L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Arratsaldeko filmea

 

Alkorta

 

Filme bat ikusi dugu gaur arratsaldean. Filmea hasi denean telebistaren aurrean nengoenez, bertan gelditu naiz, irudien erakarmenak hala gogoturik. Presoak agertu dira; presoak eta, presoak egoten lekua, presondegia alegia; bere burdin-makila lodizko sare hits eta bortitzekin. Harmora ilunak ziren. Denboraren joanak ilunduriko harmora zuri ohiak. Guztiz hertsiak. Ondoren ziega-zainak agertuko direla bururatu zait; eta ziega-zainak agertu dira. Gero, neure buruari galdetu diot, ea zergatik bururatu zaidan ziega-zainak agertuko direla. Eta filmeak aurrera jarraitu du. Ziega-zainak gaizto eta maltzur itxura handia zuten; hantustea eta nagusitasuna ematen duen begirada nabari zitzaien aurpegietan. Atxilotuenganako mespretxu eta otina; gutako edozeinek pizti iguingarrienari jarriko liokeena antzo: goitik beherako begirada. Heurak ez bezalako edozein gizaki bailiran begiratzen zieten presoei, eta hitzez baino haboro garraisiz ematen zizkieten aginduak. Makilak zituzten eskuetan. Eta harrokeria handiz astintzen zituzten: mehatxukor; zirkoetako lehoi eta antzeko abereei ari bailiran, umilazio makurrenetara makurtaraziz. Eta inguruan, beste polizia mordo bat zeukaten. Poliziak, halabeharrean gertatuz gero, ziega-zainei laguntzeko izango direla uste ukan dut. Gizon bat atxilotu eta presondegiko sarreran dutela jarraitu dute filmearen irudiek. Biluzteko agindu diote. Inguruan polizia pila bat zuen, eta biluztu egingo dela pentsatu dut. Hori zergatik pentsatu ote dudan gogoeta egin dut berriro ere. Arropa guztiak kendu ditu, astiro astiro, kenduriko arropa bakoitzarekin batera nortasunaren zatirik preziatuenak ere erortzen zitzaizkiola iruditu zait: banaka banaka erori. Hain bait zen makurra berarena. Jagole eta poliziak zituen begira, bera zatiz zati biluzten zihoan bitartean. Jolas bitxiak egiten dituen abereari antzo so egiten zioten zinismoaren garaitzak eraginiko irrifar maltzurra zerien bitartean. Eskuetan zituzten porra edo makilekin jolastuz, etengabeko mehatxua areagotu nahiz bezala. Banaka banaka kendu ditu arropak, eta guztiak eskegi hormako gako batzutan. Ez, ez ditu denak kendu; kantzontziloak bere hartan atxiki ditu, eta ez diote kentzekorik ere agindu. Iruditu zait, arropekin batera gako hartan eskegi duela bere nortasuna ere; kantzontziloekin batera atxiki duena pudorea bait zatekeen beste ezer baino gehiago. Eta pudorea ere, bere zintzilikaria agertzearena edo kantzontzilo zikinak erakustearena izan ote zitekeen gogoeta egin dut. Ziega-zain batek horman eskegitako arropak miatu ditu banaka banaka. Ongi miatu ere itxuraz; joskura bakoitzaren zehaztasunik ttipiena ere arakatuz. Beste batek, presoa bera miatzera ekin dio; buruko ileak lehenik, belarri inguruneak gero, ahoa, galtzarbeak, hanketako behatzat eta tarteak, eskuak... Buruko ile guztiak harrotu dizkio, indarkeriaz, eta mespretxuz, eskuz igurtziz, presoak rnutu eta zutik zirauen bitartean; eta berdin belarriak ere. Zakur edo zerriari begiratzen dion albaiteroak bezala, inolako begiramenik gabe. Presoak zurbil zirauen. Soa galdurik. Jasaten ari zena beste norbaiti gertatzen ari balitzaio bezala. Txintik atera gabe. Ez zuen inolako imintziorik ere egiten, burmuinen agindurik nozitzen ez duen errebotaren gisa... Eta kantzontzilo barrura ere begiratu dio; bai aurrekaldetik eta baita atzekaldetik ere. Atzekaldetik begiratu dioenean aurrekaldera makurtzeko agindu dio atxilotuari, eta makurtu egin da. Nagusiaren esanera zakurra etzaten den eran: zintzotasunez edo beldurraren mehatxuz, baina etzan. Hanketan, iztarretan, sabelean eta beste toki batzutan ere ukitu egiten zion ziega-zainak, ezertxo ere ez zuela gordetzen agerian egon arren. Umilazioaren aginkadak zorroztuz, babesik gabeko piztiari eraso jasangaitzago, makurrago eginaraziz, nortasunaren izpiak beherago ehortzaraziz. Gizakia zela ere ahantzarazi nahiz, deuseztatu nahiz. Begirada zurbila, eta haserre itxurakoa zuen presoak miaketa guzti hau egiten zioten bitartean. Ez zuen hitzik esaten, ez higidurarik egiten. Mutu zirauen.

