L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —<ttut0218>




 

 

Ametsetan murgildurik

 

Ninbe

 

Fereka laztangarria zeritzaizkion. Corte Inglesen erositako maindire beroak. Buelta alde batetara, baina gustokoa zitzaion postura, hartzeke. Berriz ere bestera, burkoa bota, berriz hartu, argia piztu, liburua hartu.

        15 egun izango ziren, Anek, Julio Vernek idatzitako liburua utzi ziola. Ez zitzaion hain interesgarri, baina, loak hartzeko pastillak hartu beharrean liburua irakurtzea naturalagoa bailitzen,... «La noche se cerraba cada vez más, la Luna apenas daba un poco de luz para qu...» —begiazalen pisua gero eta astunago, hitzak dantzan zebilzkion 120. orrialde pasaezin horretan— ... «John se perdió. Despues de caminar varias horas, llegó a una oscura caverna...». Loak hartu zuen, irakurtzen, aurrera jarraitu ezinean.

        «...Llegó a una oscura caverna...». Galdurik nago, egia hutsa da. Galdurik, zer egin jakin gabe; iluntasunean, nekez ikus dezaket 3-4 metrotara dudana. Lurraren bihotzean, bakarrik, handitasun horretan ikara nere baitan sartzen doan arabera, erabaki bat hartzeko momentua heldu delataz ohartu naiz: ezkerretara pausu batzu eman, eta pareta handi batekin topo, eskumatara eta gauza bera. Eskuz baliatuz, ingurua miatu nahiean, paretak oso altuak direlakoaz konturatu naiz; «Zaila da pareta horiek goratzea, baina saiatzeko beharra, oraingoz bururatu zaidan erabaki bakarra. Hartutako lana aurrera eramateko prest nago, baina hatzamarrek laban egiten disate orma heze horietan, eta konturatzeke, «ai, alua, zauria egin dut», odola hasi zait.

        Honez gero, edatekoa ugari dudala konturatu naiz: paretek ur gozoa eta garbia jariatzen dute.

        Egia esan, ez dut egarririk sentitzen ez eta goserik ere, afaldu dudala zortzi bat ordu izan arren, nire tripek ez dute asetzeko janaririk eskatzen. Buruan, iluntasun horretatik ateratzeko ideia baino ez dut. Ikara gero eta handiagoa, eta bakardadea gero eta nabariagoa.

        Orduak, poliki-poliki, igarotzen ari dira. Alperrik nabil bide barriak bilatzen.

        Begiak ohituratzen ari zaizkit iluntasun honetara eta honen itxura ez zait hain ilunbentsu iruditzen. Egia esan behar bada, leku mirakulutsu honek badu bere xarmatasuna. Lehen asmatu bezala, paretak oso altuak dira: ikusezina hain zuzen ere. Oraindik ere, lehengo posizioan nago, aurre-aurrean aukeratzeko hiru bide dut eta, ikusketa bat egitera joan behar dut, eta honez gero, zein aukeratuko dudan erabakiko.

        Hurbiltzerakoan, zera ikusi dut:

                —Lehenengo bide ondoan, idatzirik: jelosia.

                —Bigarrenean: handinahia.

                —Hirugarrenean: maitasuna.

        Lehenengo biak tentagarri zaizkit; bide horien bukaeran zer ote dagoen horrek tentatzen bait nau. «Erabakia hartzeko beharrean nago, zer egin?».

        Lehenengoa hartzea izan da hain zuzen. Sartu ahala, milaka ispilu, sabel bukaerabako horretatik lurrera. Baten aurrean jarri eta mehe-mehe ikusi dut nire burua. Beste batean, ordea, lodi-lodi. Honek barre eragin dit. Era guztietako ispiluak: politak, itsusiak, batean lodi, mehe, okerturik, ipotxa, bestean luze... baina halako batetan, burua atzera bota dudala, pertsona guztiz dotore, liraina ikusi dut: nire burua hain zuzen ere. Egia esan ni ez naiz hain ederra, baina ispilu horretan benetan dotore aurkitu dut nire burua: begi ederrak, ez lodi, ez mehe, ondo jantzita...

        Hain liluraturik geratu naizenez, orduak eta orduak pasa ditut haren aurrean. Posea honela, bestela; izutzeko aurpegiak jarri arren, ispilu hartako imajena beti polita.

        Pizka bat nazkatzen hasia naiz, ni ote naizen galdezka.

        Azkenean jasan ezina gertatu zaidanez, honekin topo ez egiteko ahaleginetan ari naiz. Saiatu arren, imajen horrek poterea du nire baitan: zoraturik nago, zelati, imajen horren zeloak ditut, ni baino politagoa baita.

        Etsi-etsian, horko ispilu guztiak apurtu ditut, eta bigarren bidea topatzen saiatu naiz. Zaila da beste bide bat topatzea, lehenengo horretan sartu ezkero.

        Halere, aurkitu dut; zulo batetik argi dizdiratsua dario eta. Ni handi xamar izan arren, zulo hartatik pasatu naiz. Aurrean dudana, sinesgaitz zait: URREA, paretak urrezkoak, ura urre kolore, zolua urrezkoa, nahi bezain beste urre. URREA, URREA.

        Honez gero, ez naiz bakarrik sentitzen: ABERATSA naiz. Dana batu eta eraman nahi dut, leku horretatik aterako naizelakoan. Alkondara erantzi eta boltsa bailitzen, urrea hartzeko nagoela, eskuez ikutu eta ikatz bihurtu da. Beste saio bat egin eta gauza bera. Ikatza baino ez naiz biltzen ari, baina gero eta gehiago gura dot urre hori; eta ezin hartu, ustelduko bailitzen gertatzen zait.

        Negarrez, etsi-etsian, lurrean eserita, berriz ere bakardadean aurkitu naiz. Bapatean, norbaitek lagundu nahi izan banindu bezala, usain gozoa nabaritzen dut. Usain xarmangarri honek bide berri batetara eramaten nau.

        Jakin gabe, pozik nago, zoriontsu sentitzen naiz. Gazte eta bizitzeko gogo handiaz. ASKATASUNA aurkitu dut.

        RIIIIIIIING, RIIIIIIIING, iratzargailua apurtu zuen.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.