L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Fiesta Nacional

Storbewman

 

Basilio bakarrik sartu zen taberna ziztrin zaharrera; jadanik barruan izanez gero mostradorerantz zuzen hurreratuz. Gizon arrunta izaki (Mundu hontan bizi izateko leloegia ez eta, ezta ere espabilatuegia munduak bizi duen egoerari moldatzeko horietarikoa), ukondoa barra gainean ezarrita zeukan tabernaria bere aurrean azaldu zenean:

        — Baltz bat!

        — Eeeeh?

        — ... Me sacas un vino?

        Tabernariak aurpegi serioa, agian profesionalarena, jarriz bere lanari ekin zion. Ateratzen zuen bitartean piztutako telebistari behatu zion, bertan ageri zen atsoak zioena erne entzuten ahaleginduz: "... A continuación podrán ustedes ver a través de esta primera cadena: En primer lugar: La retransmisión en directo de la tercera novillada de la Feria desde la plaza de Las Ventas...". "Koño! —pentsatu zuen berekiko—, hona hemen aspaldikoa!".

        Txikitoa eskumako eskuaz jasota eskilara-mailadapean jezarri zen, aurreko mahai hutsaren gainean edaria utziz. Telebistak populuaren arteko builaren plano nagusia eskaintzen zuen ikusleendako. Gero, Gobernadore jauna patxada onean jezarrita irrifartsu, zenbait atso-zaharren aurpegi koipetsuren artean. Halako batean, irten ziren toreroak atzetik norberen koadrila zeramatzatelarik.

        Zezena plazaratu zenean, ohizko lez, toreoaren laguntzaileek heuren babesen atzetik irtenda zirikatu baino ez zuten egiten piztia; gixajoak, arnas hestuka bere heltokira ailegatu aurretik zirikatzaileek babesera alde eginda, aho bete hezurrez gelditu beharra baino ez zeukan. Holan, hainbat aldiz aritu ondoren, harropuzkeriaz aurkeztu zuen bere burua toreroak, gorputzaren gora-behera guztien berri jendea jakitun izan zedin pauso geldo eta atletikoz.

        Hori ikusi ahala, Basiliok begiak telebistari tinko zuzenduak eduki arren, bere burutapenei amore eman zien gaztaroan Basilio berberak bizi izan zuen ateraldi baten bidez.

        Kriston aitzurraz diskoteka hartan, jadanik nahiko edanda nagoela konturaruta, zeozer desberdina egin behar dudala eta, neska kontuari ekin behar. Neskak, gehientsuenak neshazaharrak badira ere, heuren taldetxoetan hain zaletasun amorratua dioten berriketari ekiten diote isiltzeke, eta ni, Basilio, mutil liraina izaki nesken begirada mezudunen helburu naizela jakinik, heurei hurreratzen natzaie bozkarioz mozorroturik. Berriz, edari madarikatu honen aztarna dela medio, irriño automatiko gogaikarri horretaz konturatzerakoan, laster dute nire egoera fisikoaren berri, eta ondorioz ohizkoa: Muxin egin beharra, nori eta neuri! bono ba, andrak dira bai eta... Betiko moduan, etxera trankil-trankil joateko prest!... Eeeer! Neure begien aurretik nora ote doa holako neska ederra? Niri gero... Nora ote doa ni barik aurrerantz zuzendutako horrelako begirada tinkoaz? Atzetik jarraitu behar diot ba! jezarleku garai hortan jezarrita, hain ikuttu femeninoa darion keinua egin eta ni hemen? Hummm...

        Toreroa zezenarengana hurbilduz, zezena alde batetik bestera ibileraziz zerabilen bere adimena, populuak ia jaramonik ere egiten ez zion bitartean; hori zela eta, harriskua eskaintzen ahalegintzen zen belaunikatuz, zezenaren muturreraino joatera ausartuta ikutuz eta antzeko beste zenbait ekintza eginez, jendearen orroeak sor eraziz, zeren populuak gura zuenik ez bazegoen ere, odola azken finean, harrisku hutsaz asetu behar baitzuen ausentzia hori. Zezenak ibilaldi labur batzu egin ondoren ez zion jaramon handiegirik egiten, horrexegatik halakoren batean zezenari atzea emanez plazaratu zen ibilkera dinamiko berberaz aldendu zen Gobernadore jauna eta emakume koipetsuak zeuden palkorantz.

