L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Sustraien oihua

 

Harkaitz Cano

 

        Hain zabala izaki, mendeetan gaindi afrikar kontinentean eginiko poesia tradizionalak osatzen du bere altxorrik preziatuenetarikoa. Anonimoa eta belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititua izan den literatura honek ikuspegi erlijioso eta kosmogoniko aberatsak eta anitz motakoak jasotzen ditu.

        Afrikako herrialde ezberdinetako arbasoen poesia Europako hizkuntzetara itzultzeko aukera erreparo handiz begiztatzen zuten itzultzaileek, kontinente afrikarreko hizkuntza gehienen izaera tonala medio, poemek beren musikaltasuna galtzean eta ingurune arrotz baten barruan kokatzean, esanahia eta mamia gal zezaketela uste baitzuten. Hainbat saiaketa egin ondoren ordea, frogaturik geratu da poesia honek edozein itzulpen jasan dezakeela.

        Talde zentzua hedaturik dagoen herrietan ez dago indibidualismoarentzat lekurik, poeten lanak berehala onartzen dira ondasun amankomun bezala. Are gehiago, ahoz aho pasatzean —poesiagintza dinamiko baten errotan—, taldeko indibiduo bakoitzak berea den zerbait aportatzeko eskubidea du, bere aurrekoarengandik jasotako herentzia aberastuz. Transmisio mota honen adibide bat aipatzearren, griot-en kasua ekar genezake gogora.

        Sudaneko herrialde askotan griot izeneko indibiduo batzuk dira herriaren memoria kolektiboaren eramaileak. Griot hauek narratzaile profesionalak dira, bost urte igarotzen dituzte gainerantzeko giza taldearengandik isolatuta, griot maisuen irakaspenera loturik, beren lanaren nondik norakoak ikasiz. Denbora epe horren buruan, arte poetikoa, dantza, antzerkia eta ipuinaren sekretuak ikasi dituztenean, talde sozialera itzultzen dira.

        Griot-a boteretsua da, baina aldi berean mesprezatua ere bai. Ezin parte har dezake zenbait festa eta erritotan eta goi mailako nobleekin ere ezin ezkon daiteke. Janzkia ere berezia du, edonork griot-a dela jakiteko moduan. Jendeak beldur dio, bere mihia trebea dela-eta, satiraren maisu izateagatik. Griot-ak dioena herri guztian hedatzen da ahoz ahoko errotan, eta griot-ak bere trufa norbaitengan zuzentzen duenean, norbait hori talde osoaren barrepuntu bilaka daiteke. Justizia egiteko bide ere bada griota, salatzeko modu bat.

        Peuls-en atsotitzak esaten duen legez, mihiaz zu zeu baino trebeago denak, zakur baten truke erosiko zaitu berak hala nahi badu.

 

* * *

 

        Afrikako poesia anonimo tradizionala lerro batzuetara biltzea, itsasoari euritako bat egiteko behebarruak hartzen hastea litzateke. Herrialde ezagunenetatik —kabila, bereber, yoruba— lagin partzial bat hartzera mugatu nahita ere, besarka ezina egiten da lana.

        Horrela bada, La Habanako Instituto del Libro-k 1968. urtean argitaratutako Rogelio Martínez Fué-ren Poesía anónima africana iturri gisara harturik eta inolako aukeraketa zorrotzik egiteko asmorik gabe, hona hemen afrikar literaturaren sustraiaren fotografia inprobisatu bat.

 

        (1) Kuba, Kongoko herrialdea, Bakuba bezala ere ezaguna.

        (2) Azandeak Ertafrikan bizi den talde etniko bateko partaideak.

        (3) Hegoafrikan bizi diren zuluek erresistentzia handia jarri zieten kolonialista europarrei. Poema hau, Napoleon beltza izenez ezaguna zen Chaka-ren aurretikoa dela uste da eta gaztaroa galdu duten gizon-emakumeek abesten omen dute.

        (4) Kru delakoak Bolikosta eta Liberian bizi dira.

        (5) Etiopiako hizkuntzarik nagusiena den amariko hizkuntzan idatzia. Emakumeek lana egiten zuten bitartean abesten ei zuten alferrikako maitasun bati buruzko kantu hau. Gondar, errege etiopiarren hiriburu izandakoa, monastegi eta gazteluez mukuru zegoena. Shoa, Etiopiako probintzia.

        (6) Hostoak dira, noski. Hosto lehortuek kurrusk dagite zapaltzen ditugunean, hosto berdeek berriz ez.

        (7) Heriotza beraz, ez da kasu honetan gertaera ilunegia, palmondoa berak emandako fruituen ondorioz hiltzen baita eta zendu denak fruitu mamitsu eta ugari uzten baitizkigu bere joaneran.

        (8) Bigarren honetan, hildakoak bizirik daudenak baino boteretsuagoak direla adierazi bide da.

 

 

Putzua (Susu)

 

Bada putzu bat

Bost eratako urak dituena

Bada ur gozoa

Eta ur gazia

Bada ur geza

Eta ur garratza

Gorria da bostgarren ur mota.

