L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

«Larrüpean ebilten direnak»

 

Itxaro Borda

 

        Navajoar popülüaren mintzaje metaforikoan, hola izendatzen dira sorginak, eta sorgin bezala agertzen zaikü Tony Hillerman, ipar-amikeñar polizi-nobela ethnologikoen izkribatzailea. Ez ahal da sobera kalifikatibo gizon-bakotx batentako? Polizi-nobela egile? Bai, prefosta, hala da; ethnologo? Hala dela üdüritzen zaikü, irakurri dütügun nobeletan phü. Nola egin dü Tony Hillermanek, native-american ez denak, bi sail horien batzeko? Zentako egin dü biltze hori?

        Tony Hillerman 1925ean sortürik da Sacred Heart-Oklahomako Pottowamie indio reserve batean. Familia katolikokoa izaitez, XIX. mentean, frantses beneditano elibatek eraiki eskolaren üngürüan zabiltzan bere etxekoak. Bigarren Mündüko Gerlaren garaian, Marseillesen hatzaman zütüan Navajo tribüetako soldadoak, transmizioneetan berezilari zirenak. Gerlarik landa, Navajoar reservetik hüillan ari da kamiolari lanetan, eta behin, gerlarik ützültzen ziren soldado navajoarretako familiek moldatzen züen «sendotze-ekitaldi» baten jakile izaiterat ützi züen herri hartako shamanek. Hortik datorkio navajoar gaüzen ganako gosea. Orai, berak aitortzen düanez, zerbeit xehetarzün behar düalarik, Reservean dütüan lagünekilan mintzatzerat joaiten da, libürüetan ikasiak baieztatzeko gisan.

        Hamar bat nobela ethno badütü adeja idatzirik Tony Hillarmanek, «Etsaien bidea» 1970an argitaratüaz geroztik. Arrakesta haundiko obrak, Amiketan eta Europan. Frantzian, ützültze lana, bürürik bürü RIVAGES edizioneek eraman düe azken urte hotan.

        Balitake, Jo Leaphorn eta Jim Chee bi polizi-tribal desbardinen mentüretan barna, behin txextatü lür gorri heien nostalgiak —süstüt aizeek ekarten züen desertü ürrinak— eroaiten gütüela, edo, desagertzear diren tribü «aberats»en alderako zerbeit ürrikik. Dena dela, Tony Hillermanen nobelak, bi sendimentü horien kürützamentü ejerrak eta leialak direla erran dezakegu.

 

        «Indian Reservation» bat, Chandlerek edo Elroyek düala zonbeit urte erakusten züen Chicago nahiz New-Yorkeko «gaiztagileen» mündüa bezain hetsirik da, zerratürik. Reserva mündü-pe izan litake, bere legeekilan, bere tabouekilan, Whasingtonen dagon Bureau of Indian Affairs delakoaren züzendaritzapean, Tribal Council hura dela ararteko. Mündü-pe hortan, egiaz, hanitx mündü-pe dira, indio popülü bezeinbat naski, eskola bereziekilan, erlijioneak, eta nolaz ez, poliziak. Jim Chee (gaztea) eta Jo Leaphorn (heltüa) navajoar mündü-pearen arauen arabera aritzen dira «inkestak» argitzen. Bi detektibeak, tribüako jentearekilan poxi bat konplize dira, nola beit zen, demagün Marlowe, xantzarik sekülan üken ez züen jente xeheentako. Besteñaz kontaketa posiblerik ez litzateke; nekez imaginatzen dira gisa hortako nobela ethnozozio'ak, —salbü gaür egünko filmetako seria biolentoak, bena gaürko egüna preseski alde hortarik oso bekaitz da— garatzea errespetü edo amodiorik gabe.

