L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ixodiae ventricosus

 

Pablo Sastre

 

Lehendakari jauna:

        John Herms Marticorena naiz, Halfway, Maryland, U.S. Armadako teniente biologoa, Fort Detrick-eko Institutoan bederatzi urtez arizana. Zigor zeldetan inkomunikaturik naukaten Baltimoreko presondegitik idazten dizut. Papera eskatu eta ukatu egin didate, eta manera prekarioan idazten dizut, komuneko paperean, leiho zirrikitu batean gorderik izaten dudan lapiz tiki batekin.

        Ari natzaizu, jauna, kontatzera natorrena publikatu dezazun, zeure herriaren interesean ez ezik, humanidade osoaren interesean bait da.

        Nire ama euskalduna da, Elizondokoa, eta seguru aski —aitortu egiten dut— horrexek deziditu nau, gure Armadaren proiektuaren berri eman diezazudan. Baina gainera esperimento hau... Bai, esperimento batetaz ari naiz: Baldin eta etzi etortzekoa den —eta ezagutzen ez dudan!— abokatuak «gutun» hau hemendik aterako badu...!

        Pakistango Lahore-n egin genuen aurrena —neu sartu nintzenetik, ari natzaizu: orduan sukar horiaren virusaz kutsaturiko eltxoez (Corethrella brakeleyi, berez Floridakoak) baliatu ginen; 81eko urtarrilean izandu zen hori; hartan Maryland, gure estatuko unibertsitari talde bat aritu zen, David Nelin irakasle ospetsuaren zuzendaritzapean. Gero, Nicaraguakoa izandu zen: gure Institutoan txertatu eta ugalduriko Aedes aegyptis-ez kutsatu bait zen Managua, eta bostehun mila lagunek sufritu zuten gaitza —Jaunari esker, hamar baizik ez ziren hil. Eta berton ere, orain dela gutxi, Fort Detrick-etik «ihes egin» (?) akain tiki batek (Lyme delakoak) sekulako ikara sortu du ipar-ekialdeko estatu batzuetako populazioaren baitan.

        Ez naiz gehiegi hitzegiten ari, Ardanza jauna. Neure arriskuak ezagutzen ditut, baina zeuenak ere bai. Azkenekoz mintzatzen baldin banintz ere. Badakit fida naitekeela zutaz. Ihaz gure herrira egin zenuen bisitan ikusi zintudan telebistan, eta zintzo zarela badakit. Nire ama poztuko zen, zeu ikusi bazintu. Baina hura hil zen, gajoa, kantzer batek eramanda.

        Orain, berriz, Institutoan («U.S. Army Medical Research Institute» izena du) labezomorroekin arduratuta dabiltzala badakit, zein helburuz ignoratzen dut ordea. Hondar hilabeteetan, neure garaiz eta lekuz kanpoko solas batzuk zirela kausa, «puntako inbestigazio»etatik baztertu bait naute. Neure burua salatu nuen, azkarregi noski.

        Bazkaltzekoa ekarri didate eta, pausaldi bat egina dut. Jan dut apur bat, nahiz neumokokoz kutsaturiko jana ematen didaten; oh, bai, hala ematen didatela seguru nago. Zergatik ez zidaten emango, espetxe batzutako zenbait presorekin praktika normalak bilakatu direla dakidalarik? Hauen ondorioak ez dira berehala sentitzen, baina egun batzuren buruan dardarizoak hasten badira...

        Ardanza jauna, hona zer esan nahi dizudan: U.S. Army-n zuen herriaren kontrako akain eraso bat paratzen ari da. Zuen mendiak Ixodidae ventricosus delako akainaz kutsatu gura dituzte. Akain hori ez da egundaino zuen herrialdeetan ikusi, EEBBetan, Australian eta Afrika hegoaldean ageri da bakarrik. Akain horren emea, txistubidezko toxina batez, gizakiengan paralisisa eragitera iritsi daiteke. Has nadin hasieratik ordea.

