Gure Amerika
José Martí
euskaratzailea:
Bego Montorio
Mundu osoa bere baserria dela uste ohi du baserritar harroak eta, bera alkate suertatzea, andregaia kendu zion etsaia zirikatzea, edo itsulapikoan sosak ugaltzea nahikoa zaio ordenamendu unibertsala aintzakotzat hartzeko, ez botetan zazpi lekoa gordetzen dituzten eta bota bere gainean jar dezaketen erraldoien, ez eta lotan munduak irentsiz airea zeharkatzen duten Zeruko kometen burrukaren berri izan gabe. Esnatu egin behar da Amerikan gelditzen den baserri muina. Ez dira hauek painelua buruan oheratzek sasoiak, armak burkoan bildurik baizik, Juan de Castellanosen gizonak bezala: zentzumenaren armak, bestelakoak gailentzen dituztenak. Asmoetako trintxerek harrizko trintxerek baino gehiago balio bait dute.
Asmoetako hodeia urratuko duen brankarik ez dago. Munduaren aurrean garaiz zabaldutako asmo kementsu batek korazatu eskoadrila gerarazten du, azken judizioaren bandera mistikoaren antzera. Elkar ezagutzen leihatu behar dira elkar ezagutzen ez duten herriak, elkarrekin burrukatuko dutenen gisara. Lur bera nahi duten anaia jeloskorrak bailira edo etxe hobeagokoaren inbiriatan dagoen etxe txikikoa, elkarri ukabila erakusten dabiltzanak moldatu egin behar dira, esku biak bat izan daitezen. Tradizio kriminalaren babesean eta ezpata beren zainetako odolean bustirik anaia gaindituaren, hogenetatik haruntza zigortutako anaiaren lurra pikatu zutenek, itzul biezazkiote lurrak anaiari, herriak lapur deitzea nahi ez badute. Ohorezko zorrak ez ditu dirutan kobratzen gizon ondratuak, hainbeste zapladako. Ezin dugu iada airean bizi den hostozko herria izan, kukula lorez kargaturik, zartaka nahiz burrunbaka, argiaren kapritxoak laztandu ala ekaitzek zigortu edo jipoitzen dutenaren arabera; iladan jarri behar dira zuhaitzak, zazpi lekoatako erraldoia pasa ez dadin! Berraurkitzeko ordua da, elkarrekin ibiltzekoa, eta elkarrengandik gertu ibili behar dugu, zilarra Andeetako sustraietan bezala.
Adorea bakarrik faltako dute zazpikiek. Zazpikiak bait dira beren herrialdean federik ez duten gizonak. Beraiek adorerik ez dutelako ukatu egiten diote urkoari. Ez zaie zuhaitz zaileraino ailegatzen beso kakanajoa, atzazkal pintatu eta eskuturrekodun besoa, Madril nahiz Pariseko besoa, eta zuhaitza helezina dela diote. Barkuak kargatu behar ditugu intsektu kaltegarri horiekin, elikadura damaien aberriari hezurra marraskatzen dioten horiekin. Paristarrak edo madrildarrak badira, doazela Pradora, farolatan edo Tortonira sorbetetan.
Halako arotz-semeak, aita arotz izanak lotsaturik! Amerikan jaioak eta hazi zituen amaren amantal indiarra daramatelako lotsatuak, ukatu egiten dute, zital halakoak!, ama gaisoa, eta bakarrik uzten dute gaitzetako ohantzean! Bada, zein da gizona? amarekin gelditzen dena gaisotasunean zaintzen, ala ama izkutuko tokian lanean jartzen duena eta haren bizkar bizi dena lur ustelduetan, harra eztarrian, gordetoki izan zuen sabela madarikatuz, paperezko kasakaren atzekaldean traidore kartela paseatuz? Indiarrekin batera salbatu behar den gure Amerikako seme horiek, gero eta gehiago; bere indiarrak odoletan itotzen dituen Iparramerikako armadetan fusilak eskatzen dituzten desertoreak, gero eta gutxiago! Delikatu horiek, gizonak izaki gizonezkoen lana egin nahi ez dutenak! Bada, ingelesekin bizitzera joan al zen, bere herriaren kontra abailtzen ikusten zituen ingelesekin bizitzera joan al zen lur hau egin zien Washington? Ohorearen itzelezko horiek, narraz darabilte atzerriko lurretan, Frantziako iraultzako itzelezkoek, dantzan eta milika, erreak narraz zerabiltzaten bezala.
