L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Besarkada beroa

 

Joseba Etxebarria

 

Arratsaldeko 6etan, etxean, bakarrik eta mahai gainean dauzkadan azterketak zuzentzen aurkitzen naizelarik, telefonoaren txirringa entzuten dut, Bruce Springsteen-en kaseta kendu, eta esku ezkerraz oratzen diot:

        —Bai?

        —Amalia etxean dago?

        —Ez, ez dago, nor zara?

        —Raul naiz, Raul Fernandez, geroago deituko dut.

        —Bale, badakizu nik uste 7ak barru helduko dela.

        —Bale, geroago deituko dut.

        Raul, ekonomikak ikasi zuen mutila, lehenengo nire laguna dela pentsatu dut, baina nire bihotzak lasai ahotsa ipini arren mila buelta eman ditu. Gogoratzen naiz, nirekin irteten hasi aurretik, mutil horrekin egin zuen denporaldi bat.

        Nire urdailean ez dakit zer gertatzen den, berehala mina sentitzen dut, jadanik ezin azterketak zuzendu, jarraituz, berdin denak aprobatu edo denak penkatu, bueno, hau esaera bat da, baina eragin handia izango duela niregan, egia da.

        Gose izaten naizenetan bezala, nire urdailean penak sentitzen ditut. Zergatik deitu du? Zer nahi du? Beharbada orain nirekin bizi den neskarekin buelta bat ematea, Bilboko ihauteriak aprobetxatuz, ala, zeozer nahi du eta horregatik deitu dio?

        Ez dakit zer egin, urduri nago. Boligrafoa Ana Villalar-en azterketa gainean utzi dut, zigarro bat bilatu eta, berehala aurkitu. Non dago metxeroa?, haserre bizian galdetzen diot nere buruari —paperak mugitzen ditudan bitartean—. Kontuz, azterketak erortzen bazaizkizu ikusiko duzu nork ordenatzen dituen... Eta zer?... ezkerreko kajoian utzi dudalakoan nago, bai, bai, hemen dago —ducados-a pizten dut lasaitzeko asmoz—. Nire burua orientalek hainbeste bider esaten diguten hutsean ipintzea nahi dut, ea horrela lasaitzen naizen.

        Badirudi erregailuak egiten duela bere efektua.

        Mierda!, erori zait tabako hautsa praka gainean, bueno ez da erre, eskerrak, kaseta ipiniko dut berriro. Bruce Springsteen-ek betu sortu dit, horrelako gauza extrainoren bat.

        Plaf... Mekauen...! ez dago kanta mogituagorik ala? kanta honekin eta leihotik ikusten dudan sirimiriak nire barrua lehertzea lortuko dute, jadanik urdailetik gorantz doa nire barruko mina, eztanda egin behar dut!... uff...!, eskerrak kanta honek lasaitu du apur bat nire barrua, mugierazi egiten nau, eta sirimiriaren efekto ezkorra apurtuko duela uste dut.

        Ondo sentitzen zarenean, leiho ondoan, zeozer egiten, edo ezer ere ez egiten, oso polita eta erromantikoa da sirimiria, baina honelako kasu batetan ordea..., ez dut honelako gauzarik pentsatu behar, bestela musikari gaindituko zaio, gainera...

        ...Gainera zergatik nago honelako suposaketak egiten?, ez daukat hori pentsatzeko beharrizanik, ezta eskubiderik ere. Bai, ibili zen mutil horrekin orain dela urte batzu, baina amaitu zuten, eta zergatik ez dio deituko?, zeozer eskatu nahi izango dio, azken batean ikasten ere batera ibili ziren.

        Bestalde, orain ordu bi ere ez dira izango, hemen utzi nauela, nire maiteak. Maitea...?, bai, bai horrela esan behar dut. Baina jarrai nadin, ez dira ordu bi ere mosu bat emanaz, janaria erostera joan dela, ze... janaria erostera joan da, ez?, bai, horretara irten da kalera, gainera ni ez naiz joan, berak askotan errepikatu arren laguntzeko, egia esan nekatuta nengoen, bueno, eta nago oraindik, gaur goizeko futbol partiduak apurtuta utzi nau.

