L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Lurrean tatarrez

 

Itziar Lopategi

 

Libiako basamortuan nengoen, arean etzanda, gora hegira, ia lo, logura bero batetan. Ondo nengoen baina laster haizeak ondar apur bat ekarri zidan ezpainetara, mihiarekin sentitu nuenean jeiki nintzen. Bah! Orduan aldamenerantz begiratu nuen. Mutil bat zegoen niri begira jezarrita. Mutil gazte bat.

        Basamortuko lo zorrotik atera ninduenean berarekin gamelu gainean jarri ninduen. Eta mutilaren lepo leuna nire gorputzarekin bat egin zen. Denbora asko igaro genuen gameluan. Lurra gero eta lehorragoa zen. Haitz batzuetara heldu ginenean eguna ia itzalita zegoen. Gerizpetan jarri ginen hodeiertz egunaren amaiera ikusten.

        Gero mutila jeiki egin zen eta sua egin zuen gauerako. Sekulan ez zidan begiratzen.

        Egun batzuk igaro genituen horrela. Hitz egiten zidan. Nik ez nuen tutik ere esaten. Oraindino basamortuko lo zorroan nengoen.

        —Basamortuan lurrean tatarrez bizi izan naiz beti. Lurrean tatarrez sugeak bezala—.

        Bere hegi argiek dizdira egiten zuten eta itxaso barearen gozotasuna zuten.

        —Lurrean tatarrez begiak okertu zitzaizkidan eta mihia lehortu. Beti lurrean tatarrez sugeak bezala—.

        Suaren ondoan jezarrita mutilaren burua nire eskuetan neukan. Eta hatzamarrekin sentitzen nuen bere bizia; ezpainetan, sudurrean, begietan...

        —Lurrean tatarrez zapaldu egiten ninduten, lurrean tatarrez sugeak bezala—.

        Ze maitagarria bere ule horia! Bekokira iristen zitzaion. Nire hatzamarrek ule artean jolasten zuten.

        —Lurrean tatarrez area irensten nuen. Beti lurrean tatarrez sugeak bezala—.

        Maitatzen hasi nintzen ule hori hura, eta bere usaina.

        —Lurrean tatarrez putzu bat aurkitu nuen. Lurrean tatarrez nik bakarrik edan nuen ur eskas hura. Jeiki nintzen eta lurrean tatarrez gerize bat baino ez nuen utzi—.

        Mutila laztantzen hasi nintzen. Ume txiki bat balitz bezala. Bere ule horia, bere begi sutsuak, bere sudurra, bere ezpainak. Sendo besarkatu nuen, nire barnekoa balitz bezala, eta horrela lokartu ginen, ume ikarati bi bezala basamortulo gau ilun hotzean.

        Bidaia jarraitu genuen Alejandriara heldu arte. Han itxasoratu nintzen. Urrunean gelditu ziren Alejandriako zocoa, itxas ertzeko etxe zurizkinak eta ule horidun mutila. Datorren udan berriz jagiko naiz basamortuko lo zorrotik, dunetara eta hamadetara, haizearen ziztua entzuteko gaueko mamorroarekin, eta mutilaren begirada sentitzeko berriz, bere lepo leuna eta bere ondar usaina.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.