L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-30 / Mugapean (1993-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

—separata—

 

        Frantzia eta Espainiak euskal herriei ezarritako muga nagusia sarritan izan da literatura gai geurean. Baina idazki ezberdinen artean, badira bi bitxi samarrak: Xabier Lizardiren Donapaleu'ra yoan-etorria eta Jean Etchepareren Beribilez; biak garai beretsuan idatziak, biak egunbeteko bidaia kontatzen dutenak; bietan autoz, bietan idazleak berak protagonista, bietan muga arazoa —politikoa nahiz soziologikoa—; euskal literaturako klasikoak biak.

        Donapaleu'ra yoan-etorria 1922an idatzi zuen Xabier Lizardik, eta bera hil ondoren argitaratu zuen Euskeltzaleak elkarteak 1934ean Itz-lauz liburuan. Argitalpen honetarako aukeratutako pasarteak azkeneko ediziotik hartu ditugu: Edili argitaldaria, Donostia, 1972.

        Beribilez 1929an hasi zuen Jean Etcheparek, aldika eta artikulu bilduma gisan argitaratu zuen Gure Herria aldizkarian 1932a bitartean eta liburu bezala, osorik, 1931n Baionako Lasserren etxean. Orrialdeotara ekarritako pasarteak Elkar argitaldariak (Euskal Editoreen Elkartea bitarteko) kaleratutako 1987ko ediziotik aukeratu ditugu.

 

Donapaleu'ra yoan-etorria

 

Xabier Lizardi

 

(...) Beribil bi daude gerturik.

        Mendiola'renean, yabeaz gain, Etxeguren deritzan zaldun bat, Yausoro olerkaria ta neretzako utsunea. Arregi guriarenean, "Uitzi'', Larrain —Ibarluze'ko Udal-otseña— ta gizaseme aundi sendo igar bizar-beltz bat —Rekalde, izenez— aitarengandik Karlos'en gudateko oroitzez, ta are suz ere, betea.

        Eguna urdin garbia. Berotu bear du poliki eguerdirako, Agorra illurren izanagatik.

        Noizbait ere, Arregi'ren 'gurdia' asi da oska, ta badiyoaz. "Uitzi'' muskurioka ibillia dute, ain bide luzea egiteko berandu omen-dala-ta. Goiztarra izan gizagaxoa, ta besteak oge-zulo uts...

        Gu ere abia gera noizpait, Donosti'runtz.

        Etxeguren dalakoa ta Yausoro ditut atzean.

        Etxaguren, gizon egiña da, ta, diotenez, lege-gizon azkarra: Euskal-erria'tik ate bizi-izaten omen, geienean. Arpegiz, sudurkako, begi-bizi, okotz-zorrotza; oldez, urduria ta alaia.

        Olerkaria du aldamenean: aingeru azpildu-gabea. Arpegi gorrizta ta apaiz-yazki beltza, alkarrekin egon-bearraren bear gorriaz ditu lagun; baña lagunarte gordintxa dagie. Luzexka sudurra, goi-beez beintzat —musuaren arabera— ta pittin bat zearka azia. Begi otxan parre-beraak ala diotzute, begiratzen zaitutenean: «Olerkari biozti bat nazu: orrenbestez esana dago eztedala 'malizi' aundirik» (...)

 

* * *

 

¿Zer zatozkit, "Uitzi'' adiskide miña; zer, Homero, Anakreonte, Virgilio ta Ciceron buruan edukiagatik, bete-beteko euskaldun zaitugun ori?... ¿Zer zatozkit, bai, oñak narras, izkutu-mizkutuka, bekokian beera ginbail-egala eratxirik, betaurreko erantziak begiak lausotu ta izuantz?...

        —¿Zer irizten nazu? —galdegin dit— ¿Zure anaiaren antzik badet?... ¿Aterako ote degu gauz onik?

        Nik, baietz; egoteko lasa...

        Beobia'n ditugu alkar-izketok. Mugan gaude ez-arian ez-arian, bidetxoa egin baitegu... Orain, beribilleen ta gu geronen nora-agiriak erakutsi-bearra.

        "Uitzi'' badiyoakit, Yainkoarren «iñori ez esateko» aginduz...

        Nik eztizutet oraindaño esan, baña "Uitzi'' zintzo orrek nere anaiaren nora-agiria darama, alkarren antzik bai-baitute, ur-tantoak ardoarenaren ainbat... Ikusi degu, ordea, zenbait bidexka arturik dala arranoa, mugazaiak gezurpean atzeman eztezaten.

 

* * *

 

¡Erne!... "Uitzi'' ta lagunak sartu dira berriro beribillean. Mugazaia badatorkie. Ni begis-uts...

        ¡Orraatik ere!... ¡Yare dituk! Baziaztek...

        Orain, gurekikoa...

        ¡Auxe dek ederra!... ¿Nork esan bear zigun?...

        Olerkari xoxokumeok... Egutegi-zortzi-illabeteen saria, ¡agur!

        Esku ikaraz luzatu dek agiria... Ta mugazaiak —begirakun bakar bat aski— ezetz, eztekela aurrera egiterik: igazkoa dala... Egin dek arrituarena, baña ez taiuz: gezurra oi-eztekena ezagun... Bekañei eragin, bekokia zimurtu... Alperrik; beribilletik yexteko...

        ¡Zorigabea!... Uzteko, beingoa gora-beera; Prantzi'ra bear gorrian aizela... Aita ditzak apaiz-yazkiak, ginbail yatorra beatzaz erakutsi... Bost axola, ¡etzegok errukirik!

