L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Kontakatilua

 

Edorta Jimenez

 

Monologo, Tximinologo edo bakarrizketa hau Antonio Machadok asmatu zuen Mairena Maisuaren aipua eginez hasiko dut. (Machadoren liburua bilatu. Txakurrek pistola gorde ohi duten lekuan lago, txorkatilan: «la poesía es un arma cargada de futuro").

        Mairenak zioenez, laster asmatuko ei zen bertsogailua edo bertsoak idazteko makina. Trasto horrek errima eta neurri posible guztiak berak idatzi eta poetak ez luke besterik egin behar izango egokienak aukeratzea baino. Makina hori dagoeneko martxan dabilela somatzen da. Frogarik egokiena gaurko poeten hitz neurtuzko olerkiak. Neure sonetekoak, adibidez. (Mukizapia aterata, zintz egin).

        Soneto! Suenate las narices! Egizu zintz! Beraz, soneto berdin zintzeto. Maierenaren makina asmatuta dagoen froga, gaur egungo zintzetoak. Hitz berria euskerazaintzari igorri, arren.

        Mairena maisuari jarraiki, ipuin kontakatilua asmatu dugu guk, Basarteko Unibertsitatean. Erraza da erabilten. Suposa dezagun gai bila gabiltzala, ipuina-edo idaztearren. Edozerk balio du makina abiarazteko: zarata, hots edo doinuren batek. Adibidez, zotinak! (Zot egin, disimulorik gabe). Ba, ez zait ezer bururatzen, kaguen zot! Edo bestela (hatzamarra ahoan sartuta)... umeek bezala egingo dugu. (Kortxoa boteilatik kentzeak egin ohi duen zarata imitatzen saitzen da, hatzamarraz). Ba, ezta, honetara ere ez zait ezer bururatzen. Itxaron egin behar. (Mukizapia berriro aterata jezarri egiten da, ezkerraldean duen iratzargailuari begira). Halakoren batean ideiaren batek dei egin arte garunaldeko ateetan. (Iratzargailuaren txirrin hotsa).

 

Txirrin!!! Hara, bertan dago giltza hitza, ipuin kontakatiluaren zirkuitoak irekiko dituena. Txirrindularitzaren (enfasis haundiz txirrin berba zatia) inguruko hitzak pilatuko ditugu, mentalki:

        Vuelta, Gorospe; Tour, Cabestani; Giro, Moser...

        Aski! Moser aukeratzen dugu. Lehen pausua emanda dago. Goazen bigarrenarekin. Moser hitzak, kakofoniaz edo kakafoniaz —belarria jodituta daukat-eta—, sugeritzen dizkigunekin bigarren zerrenda osatzen dugu. Haleop! (Koadernoa eta arkatza aterata, apuntatzen hasten da).

        Mixar: Baskatua-edo, gure herrian. Ia ia desagertua.

        Muxar: Arrain klase bat; arrain kontserba fabriketatik botatzen zituzten zikinkerien artean ibiltea maite zuena, erresaka egunetan. Egun, ia desagertua.

        Morsa: Urrineko herrialde jelatuetatik telebistaren bidez begiratzen gaituen ugaztun lasaia, itxuraz, eta biboteduna. Denok maite dugu. Ia ia desagertua.

        Morse: Nire lagun batek /stop/ zoramen gailurretara heltzeko /stop/ erabili zuen bide /stop/ marra punto /stop/ sinkopatua /stop/ punto-marra eta punto eta bereiz.

        Mauser: Fusil antzeko fusila. Desagertua?

 

Zerrenda osatutakoan, hitzen sailkatzea dator. Kartak zelan botatzen diren (Tarot baraja ateratzen du eta bota egiten ditu hiru lau karta) eta hor agertzen den heuren arteko harreman ulergaitzean «dena» ei dagoen idatzita, halaxe dago dena idatzita hitzotan. Ordena ditzagun. (Hitzak idatzita dituzten paperak eszenarioan banatzen ditu lurrean).

        Mauserak data mende hasieran kokatzera behartzen gaitu. Beraz ipuina hasten da: «Mende hasieran...». Baina, non? Mauserrak Marrokko dakarkigu guztioi burura, halabaina, Muxarrak Kantauri aldera behartzen gaitu. —Etxean bakardadean egoten naiz ez bazaude zu, eta Instituto Ozeanografiko de Gipuzkoak ateratako «Fauna Marina Vasca» kontsultatzea daukazue—. Kantaurikoan beraz, eta mauserra dugunez hor erdian, karabineroren bati leporatuko diogu fusila. —Gaur egun asunto horrena ez litzateke bat ere garbi egongo, komoaidios—.

        Aurrera bada.

        Mende hasieran, Kantauri parteko itsasportu batean —non, bestela, muxarrak?— karabinero bat bizi edo gainbizi da, ezizenez Monstruo deritzona... —Ixo! Berriro—. Mende hasiera da. Kantauri aldeko itsasportu baketsua. —Hemen derrigorrez sartu behar dugu beste protagonistaren bat, bestela ezin mauserra inori disparatu—. Mixar deritzon morrosko biboteduna goizean goiz abiatu da-da moila berrira, kainabera esku batean, otxaratxua besteaan, harro buruan txapela.

