Wally Mongane Serote
euskaratzailea:
Arantxa Hirigoien
"Sugarrak bizten du Seroteren poesia" esan izan dute. 1944. urtean jaio zen Hegoafrikan, Serote eta Londreseko exilioan argitaratu dizkiote liburu ezagunenak: «Tough Tale» poema bilduma eta «To Every Birth Its Blood» eleberria. Hemengo poema «Selected Poems» (Donker, 1982) liburutik hartua da.
Garai hobeak sortaraziko ditugu
ez diogu
ez diogu aho batez
ez dugu gehiago erraten
garai txar gehiago ez
iragana hemen dago orain
orainak gure gudarien abesti bakartiak abesten ditu
gure ahots nahasietan abesten ditu
ekaitza, haize azkarra bezala
orainak gure iraganaren abestia abesten du
ez!
nehor ez da oparotasunean biziko, ezer ez dugunez gero
lur hau zerua bezain handia eta zabala dela
diogu
hemen bizi gintezke
lur hau gu denontzat aski aberatsa dela
diogu gure gudariek zioten bezala
guk hala diogu
lur hau aspaldidanik gurea da
lur hau gurea denez biziko garela
diogu
gure gudariek zioten bezala
guk hala diogu
eta denborak ezagun ditu guk ezagun ditugun bezala
ez erraten zuten
eta guk ezetz diogu
bai garai hobeak ezagutuko ditugu
hala diogulako
garai hobea jinen da zeren gure gudarien gisara
garai hobea sortaraziko baitugu eta gutarteko anitzek
badakite ahal dutela, behar dutela
garai hobeak izanen dira
garai txarrak bukatu direla
diogu
garai txarrek garai hobeak sortarazten irakatsi digutela
diogu
gehiegi berotu galdarak ur irakina gainez botatzen duen bezala
gure herriak baztertu egiten gaitu orain
lur atzerritarretan lo egiteko geriza baten eske gabiltza
presondegietan logura gabeko gauak iragaten ditugu
zakurrak karrikara botatzen dituzten bezala hiltzen gara
gure odola ur zikina balitz bezala hedatzen dugu
iruditzen zait baita ere, adiskide, iruditzen zait
garai hobeak badaudela
ikasten dugu
munduak jadanik ikasia duena
jakin behar dugula zer nahi dugun
nehork ukan nahi ez duena ere
eta iragandako ilunbetik garai hobea sortzen dugu
egun berri baten gisara dirdiratzen du
sortzera daramagun egun bat
garai hobea
ai!
bai garai hobeak sortaraziko ditugu.
|