Imajinaria
Rodolfo J. Walsh
euskaratzailea:
Jose Luis Otamendi
Rodolfo J. Walsh 1927an Choel-Choel, Rio Negro probintziako herrian jaio zen leinu irlandarreko familia batean. Miseriak jotzen ditu 1936an, eta etxekoek sakabanatu beharra dute. Rodolfok irlandar jatorriko pobre eta umezurtzentzako ikastetxe batean emango ditu hurrengo urteak.
1944an Hachette editorialean froga-zuzentzaile lanean hasiko da, gero, itzulpengintzari lotuko zaio eta 1953an bere lehen liburua ematen du argitara: Variaciones en rojo. Valle jeneralaren matxinada peronistra gertatzen da 1956an, hogeitamalau hildako, tartean afusilatuak. Walsh-en bizimodua eta lanbidea aldatu egiten dira aurrerantzean. Gertatutakoak ikertzeari ekiten dio eta Operación masacre liburua da horren fruitu, espainolez idatzi zen aurrenetako benetako nobela New Journalism delakoari aurrea hartuz.
Walsh, literaturaren bidetik kazetaritzaren uretan murgildu zen, eta injustizia konkretuak salatzeko ikerketa narratiboen ildotik militantziara iritsi zen, peronismo iraultzailearekin lerratuz (CGT, Partido Montonero...)
Baina militantziak militantzia, narratzaile handia dugu Walsh, eta, José Emilio Pachecok dioen bezala, Walshen narrazioei eraginkortasun politikoa bere maitasun literariotik datorkie. Los oficios terrestres eta Un kilo de oro ipuin bildumek eta Un oscuro día de justicia kondakizunak maitasun horren neurria ematen digute.
1977ko martxoaren 24ean, junta militarrak agintean bere lehen urtea betetzean, Rodolfo J. Walshek gutun bat zuzendu zion juntari azken hamabi hilabeteetan Argentinan gertatutakoak garbi adieraziz. Biharamonean Buenos Aireseko kaleetan bahitu zuten. Desagertua: hori da bere mundualdiaz dakigun azkena, zaharra berri.
Orain etorri egingo zara, zure bizikleta entzungo dut hartxintxarretan, pedalei makal eraginez, farola piztu gabe. Zuk ez duzu argirik behar, ikusteke ezagutzen gaituzu denok, ni usainetik ezagutzen nauzu, soldadu, zuk zeren usaina duzu? Aker usaina, teniente, tulipan usaina, zuk nahi duzunaren usaina.
Etorri egingo zara, zeure goardia da, horretarako eman duzu aste osoa itxadoten, gauez ezin zara lokartu, pilulatxoak hartzen dituzu, gaur ez duzu horrelakoen premiarik. Asko eragiten diozu ganbarari, teniente, eta zurbil jartzen zara, eta berde jartzen zara, zerak gertatzen zaizkizula imajinatzen dut eta ni ez naiz nor zuri galdetzeko.
Nik ere gehiegi pentsatzen dut, baina gauez lo egiten dut, eta batzutan goardian ere lokartu egieten naiz. Orain, esate batera lokartuta nago zu etorriko zaren bide bazterrean etzanda, bizikletaz etorriko zara.
Badakit gaizki dagoena, zaindari bat ez dela lokartu behar, inguruak zaindu behar dituela eta berri eman.Baina ezdago berririk teniente, arerioa hemendik ehun eta hogei urtetara dago, hemen inoiz ez dago berririk eta ortzea da aldatzen den bakarra. Loak hartu nauenean Orioneko izar-katea pinuaren ostean zegoen, orain errepide gainean dago, kamioiak entzuten diren parean.
Fusila hor utzi dizut, ez dut eskuaz ukitu ere egiten, kargatuta dago, segurua emanda. Arerioa azalduko balitz, ez dago zer eginik, baina nik zer nahi duzu esatea teniente, txino eta errusiarrak urrun daude, neretzat gaur ez datozela honezkero.
Badakit neugatik dela esaten badizut oraingoan errua ez dela nirea izan, inork ez didala agindu koronelaren lorategiko txinaurriak akatzea. Badakit neugatik dela larunbatean irten egin behar nuela esaten badizut eta ez hemen egon imajinaria egiten.
Ez jakin, akaso azaldu izan banizu zuk barkatu, baina nola nahi duzu azaltzea gaur Julia kenduko didatela, kendu didatela, seguru honezkero txintxirrina jotzen ari direla berarekin.
Ez barre egin, teniente, zuk planta horrekin lepo izango dituzu emakumeak noski, baina nik neurekin hiru hilabetez edukitzeko irin eta zahiak ehobehar izan nituen eta orain zibilez jantzitako azahostro bat etorri eta hogeitamaika eskutik, eta ni bitartean hemen hirugarren mundu-gerratea egiten.
