L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Jose Carlos Mariategui

 

Jose Carlos Mariategui

 

Euskaratzailea:

Joxe Ramon Matxinea

 

        Indigenismoak, gure literaturan, autoktonotasunaren bindikapena esan nahi du batez ere. Ez du, esate beterako, kreolismoak beteko lukeen funtzio sentimental hutsa betetzen. Oker ginateke, beraz, indigenismoa kreolismoaren pareko adieraziko bagenu; ez du hau ez ordezkatzen ez bitartekotzen.

        Literatura eta arte peruarrean indioa bada lehentasuna hartzen duena, ez da seguraski duen interes literario edo plastikoagatik, nazioaren indar berriek eta berezko oldartasunak hori bindikatzera jotzen dutelako baizik. Fenomenoa gehiago da instintiboa eta biologikoa intelektuala eta teoretikoa baino. Berriro diot jatorrizko joera indigenistak indioarengan nahi duena ez dela tipoa edo motiboa, eta are gutiago tipo edo motibo «pintoreskoa». Egia ez balitz, argi dago zanboa, adibidez, literaturgile eta artista kreoloaren begietan —eta kreoloarenetan bereziki— indioa den bezala litzatekeela. Eta hau horrela ez bada zenbait arrazoiengatik da. Joera honen izaera ez delako ez naturalista edo ohiturazkoa, lirikoa baizik, poesia andinoak egindako saio eta zirriborroek erakusten duten bezala. Eta autoktonotasunaren bindikapenak ezin duelako zanboa edo mulatoa indioarekin nahastu. Beltzak, mulatoak, zanboak, elementu kolonialen adierazpen dira gure iraganean. Indioa ordezkaezina zela jabetzean inportatu zuen espainiarrak beltza, berdintzea ezinezkoa zela sentitzean. Espainiarren xede kolonizatzaileak zerbitzera etorri zen esklaboa Perura. Kolonizazioak itsasertzean utzitako jendetzetako bat da arraza beltza. Birreinatoaren eta Errepublikaren lehen garaietan, behe lurretan jalkitako Peruko estratoetako bat da, ez lodi eta sendoa. Eta ziklo honetan, bat etorri dira gertaera guztiak koloniarekiko elkartasuna mantentzera. Etsai begiz eta gogoanbeharrez begiratu izan dio beltzak ez fisikoki ez espiritualki ohitu ezin izan duen mendiari.

        Lehengo nagusi zuriarentzat, liberto zale sentimendua gorde izan du askatu ondorenean. Gizarte kolonialak, beltza etxeko eginda —oso gutxitan artisau, langile— bere baitan hartu zuen arraza beltza, honen odol tropikal eta beroaz kutsatu zen arte. Etxeraezin eta urgoi zen neurrian indioa zen eskuragarri eta etxeko beltza. Eta honela jaio zen menpekotasuna, lehen arrazoia esklabuen ekarreran duena, eta eboluzio sozial eta ekonomikoak baino ezdu askatuko beltza eta mulatoa, langile bilakatuz, esklabuen heredentzia espirituala pixkana pixkanaka indargetu eta egotzi arte. Mulatoa, koloniala artean gustu kontuetan, hispanismoaren alde, autoktonismoaren kotra dago, oharkabe bada ere. Hurbilago dakusa bere burua berez Espainiatik Inkariotik baino. Sozialismoa baino ez da, haren barrenean klase kontzientzia piztuz, izpiritu kolonialaren azken hondarrekin betirako etetera zuzenduko duena.

        Joera indigenistaren garapenak ez du gure literaturako beste elementu nahitaezkoenak mehatxatzen ez geldierazten. Ez da indigenismoaren asmoa literaturgune guzia hartzea. Ez ditu beste oldarrak, beste espresabideak baztertzen edota ezabatzen.

        Eta kritikoak egin dezakeen injustiziarik handiena literatura indigenistaren kondena presakakoa da, autoktonismo hutsa ez izatea edota bere lanetan nola edo hala aurki daitezkeen artifiziozko elementuak leporatuz. Literatura indigenistak ezin digu indioaz benetan duen bertsio zorrotzegia eman.Idealizatu eta estilizatu beharra dauka. Ezin digu bere arima eman. Mestizoen literatura da oraindik. Horregatik indigenista eta ez indigena. Literatura indigena, baldin badator, dagokionean etorriko da. Indio beraiek hori ekoizteko gai direnean.

        Ezin da, dena den, egungo joera indigenista kolonialista zaharrarekin parekatu. Kolonialismoa, leinu feudalaren sentimenduaren islada, iraganaren idealizazio nostalgikoan zebilen. Indigenismoak, aldiz, orainaldian ditu errorik sakonenak. Miloika gizon emakumeen protestatik datorkio inspirazioa. Birreinatoa bazen, indioa bada. Eta progresoaren baldintzarik oinarrizkoenetakoa feudalitate kolonialaren hondarraren garbiketa bada, indioaren bindikapena, eta beraz, berez historiarena, Iraultza baten programa barnean datorkigu.

        Argi bezain garbi geratu da beraz zibilizazio inkaikotik, galdu denak baino gelditu denak kezkatzen gaituela. Gure garaiko arazoa ez da Peru nolakoa izan den jakitea. Nolakoa den baizik. Iragana orainaldia azaltzen digun neurrian zaigu baliagarri. Belaunaldi konstruktiboak sustraia, kausa bailitzan sentitzen dute iragana. Ez dute sekulan programa bezala sentitzen.

        Indioa da Tawantinsuyotik gelditzen den elementu bakarra. Zibilizazioa desagertu egin da; ez ordea arraza. Tawantinsuyoko materiale biologikoa, suntsiezin, eta aldakaitz era batean, azaltzen segitzen du, lau menderen buruan.

Lima, 1928

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.