L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Nazim Hikmet

—Bursa, Istanbul—

 

Nazim Hikmet

 

euskaratzaileak:

Gabriel Aresti eta

Josu Landa

 

        Nazim Hikmet 1902. urtean jaio zen Salonikan —Turkia orduan, orain Grezia—. Poeta zuen aitona. "Baina oraindik ere ez ditut bere poemak ulertzen", kontatzen omen zuen Nazim-ek. "Hamahiru bat urte izango nituen gurearen pareko etxeak su hartu zuenean. Lehen aldikotz sute bat ikusten nuela. Asaldatu egin nintzen. Aitonak, gure etxea suak harrapa ez zezan, Corana hartu zuen eta garretara jaurti. Itzali egin zen sua. Ez Coranaren indarragatik, ezta suhiltzaileengatik sikiera, etxea goitik behera erre zelako baizik, hauts bihurturik. Ordubete gero idatziko nuen ene lehen poema.

        1920an Sobiet Batasunera abiatu eta zientzia politikoak estudiatu zituen Moskun. Zortzi urte gero itzuli zen Turkiara, baimenik eta pasaporterik gabe joan izanagatik 1926. urtetik bere atxiloketa agindua zegoelarik. Aministia baten ostean aske. Baina 1930ean giltzapetuko zuten berriro, bigarren amnistia bati esker (1950) kaleratu zen arte. Bihotza kolokan harrez gero, hainbeste gose grebaren kausaz. Sobiet Batasunera egin zuen ihes 1951ean, gaztetan egin gabeko soldaduskara behartu nahi izan zutelako. 1963ko ekainean hil zen Moskun, 30 urtez errefuxiatu eta preso egoteari eutsi ondoren.

        Segidako poematarik lehendabiziko biak Gabriel Arestik itzuli zituen ("Lau Gartzelak", Lur, Donostia 1971). Beste biak Turkian idatzi azkenetarikoen artetik hautatu ditugu.

 

 

Ene amodio bakarra!

Heure azken gutunean

"bihotzean min diat",

"arima itzali zaidak"

diostan,

"urkatuko bahindute",

"galduko bahindut"

diostan,

"ez nindukek biziko".

 

Biziko haiz, andrea.

Ke beltzaren antzean

ene oroitzapena

haizeak eramanen din,

biziko haiz,

ene bihotzaren arreba bilo-gorri hori,

gure mendean

heriotzaren minak

gehien batean

urte-bete

ziraun.

 

Heriotzea.

Soka batetik hilotz bat zintzilika.

Ito egiten zaidan

boza

eztarrian,

eta inola ere

ez din ene bihotzak ametitzen

herio-klase hau.

 

Hala ere,

zihur haizen, maite,

armiarma beltz baten antzean

ijito miserable baten

esku bilotsuak

lepora soka hori

botako badaut,

alferrik

begiratuko dautatela Nazimi

neure begi urdinetan beldurren bita!

 

Nik,

azken goizaldearen argi epelean

neure lagunak ikusiko ditinat,

hi ikusiko haut,

eta lu-pera

kanta bukatu-gaberen baten tristura

eramanen dinat

bakarrik...

 

Ene esposa,

arima onaren

ene erlea,

urrezko aurpegiduna,

eta eztia baino begi eztiagoetakoa,

urkabea eskatu zeutatela,

zergatik idatzi neunan?

 

Hasiera batean diagon oraindik

judizioa,

eta gizonaren semeari ez zaion bururik kentzen

harbi bat balitz bezala.

 

Ea, honekin ez ezan trajediarik egin.

Oso posibilidade urruna dun.

Dirurik baldin badaukan,

artilezko galtzontziloak

eros ietzadan.

Zangoetan berriz ere

erreuma dinat.

 

Eta ez hadi inoiz honetaz ahantz,

gartzelatu baten andreak

ez dadukala gauza tristeetan pentsatu behar...

 

Bursako gartzelatik. 33-11-11.

 

 

 

1939garren otsailean,

Istanbulen,

gartzela honetako

burdin-artean,

negu honetako

egun eguzkitsu batez,

euria atertu ondoren,

urak

bustitako lurrean

dirdiratzen diren bitartean,

hodeiek, teilatu gorriek, paretek eta ene aurpegiak

bertan

taupa egiten duten bitartean;

nik,

neure balentasuna eta kobardekeria soinean daramatzadala,

munduaz, neure aberriaz eta zutaz egiten dut gogoeta.

 

 

 

Ene anaia,

bidali

amaiera zoriontsuko

liburuak,

abioia

arazorik gabe lurrera dadila,

medikua

irrifartsu irten kirofanotik,

zabaldu haur itsuaren

begiak,

afusilatzetik libro

gaztea,

kumeek

elkarrekin topo berriro,

daudela festak,

ospatu ezteiak.

Egarriak

aurki dezala

ura!,

askatasuna

ogiak!

Ene anaia,

bidali

amaiera zoriontsuko

liburuak,

gertatu egingo diren

horiek

azken batean.

 

46-3-17.

 

 

 

Aurrera dagien argiaren barnean nago.

Irrikan dauzkat eskuak, ederra da mundua.

Ene begiak ez dira asetu arbolez.

Hainbeste esperantza gorderik, hain dira berdeak...

 

Bide eguzkitsu bat igaro da marzustondo artetik,

gartzelako erizaindegian, leihoan nago.

 

Ez dut somatzen botika usainik.

Krabelinak loratuko ziren nonbait.

 

Hauxe gakoa.

Arazoa ez da preso atxitua izatea.

Ez etsitzean datza arazo guztia.

 

48-6-1.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.