L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Nire esker ona

 

Josu Goikoetxea

 

Egunotan zuoi, nire guraso berrioi, idazteko asmotan nenbilen. Ez nekien hitz egokiak aurkituko ote nituen, ene hiztegia hain makala izanda eta gure hizkuntza hain traketsa. Ez nekien nola eman, andere zuri horrek dioenez, eman behar dizkizuedan eskerrak. Eta ez dakidalako ezer, eta nire benetako gurasoak hilda daudelako eta ez dudalako agureen botererik, nire pentsamenduko orri zurietan idatzi dizuet gutun hau, papera eta tinta ez direlako nireak, ezer ez direlako nireak, ezer ez delako nirea umez eta andere zuriz beteriko etxe honetan.

        Argazki bat erakutsi zidaten, zuena. Irribarretsu eta geldi zaudete bertan, nire aita berria, hor zaude; ama berria, zu ere hor; anaia eta arreba alboetan. Azal zuriko jendea, zein ederrak zareten zuen altzari eta horma artean. Ez zineten desertuko hareaz itotzeko eginak izan, ez eta gauza ezdeusengatik borrokatzeko ere. Zinez diot, zerutiarrak zarete.

        Ez zidaten argazkia eman, gorde egin zuten, hemen ez da-eta ezer ere gurea, ematen dizkiguten janaria eta jainkoa ezik, eta horregatik irudia nire pentsamenduko irudi liburuan gorde dut. Aspertuta nagoenean, liburua zabaldu eta desertuak eta txakurrak zeharkatuz, zuen irudian geratzen naiz. Atsegina da nire eskuekin zuen azal eta haragia ukitzea, zuen altzari eta trofeoen balioa neurtzea, irribarreen zintzotasuna puntuatzea.

        Zuek, berriz, ez zarete inoiz mugitu, geldirik zaudete nik aldegin artean. Beldurra usain nezake. Inoiz ikusi izan dut izerdi tantaren bat zuen bekokian baina, ezikusiarena eginez, zuen hortzak zenbatzen jarraitu dut beti edota arrebaren bularrak pisatzen, alaba auzora ezkondu nahi duen aitaren gisara. Zuen irudiaren jabea naiz zuek nire jabeak zareten bezalaxe.

        Zuen dirua ni elikatzeko ei da. Horregatik, hartzen dudan esne eta ogia zuengan pentsatuz irensten dut. Andere zuri batek oso eskuzabalak zaretela esaten zidan, ia egunero. Hamazazpi egun izango dira beste umeekin jolasten nenbilelarik argazki bat atera zidala, ustekabean. Argazki makina eskatu mon baina berak ezetz, beste ume bati atera ziola. Orduan txirrinak jo zuen. Barrura sartu ginen ume guztiak eta andere zuriak, Josephine izenekoak, agur egin zidan. Ez dut harrezkero ikusi. Baina gogoan dut bere izena.

        Nire guraso berriak zaretela diote. Hemen ume askok ditu guraso berriak. Baina ez ditu sekula ikusi. Zuen guztion diruaz elikatzen omen gaituzte. Ume batzuk gezurra dela diote, ez delako inolako guraso berririk, txikienek, baina gutxi dira. Gehienok hazi baino ez dugu egin nahi eta hemendik irten, andere zuriak eta etxe hau atzean utzi eta gure kabuz ibili. Baina umeak gara oraindik eta ni arrotzen seme izatera kondenatu naute, kondenatu nauzue, zeuen apurrak jatera. Egunen batean, gizona naizenean, bat ezik irudi guztiak galduta ditudanean, lur hauek zeharkatuko ditut eta behar beste mendi eta itsaso igarota zuen lurraldera helduko naiz eta zuen bila hasi. Egunen batean, eguzkia joan berri, aurkitu egingo zaituztet. Agian zaharturik egongo zarete odurako, nekeak jota ilunetan, aspaldiko altzari eta horma artean, eta ni ikustean ezagutu eta beldurra sentituko duzue, bortitz eta bapatekoa: hil aurreko beldurra.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.