 

Filmeari ezaguna neritzon, baina badakit gaur arte ez dudala inoiz ikusi, telebistan behintzat. Miaketa bukatutzat bezala jo dutenean, alboko gela batetatik zetozkion garraisiak entzun ditu presoak; hotzikara eragiten duten horietako garraisiak, bestela nahi izanez ere, jasan ezinezko pairatzeak jaurtikitzen dituen garraisiak, garraisi bortitzak ziren; entzutearekin bakarrik izutzen dutenak. Bere alboan zegoen ate bat ireki da, eta zuriz jantzitako sendagile itxurazko gizaki bat atera da alboko gelatik. Gomazko esku larruak jantzi ditu. Astiro astiro jantzi ere ziega-zain eta poliziek begiratzen zioten bitartean. Inolako agindurik eman gabe ari zen. Bazekien, noski, zer zen bere egitekoa, eta nola egin beharko zuen ere. Hamaika preso pasako ziren bide berdinetik, eta oraingoa beste bat baino ez zen: beste zakur bat baizik ez. Berdin dio zakurrak zuriak edo beltzak diren, berdin handiak edo txikiak. Batzuk zaunka lodiagoa egiten dute, besteak meheagoa, baina, denak dira zakur: denak pizti. Kantzontzilo hutsetan jarraitzen zuen presoak, bere ezegokitasun hartan babestu nahiz bezala. Gomazko esku larruei eta haiek jantzi dituen gizonari so egiten zion, errealitatearen esanahia hausnartu ezin bailuen. Egoeraren arrotzak sinistu ezinik, edo sinistu nahi ezean. Borreroaren eskuetan inpotentziaren gatibu gelditzeak ematen duen inpresio pizuegiak zapaldurik zegoen. Uzkia miatu behar diotela pentsatu duela iruditu zait. Orduan zerbait esan edo agindu diote ziega-zainek, eta orro bat eginaz oso aurpegi txarra jarri du presoak. Ziega-zain bati ostikada bat eman dio, senaren argiak eskainiriko indarraz baliaturik. Beste bati bultzada bat eginaz, han nonbait zegoen labana txiki bat antzeman du eta, inor konturatzeko gomazko eskularruekin prestaturik zegoen gizonari, tximetatik heldu eta zintzurrean jarri dio labana. Egoera horretan eztabaidatzen hasi direnean, polizia andana bat laister etorriko dela eta kristonak emango dizkiotela pentsatu dut. Eta polizia pila bat etorri da, heuren eztabaida bukatzeko astirik emateke. Zigor ziegatara eramango dutela eta labana uzteko agindu diote eta utzi egin du labana. Ondoren, zigor ziegara eraman dute, polizia eta ziega-zain mordo bat lagun zituelarik bidean. Bere lekura sartu baino lehen sekulako jipoia eman diote; makilaz jo dute alde guztietan, sabelean eta gerrian ostikadak eman dizkiote. Potroetan ere jo dute. Sudurretik odola zerion. Baita ahotik ere. Ia arnasarik ere ezin zuen hartu. Garraisiak egiten zituen, zauritutako ehizak egiten dituen antzeko garraisiak. Inguruan, joka ari zitzaizkion jagoleak, mendekua lortu ondorengo garaitzak eraginiko satisfakziozko irri maltzurrak egiten zituzten bitartean. Harro ziruditen. Lanik ohoregarriena egiten ari bailiran, heuren kontua nork lan hobea egin izango balitz bezala: nork gehiago umilarazi, nork hobeto makurtu, nork haboro suntsitu gizakiaren nortasuna... Lurrean zetzan; zaku zahar bat bezala zimurturik, sabelari eutsika. Ez zen bakarrik jaikitzeko gauza, eta bi poliziren artean besoetatik tira eginaz zutitu dute. Zerbait esan dio ziega-zainen buruak. Presoak berriz ixtua boteaz erantzun dio ziega-zainen buru egiten zuenaren alkandora eta aurpegia odolezko ixtuz lohituz. Sekulako otin aurpegia margotu zaio delako aitzindariari, eta arrastaka, bere lehotzera eraman dute presoa. Oso txikia zen zulo hori. Ezin zitekeen haruntz honuzka ibili. Eserita edo zutik, geldi egon behar. Bakarrik utzi dutenean, alde guztietara begiratzen hasi da; lehotz haren txokoak begiekin aztertzen. Burni makilei heldu die eskuekin, baina ez du inolako indarrrik egin, ez zirudien egiteko asmorik zuenik ere. Igartzen zuen nonbait alferrikako lana zatekeela makila gotor haiei erasotzea. Gainera, ahul zirudien oso, jasaniko jipoiaren ondoren gorputz osoa mindurik, aho eta sudurretatik odol jario... Baina, lasaiago zirudien orain, bakarrik utzi zutenez; nahiz eta zulo hobiel eta izukor haiek izukorrago bihurtzen zuten leku hartako egoera.

