L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Jon Iñaki Arretxe:
«Bertoko antzerki molde bat sortu
eta zabaldu behar dugu»

 

        Zortzi urtez dabil teatrogintzan, «Txo» antzerki kolektiboko partaide delarik; beti ere amateur gisa ibili da eta Euskal Antzerki Taldeen Biltzarreko mahaiean parte hartu zuen duela urte batzuk. Ondarruko talde horren lan guztietan parte hartu du; hala nola, «Isogai Umila», «Parodia de la historia de Kaminazpi», kalejirak, ikastaroak, etab.

        — Zertan da antzerki prestakuntzaren panorama Euskal Herrian, eta zein premia berezi azpimarratuko zenituzke prestakuntzari buruz?

        — Ermuko Antzerki Eskola ezagutu nuenean, konturatu nintzen Ondarrurako ere eskola bat behar zela, hau da, herriarentzako eskola zabal bat. Ze nik uste dut antzerki eskolak herrikoak izan behar dutela, eta beti izan behar dutela antzerki talde bat atzean.

        Herri txikietan Tailerrak montatu behar dira. Udalak antolatu arren, antzerki taldeen eskuetan egon behar dute. Dinamika bat sortu behar da eta giroa piztu.

        Taldeen arteko hartuemanak ere oso interesgarriak dira, antzerki talde bakoitzak dakiena aportatu eta elkarren artean ikasi.

        Beste prestakuntza modu bat, gure trebakuntzarako ikuskizun bereziak ikustea litzateke; behar-beharrezkoa da hau ere.

        Bestalde, oso interesgarritzat jotzen dut «Centro de Estudios Dramáticos» delako bat Euskadi mailan, baina «Antzerti»ren balorazioa oso kaskarra izan da. Guk ez dugu sinesten «star» moduan dabiltzen aktore horiengan, eta «Antzerti»tik holaxe irteten dira asko eta asko. Guk taldeen dinamikan sinisten dugu. Behar bada ez da momenturik aproposena delako Zentru edo antzeko zerbait montatzeko, eta bai ordea, tailer txikiekin hasteko.

        Ikastaro bereziak montatu behar dira herrietan; teloi bat ez da nahikoa. Eskenografia ere landu egin behar da, teknikoak falta zaizkigu, zuzendariak, eskenografoak, eta guzti honetan behinena, euskaldunak izatea.

        Antzerkia arte bilketa bat da eta hainbat gauza dago ikertzeko.

        Ikerketarako bekak ematen dira bai; baina ez dut uste antzerki amateurrarentzako inoiz eman direnik, eta hori salatu beharra dago. Dirua inbertitu behar da antzerkian, eta dagoena indartu eta bultzatu, eta gero ikusiko ditugu ondorioak. Antzerki taldeen premiak ikusita, instituzioek irtenbideak eskaini behar dituzte.

        — Zer deritzozu zirkuito teatralen funtzionamenduari?

        — Bilbon eta Donostian dauden antzerki iraunkorrak positibotzat jotzen ditugu, baina guk ezin dugu inoiz horra joan antzestera. Areto iraunkorrek gure baldintzetara ere moldatu egin behar dute; horretara, geure lekua eta funtzioa beteko dugu areto horietan.

        Horretaz gain, zer programatzen den ere garrantzi haundikoa da; nire ustez, teatro independientea da gehien bultzatu behar dena, baina instituzioek ikuskizun komertzialetara jotzen dute eta horrek ez dauka interesik guretzat.

        Donostian eta Bilbon antolatzen diren emanaldiekin ere zirkuito bat sortu beharko litzateke. Kasu baterako, «Els Joglars», «Dagol Dagom», «Comediants» edo «La Fura» baldin badatoz, hiriburuetatik atera eta herriz herri zabaldu behar dira. Batez ere giroa dagoen lekuetara, antzerki taldeek girotu dituzten herrietara. Baina kontuz!, ze instituzioek txapuzak egiten dituzte beti; horregatik onena litzateke antolakuntzaren ardura antzerki taldeen esku uztea. Horrela egin dugu Ondarrun eta nahiko ondo joan da. Gainera, ez da nahikoa urtean behin emanaldi bat antolatzea, sarriagotan antolatu behar dira, girorik sortuko bada. Bestalde, ezin dira parekatu antzerkia euskaraz egiten duten taldeak eta erdaraz egiten dutenak. Euskara zapalduta dago eta ezin da berdin jokatu antolatzerakoan, laguntza berezia behar du.

