Parkeen jarraipena
Julio Cortazar
euskaratzailea: Jon Andoni Saiago
Egun batzu lehenago elaberria irakurtzen hasi zen. Premiazko aferengatik utzi ta trenez bere etxaldera itzultzen zelarik berrartu zuen; tramaren eta pertsonaien konjuntuaren xarmak laxo laxo eraman zezaten utzi zen. Arratsalde hartan, bere apoderatuari gutun bat idatzi eta morroiarekin apartzeriei buruzko zertxobaitez eztabaidatu ondoren, haritzen parkeari buruz zegoen gelaren lasaitasuna gozatuz bere liburuari berrekin zitzaion. Besaulki kutunean kokaturik, milaka mutursartzeren posibilitate asaldagarriak bezala molestatuko zion atea gibelean zuela, behin eta berriz esku ezkerrak herenile berdea ferekatu zuen eta azken kapituluen leitzeari eman zitzaion. Beraren memoriak nekerik gabe protagonisten izen eta irudiak gordetzen zituen; ilusio nobeleskoak berehala bereganatu zuen gizona. Ingurunetik lerrotik lerro askatzeko plazer ia makurraz zein bizkarralde garaiaren balusean beraren burua atseden hartzen sentitzekoaz, zigarroak bere esku zeudela jakitekoaz eta leihotzarrez bestaldean haritzen azpian arratseko haizea dantzan zebilela notatzekoaz gozatzen zen. Hitzez hitz, heroen disyuntiba lizunak harrapaturik, kontzertatzen eta kolore ta higidura hartzen zituzten zilhuetenganaino erakarririk, gizona mendiko etxolako azken enkontruaren lekukoa izan zen. Emakumea sartzen zen lehenik, nahiko susmari; eta geroztik bere amorantea, aurpegia adar baten txapladak zaurituta. Miragarriro emakumeak odola musuka garbitzen zion, baina gizonak laztan guztiak errefuxatu zituen, ez baitziren horbelek eta ezkututako bideen mundu batek babesturiko isilpeko grinaren zeremoniak errepikatzera etorri. Gizonaren paparrean puinala epeltzen zen eta horren pean kikilduriko askatasunak taupadak egiten zituen. Suge erreka bezalako elkarrizketa irrikitsua orrialdeetatik korritzen zen eta dena betidanik erabakita zegoela igar zitekeen. Maitalearen gorputza trabatzen zuten laztan haiek ere, geldierazi eta baretu nahiz bezala, deuseztatu behar zen beste gorputz baten zilhueta higuingarriro gauzeztatzen zuten. Ez zen ezer ere ahantzi: koartadak, ezustekoak, balizko errakuntzak... Instant hartatik une bakoitzak minuzioski iratxekitako eginbehar bana zuen. Gupidagabeko birpasa bikoitza esku batek masaila ferekatu zuenerako apenas eten zen. Iluntzen zegoen.
Gehiago elkarri so egiteke, egiteko zuten eginkizunari hertsiki loturik, etxolako atarian banandu ziren. Emakumeak iparrerunzko estrata ibilkatu behar zuen. Bestaldeko bidexkatik gizonak ohakidea, adatsa solte, korrika ikusi zuen. Bera ere, zuhaitz eta palaxuetan gordetzen zelarik, gauaren lanbro malbatik etxeruntz zihoan zurzuridia bereiztu arte korritu zen. Zakurrek ez zuten zaunkarik egin behar, eta hala gertatu zen. Morroiak ez zuen halako orduan han egon behar, eta ez zegoen. Portxeko hiru maila igo eta sartu zen. Belarrietan kolpatzen zuen odoletik emakumearen hitzak ailegatzen zitzaizkion: lehendabizi sala urdin bat, gero galeria bat, tapizaturiko eskailera bat. Haren gainean, ate bi. Inor ere ez lehengo gelan, inoiz ere ez bigarrenean. Saloiko atea eta puinala eskuan, leihotzarren argia, herenile berdezko besaulkiaren bizkarralde garaia, gizonaren burua elaberri bat irakurtzen besaulkian.
|