 

Ostera, ez zen hau infernu hartan preso zegoen bakarra. Beste preso asko ere agertu da gero. Bost, sei, edo gehiago ere bazeuden ziega bakoitzean. Horiek ez ziren, noski, multzoka zeuden toki horiek, alegia, ez ziren zigor-ziegak. Zigortu gabeak zeuden multzokako leku horietan; gartzelan dagoenagatik zigortu gaberik dagoela esaterik baldin badago. Hor egiten zuten bizitza; bizitza arrunta. Oheak binaka emanda zeuden; bata bestearen gainean. Tapaki ilun batzuk. Zikin kolorekoak. Komuna ere guztien agerian zuten. Halako zulo bat txoko txiki batetan eta kito. Eskuak edo nahi zutena ikuzi nahi bazuten harraska bat zeukaten ziegaren bazter batetan. Guztia erdi ilunpean. Hainbeste jende leku txiki hartan egoteak, traste guztiak inolako tolesdurarik gabe bazter batetara botatzera behartzen zituen; bakoitzarentzako ez denbora eta ez lekurik izaterik gabe, intimitatearen aztarnarik ere izateko ametsik ere egin ezinik... irriak edo negarrak derrigorrez guztien agerian, denak lekuko zirela egitera behartuak. Abereen, piztien gisa sentimendurik xumeenak ere ahaztera derrigortuak. Elkarri begira, eta erdian eskaratze bat zutela, bi lerro luzetan zeuden ziegak. Harmora ordez burni-makila lodizko sareak zeuden eskaratzaren alde bietara. Oso ilun guzia; bai eskaratza, bai ziegak. Argi hilduratua eta hitsa zuten oso banaka ezarritako bonbilek. Ziega-zairen batek ateren bat irekitzerakoan sekulako zaratak egiten zituen, eta jasan ezinezko oihartzuna hedatzen zuen galeria osoan; loaldi sakonenetik ere iratzartzeko modukoa. Norbaiti deitzerakoan ere sekulako oihuak egiten zituzten, zer gertatzen edo gerta zitekeen kezkarekin hezurretarainoko ikara sartu araziz presoei. Halere, bazituzten heuren lasaialditxoak; erabateko artegatasunean jarraitu ezinak ematen zieten lasaitasun izuna. Tarteka, zerabait abesten zuten presoek. Zenbaitek, kitarra eta beste motatako soinu tresna gehiago ere bazeuzkaten. Edozer soinu jotzen zuten, eta abestu. Ziega-zaiak erdiko eskaratzean haruntz eta honuntz ibiltzen ziren, eta haien pausoen hotsa ere zarata handi bilakatzen zen harmora haien hersturan. Lagunen etsitasunezko begiradek eta haize garbiaren faltak itokorrago bilakatzen zuen herstura. Denbora iragaiteko ezezik, halako ekurutasun bat aurkitu nahiz jotzen zuten kitarra, eta abestu ere. Barne osagarri edo alaigarri gisa. Jagoleek heuren harrotasun mehatxukorrez zaintzen zituzten bitartean. Ate baten edo bestearen aitzinean gelditzen ziren ziega-zaiak, eta zerbait esaten zieten presoei. Hauek, batzutan tutik ez zieten erantzuten, eta besteetan putakumeka berdin hasten zitzaizkien, gehiago jasan ezinak lehertaraziz. Lehengo protagonista ezik beste edozein ere eramaten zuten zigor-ziegatara. Jipoia ere, bakoitzari berea ongi zekiten ematen, oihu itzelak eragin araziz. Izutu ere egiten ninduten garraisi modu haiek. Ongi portatzen ez zirenei liburuak kentzen zizkieten, eta gauza gehiago ere bai.

