L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Guernica?

 

Xabier Montoia

 

1.

Behin batean bazegoen Picasso zeritzan margolari bat. Argia maite zuen gauza guztien gainetik. Argia eta emakumeak. Berarentzat biak ia gauza bera ziren, elkarren jarraipen, ordezkari eta ondorio zuzenak.

        Gau ikaragarria munduaren gainean abailtzen zenean, emakumeen gorputz bilutsiei esker ikus zezakeen eta beraien argitan soilik, bere kuadrokote itzelak zirriborratzen segitu. Haiek gabe, ordez, egunsentia arte, kalez kale eta tabernaz taberna, ibili behar zuen itsu.

        Pariseko karriketan barrena, noraezean, zebilen gau anker horietako batean, inoiz ezaguturiko argi indartsu, distiratsuenarekin egin zuen topo. Catherine zeukan izena. Ezin konta ahala marrazki, margo eta irudi eder burutu zuen bere alboan, une llabur baten antzera iragan ziren hilabeteetan.

        Baina egun batean —oraindik loaren epeltasun gozoan— bere eskuak neskaren soina bilatu zuenean, ez zuen maindireen zuritasun hotz eta krudela baino aurkitu.

        Leiho ondoko kuadro hasi berrian itsatsia, ohartxo bat zegoen: «Ez izan nere zain. Maite haut.» Bazekien ez zela itzuliko. Hiltzeko gogoak zituen.

 

2.

Kuadro hasi berriak bere hartan zirauen, ikutugabea, hauts ugariak ilundua. Picassorentzat ez zegoen ez egunik ez gaurik, dena monokolore, berdina bait zen. Bere begiak ez ziren koloretan nekatzen. Hormari so, geldi, ematen zuen denbora. Unaduraren pisuaren pean bere betazalak erortzen zirenean bakarrik, ikus zezakeen zerbait. Ikusi eta aditu.

        Ama baten garrasi etsituak, semearen negar minberak, pizti izutuen orro eta zalaparta latza. Behin eta berriro.

        Batzutan, bere gogoaren zuri borobila are zuriago bilakatzen zen bonbila anitz eta Jainkoaren begi erraldoiaren argitan. Orduan, idiaren mutur hezea sendi zezakeen belarriondoan, eta ahate eta antzaren odol beroa bere sabelpean nabaritu. Errainetatik gora, oihutzar neurtezin bat zetorkion baina eztarrian trabatu egiten zitzaion, suak suntsitako herri hartako hondakin keatsuen erdian, mutu irauteko kondenaturik, betirako.

 

3.

Amets gaizto, lokamutsik petralena ere, denboraren poderioz, pasatu egiten da.

        Picassori ere horrela gertatu zitzaion, eta egunen iragaiteak adiskideen arreta eta laguntzarekin batera, emeki-emeki lasaitu eta bizkortu egin zuten.

        Goizero, Antoine bere adiskide mina, bere etxera hurbiltzen zen eta elkarrekin, kafetegi bateko terrazan, gosaltzen zuten udaberriaren lehen eguzki ferekagarriaren pean, egunkariak zekartzan albisteak komentatuz.

        Horietako goiz batean, ohi bezala gosarian ari zirelarik, Antoinek Espainiako herri batean faszistek egindako sarraskiaren berri eman zion.

        Picassok, lipar batez pentsakor geratu eta harritua, zera galdetu zion:

        «Guernica? Non ote zegok hori?».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.