        Ding dong!... ding dong!... bera da!, baina...!, zergatik ez du giltza hartu?

        Bai, bai... Mekauen... ez du portero automatikoak funtzionatzen, jeitsiko naiz irekitzera.

        — Apa!

        — Soy de la Comunidad Religiosa..., —ez diot entzun ere egin— ...como no contestaba el del quinto...

        —Mekauen tu...!! —esan nuen barrutik, baina badakizue, hezia izan behar— hay carta para el 3drch?

        —Ha! hola eres tu —bosgarreneko emakumea dator, sorgina! esango neuke.

        Astiro-astiro eskailerak igonez, eta irekita utzi nuen atea itxiaz, neure leiho aurrean, jezarrita aurkitzen naiz.

        Baina lasaitu Claude!, ez daukazu horrelako gauzarik pentsatu beharrik, badakizu zeu bakarrik maite zaituela, edozer gauzatarako deituko zuen, jarrai ezazu azterketak zuzentzen.

        Zazpiak eta laurdenak dira, zergaitik ez da etorri etxera? izan du nahiko denpora, egin behar zuena egiteko...! bueno ba, lagunen batekin geratuko zen. Ah! Andoniren lantegitik pasatu behar duela esan dit, berari paperen batzu entregatzeko, eta gero traguren batzu hartzera joango ziren, Ihauteriak aprobetxatuz... mesedez Claude! lasaitu zure burua ez daukazu horrelako gauzarik pentsatzeko eskubiderik, laster etorriko da, ezetz hamar minutu tardatu!

        Azkenean nire burua konbentzituaz, edo enganaituaz, minimoki baretuaz, azterketak zuzentzen jarraitzen dut, eta denpora barru atearen zarata entzuten dut.

        Zapata zarata nire gelarantz abiatzen da.

        —Apa, zer moduz? —eta niregana aurreratuz bere aurpegia— mua.

        —Erosi duzu behar zenuen guztia?

        —Bueno, ez dut aurkitu behar bezalako sagarrik eta ez ditut ekarri, ah! badakit gustatzen zaizkizula eta gaztaina erreak erosi dizkizut, eskuak berotzeko ere lagundu didate, eta bueno, ba zure arrebarekin aurkitu naiz kalean, eta zurito batzu hartzera joan gara.

        —Eta zer kontatu dizu? Zer moduz bere alaba txikia?

        —Ba ondo, eta hori delata betikoa esan dit, ea ez daukagun semerik ekartzeko esperantzarik, ea ezkonduta ez gaudelako ez dugun semerik ekartzen...

        —Baina ondo daude, ez?

        —Bai, igandean etxean bagaude, kafea hartera etorriko direla esan dit. Zer, zuzendu dituzu?

        —Bueno, batzu bai, ah! lehen Raulek hots egin du, geroago deituko duela esan du.

        —Ez dakit zer nahi izango duen, bueno, deituko du, zer? bagoaz buelta bat ematera afal ostean?, lana amaitzen baduzu, noski.

        —Ez da amaituta egongo, halere badaukat kaleratzeko gogoa, ez duzu edukiko disfrazen bat niretzat, ez?

        —Beinga, beinga zu ez zinateke disfrazatuko ezta..., orduan irtengo gara, ez?

        —Bai, bai afal ostean.

        Egia esan ez dakit ez, zer naizen, ez nola nagoen, ez nolakoa naizen, ez dakit ezer!!!!. Beharbada sentikorra naizelako pasatu ditut ia ordu pare bat egon ezinik, jakinaz, neu bakarrik maite nauela, zoratuta nago. Eta pentsa, joan den asteko afarira neska bat joango zelakoan hurbildu nintzela, eta han ikusi nuenean, arik eta etxera heldu arte, eta, besarkatzerakoan, lotan zegoen nire maitearen gorputzaren berotasuna sentitu arte, berarekin, zer egingo nuen, zer ez nuen egingo irrikiaz, pasatu nuela gau osoa!!!!!!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.