        Orain dela lau bat urte, Nafarroako probintzian U.S. Armyk praktikak egiten dituen landa batzuetan —horien izena ahaztuta daukat—, «gure» abioiek Latrodectus mactans espezieko armiarmetarik milaka batzuk jautiki zituzten. Beharbada zeuok ere ez duzue horren notizirik izango baina, Espainiako militarrengandik heldu bide zen EEBBetara kexa, hori zela-ta. Izan ere, araknidoak jaurtiki eta laster, eremu haietatik gertu akanpaturik zeuden soldadu espainol gazte batzuk eraso omen zituzten armiarma haiek, eta «min zuriak nozitu eta gero» —informe batean letu ahalizannuenez— «berengaztetasunak bakarrik salbatu» omen zituen. Erakutsi zenez, armiarma hori ederki moldatzen zen Espainian, eta alde horretatik, gure biologoak pozik egon zitezkeen; halabaina, Latrodectus mactans-ek nonbait Zaragoza aldera migratzeko joera erakutsi zuen, ez izaki hori gure militarren asmoa. Badakit gero haien hiltzeko pestizidak erabili zirela. Honetaz ez da noski, nik dakidala bederen, ezertxo ere publikatu.

        «Esperimento» horri, esatea gogorra da baina, normal eritzi nion. Hainbat horrelako...! Urrun joan gabe, New York-eko metroan ere askatu genituen, udara batean, arkakuso talde batzuk, hura zuzenean «Illinois Institute of Technology Research»-ek eraman baldin bazuen ere... [Frase batzuk ezabaturik originalean].

        Ni, hurrena, James Huxsoll komandanteak erakutsi zidan liburukiak harritu ninduen. Spanish ticks izena zuen, eta Minnesota-ko Unibertsitateko Nekazaritzako departamentuak egindako ikerketa zen.

        James Huxsoll komandanteaz zer-edo-zer gehiago esan behar nizuke. Ni hemen preso egotearekin badauka zerikusirik horrek, berak salatu bait zuen Linda Bullard-ekin mintzatu nintzela...

        Ni Fort Detrick-era ekarri nindutenean, andrearekin eta geneukan alaba bakarrarekin etorri nintzen. Huxsoll teniente zen orduan, eta ni sarjento, baina segituan egin genuen amistade. Arratsaldez Fox-en tabernan edo kantinan zerbait hartuko genuen elkarrekin, eta jai-egunetan bi matrimonioak bildu eta haren autoan (Alfa America deskapotable bat) kostaldera joango ginen, edo beste norabait. Tipo ona zen orduan Huxsoll, tipo leiala. Gero berriz... Igual ez da izango hemen esatekoa, baina nik... Huxsoll honek eta nire andreak, badakizu...

        Pasa den azaroan izan zen, abendutik hurbil. Goizean Huxsoll-ek bere bulegora deitu dit eta Basque Country-n negutzen diren hegaztiez ikerketa bat egiteko galdetu dit; hegazti bakoitzaren ezaugarri fisiologikoez (lumajeaz batipat), eta ohiturez eta migraketagune zehatzez, eta elikaduraz eta bestez, lan bat egiteko beraz. Arratsalderako, gordekako artxiboak ikustatzeko baimen-txartela eskuratu dit, beti bezala, ordu bitatik bostak bitarteko horretan.

        Nik aldiz etxean bazkaldu —nire seme-alabekin!— eta ordubietarako iritsi naiz Institutora; halere, badaezpadan, liburutegi orokorrean sartu naiz aurrena, eta Huxsoll-ek eskatutako gaiaz liburu eder bat topatu dut justu, han, zuenean publikatutakoa, hango zoologo batzuren lana izan ere —Aranzadi taldea, daiteke? Liburua hartu dut eta, lasai ikustekotan, etxe aldera abiatu naiz. Karreteraz bestaldeko lizarren azpian aparkatu Forda... Zertarako detaileak! Atea itxi zidaten eta logelako leihotik ikusi ditut, Huxsoll komandantea eta nire andre galdua...