Ez da egia sarjentoak koronelaren txinaurriak akatzea agindu zidanik. Hari ahazten bazaio ez da nire errua, baina hemen egia handitik txikira dator, zuk harena sinesten duzu eta nirea ez, eta haria mehetik eteten da.
Gaizki dago arma belarretan botata uztea, inoren eskura, eta Juliarekin pentsatzen lokartzea, baina gauza asko dago gaizki eta ez dio inori ardura.
Zu nire kontura dostatzen zara eta eztabaida zalea zarela diozu eta sasi-letratu izateko jaio nintzela, kordobes guztiak bezala, behin kodea irakurtzen harrapatu izan ninduzulako izango da hori, baina ni ez nintzen sasi-letratu izateko jaio eta ez dizut esango zein etxaldetako semea naizen.
Juliak bere arrazoiak ditu, zer egingo du gizon batekin zortzi egunetik behin, pasiatu eta solasa eman diezaioten behar du, eta ez Garibaldi ikus-pasara egin eta ohera sartu korrika.
Orain azahostroak kamioi koskor bat dauka, egizu kontu, nik egundokoak jota oradaindu ahal diot eta garagardo triste bat. Duela bi hilabete dabilkio atzetik eta tamainandantzatu ezkero jabetuko zara neska hori lau kurpil gaineko tipo batentzat modukoa dagoela.
Orioneko izar-katea, teniente, errepidetik oinez joan da, orain hangare gainean dago, eukaliptus horien ostean, eta laster ilargia aterako da.
Autobustxoa hartzeko berandu da, ez naiz ordubietarako ere iristen, hamarrak arte itxadongo zidala esan zuen. Honezkero txintxirrina jotzen ari da, burkoa ausiki eta txilitxoak bota.
Etorri egin behar duzu, txitxar zenbatzen eta belarretan zomorro hotsak entzuten aspertu naiz eta.
Eta zer kostatzen ote zitzaion sarjentuari egia esatea?
Ez dago erraza andrea bilatzen, muturhandi alua. Ez teniente. Mutur-handi alu bat al zara ala ez? Bai, teniente, eta horrexegatik diotsut ez dagoela erraza.
Orain entzuten zaitudala uste dut.
Makal zatoz aldatz behera, pedalei eragin gabe, baina kurpilek kirrikarra dagite harritxintxarretan. Erroilako zubira egin duzu eta oholek krak-krak. Hemen pedalei eragin behar diezu ostera bultzada galdu duzu eta, sakaldi bat edo bi eta bazatoz, balantza txikiak eginez zarata saihestearren.
Begiak zabaldu beharrik ez daukat argirik gabe fumatzen ez zatozela jakiteko, ortzeko argitasunarekin aski duzu eta burdin-sarearen zutabeak kontatzen zatoz baezpadan: zuk dena zutean eta zeharrean neurtzen bait duzu, eta batzutan uste dut gehiegi eragiten diozula ganbararai eta gauez ezin lokartu zara.
Ni berriz nonahi hartzen nau loak.
Orain zuhogei metrotara zaude eta nola ez nauzun ikusten bila zabilzkit. Balantzak zabaldu egin dira piska bat orain. Ez duzu balazta erabili nahi eta ez duzu geratu nahi ni ikusi arte. Akaso susumo txarra hartuko zenuen. Akaso pentsatuko duzu mutur-handi alu hau laineztu egin zaizula eta zutabe baten atzetik izorratu nahi zaituela. Nola pentsa zenezake hori, teniente! Ez al duzu ikusten hemen natzala luze-luze, txinaurriekin pentsatzen lokartu naizela? Izan ere ez zegoen berririk, zer berri nahi duzu egotea.
Orain bai ikusi nauzu, orain zu gelditu egin zara, bizikleta oinaz geldierazi, jaitsi eta bidean utzi duzu etzanda. Kontuz, puskatu ez dakizun. Ez zaitut entzuten berriz, baina seguru honantz zatozela, oinaz hosto artean bila, eta laster aurkituko duzu fusila.
Zeuretzat teniente, badakit arma ez dela utzi behar, baina behin lokartu ezkero ahaztu egiten dira horrelako kontuak. Morroiloa ireki duzu, metal hotsa ez da entzuten ia, atzera eragin diozu poliki, bala albo batetik erori da zure hatzen artean, orain kargadorea atera duzu.Bala bere xiloan sartu eta zenbatu egin dituzu baezpadan. Bost al dira, teniente? Bost dira. Fusila lehen bezala utz dezakezu eta kargadorea zeure patrikan.
