Cesar Vallejo
Cesar Vallejo
euskaratzailea:
Omar Nabarro
Cesar Vallejo abanguardiaren garaikidea da. Los Heraldos Negrosek (1919) eta Trilcek (1922) halaxe dioskue. Hil ostean argitaratu ziren Poemas Humanos eta España aparta de mi este caliz. El tungsteno nobela ere idatzi zuen. Giza-esentziaren bilaketaria da Cesar Vallejo. Gosea, maitemina eta heriotza sare bakarreko hari dira beraren esku trebeetan. Objetu xumeak biltzen ditu sarean, eta, horretara, gure-gure bihurtzen zaigun poesia sortzen du. Alkimista antzatsuaren modura, aztien pare, berak asmatzen ditu hitz ulertezinak, ohiartzunez gainezka datozkigunak, eta hala eta guztiz ere, Vallejoren ahotsa ez zaigu belarritik aldentzen. Hortaz, kolokiala eta aldi berean misteriotsua da, surrealismoa eta humanismoa bat egiten ditu Vallejok, borobiltasunaren aldetik biak gainditzen dituen sintesian.
Giza poemak
Harri beltza harri zuri baten gainean
Parisen hilen naiz euri-zaparradaz,
dagoneko gogoan dudan egun batean.
Parisen hilen naiz eta ez datorkit hankartean
akaso eguen batez, gaurkoa den legez,
udazkenaz.
Eguena izanen da, ze gaur, bertsook
prosatzen nagoela, besondoak ere halaxe jarri zaizkit,
gaiztotuta, eta, egundo ere ez gaur legez, berriro nago,
egina dudan bidea eta guzti, nire buruarekin bakarrik.
Hil da Cesar Vallejo, jo egiten zuten
denek berak eurei ezer egin barik
gogor jotzen zuten palu batez eta gogor
soka batez ere; testigu dagoz
eguen-egunak eta besondo hezurrak,
bakardadea, euria, bideak...
Bakea, eltxoak, biraoa, isurialdeak...
Bakea, eltxoak, biraoa, isurialdeak,
hila, dezilitroak, hontza,
lekuak, ezkabia, sarkofagoak, edontzia,
beltzaranesak,
ezezagumena, lapikoa, monagiloa,
tantak, ahaztura,
potestadea, lehengusuak, arkaingeruak, orratza,
parrokoak, abanoak, erdeinua,
zatia, mota, durduzadura, arima...
Harikor, azafraiztua, kanpoko, argi,
erabilkor, zaharkitu, hamairu, odoleztatua,
argazkiratuak, gertuak, ubelduak,
konexak, luzeak, zingoleztatuak, zitalak...
Sutan, alderatzen,
bizitzen, sumintzen,
kolpatzen, aztertzen, entzuten, zirgit egiten,
hiltzen, eusten, lekutzen, negarretan...
Ostean, berauok, berton,
gero, gainean,
beharbada, bitartean, gibelean, hainbat, hain inoizez,
azpian, zera, bihar, zenbat,
hainbeste...
Izugarrizkoa, handigurentsua, geldoegia,
augustua, antzua,
balbearena, gakogarria, bustia, adurrezkoa,
guztizkoa, aratza, ilunetakoa,
larregizkoa, deabruzkoa, ikutuzkoa,
sakonekoa...
Gizon bat igarotzen da, ogia lepoan
Gizon bat igarotzen da, ogia lepoan.
Idatzi egin, gero, ene bikoiztasunaz?
Beste batek, jezarri, hazka egin, galtzarbetik
zorria kendu eta akatu du
Nongo adoreaz berba egin psicoanalisiaz?
Beste bat ene bularraldean sartu da, palua eskuan
Sokrates aipatu gero medikuari?
Koixua igarotzen da, eskua emanda ume bati
Irakurri egin, gero, André Breton?
Beste bat hotzikaraz dago, eztulka, odolezko ttuetan
Ahalko ote inoiz Ni sakonaz aipurik egin?
Beste batek lokatzean bilatzen ditu hezurrak, azalak
Albainela sabaitik jausi, hil eta ja ez du gosaltzen
(Berriztatu egin, gero, tropoa, metafora?)
Maerkatariak gramo bat ohostu dio bezeroari pisugailuan
(Hitz egin, gero, laugarren dimentsioaz?
Bankariak faltsotu egiten du bere balantzea
(Ze aurpegi beharko teatroan negar egiteko?)
Paria lotan dago, hanka lepoan
(Inori berba egin, gero, Picassoz?)
Baten bat hileta doa negar zotinka
(Zelan bihurtu, gero, akademiko?)
Baten batek bere fusila ttukuntzen du eskaratzean
(Nongo adorez berba egin haranzkogaindizkoaz)
Beste bat igarotzen da hatzamarrez zenbatzen
(Zelan berba egin Ez-Niaz aldarri egin barik?)
|