Gatazka osagabea
Ambrose Gwinet Bierce
euskaratzailea:
Joanes Urkijo
Ambrose Bierce, Ohio 1842. Mexico 1913. Bederatzigarren haurra. Aita, kokolo samarra, erlijioaren eta emaztearen menpean bizi omen zen, eta askotariko xelebrekeriaren artean seme-alaba guztiei A-z hasitako izenak ematea bururatu zitzaion: Amos, Andrew, Augustus, etabar. Amak ordea, Biblia esku batean eta zartailua bestean seme-alabak hezi eta senarra menperatu zuen.
Oso familia bitxia zen halafedea: anaia batek zirko indarti lan egiten zuen, eta arreba bat. Afrikara moja joanda, bertako biztanleek jan omen zuten. Xelebreena, hala ere, osaba: Kanada Britainiatik askatzearren filibustero espedizio bat antolatu zuelarik, bertako biztanleek ez omen zioten asmoa behar bezala ulertu eta ia garbitu zuten.
Ambrosek hemeretzi urte zituelarik «Secesión»-eko gerra gudukatzera joan zen. Hogeita lau urtetan, gerra amaituta, bere izaeran betiko markaturik geratuko ziren jasotako zauri larriak, edozein gerrari dagozkion izuak eta haurtzaroan amagandik sufritutako krudelkeria.
San Franciscon kazetari lanetan hasi eta Mark Twain lagun mina egin zuen urte askotarako. Gero, ezkondu eta, hospea eta dirua parra-parra zetozkion batera, etxean iskanbilak ere gero eta ugariagoak bihurtzen ari zitzaizkien, harik eta, hemezortzi urte ondoren, elkarrengandik aldendu zirenera arte. Urte berean seme nagusia kale gatazka batean hil zioten. Beste bat alkoolaren eraginez hilko zitzaion.
1913-an Mexicora abiatu zen Pantxo Villaren alde burrukatzeko asmoz. Munduak ez du Ambrose Bierceren beste berririk izan.
Funtsean, Ambrose Bierceren estilorik gogokoena umore beltza dela esan liteke, krudeltasuna nahasgai garrantzitsua delarik. Krudeltasuna, gainera, gizarteak onartutako oinarrizko kualitate moralen bati dagokiola azalduko da, guraserahilketa edo antzeko krimen baten bidez. Hain zuzen, erahilketarik gehienak famili-inguruan gertatzen dira Bierceren narrazioetan: aitak, amak, osabak... Honen ezaugarria dugu lau narrazioz osaturiko «Guraserahilen kluba» bertatik ondorengoa itzuli dudan zikloa. Baina Bierceren krudeltasuna ez zaio familiari, edo zentzu orokorrago batean pertsonei mugatzen, usadio, sentipen eta instituzioetara zabaltzen bait da, aire ironiko eta makabro horren laguntzaz gizartearen sustraiak astindu nahi balitu legez. Ulertzekoa da: amaren zartailuari (eta Bibliari) gerraren horroreak lehen eta kazetaritza lanetan ikasitako gizartearen toleskeria gero itsatsirik, azken emaitza honako narrazio hau izan liteke. Dena dela, ez zaio aitzakirik bilatu behar. Aitzakia literatura bera da eta.
1872-ko Ekainaren egunsenti hatean, goizetik, aita erahil nuen, eta gertaera horrek biziki hunkituta utzi ninduen luzarorako. Ni ezkondu baino lehen jazo zen, gurasoekin Wisconsinen bizi nintzenean. Aita eta biok etxeko liburugelan geunden, gau bertan jauki genuen lapurketaren mozkinak erdibanatzen. Gehien bat etxerako tresnak ziren, eta txit neketsua genuen bidezko banaketa egitea. Dafaila, eskuoihal eta antzeko gauzetan bat etorriak ginen, eta zilarrezkoak ezin hobeki erdibituta geneuzkan, baina imajina dezakezuenez, arazoa musika-kutxa hark erakarri zizkion hondamena eta zorigaitza gure familiari. Lapurtu ez bagenu, aita gizajoa bizirik legoke oraindik.
Eskulan polit eta bikaina zen hura, ederki landutako zur baliotsuz xartatua. Askotariko doinuak jo zitzakeen: galaperren modura txistu edo txakurrek bezala zaunka egin, kuerda emateke oilarren antzera goizero kantatu, eta Hamar Manamenduak ere esaten zituen. Azken mirari honek bereganatu zuen aitaren bihotza, bere bizitzan lehen ekintza lotsagarrira bultzatu zuelarik, nahiz eta, hori barkatu banio, besteak egingo zituzkeen beharbada: musika-kutxa ezkutatu eta gero bere ohoreagatik agindu zidan berak ez zuela hartu, baina nik oso ongi nekien kutxa hura bereganatzea izan zela lapurketaren funtsezko xedea.
Aitak kapa azpian zeukan musika-kutxa gordean. Hain zuzen, kapak erabiltzen genituen maskaratzeko. Diodanez, zin egin zidan bere ohoreagatik berak ez zuela zorioneko kutxa ezkutatu. Nik banekien gezurra zela, eta banekien ere ez zela, antza zenez, xehetasun batetaz jabetu: kutxak egunaren lehen argiarekin batera kantatu eta traizioa egingo ziola, mozkinen banaketa ordura arte luzatzeko aukera izanez gero. Asean eta betean irten zitzaidan dena: liburugelako lanpararen argia zurbiltzen hasi zenean, leihoen itxurak gortinen azpitik antzeman zitezkeela, kakara luze bar sortu zen gizonaren kapa barrutik, jarraian «Tannhauser» ariaren doinua, eta klak ozen bat azkenik. Mahai gainean, gure artean, zoritxarreko etxe hartan sartzeko erabili genuen haizkora txikia zegoen; heldu egin nion. Agureak, luzaroago ezkutatzea alferrik izango zitzaiola ikusirik, kapatik atera eta mahai gainean jarri zuen musika-kutxa.