Eta, zein aberritan izan dezake gizonak urguilu handiagoa Amerikako gure errepublika doloretakoetan baino, indar mutu andanek, liburu eta zutargiaren arteko burrukaren soinuan, ehun apostoluen beso odoleztatuen gainean eraikiak? Horren faktore banatuetatik ez da sekula, denbora historiko laburragoan, horrelako nazio aurreratu eta trinkorik sortu. Lurra bere oinarri izateko sortua dela uste du harroak luma arina edo koloretako hitza duelako, eta ezgauza eta konpontezina delako salaketa egozten dio bere sortzezko errepublikari, bertako oihan berriek ez diotelako modurik ematen munduan jauntxo ospetsuen antzera, Pertsiako behorren gainean eta txanpaina isurtzen, ibiltzeko. Ezgaitasuna ez datza sortzen ari den herrian, egokituko zaizkion moduen eta handitasun baliagarrien eslean, baizik eta herri bereziak, osaketa bortitz eta apartekodunak, Estatu Batuetan lau mendetan askatasunez praktikatu eta Frantzian hemeretzi mendetako monarkian erabilitako lege heredatuarekin gidatu nahi dituenarengan. Ez da Hamiltonen dekretu batez geldierazten lautadakoaren moxala. Ez da Sieyésen esaldi batez mugiarazten arraza indiarraren odol bildua. Tokian tokikoari begiratu behar zaio ondo gobernatzeko; eta Amerikako gobernari ona ez da alemanek edo frantsesek nola gobernatzen duten dakiena, bere herria zein elementuz osaturik dagoen eta elementu horiek batera nola bidera daitezkeen dakiena baizik, herritik bertatik sortutako baliabide eta instituzioen bitartez antsiaturiko egoerara heltzeko, non gizon orok ezagutu eta iharduten duen, non lanaz ernaltzen eta bizitzaz defendatzen duten lurrean Naturak denentzat zabaldutako ugaritasunaz denak gozatzen diren. Herritik sortu behar du gobernuak. Herriarena izan behar du gobernuaren izpiritua. Herriko elementu naturalen oreka baino ez da gobernu modua.
Horregatik garaitu du Amerikan gizon naturalak inportaturiko liburua. Gizon naturalek letratu artifizialak garaitu dituzte. Mestizu autoktonoak kreolar exotikoa garaitu du. Ez da zibilizazio eta basakeriaren arteko burruka, sasi erudizioaren eta naturaren artekoa baizik. Ona da gizon naturala eta onartu eta saritu egiten du goragoko adimena, baldin eta menekotasuna bere kontra egiteko erabiltzen ez badu edo bera bazterrean utziaz irain egiten ez badio; ez bait du hori barkatzen gizon naturalak, eta indarrez berreskuratzeko prest dago, bihotzean min edo interesetan kalte egingo dionaren begirunea. Arbuiaturiko elementu natural hauekiko adostasun horrexegatik eskuratu dute Amerikako tiranoek boterea; eta traizioa egin ahala eskuetatik galdu. Tiraniatan ordaindu dute errepublikek herriaren benetako elementuak ezagutu, horietatik gobernumodua erakarri eta horien bitartez gobernatzeko ezgaitasuna. Gobernari, herri berrian, sortzaile nahi du esan.