 

Bazen preso bat edo beste, ziega-zai eta batez ere hauen buru egiten zutenen oso lagunak zirenak: saltzaileak. Presoen arteko buruak nortzuk ziren salatzen zieten, eta orduan, boro edo aitzindari hauekiko erasoa areagotzen zuten. Preso politikoak ziren batzuk eta sozialak besteak. Denak nahasian. Hautaturiko batzuri edozertarako erraztasunak ematen zizkieten. Ikasketak osatzeko edo nahi zutena erosteko erraztasun osoak emanez, gurariak orobat egokituz. Eta beste batzuri alderantziz; zigorrak ugarituz, eta gauza beharrezkoenetarako ere imagina daitezkeen oztopo mota guztiak ipiniz. Inolako begiramenik gabe piztirik piztienak bailiran tratatuz. Txokorik izkutuenean atxikirik zuten nortasun izpiaren suntsipenaren hila saiatzen ziren, atseginik gabe, tairik gabe. Era horretan presoen artean ere ezinikusia eta tirabirak sortaraziz. Aitzakiarik txikienarekin ere bixitarik gabe berdin uzten zuten; preso batek zapatila xuriak zeramatzan bixitara joateko, eta horrexegatik bakarrik zigor-ziegatara eraman dute, baita erabaki horren aurka agertu den beste bat ere. Bixitara etorri zaizkienei ez diete inolako arrazoirik eman, zigorturik daudela baizik, eta triste aldegin dute, buru apal, erdi negarrez. Alanbre estuzko sareak zeuzkaten bixitalekuan ere; ezin lagunik, emazterik edo semerik besarkatu. Ezin opa azkazikoei besarkada batek edo jagolerik gabe esaniko hitz xamurrak duen eztitasunik. Ezin haien oparirik hartu ere. Atzean berriz, ziega-zaia, esaten zutenari adi. Bixita denbora bukatu zaiola esan dio preso bati, eta honek, berriz, ezetz. Orduan indarrean hartu dute polizia edo ziega-zai batzuren artean, eta eramaten hasi dira. Bixitara etorria zitzaion emazteak negarrari ekin dio, ikuskizunak mindurik. Han ez zukeela negarrik egin behar pentsatu dut. Indarrean zeramaten presoak arren negarrik ez egiteko eskatu dio. Baina, ezin zuen malkorik baretu. Ezer egin ezinak eta ikuskizun hark bihotza zatiturik malkotan urtzen hasi da emaztea, aurpegia ahur bien artean, garraisi itoak egiten zituen, izuaren eta inpotentziaren garrasiak. Eta zigor-ziegatara zeramaten presoak ere oihu egiten zuen, erdi arrastaka zeramaten bitartean. Presoa izkutatu, eta bixitara joan emaztea bakarrik gelditu denean, desegina zirudien; denbora laburreko ikuskizun hark erabat zauritua. Filmearen aurrenaldean biluztu den preso protagonista zen bixitako istiluan izana. Baina, gartzelan ez dut uste protagonistarik dagoenik, denak izan ezik; hala iruditu zait behintzat.

