L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Bartolomeo Vanzetti

—Dedham, Charlestown—

 

Bartolomeo Vanzetti

 

euskaratzailea:

Jon Arano

 

        Piamonteko Villafalletto herriskan jaio zen Bartolomeo Vanzetti, 1888ko ekainean. Hogei urte zituela emigratu zuen Amerikako Estatu Batuetara. Sukaldari aparta, horixe bilakatu zen bere ofizioa New York-en, denetarik egin behar izango bazuen ere langabezia sasoi batetik bestera: etxegin, trenbide konpontzaile, hargin, nekazal morroi, igeltseru... kaletan barrenako arrain saltzaile gisan bukatzeko.

        1920. urteko maiatzean atxilotu zuten Nicola Sacco adiskidearekin batera, eta abuztuan zigortuko 15 urtetarako gartzelaldira. Ondotik beste hainbat epaiketa nozitu zituen, azkenean 1920ko apirilean gertatutako asaltu bategatik heriotz zigorrera kondenatu zuten arte, Sacco-rekin batera: 1927ko abuztuan garbitu zuten Massachussets-eko Charlestown espetxean. (Urtebete gero, Frank Silva delako batek bere burua aitortuko zuen lapurketa eta erahilketa haren erruduntzat).

        Bolada hartan mundu osoko proletargoak egin zituen protesta aldarrikapenak Estatu Batuetako justiziak hartutako erabakiaren aurka, ospetsuak bilakatzeraino Sacco eta Vanzetti-ren alde sortu ziren komite desberdinak, eta halaber London, Mosku, Calcuta, Parise, Pekin eta abarretan burututako manifestazio jendetsuak.

        Segidan aurkezten ditugun gutunak Luicia Vanzetti, Bartolomeoren arrebak bildu zituen, eta 1962. urtean eman ziren argitara "Lettere ai familiari" izeneko gutun liburuan.

 

1927ko uztailak 1ean.

Arreba maitea, bart arratsean Dedham konterriko gartzelatik atera gintuzten, eta Charlestown-go presondegi estatalera ekarri, lehen geunden lekura.

        Joan den ekainaren 28an, gobernadoreak atzeratu egin zuen gure ejekuzio eguna hilabete batez; abuztuaren 10a arte, alegia. Horregatik, uste genuen Dedham-en utziko gintuztela abuztuaren lehena bitartean, eta harritu egin gaitu ustekabeko mudantzak.

        Nere abokatua oraindik ikusi ez dudanez, ez ditut aldaketa honen arrazoiak ezagutzen, ez eta nork aginduko ote zuen. Ezin dizut horretaz ezer ziurtatu. Dena den, ejekuzioa abuztuaren 10a arte atzeratuko dela pentsa dezakegu.

        Litekeena da gaur Thompson jauna etortzea, eta beharbada berak esplika diezazkidake kontuok.

        Ni dexente ongi nago, lasai eta etorkizunaz fido.

        Horregatixe, lasai jarrai dezazuen eskatzen dizuet, izan adoretsu eta zaindu.

        Musu eta goraintziak aitari, Cenzina-ri, izebei eta zuri.

        Zure anaia maitea

Bartolomeo Vanzettik

 

 

 

1927ko uztailaren 24ean.

Maiteak, egun guztian idazten ihardun behar izan dut bihar gobernadoareari esan nahi diodan guztiaren memoria prestatzen. Larunbatean solastatu zen nerekin, eta alde egiterakoan arratsalde hartan bertan itzuliko zela esan zuen; ez zen bueltatu ordea, eta biharko espero dut.

        Hala eta guztiz, nekatua nago orain, eta labur arituko naiz. Osasunez nahiko ongi nago, eta gose grebak ez dit ez minik ez oinazerik eragiten, ahultasuna salbu, noski; ez dut goserik sikiera.

        Abokatuek esan zidaten kontuek orain askoz itxura hobea dutela. Baikorrak izan dira beti. Baina nik nahikoa esperientzia badaukat berriketa horiek kontutan ez hartzeko, esaten omen eta badirudi guztiok. Hain argi dago komeria eta hain da maltzurra, ezen ulertu nahi izango balute berehala utziko gintuzketela aske eta inolako tramiterik gabe. Ostera, badirudi ezinezkoa zaiela edota ez dutela ulertu eta begibistakoa dena sinetsi nahi.

