L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaldunak poliglota

 

—I—

E.M. Cioran idazle-pentsalari rumaniar frantsestua mintzo da frantsesarekiko duen obsesioaz. Elkar hizketa egiten dionari esplikatzen dio, nola behin ezagutu zuen personaia xelebre bat, batere zelebrea —hots, ezaguna— ez dena. Delako morroi horrek (nolabait izendatzearren, ez bait zuen sekula santan lanik egin) euskara biziki ongi ezagutzen omen zuen, artikuluren bat edo beste ere publikatu zuelarik garai batean. Munduko Lehen Gerratean mutilatu zuten euskaldun honek bi pasio zeuzkan Cioranek dioenez: lehenik euskara, bigarrena, frantsesera, XVIII. mendeko hizkuntza idatzian mintzatzen zuelarik. Honela mintzo da Cioran:

        «Putetxean, denbora konkordantzia akatsak egiten zituzten putei mehatxu egiten zien. Garraisi egiten zuen subjuntiboaren inperfektoa desegoki erabiltzen genuenean. Nire eskuizkribuarekin oztopoak neuzkanean berari egiten nizkion galderak. Egun batez, Précis de décompositioneko zenbait orrialde irakurtzeko asmoz gonbidatu nuen quartier Latineko kafetegi batetara. Lehen orrialderako lokartu zen. Horrek lurjota utzi ninduen. Berak, ondorioz eragin itzela izan du nigan: hitzarekiko pasioa zeukan, hizkuntzaren garbitasunaren obsesioa. Frantsesa eta bere hizkuntzaren artean dagoen pasio izugarri horren adibide argia zen. Hizkuntza absoluto gisa beneratzen dutenen arteko azkenetarikoa. Morroi horrek hizkuntzaren bizioa zeukan. Frantseserarentzako bizi zen».

 

—II—

Pierre Lhande, S.J.k «L'Emigration Basque» izeneko liburua eman zuen argitara 1910ean, non euskaldunak beren fruitua munduan zehar nola zabaldu zuten irakur bait daitekeen. Pirata eta gisa horretako kontuak maite dituenak badu liburu horretan kapitulu interesgarri bat «Corsaires, marchands et capitains» izenburupean. Hor aurkitu dugu beste euskaldun poliglota baten berri (jakina bait da marinelek normalki hizkuntza desberdinak, ez menderatu baina bai lardaskatzeko, gutxienez, gaitasuna dutela bisitatu ohi duten portu ugariei esker). Hora zer kontatzen digan Lhande esejotak Pellot izeneko pirata bati buruz:

        «Pellot, Hendaian 1765ean jaioa, hamahiru urte zituelarik untziratu zen Marquise-de-Lafayetteen Amerikako gerra egiteko M. de Suffrenen agindupean. Hemeretzi urte zituelarik Islandiako itsasbazterrean hondoa jo zuen bale arrantzan zebilen barkuan aurkitzen dugu; hogei urterekin zortzi kainoieko kortsario ttipiak armatzen zebilen bere kasa, Filibustier izenekoa zen horietako bat, itsasuntzi horretako tripulazioa berrogei gazte euskaldunek eta... bertsolari batek osatzen zuten, azkenean untzian festa antolatzeko. Makina bat aldiz presondegiratu zuten hala nola Inglaterran nola Espainian, eta guztietan lortu zuen trebeziaz ihes egitea: almirantez mozorrozten zen behin txanza horretarako, eta Konpostelako Santiagon zihoan erromes gisa hurrengoan. Baionako gartzelan espetxeraturik zeuden lau gazte lapurtar behar bazituen, askatu egingo zituen. Ingelesen korbetak begiz jo eta topatzen zituenean, bere bozgorailuaz baliatuz garraisi egiten zien: I am the Pellot! eta malkoetaraino barre egiten zuen piloto bat zelakoan nola hurbiltzen zitzaizkion ikustearekin. Eskura zeudenean abordaiara bidaltzen zituen bere mutilak.

        »Bere buruari 500 gineatako prezioa ezarri zioten ingelesek; Inglaterrako bazterrak bistan zirelarik erasotzen zituen haien konboiak. Haien eraso dehadarra: «Biba festa! Biba Pellot!» izan ohi zen. Beraiek baino bitan edo hirutan indartsuago ziren etsaiak abordatzen zituzten, baina horretarako berak «azerikeiak» deitzen zituenak erabiltzen zituen, Goddams-ak (inglesak) zakura sartzeko. Untzian sutea piztu zela itxuratzen zuen behin; lasai asko, hurrengoan, merkatari ondradu gisa, ingelesen uretan ainguratuko zuen untzia; auzoko barkutako tripulazioak mozkor sakonaren eraginpean lo zeudenean, eraso egiten zien, merkantziak ebatsi eta goizean goizik ertetzen zen itsaso handira.

        »Larogeitamaika urte zituelarik hil zen Hendaian. 1893ko irailaren lehenaz geroztik ohorezko Legioaren kondekorazioa eman zioten».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.