 

Gero, denbora gutxian, gertakizun ugari agitu da. Espetxeko zuzendaritzaren aginduz beraien saltzaile batek preso bat kalitu du, eta hilketa horren errua presoei bota diete, jakina. Presoen artean ere ezin ikusia eta uste txarrak areagotu ditu gertakizun horrek, eta iskanbila gogorrak sortu dira; borrokak eta horrelakoak. Espetxeko zuzendaritza osoa batzartu da, sendagilea eta irakaslea omen zirenak barne. Iskanbila guztien baretzeko zer egin ezbaidatu dute, eztabaidatu baino hobeto erabakia hartu dute. Zigorrik gogorrenak ezartzeko ere ados jarri ezinik. Denek onetsi dute zigorren ezartzea; liburuak eta irratiak kendu, sendagaiak heuren nahiaren arabera erabili, zenbait preso zigor-ziegatara eraman, eta antzeko neurriak. Edozein neurriri egokia zeritzoten, aski gogorra izanez gero. Edozein makil ona zakurrari edo astoari bizkarrekoak emateko. Liburuak ikasteko eta denbora pasagarri baldin badira, liburuak kendu; denbora horretan burua ariltzen, aspertzen eta ikasi dezakeena jakin gabe egon dadin. Edozein neurri egokia da. Berriro ere jipoiak eta zigorrak azaldu dira filmean. Leihatilik ez zela ageri ohartu naiz. Hango haizeak oso itokorra eta arnastu ezina izan behar zuela nozitu dut. Halako egonezina ematen bait zuen irudien ikusteak berak bakarrik. Arropa zahar eta lohituak zituzten presoek, eta nekez bereiz zitekeen haien eta harmoratzarren arteko kolorerik, biak ere berdin ilunak eta zikinak bait ziruditen. Atzerakadak eragiteko modukoak. Lehotz haietatik ateratzen zituzten bakoitzean eskuak lotzen zizkieten griluz. Norabaitera eramaten zituzten, eta itzultzean zutik egon ezinik ekartzen zituzten. Eta, berriro zulo ilun eta hits haietan, inolako haize garbirik gabe, bonbila kaxkar baten argi hilduratuarekin. Berriro txoko bakoitzari, ertz bakoitzari begira; armiarma sareak buru gainean. Inoiz haize lehorrik nozitu gabeko lekuaren hezetasun nazkagarria zerion inguru ilun hari, eta arropei itsatsi ezezik, hezurretaraino ere iristen zen hezetasun hura; han zirauten atxilotuak senda ezinezko gaisotasunean eroriak. Jagoleak haruntz-honunzka, giltza astun haiek zerrailetan egiten zuten arrahots jasangaitzez, alde guztietatik minaren edo otinaren garraisiak... Egun osoan zulo haietatik irten gabe... jateko orduan izan ezik. Berdin ziega arruntetan ere. Jangelak ere ezagun zuen gartzelaren zati zela; zaindariak jagole ziren han ere. Miru harraparia txitoarekiko bezala. Non zer ikusiko. Hondoa eta hormak zikinak ziren han ere, eta mahaiak ez garbiago. Oso erakargarriak ez ziren ontzi batzutan ematen zieten hazkurria; entremes berorik gabe eman ere. Ez zuten bazkalondo luzerik solasean aritzeko. Denbora jakina zuten bazkaritarako, eta hura bukatu bezain bizkor berriro ziegara. Era berean maite eta gorroto zuten txokoa zirudien lehotzak; gorrotoa espetxearen zati zelako, eta apur bat maite lasaien zeuden txokoa zelako, heuren arteko solasalditxoak eta atseden apurrak izateko parada onenak hantxe zituztelako. Han bilatzen zuten, azeri zaurituak hartzulotan edo sasi-artean gorderik eriden ohi duen bezala, nolabaiteko bakea edo babesa. Setiatuaren gordegunea zatekeen hura.

 

Filmeak aurrera zerraion. Irudiek zerakustenaren errealitate garratzari, hein batean, sineskaitz edo bortitzegi neritzon. Nola izan egia, izan ere, gizaki direnei erabilpen hura, azken eta neurririk gabeko setiatze hura, ezin gehiagoraino makurtaraziz? Nolatan daiteke hain bortitza izan gizartearen mendekua? Izan ere, gizarteak jarriak badira ziega-zai horiek, gizartearen beraren ordezkariak dira. Atzekaldetik iritsi zaidan ahots batek erantzun die nere galderei, eta hautsi ditu nire gogoetak; ziega-zaiak RECUENTO oihu egin bait digu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.