Putzu hori da burua.

 

 

Heriotza (Kuba) (1)

 

Ez dago punta sarkorrik gabeko jostorratzik

Ez dago marraza zorrozturik gabeko labanarik.

Heriotza era askotara heltzen da gugana.

 

Gure oinekin ibiltzen gara antxumearen lurraldean zehar.

Gure eskuekin ukitzen dugu jainkoaren zerua.

Etorkizuneko egunen batean, eguerdiaren beroan,

Lepoan hartuta eramango naute

Hilen herrian barrena.

Hiltzen naizenean ez nazazue basoko zuhaitzen pean lurpera,

Beldur diet haien arantzei.

Hiltzen naizenean, ez nazazue basoko zuhaitzen pean lurpera,

Beldur diot tantaka jausten den urari.

Lurpera nazazue merkatuko zuhaitz izugarri itzaltsuen pean.

Danbor hotsak entzun nahi ditut.

Dantza egiten dutenen oinak sentitu nahi ditut.

 

 

Azandeen heiagora (2)

 

Umea hil egin da;

estal ditzagun geure aurpegiak

lur zuriarekin.

Lau semez erditu naiz

eta nire senarraren txabolan

laugarrena baino ez da bizi.

Negar egin nahi nuke,

baina herriskan

debekatuta dago goibelkeria.

 

 

Zuluen poema bat (3)

 

Gorputza hil egiten da, arimak gazte izaten darrai

Zerbituriko elikagaiek platera higatzen dute

Ez dago enborrik zahartzen denean bere azala gordetzen duenik

Ez dago amoranterik lasai dagoenik

Bere lehiakideek negar dagiten bitartean.

 

 

Nana kru (4)

 

Nana, Nana Kru,

Jauzi egizu nire kanoara.

Nana, nik ordaindu nuen

Nire dotea zugatik.

 

Zure ama ikusi nuen

Eta zure aita ikusi nuen.

Bi ahuntza eman nizkien,

Bi behi, hamasei ardi.

 

Jauzi egizu nire kanoara.

Nana, nik ordaindu nuen

Nire dotea zugatik,

Nana, Nana Kru.

 

 

Haizearen galtzak (5)

 

Haizearen galtzak eta kazkabarrezko botoiak,

Shoako lur koxkor bat bera ere ez,

Kondarren deus ere ez zen geratu.

Hedeari lotutako hiena bat,

Ahoan haragi puska bat daramana.

Ur amiñi bat suaren ondoan utzitako edalontzian.

Ur zatiki bat etxera jaurtikia.

Behelainozko zaldi bat eta hazita datorren ubidea.

Alferrik edozertarako, alferrik inorentzat.

Zergatik nago bera lako gizon batekin maiteminduta?

 

 

Kanibalaren eresia (Antzinako Egipton bildua)

 

Zerua beteta dago, euri izarrak daude.

Zeruaren gangak kurruskatzen dira, Lur Jainkoaren

hezurrek zirgit dagite.

Mututu dira pleiadeak bere aitaren lepotik bizi eta bere ama

jaten duen Jainko bilakatu den Unas ikuste hutsarekin.

Bera da zeruko zezena; izaki jainkotiarretik

bizi da bere bihotza,

haren hesteak irensten ditu, haien gorputzak

magiaz beteta daudenean.

Bera da agureak hiltzen direnean epaile,

bera sostengu ororen jauna,

Berak estekatzen du etsaiak harrapatzen dituen soka,

bere janaria prestatzen du,

bera da gizakiak jan eta jainkoen lepotik bizi dena;

bere aginduak betetzen dituen zerbitzariak dauzka:

«Arrauna sostengatzen duenak» beretzat harrapatzen ditu

zezenak balira lez hede batekin.

«Buru zutunak» zaindu eta bere aurrera eramaten ditu.

Lotzen dituena «Sahatsean ezkutatzen dena» da

eta honek erauzten dizkie gorputzetik hesteak.

«Ardoa zanpatzen duenak» erailtzen ditu eta

galdara gautarretan otordua prestatzen dio.

Unasek irensten ditu haien guztien ahalmen bereziak,

haien loria tustatzen du.

Handienek bere gosaria osatzen dute,

ertainek bazkaria,

txikienak afaritarako jaten ditu.

Agure zaharrak intsentsua balira bezala erretzen ditu.

Pertzetan irakiniko agureen hezurrekin

sua izekitzen dute beretzat iparraldeko zeruko handienek.

Begira iezaiezue, zeruko horiek ere Unasentzat dagite lan,

beren emazteen izterrekin garbitzen dituzte galdarak.

Oh, zerumugako Jaun bataiaturik

agertu da berriro ere Unas zeruan!

Gordinik irensten ditu bidean aurkitzen dituenak.

Jainkoen abaguneak hautsi zituen,

haien bizkarrezur ornoak.

Haien bihotzak eraman zituen

koroa gorria irentsi zuen

koroa orlegia jan zuen.

«Jakintsuaren» biriketatik elikatzen da.

Ospakizunetan dabil, bihotzei

eta bihotzek duten ahalmenari esker bizi baita orain.

