L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Marin Sorescu, lau poema

 

Marin Sorescu

 

euskaratzailea:

Iñigo Aranbarri

 

        Bucaresten, liburudenda bateko eskaparatearen aurrean, gabardina gris luzea daraman gizon bat dago. Berak ez daki zenbat jendek ezagutzen duen, berak ez daki bere ondoan tapa horidun liburuari begira dagoen karteroak bere poema, kritika eta artikuluak ezagutzen dituela, eta bere mesanotxean oraindik Ranuri aldizkariaren azken alea gordetzen duela, editorearen aurpegi ezezaguna ilunpetan gordetzen duen bezala. Baina berdin dio, eta Marin Sorescuk badaki horrenbeste. Atzo jasotako gutunean bere azken antzerkilana Moskun edo Alemanian ondo doala diote apika. Euriak berriro gogor jotzen du liburudendako eskaparatean eta gure gizonak gabardinaren solapak altxatuz, espaloian aurrera jotzen du, bere poemekin zer gertatzen den jakiteke, azken traizioaren berri jasotzeke.

 

 

Apetaldia

 

Arratsero

Ahal diren aulkiak

Batzen ditut auzokoen artean

Eta bertsoak irakurtzen dizkiet.

 

Aulkiak hagitz harmendunak dira

Poesiarekiko.

Norberak tajuz kokatzen badakizki behintzat.

 

Guztionek

Samurtu egiten nau,

Eta zenbait orduz

Nire anima egunez

Zein ederki hil zen

Kontatzen diet.

 

Gure bilerak,

Orohar, doi doiak dira,

Alferrikako garrik

Bagekoak.

 

Dena den,

Bakoitzak berea bete duela

Eta aurrera jo

Dezakegula

Esan nahi du.

 

 

 

Historioterapia

 

Gauaz, insomnioak lotzen nauenean,

Historia atlas bat hartzen dut

Ur pixkat batez

Oheratu baino lehen.

 

Eta ondorearen zai nagoela,

Hititen inperioa

Jarraitzen dut hatzamarrarekin,

Baina geroxeago

Berriro hasi behar izaten dut

Zeren, berez, hititen inperioa

Ejipzioen inperioa baita,

Baina ez, asirioena...

Medo-Kaldeoena...

Persena...

 

Gauzak hala badira, diot nere baitan,

Lasai lokar naiteke.

 

 

 

Shakespeare

 

Shakespearek zazpi egunetan sortu zuen mundua.

Lehendabizikoan zerua, mendiak, arimaren leizeak

Egin zituen.

Ibaiak, itsasoak, ozeanoak eta beste sendimenduak

Bigarrenean.

Eta Hamleti, Julius Caesarri, Kleopatra eta Ofeliari,

Otelori eta besteei eman zizkien,

Heuren ondorengoekin amets egin zezaten

Sekulorum Sekulotan.

Hirugarren egunean gizon guztiak bildu

Eta gostuak erakutsi zizkien:

Zoriontasunarenganako gostua, maitasunarenganakoa,

Etsipenarenganakoa,

Jelosienganakoa, ospearenganakoa.

Orduan atzeratu egin ziren batzu

Heldu ziren.

Kreatzaileak, errukitsu, burua laztandu

Eta literatur kritiko bihurtzea

Eta beraren lana ukatzea

Baino ez zitzaiela geratzen esan zien.

Laugarren eta boskarren egunak

Farrearentzat gorde zituen.

Pailazoak libratu zituen

Itzulipurdika ibil zitezen,

Eta dostaketan utzi zituen

Erregeak, enperadoreak eta beste zenbait dohakabe.

Seigarren egunean administrazio arazo batzu

Konpondu zituen:

Ekaitza sorrerazi zuen,

Lear erregeari

Lastozko koroa nola eraman erakutsi zion.

Hastapeneko hondarrak geratu ziren,

Eta Rikardo III.a sortu zuen.

Antzerki zuzendariek lurra afitxez beterik zuten iadanik,

Eta Shakespearek

Hainbeste nekeren ondoren

      Berak ere ikuskizun bat ikustea merezi zuela pentsatu zuen.

Baina lehenago, arras nekaturik,

Apur bat hiltzera joan zen.

 

 

 

Persekuzio seta

 

Mardultasuna zukutzen didazu

Eta nik mardultasuna zukutzen didazula

Uste dut

 

Nire semea

Gerrara daramazu

Eta nik nire semea

Gerrara daramazula

Uste dut

 

Egunak harrapatzen dizkidazu

Eta nik egunak

Harrapatzen dizkidazula

Uste dut

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.