L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Paris-Dakar

 

Ander Izagirre

 

Egun Handia iritsi zen azkenean. Egun sargoria izan zen, eta jelak estalita itzarri ziren hiriak, eta euriak itsasoa ureztatu zuen, eta egunaren solemnitatea azpimarratu zuten ekaitz bortitzek, eta oskarbiak hiritarren begiradak erakarri zituen, eta euren grinak berokiz mozorrotzea eragin zuen hozkirriak, eta eguzki printzek soroak distira leinuruz sutu zituzten, eta elurra ere mara-mara ari zuen haur jostalariek Egun Handia gogoan eduki zezaten betiko. Baina egunaz gainera gaua ere bazen: gau haizetsua, beldurgarria, ilargiak argitutako gaua, baketsua, eguzkia guztiz ezkutatu gabeko gau iruzurtia, polarra.

        Holobisio Mundualeko (HVM) kamerek Phoenix, Monrovia, Mexiko, Kiev, Xangai, Erroma, Sidney, Anchorage, Dublin, Buenos Aires, Kalkuta, Reykjavik eta beste 67 hiritako egun eta gauen irudiak helarazten zituzten planetako zokorik baztertuenetara ere. Milioika ikusle eta zaletuak irriki biziz zeuden euren hiriko espaziuntziaren irudiak noiz agertuko zain.

        Greenwichen eguerdiko 12ak puntu-puntuan jo bezain laster, 79 hirietako plaza eta lekurik esanguratsuenetan ordura arte geldi egondako 79 untzi lotiak suspertu eta martxan jarri ziren frenetikoki. Eiffel dorrearen azpitik, Fujiyama mendiaren magaletik, Gizeh-ko piramideen ondotik gora, hasi zuten lasterketa.

        Zarata eta burrundara itzelaz altxa ziren batzuk, isil-isilik besteak. Zenbait ke artean aireratu ziren, hainbat kolore eta izpi argitsuak egotziz. Bestelakoek lurra dardararazi zuten. Izan ziren bertikalki lurrutzi zutenak, eta baita horretarako pista luzeak behar izan zituztenak ere, edota sortutako aire korronteez inguruko eraikuntzak erauzi zituztenak.

        Oslo-tik abiatu zen untziaren kontrola matxuratu eta ordu pare batez kinka larrian ibili ondoren, Turkiako mendizerra batean amaitu zuten abentura bidaiari ausartek. Riad-eko untzia hogeita sei segunduko hegaldiaren ostean lehertu, hiriaren gainera erori, txikizio izugarria egin, 300.000 lurdolarreko kaltea eragin eta 489 lagun hil zituen arren, ez zuten Egun Handia ilundu txikikeriok.

        Lurraren gaineko birabidean ari ziren espaziuntzi guztiak. Irteera leku ezberdinetatik egin zutenez, distantziak orekatu behar zituzten orbitan, Ilargiko Platon kraterrerantz abiatu baino lehen, bertako lehen helmuga gainditzeko lehia bizian. Handik, gero, Parisera (bigarren helmuga), eta Parisetik Dakarrera azken txanpa.

        Orbita konpensatzaileak betetzen zituzten bitartean, orroka ari ziren planeta osoko gizakiak, ero moduan, euren espaziuntziak animatzen. Une horretantxe espedizio estralurtarren bat lurreratu izan balitz, inpresio benetan bitxia jasoko zukeen mundu honetako biztanleen jarreraz. HVM kamerek untzi guztien irudiak agertzen zituzten, bata bestearen jarraian, azkar eta bizkor, Lurrari bueltaka.

        Baina Europako bazter batean, lotsa gorriak euforia ordezkatu zuen espaziuntzia hegaldia hastear zelarik. Beste 78 untziak zerua amorruz zulatzen ari ziren bitartean, bertako ordezkariek lurrari atxikita jarraitzen zuten, hegoak astintzeari beldur dion txitatxo elektriko koldar baten antzera. Zur eta lur geratu ginen bertakoak, mutu, eta planeta osoa gure bizkarretik algaraka zegoela sumatu genuen.

        HVMko irudietan agertu zen esfera metaliko distiratsua, Donostiako Alderdi Ederretik abiatzekoa zena, ez zen milimetro bakar bat ere mugitu Greenwichen 12ak puntu-puntean jo zutenetik. Mukuru zeuden inguruko etxeetako balkoi eliptikoak, Eman Ta Zabal Zazu untziaren lurruztea bertatik ikusteagatik dirutza ikaragarriak ordaindu eta gero.

        Mundu osoaren trufaz ohartu ginenean, balkoiak hustu eta etxe barneetara sartu ginen, nahiz eta beste batzuk isiltasun hura biraoka porroskatzen geratu. Gehienok belarriak eskuz estaltzen genituen planeta osotik iristen zen barrearen oihartzun gaiztoak uxatzeko.

        Bitartean, Eman Ta Zabal Zazu-aren barnean, Mikel Intxausti eta Amagoia Uranga astronauta euskaldunak jo eta ke ari ziren lanean, erridikulu mundialaren kontzientziaz jakitun, izerdi patsetan eta bihotzekoak jotzeko zorian, lurruzteko aginduak onartzen ez zituen konputagailu tematia nola arraio komentzituko saiatzen.

        —Piztu eskubiko hogeitamar zirkuituak —idatzi zuen Amagoia Urangak milagarren aldiz monitorean.

        Mikel Intxaustik, shockak jota, burua eskuartean zeukan eta «ai ama» besterik ez zuen esaten, hondamendi haren ondoren bere bizitza osoan kalera irten ezinik ibiliko zela bazekielako.

        —Mezu okerra —erantzuten zion konputagailu setatiak Amagoia Urangari milagarren aldiz.

        Mahai gainetik liburukote eskerga bat hartu zuen orduan, eta orriak pasatzeari ekin.

        —Piztu eskuineko hogeita hamar zirkuituak —zuzendu zuen Amagoia Urangak.

        Konputagailuak O.K. erantzun zion. Eta Amagoiak untzia martxan jartzeko aginduak emiten jarraitu zuen, liburutzar erraldoiaren milaka orrialdeetan zehar aholkuak bilatuz, Euskaltzaindiaren azken minutuko oharrak kontuan hartzen zituzten esaldiak besterik ulertzen ez zituen konputagailu hura madarikatzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.