        Polizi-nobelaren funtsaz pentsatzen hasten ahal gira jarraian. Bai 1950 urteetan, eta bai orai, polizi-nobela batean elkitzen den lumpen-klasearen balioztatzea da helbürü, jendarte orokorrari begira, bederen alde zoziala nagüsitzen denean. Lumpen-klaseak ez dira, jendarte orokorrean sartzen ahal, mintzajeaz edo sos-irabaztearen eredüen medioz, ordüan «krima» izaiten da horientako integratzaile tresna. Ohit gitian, ez düala ehün urte beno gütiago, «biolentzia zoziala» kanpañetarik hirietarat igaran dela, exodio ruralaren bitartez. Herrialde güzien ixtorioa da hori, eta sistema kültüralak behar izan dü zerbeit asmatü jente hoik ühin orokorrean honartzeko; molde batez erraiten ahal da, poliz-nobela literatür oso bezala, ordütik goiti, joan dela haunditzen, komertzio multimedia bilakatzeraino. Llabürbiltzez, lumpen-klaseak ekintzaile / aktore, —beren hon-gaitzekilan— diren güne bakarrak, polizi-nobelak dira, eta hor dütügu maixu zonbeit, «inkesta» xoila beno hürrünagoko zereginetan ebili direnak.

        Gure mente planifikatüan, 1950eko langileria-imigratüen lumpena, middle-class ützüli zaikü, errebendikazione eta biolentziaren arras kontrakoa. Eta Ghettoetan eküratzen diren beltzek edo latinoek, —asiatikoek ere bai— survival egiteko karrikaratzen düen biolentzia, beren aurkako biolentzia hazteko explotatzen dü Hollywood sistemak lotsagabe (alias boomerang efetua). Ipar Amiketan, Europan bardintsü, oso nekeza ditake pobrezia aipatzea, pobreziaren errealitatea honar araztea, polizi-nobela baten bidez baldin bada ere. Jendarte heltüak ez dü hortzaz hitzik entzün nahi, eta izkribatzaileak, autozentzürra eginez, bere imaginazionea hantzen düke, lazgarrizko krima dohain odoltsüak paperean ezarteko. Halrik ere, bada orano, güne bat, güne zozial ez dena haboro, edo uste dena galto zozialetarik kanpo dagola, salbo dena: hau da, ethno-günea. 1990 hamarkadak ethno-zernhairen balioztatzeko garaiak direla erran dezakegü: müsika mailan, idatz mailan, jauntzi edo janari mailan. Balioztatzearen garaiak diogü, eta ber denboran, ethno-merkatü kültüral baten eraikitzearenak. Eskualde hotan berean —üskal herrian— badütügü mobimentü horren adibideak ausarki.

        Azkenean, errespetüz edo interes kültüralez baldin bada, lehenagoko «masakratzaileak» beren hitzekilan, amultsüki makürtzen dira, garraitü dütüen popülüen loaren gañerat, ama bat haurraren seaskarat bezala. Ez dügü erran gogo Tony Hillermanen motibazioneak faltsü direla, apentziarike ez!, gizon zintzoa beit da eta jakintsü navajoar gaüzetaz, beno ethno-kültüraren gibel asmuak «kontzientzi-tzar» amikañez beteak direla, ikusiz partikülazki, azken urte hotan, indianoa berriz, indiano honaren moldean erakutsirik zaiküla (cf. Dance with woolf). Heltübada, moda xoil bat bezik ez da, eta integrazione kültüral horren bidez errealitate idealizatüa üken dezake popülü hil-hürren batek, zonbeit libürütan markatürik behin betikotz.