Hurreratu eta nire aurpegiaren ondoan gelditu zara, hain gertu zaude botinen larrua usaintzen dizudala. Hauxe da unerik zailena ezen ez bait dakit aurpegia jiratuko didazun ostikoz jota, ala aurreko hartan Landivar iharra lotan harrapatu zuenekoa egingo duzun. Aurpegia besoaz gordetzeko amorratzen nago, baina eutsi egiten diot. Ez dakit zer egin begiekin, estu-estu mugi ez daitezen edo, betazaletan hondarra isurtzen zaidala sentitzen dut. Lasai xaharra, hago kieto.
Makurtu eta begira zaude, ez daukat ezer, kartutxontzirik ere ez dut ekarri, azterka nazazu lasai. Loak lotu duen tipo bat naiz.
Orain gelditu egin zara. Bazoaz. Baina itzuliko zara.
Ehun metro haruntzago Cornejok altoa eman dizu eta ezagutzera eman eta Cornejorekin solasean diharduzu minutu batez. Beste ehun metro eta Sampietrok egin dizu oihu bere txakur ahots horrekin. Soldadu onak dira, menekotasuna eta adorea, eta gainera zure zain zeuden.
Orain zelaiko beste muturrean zaude eta itzuli egin behar duzu. Bost minutu barru hemen zaitugu. Ortzea festa bat da teniente eta belarrak usain gozoa du. Lepoa egingo nuke Julia lo dagoela, beste horren besoetan kizkurtuta. Lanakizango ditut hurabezalako beste bat bilatzen.
Orain entzuten zaitut teniente, ederra da zu abesten entzutea Curupaity eta ahariarentzat ardia bezalakorik ez dago. Cornejoren paretik pasa eta ziztu batean zatoz, berrogeitamar metrotara zaude dagoeneko.
Ni Landivar-ek kontatu zidanarekin ari naiz ametsetan, fusila deskargatu zeniola eta honuzkoan bizikletarekin harrapatu zenuela azpian, eta gero bi belarrondoko eman zenizkion eta astebeteko kalabozoa lokartu, armamentua galdu eta ganoragabea izateagatik. Ikusten, nork agindu ote zion Iharrari zurrunka hastea imajinaria egiten ari zela.
Ni ez naiz ordea Landivar bezalakoa, ni esate baterako zure bidean nago trabeska. Alu azpikaria teniente, kordobes azpikaria zuk zenion bezala.
Zuk ederki abesten duzu teniente, zurea bezalako ahotsa baneuka ez zidaketen Julia berehalakoan kenduko. Gozagaitz samar ateratzen bazaizu karraxi batean ari zarelako izango da eta orain iratzarririk nahi nauzulako eduki imajinaria on bati dagokionez.
Baina nagoen lekuan geratzen banaiz, seguru saihets hezurrak hautsiko dizkidazula dakarzun abiadarekin eta didazun gorrotoarekin. Eta altoa eman dizut.
Orain iratzarririk bait nago teniente, orain geldirik nago, ez didazu entzuten teniente, orain destatzen ari natzaizu, zergatik egiten duzu barre teniente, orain fusilaren begia zure buruparean daukat, ez zaitut ezagutzen, gelditzeko esan dizut, orain hatza erdi sakatuan daukatpoligonoan irakatsi bezala, geldi arraioa, pittin bat tira eta bekokiraino doakizun listukada gorri hori, eta bitartean besoak jaso dituzu eta amaituko ez duzun balantza batean zanbuluka hasi zara, eta bitartean munduko txaku gauztiak zaunka ari dira, morroiloari eragin diot berriz eta beste listukada gorria, nahiz eta oraingoan ez dizudan zuri destatu, Orioenko izar-kateari baizik, nork esan dizu ez dela iristen.
Eta orain nork esango du altorik ez dizudala eman, behar den bezala, eta zuk ez duzula erantzun, eta ez dudala oharpen-tirorik bota, araudiak dioen bezala, eta gero ez dudala bizikletaz gainera zetorkidan ezezagunsusmagarri bat hil. Nahiz eta ezezagun hori zu zeu izan teniente, eta belarretan azken arnasak eta txilio txikiak botatzen ari zaren arren teniente, emakumea bazina bezala ukitzen zaitudan bitartean, Julia bazina bezala, eta kendu didazun kargadorea bilatu eta erroilara jaurti dut beste imajinariak iritsi baino lehen, ilargia eta larriarengatik zurbil.
Beste unetxo bat bazenu, baina ez daukazu, azalduko nizuke zango artean gordea nuen kargadorearena, hor, esan dizudan leku horretantxe.
|