        Aretoen egoera kaskarra ere ezin da aipatu gabe utzi. Ez dago inolako azpiegiturarik; argi eta garbi esan beharra dago alde horretatik trakeskeria hutsa besterik ez dagoela. Guk montaia soilak eta errezak eramaten ditugu beti eta hala ere arazoak izaten ditugu; atera kontuak zer ez ote zafen gertatuko talde profesionalei.

        Dena dela, berriro hasi behar dugu kalea antzesteko lekutzat erabiltzen. Eskema klasikoak apurtu egin behar ditugu, teatro konbentzionala alde batera utzi eta beste berri bat eraiki; behar bada, probokatzea, zirikatzea litzateke jarraitu behar den ildoa.

        — Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa...

        — Eusebio Larrañagak (Eusko Jaurlaritzako Antzerki Zuzendari Nagusiak) esandakoa aintzat hartu behar badugu, jai daukagu denok. Esan ere hauxe esan bait zuen:

        «Datorren urtean talde gutxiagok jasoko dute diru-laguntza».

        Guk orain arte ez dugu sosik ikusi eta horrela ezin da jarraitu. Diru gehiago behar da taldeei laguntzeko, azpiegitura montatzeko, eta orohar, teatroaren inguruan inbertitzeko, epe luzera zer edo zer ikusi nahi baldin badute behinik behin.

        Eusko Jaurlaritzaren politikak beti jo du «gauza handietara», baina hori ez da bide egokia. Daukaguna indartu behar dugu. Gauza handiak ere egin daitezke, bai, baina benetan balio duena da gutxika-gutxika eguneroko lana egiten joatea.

        Talde amateurrek ere laguntza behar dute, bestela ezin dugu ezer egin. Eta gainera, euskaraz egiten bada, laguntza handiagoa behar dute. Euskararen egoera kontutan hartuta «diskriminazio positibo» batez jokatu behar da. Politiko guztiek aitortzen dute antzerkia gustatzen zaiela, baina gero inor ez da «bustitzen».

        Teatroa pastel baten antzekoa da; denok nahi dugu zatirik handiena, baina pastela usteltzen hasita dago. Teatroaren ingurunea gero eta okerrago doa eta argi dago honekin inor ez dela aberasten. Orduan, irtenbide bakarra laguntza handiak ematea da, bakoitzak behar duen neurrian, eta euskaraz egiten dutenei bereziki.

        — Nolabaiteko funtzio aproposik betetzen al dute antzerki jaialdi eta topaketek?

        — Nik ez dut gehiegi jarraitu Euskal Herrian egin diren jaialdien gora beherak.

        Hala ere, argi dago Gasteizko jaialdian euskararen presentzia nahiko txikia dela, eta Azpeitikoan helburuak ez daude batere argi, itxura gabe moldatutako zerbait dela ematen du.

        — Egizu gaur egungo euskal antzerkiaren halamoduzko diagnosia.

        — Oso egoera txarrean gaude. Talde gutxi dago, beraz, antzeslan gutxi.

        Horretaz gain, talde batzuk desagertu egin dira eta ez da berririk sortu. Nahiko ilun ikusten da etorkizuna. Obra gehiago egin beharko da zirkuitoak bete ahal izateko.

        Nik uste dut euskal antzerki taldeek planteamendu berriak bilatu behar dituztela, gizartean eragin handiagoa izateko modukoak. Antzerkiak dinamikoa izan behar du, gizarteari zerbait aportatu behar dio.

        Gaurko egoeran behar bada ez diogu ezer aportatzen gizarteari eta hortik dator lotura falta handi hori. Bertoko antzerki molde bat sortu eta zabaldu behar dugu, kalitatezkoa gainera. Horretarako bidea ikerketa litzateke, «La Fura»koek egin dutena adibidez.

        Talde ezberdinak eta antzerki-modu ezberdinak behar dira. Ez diogu testuari garrantzi gehiegi eman behar, publikoarekin konektatzea da behinena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.