        Horregatik ez naiz ilusioz itsutuko.

        Zorionekoa suertatzen baldin bada, are hobeto, baina ez dut ezer somatzen horrela izango dela espero izatera bultzatzen nauenik.

        Dena dela, eutsi goiari, lasai eta adoretsu.

        Nork daki? Bizi bitartean, bada esperantzarik.

        Musu eta besarkadak guztioi maitekiro.

        Zuen seme eta anaia Bartolomeo Vanzettik.

 

 

        (1927ko apirilaren 9an, Nicola Sacco eta Bartolomeo Vanzetti-rentzako heriotz zigorraren erabakia ofizialki aditzera emateko bildu zen Dedhan-go Auzitegi Gorena. Proklamazioaren aurretik mintzatzeko aukera eman zitzaien akusatuei. Sacco-k gutxi hitz egin zuen, ingelesa nekez menderatzen bait zuen. Vanzetti-k esandakoetarik zenbait pasarte transkribatzen ditugu segidan):

 

Esan nahi dut, ez bakarrik errugabea naizela leporatu zitzaizkidan akusazioen aurrean, ez bakarrik sekula deliturik burutu ez dudala nere bizi guztian —errakuntzarik, beharbada, baina ez deliturik—, ez bakarrik nere bizi guztian borrokatu dudala delituen ezabatzeko, lege ofizialak eta lege moralak kondenatzen dituen krimenak, baizik eta, halaber, lege ofizialak eta lege moralak onartzen eta santifikatzen duen delitua: gizakien giza zapalkuntza. Eta hemen akusatua izan nadin arrazoirik baldin badago, arrazoirik baldin badaukazue minutu gutxi batzutan kondena nazazuen, horixe da arrazoia, eta ez besterik.

        (...) Baldin eta nere kontrako estraineko auzian, Plymouth-en, Thompson jauna egon izan balitz, epaimahaiak erruduntzat hartuko ez ninduela badakizue. Nere lehen abokatua Katzmann jaunaren konplizea zen, eta hala da oraindik. Nere lehen abokatuak, Vahey jaunak, ez ninduen defendatu: saldu egin ninduen urrezko hogeitamar txanponengatik, Judasek Kristo saldu zuen gisan. (...) Historiara iragan zen sasoian izan ginen epaituak. Esan nahi bait dut, histeria nagusi zen sasoia, gu jaio ginen herriaren aurkako sumindura eta gorroto sasoia, atzerritaren aurkakoa, radikalen aurkakoa; eta uste dut —hobe esanda, ziur nago— hala zuek nola Katzmann jaunak ahal izan zuten guztia egin zutela epaileen pasioak zirikatzeko, gure kontrako epaileen aurreritziak berotzeko.

        (...) Estatu Batuetako herri guztia gure aurka genuen. Eta gure zoritxarrerako gure bigarren defendatzailea Californiatik etorri zen; eta hona iritsi zenean zuen eta agintari guztien ostrazismoa jaso zuen. Baita epaileena ere. Massachusetts-eko zoko bakar bat ere ez zegoen aurreritzietarik libro, bakoitzaren herria munduko onena dela sineste aurreritzia alegia, eta gainera besterik ez dagoela norberarenaren pareko. Beraz, Californiatik Massachusetts-era heldu zen gizonak irentsia izan behar zuen, ahal baldin bazen bederen. Baita hala gertatu ere.

        (...) Baina, azken finean, berez baditudan erruengatik pairatu dut. Radikala izateagatik pairatu dut eta, hala da, ni radikala naiz; italiarra izateagatik nozitu dut eta, bai horixe, ni italiarra naiz; eta gehiago sufritu dut nere familia eta maite ditudanengatik neronigatik baino. Baina zuzen nabilela hain komentziturik nago, ezen ni bi aldiz akabatzeko aukerarik izango bazenute, eta nik bi aldiz jaiotzeko, oraindaino egin dudan horixe bera berriro egiteko biziko nintzatekeela.

        Amaitu dut. Eskerrik asko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.