Handioski ari da garatzen, ezen

irentsi dituen guztien ahalmena bere sabelean baitago.

Ezingo zaio sekula bere prestutasuna ebatsi,

banan-banan iraungi zuen Jainko bakoitzaren garuna.

Bere bizi epea betierekoa da.

Bere muga, infinitua.

 

 

Asmakizuna

 

Hilda daudenei deitzen diegu

   —haiek erantzuten dute

Bizirik daudenei deitzen diegu

   —haiek ez dute erantzuten (6)

 

 

Hileta eresiak (Abeokutan jasoak)

 

Nik hiru lagun neuzkan.

Batak lastairan lo egiteko eskatu zidan.

Batak lurrean lo egiteko eskatu zidan.

Batak bere bularrean lo egiteko eskatu zidan.

Bere bularrean egin nuen lo.

Ibai bat zeharkatzen ikusi nuen nire burua.

Ibaiko jainkoa ikusi nuen eta eguzkiaren jainkoa.

Herrialde horretan bazen palmondorik

hain zeuden fruituz beteak, ezen hauen pisuaren pean

makurtzen baitziren eta fruituek

hil egiten baitzituzten zuhaitzak (7)

 

Gepardoaren begiak suzkoak dira.

Gepardoaren isatsak ez du sekula lorik egiten.

Baina arriskutsuagoak dira bere atzaparrak

—gordean dituenak. (8)

 

Ezin karria dezaket

ezin karria dezaket.

Karriatu ahal baneza

karriatuko nuke.

Elefantea hiltzen denean oihanean,

zerbait eramana izanen da etxera.

Bufaloa hiltzen denean oihanean,

zerbait eramana izanen da etxera.

Ordea arratoia hiltzen denean etxean,

zerbait izanen da oihanera jaurtikia.

 

 

Antzinateko jakinduria:

 

        Esamolde hauek herri jakituriak belaunaldiz belaunaldi gorderiko harribitxiak dira. Hizkuntza sinboliko baten menera batzuetan eta ganibet zorrotza eztarrira bezalatsu bestetzuetan, oldozpen sakonak gordetzen dituzte beren baitan. Yorubatarrek esan ohi duten legez, esamoldea baita hitzaren zaldia; hitza galtzen denean, esamolde baten laguntzaz baino ezin aurki daiteke atzera galdutako hitz hori. Zerrenda ditzagun esaera hauetako batzuk.

 

        Pazientzia duen gizonak harria egosten jarraituko du, harik eta bere salda edan ahal duen arte.

(Peuldarrena, Niger)

 

        Heriotzak, gizaki bat hartzeko prest ez dagoenean, mediku trebe bidaltzen du unerik larrienean.

(Nigeriako yorubatarrena)

 

        Bisitari bat ez da bere aurpegiarengatik epaitu behar, urdailarengatik baizik.

(Ila, Zanbia)

 

        Hitz askok ez dute saskia betetzen.

(Yoruba)

 

        Eguzkiak aurrean jartzen zaion oro lehortzen duela entzun badiozu, galde iezaiozu non dagoen ibaia.

(Peul)

 

        Zakur bustiak jaberik ez.

(Afrika hegoaldeko tsongarrak)

 

        Gezurrak urtebetez egin dezake korrika, egiak egun bakarrean harrapatuko du.

(Nigeriako haussatarrak)

 

        Ehun zati ñame erein dituenak berrehun erein dituela badio, bere gezurrak jan beharko ditu ñamea bukatzen zaionean.

(Yoruba)

 

        Zure mihia, zure lehoia da. Aske uzten baduzu, irentsi egingo zaitu.

(Peul)

 

        Kanpotarrak ez du inoiz etxea eramango.

(Ganako akandarrena)

 

        Zure anaiaren bizarra sugarretan badakusazu, urezta ezazu zeurea.

(Haussa)

 

        Sarkina urre da lehendabizi, zilarra gero eta burdina azkenik.

(Etiopia)

 

        Hatz bakarra ez da aski arto egosia ahora eramateko.

(Tsonga)

 

        Emakumea ur fresko hilgarria da, sakonera gutxi izan arren itoarazten duen ura.

(Peul)

 

        Bere burua zauritzen duenak ez du okerrik egiten.

(Algeriako bereberena)

 

        Zebrak ez ditu bere marrak eranzten, zuhaitz baten azala ez zaio beste zuhaitz batenari atxikitzen.

(Keniako masaiena)

 

        Xuhurraren etxeko arratoiak ugazaba baino lodiago.

(Banbara)

 

        Eramaten duen urak egiten du krokodiloa indartsu.

(Kongoko bantu tribuarena)

 

        Belar lehorrak sutuaraziko du belar hezea.

(Senegaleko Wolof-ena)

 

        Buztanik ez duen behiari jainkoak uxatzen dizkio euliak.

(Yoruba)

 

        Elkarrekin armonian bizi diren bi izakirekin topo egiten baduzu, zaude ziur, bietako bat ona da.

(Kabiliarrena, Algeria)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.