L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Azken hitzak

 

William Burroughs

 

euskaratzailea:

Juan Luis Zabala

 

        William Seward Burroughs 1914eko otsailaren 14ean jaio zen Saint Louis, Missourin. William Seward Burroughs, idazlearen aiton izenkidea, Adding machine edo dirukontagailuaren asmatzailea izan zen.

        Harvarden graduatu ondoren gauza askotan aritu zen. Sei hilabete medikuntza ikasketak egiten Vienan, EEBBetara itzuli eta bederatzi hilabete zurrupakarien sakailtzaile gisa, publizitate lanak gero... 1942an armadako zerbitzutik libratu egin zen, eskizofreniko paranoidetzat joa.

        1944ean Allen Ginsberg eta Jack Kerouac ezagutu zituen, hauek artean gazte zirela. Kafka, Spengler, Blake, Yeats, Céline, Korzybski, Vico, Rimbaud, Shakespeare eta Poe irakurterazi zizkien. Heroinari estu atxekirik bizi izan zen ondorengo urteetan. Mexikora jo zuen gero, emaztea hil zuen han eta Poliziarengandik ihes ibili behar izan zuen Hego Ameriketan zehar.

        1953an New Yorkera itzuli eta idazten hasi zen. Junkie izan zen bere lehen nobela. Marokkon eta Aljerian egin zituen ondorengo urteak. 1956an heroinarekiko adikzioa gainditzea lortu zuen, apomorfina deitutako produktu baten laguntzaz. Orduan ekin zion sekula baino gogorrago idazte lanari: Naked Lunch (Jatordu Biluzia) idatzi zuen orduan.

        Brion Gysin pintorearen tekniketan oinarrituta, cut-up izeneko testu muntaiak landu zituen gero Nova Express, The Soft Machine (Aparatu Biguna) eta beste zenbait liburutan. Azken urteotan ere idazten segitu du: Exterminator (Sakailtzaile) eta Cities of the Red Night (Gau Gorriko Hiriak) dira lanik ezagunenak.

        EEBBetako gazte errebelde eta rockero guztien eredu eta aitaponteko maitagarria, hainbat pelikula eta diskotan parte hartu du azken urteotan. Hirurogeitamazazpi urte ditu, eta hiltzeko batere asmorik ez.

 

Entzun nire azken hitzak alde guztietan. Entzun nire hitzak mundu guztietan. Entzun zuek guztiok Lurreko kontseilu sindikatu eta gobernuok. Eta zuek komun ilun batean egindako itun zikinez babestuta zeuona ez dena hurrupatzen duzuen potentziok. Beti zolua saltzeko jaiobako oinen azpian.

        «Ez gaitzatela ikus. Ez iezaiezue esan zertan ari garen —»

        Hauek al dira Lurreko kontseilu eta sindikatu ahalguztidunen hitzak?

        «Jainkoarren, ez dadila Coca-Colarena atera —»

        «Ezta Venustarrekin egindako Cancer Ituna ere —»

        «Ezta Orgasmo Heriotza ere —»

        «Ezta labeak ere —»

        Entzun ezazue: Denoi dei egiten dizuet. Jokalari guztiek ager ditzatela beren kartak. Itzul ezazue dena itzul ezazue dena itzul ezazue dena. Jokatu ezazue guztia itzul ezazue dena, jokatu ezazue dena. Denek ikus dezatela. Times Squaren. Picadillyn.

        «Goiztiar. Goiztiar. Emaiguzue denbora pixka bat gehixeago.»

        Denbora zertarako? Gezur gehiago? Goiztiar? Goiztiar zertarako? Denoi diotsuet hitz hauek ez direla goiztiarrak ez direla goiztiarrak. Beharbada beranduegi izango dela hitz hauentzat.

        Gutxi falta da. Minutuak etsaiaren helbururako.

        «Sekretu Handia — Artxibatua — Kontseiluarentzat — Elitea — Jakintsuak —»

        Hauek al dira Lurreko kontseilu eta sindikatu ahalguztidunen hitzak? Hauek gezurrontzi koldar laguntzaile traidoreen hitzak dira. Gezur gehiago esateko denbora nahi duten gezurrontziak. Zuen txakurrei zuen kabroiei zuen errekadistei zuen giza-animaliei aurre egiten ez dieten koldarrak. Giza-Intsektuen eta Giza-Landareen laguntzaileak. Betirako gorputz bat eskaintzen dizuen edonorena. Betirako kakaeginean geratzeko. Horretarako saldu dituzue zeuon semeak. Zolua saldu jaiobako oinen azpian. Arimen traidoreak bazter guztietan. Hassan i Sabbah-ren izena nahi al duzue jaiobakoei saltzen dizkiezuen kontratu zikinen gainean?