Osagai kulto eta inkultoek eraturiko herrietan, kultoek gobernatzeko artea ikasten ez dutenetan, inkultoak izango dira gobernari, erasotzeko eta zalantzak beren eskuz erabakitzeko duten ohituragatik. Alferra da jendetza inkultoa eta adimen kontuetan lotsatia, eta ondo goberna dezaten nahi du; baina gobernuak kalte egiten badio, gainetik kendu eta berak gobernatzen du. Nola aterako dira bada gobernariak unibertsitaterik ez badago Amerikan? Asmatzera munduratzen dira gazteak, antiparra yanki nahiz frantsesak jantzirik, eta ezagutzenezduten herria gidatzeko nahia dute. Ukatu egin beharko litzaieke sarrera karreka politikoan, politikaren oinarriak ezagutzen ez dituztenei. Leihaketetako sariak ez du odarik hoberenarentzat izan behar. Tokian tokiko faktore-azterketarik hoberenarentzat baizik. Aurrera egin behar du egunkarian, katedran, akademian, herrialdeko faktore errealen azterketak. Nahikoa da ezagutzea, estalki eta itzulingururik gabe; zeren egiaren alde bat, apropos nahiz ahazturik, bazter uzten duena, azkenean, falta zuen egia horren zioz eroriko bait da, utzikerian hazi eta bera gabe eraikitakoa iraultzen du egiak eta. Arazoa elementuak ezagututa konpontzea, elementuak ezagutzeke konpontzea baino errazagoa da. Badator gizon naturala, mindurik eta indartsu, eta liburuetan pilatutako justizia iraultzen du, herriko beharkizunen arabera administratzen ez delako. Ezagutzea konpontzea da. Herria ezagutzea eta ezagutzaren arabera gobernatzea da tiranietatik askatzeko modu bakarra. Amore eman behar du unibertsitate europearrak unibertsitate amerikarraren aurrean. Zehatz mehatz irakatsi behar da Amerikako historia, inkengandik gaurdaino, Greziako arkonteena irakatsi ez arren. Nahiago gure Grezia, gurea ez den Grezia baino. Beharrezkoa zaigu. Politikari nazionalek ordezkatu behar dituzte politikari exotikoak. Txerta dezagun mundua gure errepubliketan; baina enborra geure errepubliketakoa izan behar du. Eta ixil bedi harroputz garaitua, inongo aberritan ezin bait dezake gizonak urguilu handiagorik izan Amerikako gure errepublika doloretakoetan baino.
Oinak errosarioan, burua zuri eta gorputza indiar eta kreolarrez tintaturik etorri ginen, kementsu, nazioen mundura. Ama Birjinaren ikurraren atzean abiatu ginen askatasunaren konkistan. Apaiz batek, zenabit tenientek eta andere batek jasotzen dute Mexikon errepublika, indirren sorbaldetan. Askatasun frantsesa irakasten die kalonje espainiar batek, kapusaiaren itzaletan, zenbait batxiler ospetsuri eta hauek Espainiako jenerala izendatzen dute Espainiaren kontrako Ertamerika buru. Monarkiaren arropak jantzita eta Eguzkia bular harturik, herriak matxinatzeari ekin zioten venezuelarrek Iparraldean eta argentinarrek Hegoan. Heroe biek topo egin zutenean eta kontinenteak dardar egin behar zuenean, batak, ez haatik pretutasun gutxienekoak, atzera jo zuen. Eta bake garaiko heroitasuna urriagoa denez, gerrakoa bezain ospe handikoa ez delako; gizonari errazagoa zaionez ohorez hiltzea ordenaz pentsatzea baino; burrukaren ondoren pentsamendu desberdinak, harroak, exotikoak nahiz handinahikoak gidatzea baino egingarriagoa denez sentimentuak beroturik eta ahobatez gobernatzea; gure Amerika mestizuko eskualde zakar eta berezietan, zango bilutsi eta Parisko kasakadun herrietan, arrazoiaren eta askatasunaren etengabeko praktikan gobernatzeko kemenaz elikaturiko herrien bandera jasotzen zuen eraikina azpijaten ari zirenez eraso epikoan birrindutako botereak, espeziearen berezko katu-maltzurkeriaz eta errealaren pisuaz; kolonietako eraketa hierarkikoak Errepublikaren antolamendu demokratikoari kontra egiten zionez, edo gorbatadun hiriburuek atarian uzten zutenez moxal-botetako baserrialdea, edo liburuetan hazitako askatzaileek ulertu ez zutenez salbatzailearen ahotsak harrotutako lurraren arimarekin batera garaitutako iraultzak, lurraren arimarekin gobernatu behar zuela eta bere kontra edo bera gabe; horrela bada minetan hasi zen Amerika, eta minetan dago, kolonizatzaile despotiko eta zitalarengandik heredaturiko osagai kontrajarri eta kanpotarren eta lekutze ezaz gobernu logikoa atzeratu duten asmo eta modu inportatuen arteko egokitze nekeak jota. Gizonariu bere arrazoiaz baliatzeko eskubidea ukatzen zion agintaritzak hiru mendez banatutako kontinentea, arrazoia oinarri zuen gobernura sartu zen, erredimitzen lagundu zuten ezjakinak baztertuz edo entzungorra eginez; denon arrazoia denon gauzatan, eta ez batzuen unibertsitate arrazoia besteen baso arrazoiaren gainetik. Independentziaren arazoa ez zen forma aldaketa, izpiritu aldaketa baizik.