Ebaki ezak hala nahi baduk esan zidan Hondamenetik salbatzen saiatu nauk.
Musikazale sutsua zen, eta hunkipen eta trebetasunez jotzen zuen harmonika. Esan nion:
Ez dizut diskutitu nahi zergatiaren zintzotasuna, ez bait da bidezkoa norberaren aita juzgatzea. Baina negozioak negozioak dira: hurrengo lapurketetan zintzarri bat zintzilik ez baduzu eraman nahi amaiera emango diot geure elkarlanari.
Ez esan zuen une batez hausnartu ondoren ez, ezingo niake eraman, horixe bakarrik behar genian nire maltzurkeria aitortzeko. Jendeak ez haizela nirekin fidatzen esango liake eta.
Derriorrez miretsi behar izan nuen bere umore eta sensibilitatea; une batez harro sentitu nintzen berataz, oker hari garrantzirik eman ez nahian, baina kutxra bitxiari begirada bat emanda zirt edo zart egin behar nuela eta, esan bezala, Josapateko Landarera igorri nuen. Amaitu bezain laster artega samar sentitu nintzen. Neure aita izanaz gainera nire bizitzaren egilea lehen edo gero gorpua eridengo zuten dudarik gahe. Egun argia zen ordurako, eta ama edozein mementutan sar zitekeen liburugelara. Halako zertzeladan ama ere akatzea iruditu zitzaidan egokiena, eta halaxe egin nuen. Gero morroiei ordaindu eta etxetik bota nituen.
Arratsalde hartan Polizi Nagusiagana joan nintzen, gertatuaren berri eman eta aholkua eskatzeko asmoz, penagarria gertatuko bait zitzaidakeen berria jendearen belarrietara heltzea. Aho batez gaitzetsiko zuketeen nire portaera, eta egunkariek ere nire aurka egingo zuketeen inoiz gobernuan kargurik lortuz gero. Nagusiak ondo ulertu zuen argudio hauen indarra, bera ere bait zen esperientzia zabaleko erahilea. Jurisdikzio Aldakorraren Gorteko epaile nagusiarekin kontsultatu ondoren gorpuak etxeko liburugelan ezkutatzea gomendatu zidan, eta etxe segurantza egin eta su ematea.
Liburugelan apalategi bat geneukan, aitak asmatzaile txorakilo bati erosi berria, eta artean liburuz bete gabe zegoen. Alzariak antzinako logeletan aurkitzen ziren jantzi-armairuen antza zeukan, baina goitik beherantz irekitzen zen, emakumezkoen azpiko gonen modura. Beirazko ateak zeuzkan. Gurasoak beztitutak nituen eta tente irauteko beste zurrundurik zeudelarik, liburutegian kokatu nituen apalak kendu ondoren. Ateak giltzatu eta gortina bana eskeki nuen beirazko ateen gainetik. Segurantza inspektorea hamaikatxo bider iragan zen altzari aurretik, ezer susmatu gaberik.
Gau hartan, poliza eskuratu ondoren, sua eman nion etxeari eta basoan barrena abiatu nintzen, handik hi miliara zegoen hirira, bertako parrandaren unerik beroenean denen begi bistan azaltzeko moldatu nintzelarik. Gurasoei zorigaitzen bat gertatuaz nire beldurra aieneka adieraziz, jendetzarekin elkartu eta suak hartutako etxera iritsi nintzen bertatik alde egin ordu pare bat ondoren. Herri osoan zegoen tokian harrapaladan heldu nintzenean. Etxea erabat iraungita zegoen, baina ikazbizizko azpigarriaren bazter batean, tente eta osorik, liburutegia zegoen agerian! Gortinak suak erreta zeuden beirazko ateak begi bistan utzirik, eta itzelezko gar gorriek barrukoa argitzen zuten. Bertan zegoen aita maitea, bizi zenean bezalaxe, eta aldamenean poz eta ezbeharretan bere adiskidea izana. Ile bat ere ez zeukaten gardosturik, eta arropak ere osorik. Nabariak zituzten buru eta eztarrietako zauriak, nire asmoak betetzearren ezarri behar izan nizkienak. Jendea mirari baten aurrean balego bezain isila zegoen, izuak eta ikarak mihi guztiak lotu zituztela eta. Nik neuk ere halako hunkidura sentitu nuen.
Zenbait urte ondoren, hementxe kondatu ditudan gertaerak gogotik ia ezabatuak nituenean, New Yorkera joan nintzen bono faltsuzko negozio bat zela eta. Halako batean, altzaridenda bateko erakustoki barrura begira nengoela, gure zorioneko liburu armairuaren kopia zehatza ikusi nuen.
Asmatzaile txorakilo bati erositako kauka bat duzu azaldu zidan saltzaileak Erregaitza omen zela zioskidan, zuraren poroak amiantoz edo bete bait zituen, eta kristala asbestoz egina bait zen... liburu armairu arrunten prezioan sal niezazuke.
Ez esan nion erregaitza denik ez badidazu erabat ziurtatzen ez dut eramango. Agur esan nion.
Ezein preziotan ez nukeen eramango, zeharo oroitzapen ezatseginak erakartzen zizkidan eta.
|