        Zerk baztertzen zaituzte denboran beldurturik? Gorputzean? Kakatan? Esan egingo dizuet: «hitzak». Hitz arrotza «-a». Etsai Arrotzaren hitz«a»k Denboran gatibatzen «zaituzte». Gorputzean. Kakatan. Gatibuak, irten zaitezte. Zeru handiak zabalik daude. Nik Hassan i Sabbahk betirako ezabatzen dut hitza. Nik zuek bezain hitz guztiak ezabatuko nituzke betirako. Eta Hassan i Sabahren hitzak ere ezabatu egiten ditut. Ikus ezazue nola zeharkatzen dituen zeruak Brion Gysin Hassan i Sabbahren idazketa isilak: New York gainean trazatua 1899ko irailaren 17an.

        Gatibuok, irten zaitezte

        «Ez entzun Hassan i Sabbahk dioena», esango dizuete. «Zuen gorputza eraman nahi du eta gorputzaren atsegin guztiak. Entzun gaitzazue. Gu Atseginen Lorategiaren zerbitzuan gaude Hilezkortasuna Kontzientzia Kosmikoa, Droga Kontuetan Onena zure Atseginerako. Eta maitasuna maitasuna maitasuna ur zikinez betetako baldetan sartua. Zer iruditzen zaizue, mutilok? Ez al da Hassan i Sabbah eta haize hotzak astintzen duen bere gorputzik gabeko harkaitza baino hobe? Ados?

        Literatura osoko pertsonaiarik gorrotatuena bihurtzeko arrisku azkarrari aurre eginez ere —eta historia literatura da— honako hau esan beharra dut:

        «Bildu ezazue informazio guztia. Aurrerantzean egileari eska bekio — Nork monopolizatzen du Hilezkortasuna? Nork monopolizatzen du Kontzientzia Kosmikoa? Nork monopolizatzen du Maitasuna Sexoa eta Ametsa? Nork monopolizatzen du Bizitza, Denbora, Aberastasuna — Time, Life & Fortune — Nork kendu dizue zeuona zena? Itzuli egin behar al dizuete orain? Eman al dute inoiz ezer hutsaren truk? Eman al dute inoiz eman behar zutena baino gehiagorik? Ez al dute beti ahal izan dutena berreskuratu? Entzun ezazue: Beren Atseginen Lorategia kloaka bat da — Nekeza izan zait kloaka hauen mapa trazatzea Jatordu Biluzia eta Aparatu Bigunako pornografiko deitutako sailetan — Beren Hilezkortasun Kontzientzia Kosmikoa eta Maitasuna B saileko berrestrainaldi kaka bat dira — Beren drogak Orgasmo Heriotza eta Nova Labeen jaurtiketarako prestatutako pozoina dira — Kontuz Atseginen Lorategiarekin — Isurtegi berde batean amaitzen den tranpa gizajalea da — Uko egiozue beren Hilezkortasun Sintetikoari — Puskaka eroriko da zuek Erostetxe Handietatik irten baino lehen — Bota itzazue komuneko zulotik drogen atseginak — Aluzinogenoak pozointzen eta monopolizatzen ari dira — kimika madarikaturik gabe egiten ikas ezazue — Hain era lotsagarrian administratu duten koloniatik ihes egiteko bidea estaliko dieten pantaila bat da eskaintzen duten guztia. Traizionatu eta saldu dituzten bozemaileei ez ordaintzeko egin beharreko bidaiaren prestakuntzak estaliko dituena. Prestakuntzak amaitutakoan leku honetatik hegan abiatuko dira haien atzetik. «Eta zuei zer eskaintzen dizue nire erabateko zorroztasun eta erresistentzia programak? Nik ez dizuet ezer eskaintzen. Ez naiz politikaria. Erabateko premiatasun egoeraren ezaugarriak dira. Eta hauek dira erabateko premiatasunerako nire instrukzioak oraintxe bertan martxan jarriz gero oraintxe bertan eragoz dezakete bidea ibiltzen hasita dagoen erabateko katastrofea:

        «Lurreko bizilagunok, pozoindu egin zaituztete guztiok. Dagoen morfina guztia apomorfina bihur ezazue. Kimikariok, egunaren hogeitalau orduetan egin ezazue lan apomorfinaren aldaerekin eta formularen sintesiarekin. Apomorfina da desintosika zaitzaketen agente bakarra eta etsaia zuenganantz egiten ari den bidaia geleraz dezakeen bakarra. Apomorfina eta isiltasuna. Nova Konspirazioko eta berarekin lotuta dauden guztien aurreko erresistentzia erabatekoa agintzen dut.

        Nire idazketaren helburua Nova Hiltzaile guztiak salatu eta atxilotzea da. Jatordu Biluzia, Aparatu Biguna eta Nova Expressen zeintzu diren eta zertan ari diren erakusten dut eta atxilotzen ez badituzte zer egingo duten. Gutxi falta da. Beren orgasmo drogek usteldutako arimak, beren nova labeetan dardaratzen den haragia, Lurraren presook, irten zaitezte. Zuen laguntzarekin Errealitatearen Estudioa beregana dezakegu eta Beldur, Herio eta Monopolioko bere unibertsoa berreskuratu —

J. Lee Inspektorea, Nova Polizia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.