Zapalduekin bat egin beharra zegoen zapaltzaileen interes eta agintze ohituren kontrako sistema indartzeko. Tigrea, sualdiak uxatua, ehizatokira itzultzen da gauez. Begiak garretan eta hatzaparrak airean hiltzen da. Ez dira bere pausuak aditzen, balusazko hatzaparrekin bait dator. Biktima esnatzen denean, gaineandu tigrea. Koloniak errepublikan bizitzen segitu zuen; eta gure Amerika, koloniaren kontra burrukatzen duen errepublikaren bertute gorenaz, beharrezko odolez ongarritua, ari da bere errakuntzak gainditzen hiriburuetako harrokeria, arbuiaturiko nekazarien garaipen itsua, konpoko asmo eta formulen gehiegizko inportazioa, bertako arrazaren erdeinu bidegabe eta ezpolitikoa. Zai dago tigrea, zuhaitz guztien atzean, bazter guztietan makurturik. Hatzaparrak airean, begiak garretan hilko da.
Baina denbora nahasietan sentiberegia izan zen Rivadavia argentinarrak iragarri zuenez herri hauek salbatu egingo dira, aihotzari ez dagokio zetazko magina eta ezpataz garaitutako herrian ezin daiteke ezpata alboratu, herria haserretu eta Iturbideren Kongresuaren atean jartzen delako errubioa enperadore izenda dezaten. Herri hauek salbatu egingo dira, nagusitzen ari omen den moderazio-jeinuaren, argitasunaren kontinenteko Naturaren harmonia berearen eta aurreko belaunaldia kutsatu zuen falansterio eta gutxi gora beherako irakurketaren ondoren Europan nagusitu den irakurketa kritikoaren eraginez, garai erreal hauetan, gizon erreala sortzen ari zaiolako Amerikari.
Ikuskaria ginen, atleta bularra, petrimetre eskuak eta ume bekokia. Maskara ginen, Inglaterrako galtzak, Parisko txalekoa, Iparramerikako zamarra eta Espainiako burukoa. Indiarrak, mutu, gure inguruan biraka, mendira jotzen zuen, mendi gailurrera, seme-alabak bataiatzera. Beltzak, zainduta, bere bihotzaren musika kantatzen zuen gauez, bakarrik eta ezezaguna olatu eta piztien artean. Nekazaria, sortzailea, suminak itsuturik asaldatzen zen hiri erdeinagarriaren kontra, bere kumearen kontra. Txarratela eta toga hutsa ginen, oinetan abarketa eta buruan zapia munduratutako herrialdetan. Benetako jenioa, bihotz zabaltasunez eta sortzaileen ausardiaz buruko zapia eta toga anaitzea zatekeen; indiarra mugiaraztea; beltz burujabeari tokia eginez joatea; askatasuna, bere alde altxatu eta irabazi zutenen gorputzetara egokitzea. Epailea gelditu zitzaigun, eta jenerala, eta eleizako karguduna. Gazteria aingerutarra, olagarro baten besoetatik bailitz, Zerura jalgitzen zen alferreko ospeaz erortzeko, buruan hodeiezko koroa. Herri naturala, instintoaren bultzadaz, urrezkomakilak birrintzen zituen, garaipenak itsuturik. Ez liburu europearrak, ez liburu yankiak ez zuten enigma hispanoamerikarraren gakoa argitzen. Gorrotoa saiatu zen, eta herriak beherantz zihoazen urtez urte. Alferreko gorrotoaz, lantzaren kontrako liburuaren erresistentziaz, zutargiaren araukako arrazoiarenaz, baserriaren kontrako hiriarenaz, nazio natural, trumoitsu nahiz geldoaren gaineko hiri kasta banatuen ezinezko nagusitasunaz nekaturik, oharkabean bezala, maitasuna probatzen elkarri. Nolakoak gara? galdegiten dute; eta elkarri nolakoak diren esaten hasten dira. Cojímar-en arazo bat sortzen denean ez dute Dantzing-era jotzen konponketa bila. Lebitak oraindik Frantziakoak dira, baina pentsamentua Amerikakoa izaten hasten da. Amerikako gazteak alkondara ukondora igo, eskuak orean sartu eta izerdiaren legamiaz harrotzen dute. Gehiegi imitatzen dela konprenitzen dute, eta sortzea dela irtenbidea. Sortu da jenerazio honetako kontsigna.
