L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Oihala

 

Iñaki Bernaola

 

Inork ez zuen ulertu, senideen artean, zergatik gurutze klasikoaren ordez zurezko aker buru bat, neurri berezkoa, zerraldo gainean ipin ziezaiotela izan zuen azken desioa. Ulertu ez, baina zerbait susmatu zuten zeren eta haren heriotzaren berririk jaso orduko erretorearengana jo zuten gauzak beren onetik atera ez zitezen asmoan.

        Horren bitartean lobak, azken urteotan zehar harekin bizi zena eta konfiantza ematen zion pertsona bakarra, harotzarengana abiatzea nahiago izan zuen, osabaren erabakia bete zedin.

        Arreba baten alaba, ez zuen inoiz aitarik ezagutu. Ama hil ondoren osabak onartu zuen etxean eta elkarrekin konpondu ziren, denek mesprezatuak eta dena mesprezatuz. Osabak beste beldur ematen zien senideei, eta horregatik ez zen inor ausartu lobaren aurka jotzera.

        Hilbeilak iraun zuen hiru ordu luzeetan zehar jasaezinak izatera heldu ziren hauzokoek egindako komentarioak, zurrumurruak eta giroa hartzen ari zen arrarotasuna. Erretoreak, senideen lotsez eta lobaren pozez, ez zuen onartu zerraldoa eliz barruan iraun zedin. Akordio batetara iritsi ziren azkenez: Eliza barruan sartuko zen, baina oihal beltz batez estalirik. Hala eta guztiz ere errez nabaritzen zen azpian zegoenaren forma, eta funerala ospatu zen bitartean jendeak, ixilka-mixilka, ez zien batere jaramonik elizkizunei, sobratuko balira bezala.

        Senideen urduritasuna eta jendearen lotsagabekeriaren artean, loba zen jarrera serioa mantentzen zuen bakarra. Lehenengo bankuan kokatua, burua ondo altxaturik, belauniko sekulan jarri gabe, besteekiko urruntasun nabargarria adierazten zuen edozein komentariotatik baztertzen zelarik.

        Zerbait txarto dabilenean abisatzen duen seigarren zentzumenak bultzatuak agian, oso pertsona gutti ausartu zen hilerrira zerraldoa laguntzen, eta haien artean senide, eta alde egiteko aitxiki konbenzigarririk aurkitu ez zutenak. Ilunabarra zen komitiba hilobira heltzean. Zuloa prest zegoen, eta aldamenean lur pilo bat, eragin berria, behin sartu ondoren zerraldo gainean botatzeko.

        Lurperatzaileek oihalaz estalirik ehortzea beharrezkoa zenetz galdetu zutenean, adostasunezko murmurioa sortu zen apaiz, senide eta partaide guztien aldetik:

        — Bai, bai noski!

        — Ken bedi! agindu zuen lobak, abots gogor eta hotsez.

        Ixiltasun makabro bat jabetu zen giroaz.

        Begi gorrixka eta nakarezko dirdirez agertu zen akerburua. Bere matelhezurrak mugitu egin ziren eta zerraldo barrutik abots urruna entzun zen:

        — Zuen bila itzuliko naiz. Bazterturik mantendu nahi izan ninduzuen bizitzan, eta lagundu egingo nauzue heriotzan.

        Lobak algaraka ikaragarri bat bota, eta hilerria hutsik gelditu zen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.