 

        Gorago aipatü dügü Reserve izeneko lür eremüa mündü-pe hetsia zela, Kontseilü Tribal batek, BIAren antsiapean küdeatzen düana. Bi botere nibel agertzen zaizkü beraz: bat lekükoa; bestea, amikañ estado federalarena. Jim Chee eta Jo Leaphorn detektibe tribalek daramatzaten inkestetan üsü nahastekatzen dira. Txerkatzaileek konpetentzia mügatü zonbeit badütüe, reservearen barneari dagokionez. Lege Tribala beit düe zaintü behar, reservearen barneari dagokionez. Lege Tribala beit düe zaintü behar. Besterik ez. Gañeratiko eztabadentako, reservetik kanpo, FBIko detektibeekilan jotzen düe, edo bortxatürik dira hekin jotzerat. Eta jokoa ez da ardura eztia: zinezko konpetizionea beit da bi polizimoten artean, FBIk adibidez, bere dretak igaraiten beit dütü, reservearen barnean inbestigatzerakoan. Tony Hillermanen nobela bakotxean kasik, agertzen dira konflikto horiek, eta Jim Cheerentako dira jesan-gaitzenak. Hortan da, Tony Hillermanen arrakestaren giltza mentüraz: erakustea «txurien poliziaren» itzal bortitzak, Hollywoodeko filmen tramaren kontra-ürratsa eta tribüaren altea hartzez. Eskertzen ahal dügü berezitarzün hori azpimarratü düalakotz. Bestalde, Jim Cheeri dagokionez, polizi-moten arteko konfliktoa pertsonalagoa da: neska-lagün «belacani»ren komendioz, desir dü igaran FBIko poliziek, estado ofizialaren eskü-makil direnek. Herri nahiz popülü «zapaldüak» iharrausten dütüen griñak dira orobat. Hortakotz dira hain hünkigarriak Jim Chee eta Jo Leaphornen abentürak, gütako bakotxaren düdekilan ere üztartzen direlakotz.

        Düdak bazter üztez, Jim Chee eta Jo Leaphorn, tradizionalista eta progresista-sineskaitza, biak beren maneran, hasten direlarik inkesten elki-bideak, navajoar usteen arabera, heietan izanez eta hurtzez, txerkatzen, ordüan dira «interesgarrienak», ethnologoaren tenoreak manatzen düalarik. Eta, pentsamentü berezi bat agertzen zaikü, zühürtzia bat, denboraren beste izari bat, konportamentü desbardin herroka bat, üngürümen geografiko krüdel bat, ber zoñian. Inkesten bürüraino eramaiteko, bi detektibeek, beren popülüaren kültürako tresnak oro erabilten dütüe: «gizon ehiztekarako» apailaketak, «xahatze ritoak», kantore sakratüak bezik ez aipatzeko. «Gertakariak» (krimak edo gaiztakeriak) HOZRO deitzen den navajoarren harmonia hausten dü, eta detektibeen lagüntza behar dü komunitateak, harmonia horren arrahatzamaiteko. Heben, inkesta poliziala ekintza sakratü baten gisara züzendürik da, ez «belacani»en artean nola, jendartearen gaiztaginarekilako mendekü hotz baten maneralat.

        Navajo herrialdea, mündü-pe hetsi izana gatik, bizitünez beterik den lürra da. Tony Hillermanek, navajoar reserveko güne geografikoak ahal bezain zehatz deskribatü ditü, errealitateari hüillanenki, idazleak aitortzen düanez. Lürrak, hor preseski, hünkimen sortzaile dira, HOZRO hortan, parte-hartzaile oso. Bizitünak ere, harrigarriak dira, libürüetan barna dabiltzan gizon edo emazte zaharkitüen begitarte abantxü ahatzeak, eta hauen botzen oihartzün porrokitüak. Adin batetarat heltüak, Jim Chee eta Jo Leaphornen mintza-kideak, HOSTEEN bilakatürik —zühürtzi mail batean direnak— navajoar herrialdearen garai gogorrenen leküko dira —exterminazione, deportazione, akültüratze sailean jakile sakonak— eta gaür egünko gazteen axolagabekeria ikusten düe, bihotzean pena hanitxekilan. Bi detektibeek, HOSTEEN horiek elerraiteko erabilten düe lehenagoko mintzajea, navajoar hitza, beste ordüz, amikeña ahoan darabilatelarik, eta bai detektibeekilan, kilometroen hürrüntarzüna gatik, narrazione xotil baten bidez, navajoar popüpüari hüillantzen girelakotz.