Ardoa, bananazkoa; eta garratza ateratzen bada, geure ardoa da! Ulertu egiten da herri batetako gobernu moduak herri horretako elementu naturalei egokitu behar zaizkiela; asmo absolutuak, itxurazko akatsagatik eroriko ez badira, proposamen erlatiboetan gauzatu behar direla; askatasuna, bideragarria izango bada, benetakoa eta osoa izan behar duela; errepublikak besoak denei zabaldu eta denekin aurrera egin ezik, hil egiten dela errepublika. Barruko tigrea arrakalatik sartzen da, eta kanpoko tigrea. Jeneralak infanteriaren pausuan ibiltarazten ditu zaldizkoak. Eta oinezkoak atzean uzten baditu, zaldieria inguratzen dio etsaiak. Estrategia politika da. Elkarren kritika eginez bizi behar badute herriek, kritika osasuna bait da; baina bular bakarrarekin eta buru bakarrarekin. Zorigabekoenganaino jeitsi eta besoetan jaso! Bihotzaren suaz desizoztu Amerika odolbildua! Herriaren berezko odola isuri, burbuilka eta jauzika, zainetatik! Zutik, langileen begi alaiekin, agur egiten diote elkarri, herri batetik bestera, amerikar gizon berriek. Estadistika naturalak sortzen dira Naturaren zuzeneko ikerketatik. Aplikatzeko irakurtzen dute, baina ez kopiatzeko. Jatorrietan aztertzen dute zailtasuna ekonomilariek. Neurtuak izaten hasten dira hizlariak. Bertako izakerak taularatzen hasten dira antzerkigileak. Arazo bideragarriak eztabaidatzen dituzte akademiek. Poesiak txima zorrilleskoak moztu eta zuhaitz ospetsuan zintzilikatzen du koloretako txalekoa. Prosa, dizdiratsu eta galbahetua, funtsez kargatua dago. Gobernariek indiarren hizkuntza ikasten dute errepublika indiarretan.
Arrisku guztietatik salbatuz doa Amerika. Errepublika batzuetan lo dago olagarroa. Beste batzu orekaren legeaz, oinez abiatzen dira itsasoan barrena, urjentzia jaukal eta eroaz galdutako mendeak berreskuratzera. Beste batzuk, Juarezen mando gurdian zebiltzala ahazturik, haizezko gurdia jartzen dute eta xaboi punpuila bat txofer; luxu pozointsuak, askatasunaren etsai, gizon buruarina usteldu eta atzerrikoari zabaltzen dio atea. Beste batzuk, izakera adoretsua arazten dute, mehatxaturiko independentziaren izpiritu epikoaz. Beste batzuk, beraiek irents ditzakeen soldaduteria hazten dute, auzokoaren kontrako gerra harraparian. Baina badu agian, gure Amerikak, barnetik ez datorkion arriskua, kontinenteko bi osagaien arteko jatorri, bide eta interes desberdinetatik baizik, eta laster hurbilduko zaio, harreman intimoen galdean, ezagutu gabe bera mespretxatzen duen herri saiatu eta indartsua. Eta herri adoretsuak, fusil eta legearen bitartez beren buruen egile, herri adoretsuak, eta hauek bakarrik maite dituztenez; jendetza mendekuzale eta zekenak, konkista tradizioak eta buruzagi trebe baten interesak Iparramerika lasaikeria eta handinahira bultzatuko duten ordua, odolean duen preziatuenaren nagusigoaz horretatik libra daitekeen arren, ordua beraz ez denez horren gertua ezta begirale izukorrenarentzat ere, prestutasun froga etengabe eta sotilaren bitartez aurre egin eta baztertu ezin izateko; Unibertsoko herri erneen aurrean gure Amerikaren probokazio