        Barkatu, Ardanza jauna, xehetasun horietan sartu naizelako. Dena batera gertatu bait da... Nire seme-alabekin gogoratzen naiz, denbora gehienean, eta txit sufritzen dut. Ikusiko al ditut, inoiz...! Txoriez ari ginen. Ikerketa, halaz eta guztiz, bururatu nuen, eta ez dut hartaz beste deus jakin egundaino. Baina badakit gure militarrak zertan ari diren: Ixodidae ventricosus-ak negualdea Euskadin igaroten duen txoriren baten —edo batzuren— bitartez helarazi nahi dizkizuete. Eta zehatz, neronek ikusi eta ikasi dudanagatik ziurta diezaizuket espezie hauetariko batez baliatuko direla: Scolopax rusticola (oilagorra) edo Tordus iliacus (birigarroa). Bigarren horri kasu emaiozue. Noruegatik urtero, ehundaka ale birigarro heldu bait da zuzenki Euskal Herrira; eta, kasualki, Trondheim-etik gertu OTANek laborategi biologiko bat du.

        Ardanza jauna, lehenbailehen prebentzio neurriak hartu behar dituzue. Ixodidae ventricosus-a agente aktibo bat duzue, baina agente pasiboak erabiltzea ere oso ongi daitekeena da. Eta bitaz ari naiz bereziki, jadanik munduko bigarren gerran erabili zirenak: euli arruntak eta —batez ere, oraintxe horretan ari dira eta— etxeko labezomorroak. Atxiki iezaiozue edozein foko arrotzi, eta ongi bijila itzazue zuen itsas-porturik handienak, eta trenak orobat, litekeena bait da intsektu horien arraultzez beteriko kontainer bat hel arazi dakizuen (posibilitate horretaz mintzatu izan gara, behin edo behin, Institutoan).

        Ardanza jauna, ez dut zuen herria ongi ezagutzen. Beti menditsua imajinatu dut, oso berdea, etxalde txikiak eta jende umoretsu eta gogorra. Bailaretan, berriz, inondik inorako industriak. Kultura zahar baten jabe zarete eta eutsi egin nahi diozue, eta nik horrexegatik miresten zaituztet. Nire amak ez zuen hartaz hitzegiten gurekin inoiz, baina osaba Jose Nevada-tik etxera etortzen zelarik, eta bin-ala-bik euskaraz ari zirelarik, hura zeukan begietako poza! (osaba Jose, guk hala deitzen geniolarik ere, ez zen gure familiakoa, baina Elizondo ingurukoa behar zuen, eta hari eskerrak heldu omen zen hona gure ama). Terrorismoa ez dut noski laket, baina zuk hartu bidea —autonomia prudent bat, Espainia errautsi gabe— oso ongi iruditzen zait.

        Aise gastatzen da, komuneko papera! Eta arront txarra duzu, lapizaz idazteko. Ohearen hankak daukan irrixku batean gordetzen ari naiz orrixkak. Abokatuari pasatzeko modurik...? Ez ezagutzea ere!

        Hurrena orain dela bospasei hilabete suertatu zen. Zuei buruz zer paratzen ari ziren jakinki eta halako operazio batek izan zitzakeen ondorioez kezkaturik, neure kasa, Euskal Herriko geografia eta demografiari buruz ikerketa txiki batzuk egin nituen. Lurralde horietako populazioaren dentsitateak fuerte harritu ninduen. Hala behintzat, egun makal batez, zer bururatuko eta gure Institutoko master den Rohdendorf kolonelari mintzatzea bururatu zitzaidan... Fox-en tabernan izan zen, kasualidadez. «Euskal Herriari buruzko esperimento horiek, badakizu», esan nion, whiski basoa eskuan neukala. Lagunarte xelebre xamarrean ginen, horrexek animatu ninduen, ez nintzen bestela ausartuko eta. «Bai», erantzun zidan, galdera batez, pittin bat arrimatuz. «Jakinen duzu noski, zenbateko jendea bizi den hartan...?» «Oh, bai...!», erantzun zidan, irriparre batez, gehio jakin nahirik. Zer esan behar nion, ba? «Nire ama hangoa bait zen, badakizu, zera...» Manera txarrean solastatu nintzen. Eta kolonelak susmo okerrak hartu zituen nitaz. Astelehenean James Huxsoll, txerrikume horrek eman zidan haren partez abisu: «Politikaz arduratzen hasi al gara, Herms?» «Ez, baizik eta...» «Ez didazu ezeren azalpenik zor —moztu zidan hizketa—; baina are gutxiago zor dizu zuri kolonelak». Eta hitzak bere mingain zikinaz gozatu eta gero: «Hemendik aitzin...» Farmazia zerbitzuetan ipini zidaten destino berria.

