L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Biharko bixita

 

...Bizarra kendu behar, noski, nola ez. Azken orduan hartu ditut bi cuchilla gillette, berrogei pezta bakoitza; hogei ogerleko eman eta hogei pezta itzulian; eskutitz batentzat seilua ordaindu eta pezta bat sobra: hori kaxarako. Kario. Garestia da. Seilua hemeretzi pezta, sobrea beste bost: hogeita lau guztira; gehiegi nere eskutitzen balioarentzat. Baina gaur ez dut eskutitzik idatziren, hain gutxi igorriko. Gaur bizarra moztuko dut biharko bixitan txukun txukun aurkezteko. Jaietako alkondara eta galtzak jantziko ditut. Galtzerdiek sekulako gazta-zahar usaia botatzen dute, gudaloste oso bati ere atzera eragingo liokeen kiratsa. Baina kabinako beira ez du trabestuko kiratsak; kiratsa ezezik ahotsa ere ez bait da hain erraz pasatzen. Askotan garrasika hitzekin behar izaten da, eta zerbait entzuten duzula uste duzunean zeure albokoen garraisi berberak baino ez dira izaten. Baina, halare, bizarra kenduta joango naiz. Okozpea urratuko dut, beti legez. Alkandorak zimur ugari dauzka; agian gainetik elastiko handi bat jaztea hobe. Galtzak berriz, zimurtuta daudela esatea baino zimur bat direla esatea egokiagoa deritzot, baina alkian eserita egonik ez didate ikusiko galtzen zimur eta bitxikeriarik. Nor etorriko ote zait! Bo, berdin dio nor letorkidakeen, jadanik ikasiak ditut, buruz ikasiak etortzen zaizkidanentzako agurrak, irriak eta agurrak. Arreba edo anaia baletor zigarroa piztuko dut lehenik, eta gero zer moduz dabilen galdetu. Berak ere galdera berdina egingo dit, eta biok batera, erantzun berdina emango diogu elkarren galdera leloari. Gero irrifarra. Inertziaz egiten den betiko irrifar irrifartsua; oso beharrezkoa da irrifar hori, beharrezkoa eta ekidin ezina ere bai. Ederra litzateke lehen agurrari irrifar batekin ez erantzutea! Bai, bai, lehen agurrari irrifar batekin erantzun behar zaio beti. Amagiarreba bada letorkidakeena, ez dut zigarrorik piztuko; ez behintzat lehen kolpean, geroxeago bai. Asko erretzen al dudan galdetuko dit eta, ezetz erantzungo diot baietz pentsatuz, irrifar horietako bai eskainiko diot. Bai, horrela izango da bixitaren hasierako errituala. Ongi jaten al dudan ere galdetuko dit beti bezala, eta horri ere ezetz pentsatzen dudan bitartean baietz erantzungo diot; alegia, ongi eserita jaten dudala.

        Anaiaren neska-laguna etorri zitzaidan lehengo egun batez. Hazi egin zela esan nion; ez gorantz, zabalerantz hazi zela baizik. Ez zidan oso bekoki abegitsua ere eskaini. Gero jakin nuen sekulako errejimena egiten ari zela. Erdaraz falta de tacto edo horrelako zerbait esaten zafo ateraldi moeta horri. Bihar ere koinata gaia etortzen bazait argaldu egin dela esan eta konpondua dago itukina. Edonor etorrita ere ezer esanik gabe geldituko natzaio berehala, eta ordulariari begiratuko diot behin eta berriz, eta egunero eta orduero neurekin bizi den eta alboko kabinan egongo den lagunari begiratuko diot, eta berak ere so egingo dit, eta luzeegi egingo zait bixita denbora, eta... bukatuko da bixita denbora. Kabina batetik bestera, bixitari ezagunei agurka ibiliko gara guztiok, bati hitz bat, besteari keinu edo irri bat... haiek alde batetara, gu bestera.

        Berriro geure moduloan. Kafe xorta bat harekin, beste kafetxo bat honekin... "nor etorri zaik", "ongi al zebiltzak", "zer ziotek"... Egunkariak hartu, janari paketea, argazkiak, zapatilak probatu... Ziegara txokoraturik ohe gainean etzan eta, buruari itzulika, liburua eskatzea ahaztu zaidala konturatu, eta ene semearen berririk ere gutxi jakin dudala ohartuko naiz, damuz. Konturatuko naiz ez diodala beharrezkorik galdetu, eta esan beharrekorik esan, eta ez dut ulertuko nola demontre aspertu litekeen bixitan, eta nola kristo isilik egon naizen hainbeste gauza kontatzeko edukirik, hainbeste galdera egiteko izanik, eta...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.