Oldzirira joango ginela drinka batzuk hartzera esan nion eskutik helduta karrora neramala. Ez dut uste geroztik berriro apusturik egin dudanik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.