        Handik hona, Ixodidae ventricosus-ak transmititu gaitzez zerbait jakin dut. Neure ustetan hiru hauetariko batekin esperimentatzen ari dira: «Crimeako sukar hemorragikoa», «Rocky Mendietako sukar purpurazkoa» edo-ta «Rickettsiosis» tipo bat, Rickettsia conori izeneko bakteriak transmititzen duena agian (horiek buruzko xehetasunak edozein medizina liburu espezialdutan topa ditzakezu). Jeneralean mortalak ez izan arren, sukar moeta horiek zenbait kasutan odola arras moteldu dezakete. Rickettsiak berriz garunaren paralisisa eragin dezake, eta alditan —ume koxkorretan batez ere— heriotza ere bai.

        Nolanahi delarik ere, handik eta geroxeago, «Foundation on Economics Trends» erakundearekin jarri nintzen harremanetan, ez noski gure laborategietako ikerketen berri emateko asmotan —hori garestiegi pagaraziko zidaten—, baina bai neure ikerketak sakontzeagatik.

        Berriz ere, maleziarik gabe jokatu nuen, eta horrexek galdu nau. Linda Bullard F.E.T.-ekoarekin mintzatu nintzen pare bat aldiz, begiratzen nindutela susmatu gabe. Nire urratsen atzetik Huxsoll bera zebilen. Oker-jaio horrek...! Lindarekin «roilo» bat neukala zabaldu ez zuen bada! Eta situazio huraxe aprobetxa zuten ederki, berak eta nire andre ustel-xamar horrek, ni kalumniatzeko eta beren lotura azkartzeko. Bai, andreak utzi nau, eta umeak berarekin eraman ditu. Eta kolonelaren aginduz, hementxe nago, ez jakin zenbat denborarako. Espia izatea lepora diezadakete, eta txarrena —berandu konprenitzen dut— orain artean ixilik egon naizena da. Inork ez daki nire berri eta beren esku naukate. Psikiatrikora eraman nazaten beldur naiz. Edo pseudomona batez garbitu nazaten...

        Mesedez: laster ekiozue baina, epidemiarik gertatu ezean, ez erabili kontragerra kimikoa, giroa erabat izurriztatuz kontrako efektoak, kalte izugarriak nozi bait ditzakezue. Kontragerra biologikoa aldiz, para ezauzue, ja. Gizonari zizt egiten ez dion erlafin ehiztaria oso erabilgarria da, akarido metastigmatikoen bizkarrean hozkatuz bertan lagatzen bait ditu bere arraultzatxoak, erlafin sortu berriek akaina barrutik jaten dutelarik. Onddoak, nematodoak, protozoarioak, mikroesporidioak eta virusak ere erabil ditzakezue. Epidemia zabalduz gero berriz, dudarik ez izan, intsektizidak erabili itzazue.

        Neure ustez, honetaz ezer gutxi dakit baina, eraso «taktiko» bat izan daiteke zuen herriaren aurka burutu nahi dutena, Low Intensity Warfare baten aurrean proba gisa bat. Arma biologikoak, gogoratu, Ginebrako 1986ko iraileko nazioarteko Kongresuan guztiz debekatu ziren, baina «esperimentoak» ez dira gelditu. Zuen —eta mundu guztiko— mikrobiologo, parasitologo, genetista eta ekologoek badaukate zer eginik. Eta zuk, ekin, otoi, lehenbailehen defentsa-lanari, zeure herriaren alde saiatzen zaren horretan, humanidade osoaren faboretan ari bait zara.

 

                Bere zeldatik,

                John Herms Marticorena

1989, maiatzak 15

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.