 

        Tony Hillermanek izkribatzen dütüanak zinez ejer dira, bena galto bat eküratzen zaikü aidean, orano: zer eta nola idatz lezake navajoar sortü batek? Ber gauza ala zerbeit oso desbardin? Tony Hillermanen lanak arraskestatsüak dira, amikañez direlakotz, eta berria ditakeen Indianoari bürüzko «kontzientzi txar» bat eztitzen düelakotz. Galtoa zehatzago eta zabalago eginez, eska dezakegü eia herrialde zapaldü batetako izkribatzaleak emaiten ahal lükianez gisa bereko polizi-nobela ethno edo ez ethno bat?

        Alabena eztakigüna zera da: nola senditzen düan navajoar xoil batek bere polizi tribala? Lagüntzale ala menperatzale? Polizi-nobela bat idazteko, «polizia» balio positiboz jauntzi behar da amiñi bat bederen, kolektiboki prefosta. Harreman honak premiazkoak dira poliziarekilan, edo sistema polizialarekilan, polizia, nobela batetako aktore positibo bezala agert arazteko. Polar moldea edo nobela poliziakoak estimatürik agitü dira XIX. mentetik honat, hain züzen, eraiki ziren estadoek Polizia, kriminalen kontra, beharrezkoa zela deidarkatü züelarik. Bestela, ohart gira, jente xeheak bere «kriminelak» —Mandrin edo Patakon kriminel ustez zozialak adibidez— jüztizia orokorraren ekilibrioaren arra-egile bezela hartzen zütüan, «konplizitatea» haboziz «gaizkiler» joaiten zelarik. Horiek oro XIX. mentean aldatü ziren, kapitalismo liberalak dener aberastea hitzeman züalakotz, estado «demokratiko» baten eredüen barnean. Ordüan, agertzen da Polizia balio baiezkorrez üngüratürik. Eta polizi-nobela ere, dedükzionea, inkesta, arrazua erabiltez, egiaren eta orden zozial berriaren alte idatzirik dena, salbüespenak baztertzez.

        Tony Hillermanek abilki jo dü, navajoar tribal polizia, üsü erakustez, FBI delakoaren sareer bühürtzen, amikeña beit da, eta berak gei beit züan salatü FBIaren eskü bortitza. Bena, navajoar edo mündüko (beste mündü-peetako) edozoin herritar «zapaldüentako» polizi-nobela klasikoaren legeak errespetatzea nekeza üdüritzen zaikü, estado zapaltzalearen polizia sistemaren menpe direlakotz, eta bixtan dena, ez beit dü, herritarrak, polizi hortzaz ütxüra hona edükitzen ahal. Izkribatzaile ospetsüenek «zapaldüak» aipatü nahidütüenean, polizi-nobela batean, üsüenik, saihets-bideak kürützatzen dütü, eta ofizioko polizia beno, detektibe «libreak» plazaratzea haütatzen düe; detektibe horiek, poliziaren «etsai» agertzen dira, herra ontsa partekatürik delarik, eta ber denboran «zapaldüaren» bekatü franko dütüe: alkohola edatea, sos güti irabaztea, aberats heltükinen ganako aiherküntea. «Xehe»tarzün horiek egiten dükee polizi-nobelen arrekesta. Alde batetik «konplizitate» beharrezkoa, eta bestetik, prefosta, «zapaldüari» ükatzen zaion HITZAren idazteko dretaren auzia. Popülüaren eta detektibearen artean lagüntarzuna bezelako zerbeit haunditzen baldin bada, ahal da «zapaldüaren» Hitza erabilten, bena «konplizitaterik» kanpo Hitza sistema «zapaltzaleekilan» kolaboratzeko tresna xoil eküratzen da. Ikusten denez, ez da hain aisa, ordea orai arte isegü interesantik egin izan da, Tony Hillermanen nobelak adibide, (adeja esplikatü dügün beste hein batean).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.