        Atera zak anka bat, eta... ¡arren!; atera bestea, ta... ¡otoi!... ¡Begi gaxoak!Ezer eztet ikusi unkigarriagorik... Bustigabekorik ere ez, ain dirditsu...

        Guk, etsitzeko; ikusi baitegu otseña eztala esanetik gibelatuko... Berak, ordea, ezin etsi.

        Beribil berriak datoz. Mugazaia albora begira dan batean, apaizak esku dardartia atexkari egotzi: ginbail bulardetsuak, erabaki gorrien garaia eldu dalakoan, zutitu aurrea lerdenki bekoki-gañean, ta egal-atzea lepazamarreruntz etzin... Euskal-Erria'tik EskualHerria'rako zubian gera, onuzko burutik... Ta Yausoro etsituak, oña berriro beribillean sartu-eske: «¡Lagunak! —otsegin digu—, ¡ekingo ba'genio laisterka!...»

        ¡Gizagaxoa!... Geronek bai, ekin bear izan genion ibillari, ura gabe, iñola etsiko ba-zun (...)

 

* * *

 

Apaizaz arinduta, bagoaz Prantzia dalakoan barrena.

        (...) Yausoro'renaz geniarduala, Etxeguren'ek bera ere gezurrezko agiriz datorrela aitortu digu... ¡Gizon politak gatxeudek, alajaña!... Ta ez nolanaiko gezurra, ibarluzearra bailizko nor-agiria atera baitu..., Larrain'en laguntzaz...

        Beraz, iru kristautxo ziran gure artean okerreko agiriez ornituak; eta oietarik, munduan oi-bezela, errurik txikienekoa eror. ¡Amaika lan emandakoak, errial-erdibidetzeko arrasto oiek!...

        Donibane-Lointzun'dik aurrera, erregebide aundia albora utzi ta beste mearrago bati lotu gatzaio: kaskar-samarra bera (...)

 

* * *

 

Orduak yoanik dira poliki. Amabi-t'erdiak arte ez gera sartu Donapaleu'n. Kaleak utsik, otordua baita... Errizelaian orraatik arki ditugu morrosko eder batzuk. Euskeraz galdegin ta euskeraz erantzun, eman dizkigute bearberriek. Biltzarra'koen bazkaria Trinquet'ako yatetxean dala, ta bagoaz ara.

        Onaa berreun-bat bazkaldar bi mai luzeen alboetan yarrita, pelota-toki estalia zearo beterik. Badago an berriketaots ederra, erlauntz yoria iduri...

        Arregi ta lagunak an dira, gu baño leentxeago sartuak, artean Yausoro'ren ezbearra eztakitelarik.

        Etxeguren ta biok alkarrekin gera. Aurrean, Urruña'ko mutil ta agure batzuk, aruntzaxeagoko ziberotarrei ezka eta baika, ea nortzuk ote euskaldun yatorrenak...

        Goizean egiñak dituzte gogozko yaiak. Gu ordea beti, iñora garaiz iritxienean, soñezkora, sabel-yaiera; ta are ozta-ozta. Yan-ezkero, gañerakoak gutxi axola... Meza, mintzoaldi xamurrez; batzarrea, aurtengo gora-beerez ta etorkizunerako asmoez, apainduak; euskaltzale izandu baten gorazarrez oroitz-arria agertzea..., oiek guztiak ¿zer, urdalla zerk berotua badegu?... Argatik zan, ba, goizean asarre "Uitzi'': oiek ez genituala-ta atzemango... Orrek, ala ere, eztu esan nai "Uitzi'' yale bizkorra eztanik.

        Dana dala, gaurkoak eztu onezkero zuzentzerik ¿bai? ta yan dezagun.

        (...) Biltzar-buru-yaunak, guziek nekez ixillarazi-ta, mintzaldi labur bat egin digu... Anai auek esaera ere eztia dute ta egoki lotua... Agur gozoak guretzat, mugaz zear etorrientzat; gu, giputzok, ezezik, bazan an ale bat edo beste Bizkaia ta Naparroa'tik.

        (...) Berandutxo degu guk, eta bide luzeak egin-bearra. Onuntzakoan baño areago, Naparroa'n barrena —Baigorri'tik— itzultzea erabaki baitegu, gerekin, Yausoro zorigabearen tokian, beste apaiz yaun xalo agurgarri bat artuaz. ¡Ez al da au ere olerkaria izango!...

 

* * *

 

(...) Baigorri'n mugazai euskaldun otxanak. Seirak —muga-ate ura itxi-garaia— yoak izan-arren, Biltzarra'koen artetik gatozela esanda aurrera utzi digute. ¡Alakoxe batzuk izan ba'zenitu aruntzean, Yausoro adiskidea!...

        Iñularreko oxkiroa lagun atsegin degula, Izpegi mendatea bitarteko aldapa igo degu, astiro-astiro. Lukaika polita, zazpireun neurkin gora egin bear baitira.

        Orain Naparroa'n gera. Obeto esan, aspaldi genbiltzan Naparroa'n barrena, mugaz beste alderditik ere Naparroa baita. Ikus, bestela, non-nai, etxe-aitziñetan naiz pillotatokietan; ikus Naparroa'ko kateak, arroki erakutsiak...

 

* * *

 

(...) Egun bat geiago... ¿Egin al-degu zerbait Euskalerria'ren ederragatik?... Ez asko, benetan. Baña, bada zerbait anai erdi-ezagunenganako elkarbidea, urrats bakar batez bederik, laburtua...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.