L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-26 (1990-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gezur zuriak, egia beltzak

 

Juan Luis Zabala

 

Punk jaialdietan izaten naizenean benetan gertatzen ari den ikuskizun bat dudala begi aurrean iruditzen zait. Jaialdi horiek gure eguneroko bizimodua, eguneroko erralitatea, ukatu egiten dutela sentitzen dut, dena txikitu eta zokoratuta uzten dutela, kitto!

        Ez da horrela izaten, ordea, ezta hurrik eman ere. Esate baterako, punk jaialdiek ez dute leku handirik hartzen egunkarietan. Egunkarietan gazte jendeari eskainitako sailetan agertzen dira iragarrita, eta biharamunean apenas inoiz ezeren berri ematen den. Batzutan ohizkotik aparteko zerbait gertatzen da, burrukaldi bortitzen bat edo, eta orduan bai, ematen da horren berri. Horrezaz gain, betiere han-hemenka erreportaiak ageri dira, elkar hizketaren bat edo beste, iruzkin erdi folklorikoak, betiko topiko txoroak...

        Bart gauean punk jaialdi bat ikusten izan naiz. Ez zen giro, jendea ezin kabituta taberna txiki hartan! Hiru taldek jotzen zuten, eta horietako bat lehen aldia zen ikusten nuena. Harrigarriak iruditu zitzaizkidan. Hamabi-hamairu urteko bi kantari zituen taldeak. Haien atzean, gitarra, baxua eta bateria, hiruron artean ez zituzten berrogeitamar urte osatuko hauek ere. Lehenengo kantuan presidente eta politikari guztien aurka «mintzatu» ziren, eta ez edonolako hitzekin. Niri barregura eman zidan ikuskizun xarmangarri hark. Barregura eta xarma: hunkitu egin ninduen; ezin esan une hartan zergatik.

        Neure buruari zera galdetzen nion nik orduan, ea nork duen talde honen berri, ea talde hau ezagutzeak ez al duen eguneroko prentsan azaltzen diren hainbat ergelkeria baino gehiago merezi, ea talde honen xarma bereziak ez ote lukeen hainbat miresle harrapatu beharko.

        Atzo arratsaldean, ostera, talde atzerritar bati buruzko erreportaia ikusi nuen telebistan. Iraultzaileak zirela zioten, bakezale amorratuak Estatuen indarkeriaren aurka eta abar. Beren ustez, iraultzaren oinarria maitasuna zen. Mila eta milaka dituzte miresleak, eta kantaria katolikoa omen da. Gezur zuri handi bat irudi zitzaidan erreportaia, gezur zuri handi bat haren iraultza. Erreportaia hura ikusi eta taldearekin bat eginik sentitu zirenek nik bart gauean ikusitakoa ikusi beharko luketela iruditzen zait, hamabi-hamairu urteko mutil koxkorrak mikrofonoa hartu eta politikariei putasemeka etsian. Hori egia beltz handia zen gauaren erdian.

        Egia osoa esan behar bada, talde katolikoaren musika oso ederra iruditzen zait, nik oso gustokoa dut benetan. Aitzitik, gaztetxo txoroen taldeak ez du aparteko balio musikalik. Baina hori beste arazo bat da, zalantzarik gabe.

        Atzokoan pentsatu ere egin nuen kantari gaztetxo haiei elkar hizketa bat egitea. Hainbat kazetarirentzat lan egokia zatekeen baina nik ez nuen hala ere neure burua lan horretan ikusten. Ez ote litzateke xarma alferrik galtzea? Ondo pentsatuz gero, zertarako elkar hizketa? Ikusi eta entzun nuena ez al zen nahikoa? Ez al zen hori dena azken finean? Gainerakoa anekdota hutsa zatekeen. Eta balizko elkar hizketa hori egunkari batean azaltzea, ez al litzateke faltsua izango? Ez al litzateke gezur zuri txiki bat, agian gezur zuri handiagoen abiapuntu izateko itxurarekin gainera? gaztetxo horiek, ahal dutenean eskenategira igo eta presidentearengatik eta politikariengatik putasemeka hasten dira beren amorrazio eta gorroto guztiarekin. Horixe da dena, eta ez da gutxi. Egia beltza.

        Kazetari lana oso delikatua da, eta horrelako kasuetan are delikatuago. Oharkabean komunikabideetan aurretik markaturiko bide zabaletan labain egin dezake, nahi ezta ere, eta uste zuen lekuan erori; hori bai, min handirik hartu gabe.

        Komunikabideetan gezur zuri ugari ageri ohi da, egia beltzak ezkutuan gordetzeko. Behintzat niri hala iruditu ohi zait. Egia beltza

aurrez aurre ikusi, somatu eta sentitzen dudana ez dator bat egia beltz horren berri ematerakoan komunikabideek moldatzen duten gezur zuriarekin.

        Edozein egunetan atzoko gaztetxoen taldeari egindako elkar hizketa edo erreportaiaren bat agertuko da egunkariren batean gazte jendeari eskainitako sailean, egia beltza gezur zuri bihurtuz.

        Alegia, komunikabideek ezin diote, esate baterako, punk-ari buruz, etxe okupazioari buruz, irrati libreei buruz hitz egiteari uko egin. Eta nola edo hala, betetzen dute beren konpromezua. Baina gero batek mutil koxkor bat horiek ikusten ditu berenak egiten eta ez dagoela hori benetan jasoko duen egunkaririk konturatzen da. Oraindik ere badirela eskema orotarik irteten diren kontuak. Eta hori ikusi eta eta batek ez daki ondo zer egin, argi ibili beharra sentitzen du, kontuz, hau eremu arriskutsua da eta. Egungo kazetaritza gazteak —eta zaharrak ere, nahi badu— aurre egin behar dio hor planteatzen zaidan galdera latzari: nola zabaldu egia beltzak gezur zuri bihurtu gabe?

(«Kaka esplikatzen» liburutik hartua)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.