funsgabeak edo oilarkeria nabarmenak edo gure haserre senide-hiltzaileak kenduko ez dion frenoa ezartzen dionez Iparramerikari errepublika izatearen begiruneak, bere buruari nolakoa den erakustea da gure Amerikaren berehalako zeregina, bakarra arima eta saioetan, iragan itogarriaren irabazle arina, apurkinekiko burrukak eskuei ateratzen dien ongarrizko odolak eta gure ugazabek ziztatuta utzitako gure zainetakoak bakarrik zikindua. Ezagutzen ez duen itzelezko auzokidearen erdeina da gure Amerikak duen arriskurik larriena; eta bisita eguna gero eta gertuago dagoenez, presazkoa dugu auzokoak ezagutzea, berehala ezagutzea, erdeina ez dezan. Ezjakintasunez, gutuzia piztu lekioke. Errespetuz, behin ezagutuz gero, atera egingo lituzke eskuak. Fedea izan behar dugu gizonaren aldetik hoberenean eta txarrenaz mesfidatu. Aukera eman behar zaio hoberenari atera eta txarrenaren gainetik ezar dadin. Bestela, txarrena nagusitzen da. Prest izan behardute herriek urkategi bat alferreko gorrotoetara bultztzen dituztenentzat; eta beste bat egia garaiz esaten ez dutenentzat.
Arraza gorrotorik ez dago, ez bait dago arrazarik. Pentsalari kakanajoek, lanpara pentsalariek, behin eta berriro lotu eta berotzen dituzte liburutegiko arrazak, bidaiari zintzoak eta bihotzeko behatzaileak Naturaren justizian alferrik bilatzen dituztenak, gizonaren nortasun unibertsala nagusitzen bait da bertan, maitasun garaile eta irriki zurrunbilotsuan. Arima berdin eta eternala darie kolore eta itxura desberdineko gorputzei. Gizateriaren kontrako pekatua egiten du arrazaren arteko kontrajartze eta gorrotoa piztu eta zabaltzen duenak.Baina herrien anabasan, bestelako herrien gertutasunean, zabaltze eta eskuratze, hantuste eta gutizia ohiturak eta asmoak dituzten izakera berezi eta aktiboak biltzen dira eta, izakera horiek lo dagoen kezka nazionala izatetik, herri indartsuak galkor eta menpeko aldarrikaturiko lurralde mugakide, isolatu eta ahulen mehatxu larria izatera pasa daiteke barne nahasmenduko garaian edo herrian metaturiko izakera abailtzean. Pentsatzea zerbitzea da. Baserriko ezinikusiagatik ez zaio kontinenteko herri ilehoriari halabeharrezko gaiztakeria berezkorik egotzi behar gure hizkuntzaz mintzo ez delako, etxea ez duelako guk antzematen dugun modura ikusten eta geureen desberdinak diren errakuntza politikoetan gure antzik ez duelako; ez ditu umore txarreko gizon beltzaranak asko estimatzen, ez eta Historiaren laguntza txikiagoaz errepubliken bidean maila heroikoak igoaz datozenei karitatez begiratzen oraindik ondofinkatu gabekogorunetik; eta azterketa egokiaz eta arima kontinentalaren berehalako batasun tasitoaz, mendetako bakerako konpon daitekeen arazoaren agiriko datuak ere ez dira izkutatu behar. Badator ahobateko kantua: Amerika langilea darama lepoan egungo belaunaldiak, guraso jaukolek ongarrituriko bidean; El Bravotik Magallanesera, kondorraren lepoan jezarrita, Amerika berriaren hazia barreiatu zuen Semí Handiak kontinenteko nazio erromantikoetan eta itsasoko irla doloretakoetan!
«El Partido Liberal» Mexiko 1891eko urtarrilak 30
|