        Katu-kale ondoan igarotzean katuak mau eta mau ibili dira, katuen «zer» esateko modua, —beste edozer esateko berbera, bestalde— mau da-eta. Katuek esan eta berak erantzun, mau! zer? mau! zer! Mau zer!? Katu barrabanok! (Musika egokia: tatxin, tatxin...). Gertatuko denaren premonizioa ote dira «mauzer» hoiek, gizona eta katuen arteko autua?

        Morsa hitzarekin ez dakigunez zer egin, eta emakumezkoen parkamena eskatuta, topiko berri bat: Moilarako bidean hantxe dagoz andrazko bi, hezurbakoari eragiten, kutxilo barik inori azala kentzen. Kutxiloa? Zertarako horiek, mihingaina zorroztuz gero?

        —Bazoaz Antton? —diotso Morsa deritzonak.

        —Bai, ea honegaz egualditxoagaz itsasora joan barik be arrainen bat atrapaten dogun.

        —Tira ba! Ja! Badakizu ez dakizu Mixar eta karabineruaren andrearena ala?

        Karabinerua lagunok, karabinerua! Goizean hau ere, gaueko errondatik etorri, etxean sartu, danba eta danba, tiro hotsa, berriro kalera eta abiadan moilara. Moilara heldu da. Berton dago Mixar, dagonerako zazpi muxar eta erdi enbarkata, —zer ote deko beronek baina, arrain guztiak jatortzoz kainaberara-eta!—, trankil, lasai, zabal zabal, kortxo gorritxoa zelan dabilen ur gainean dantzan ikusten, katumixar begiekaz, ezer ez delakoan. Karabineroa heldu da. Mauserra eskuan. Atzerantz palanka, trakk, laga, aurrera berriro, trakk, eta bala prest.

 

Konturatu zaretenez, eta ipuina amaitu orduko esan beharko, ez dut Moser aipatu; ezta morse ere. Azken hau laster egingo dugu tartekoa.

        —Mixar, hijo puta, te voy a matar. Estas ahí pescando mujarras, pero ya no mojarras más el verdel en la mujer mía.

        Danba! Tiro hotsa.

        Une honetan aukera bi ditugu. Tiroa garondoan sartu zaio Mixarri. Blausta jausi da uretara, ahozpera geratu delarik flotatzen. Garondoaren inguruan zirkulo gorriska hedatzen da, txikia hasieran, handiagoa laster. Azkenean urgainean zirkulu gorri zabala ikusten da, apurka apurka kolorgeago bihurtzen, destindatzen.

        Baina erresaka barik ez dago muxarrik; edota muxarrak bai, erresaka ere bai, egiari zor ei diogun atxikimenduagatik, mesedez. Ondo.

        Bigarren amaiera:

        Tiroak zirkulo borobiltxoa ireki dio bekokian. Blausta jausi da moilatik behera, ahozgora. Ahoa eta begiak, zein zein baino zabalago hirurak, goian bildu diren ume jakinguratsuei begira lez, baina ezer ikusi barik gixajoa! Erresakak eragindako gorataldiek eta beherataldiek haitzen kontra jaurtitzen dute orain, blaust!, eta moilaren kontra ostean, blaust!, behin eta berriro, blausta blausta, Muxarren gorpu lokatua. Uretako saguek odola usaintzen dute eta mutur iletsuak agertzen dituzte, herabeti...

        Eta morsea? Egon, ba!

        Geroago Batzokia izango den kuartelilloan, txapel oker gixajoa, morsearen bidez ari da... (Une honetan morse seinaleak egiteko aparailua ateratzen du. Lapitza ahoan sartuta, seinaleak igortzen hasten da): .-.— // (Trasmisio hasiera) // -.-. .— -... - / - .— - .— / .. .... . .-. // (Cabo mata mujer) // .-.. .. . -. - / - . - .— / .-. .— .. ... : . - // (Luego mata paisano) // -.-. .— ... - / .-.. - . . - / -. .. / .... .—. - // (Cabo loco qué hago) // . .-. . - . . - / .. ... - .-. .: -.. .. - -. . // (Epero istruzione) // eta nahi beste punto eta marra, marra eta punto, nahiago duzuen ordenan, morserik dakienik ez dut uste gaur gure artean hemen dagoenik eta. Eta hau hola ez bazan sar dadila gabonetako mahaspazan eta ager bedi komuneko tazan.

 

(PUBLIKOARI begira geratzen da, arteko batek Moseri buruz galdetu arte. Ez badu inork galdetzen, bera hasten da berbetan)

 

        Eta Moser, zer pintatzen du Moser-ek hemen? Ezer ere ez historia hau gertatu zenean jaio gabe zegoen eta, tontolapiko halakook! Dena dela... pena ematen didazuenez, Moser hitza ere erabilteko aukera emango dizuet, nahiz eta poesiaren eremu antzuan izan. Horra!

        Aldo Moser-ek Donostiako Belodromoan korritu zuenerako historia guztiak idatzita zeuden.

        Arratsetan ozenagoak ziren liburudendetan jaurti zotinak eta maitaleek elkarren besoetan kortozirkuitatzen zuten usoen odol zuria... eta abar eta abar (berrogei lerro bete arte, gutxienez).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.