        Ezer pentsatu barik institiboki hurbiltzen natzaio, bere alboan jezarrita nagoela konturatu arte.

        — Zer gura duzu ba?

        — Nik kopa bete Champagne laster irentsiko nuke!

        — Txotxo! Champagne kopa bi!... Zelan deituko zaitut?

        — Amelia. Eta nik zuri?

        — Basiliso... Eh... Zer lanbide duzu ba? Ni irakaslea naiz... Eta zu?

        — Nik administrazioan egiten dut lan.

        Batak besteari gero eta galdera sinsorgo edota hutsalagoak egiten dihardugu, jo eta ke galdezka horrela inorengandik gehiago jakingo bagenu bezala; ostera, ia hasierako bestean gaude. Azkenean asperkeriaren poderioz eskutik heltzera ausartu eta kanporako bidea hartzen bukatu dugu.

        Mando zaharraren gainean irten zuenean Don Kixote zirudien pertsonaia hark, zezenak zuzen eraso egin zion ibilkera malenkoniatsuaz ohartuta; mando gainekoak lantza bizkar gainean sastatzen ziharduen, behin eta berriz barrurantz gartsu sakatuz. Zezenak ordea, mina somatuz edo, gogor egin zion aurre erasotzaileari: Behetik gorantz adarrak garaituz, ondorioz une batzuetan mandoa hanka biren gainean tente jartzea ere lortu zuelarik. Bizkarra odolez blai zuenean toreroa bera eta bere laguntzaileen artean hurrundu zuten. Mando zaharrak eta sastatzaileak zezen plazatik hanka egindakoan, toreroa bere kapaz baliatuz zezena lasaitzen edo moteltzen, berarekiko behintzat, ziharduen; beti bere aurre-aurrean plantatuz kapa astintzen zuen zirikatu nahiean, eta norberari adorea emateko edo "Hey! Hey toro!" oihukatuz. Adarrean ikutu zionean harrokeriaz irme jarri zen bere adorearen ahaltasuna erakutsi nahiean.

        Biok kotxean sartuta, besarkatzen; jarraian, ezer esan barik musukatzeraino ausartuta, bere mihi bizia somatzen dut nire ahoan, nire ezpainetan; nire sama gogor estutzen dihardu bere buruaren ezin egonaz nire begirada gora eta behera darabilen bitartean. Dirudienez gehiegi berotu da, edo zait, eta banatzen zait (?). Kotxea martxan jarriaz batera isiltasuna lagun dugularik denbora ezin igaroz nire etxerantz goaz abiada bizian. Etxean jadanik, egongelara goaz zuzen.

        — Zer nahi duzu edateko? Lehengua?

        — Bai, horixe da nahi dudana.

        Basokada bapo beteta eskuan jartzen diot, aldamenera noakiolarik. Niri behatzeari uzteke txurrunt egiten du edalontzia ezpainetatik banatu gabe edukin osoa bereganatuz. Eskutik harrapatuta etxeko logeletariko batetara narama ia tatarrez. Ohe gainera eror nadin bultza eginda ni konturako orduko alboan izara artean ezkutatzen zait jadanik biluzik. "Zer ote da hau?" burutatuta institiboki alde batera noa jauzi eginez.

        — Erdu hona!

        Azken ekintzen ondorioz, arestian egindako agindua zela medio batez ere, bapateko erantzun gisan irriño bat eginez "je!" burloia ahozkatzen dut, zera baino harroputzago bera ailega litekeen eremutik at paratua besoak gurutzatuz.

        Banderilleroak plazaratuta lehenengo egin zuzena plazaren beste aldeko piztiari begirada hotza zuzentzea izan zen; honen hurrengo, esku bakoitzean banderilla bana eutsiz hurreratu zitzaion, lehenengotan astiro-astiro hurbildu ahala abiadura arinagoan zihoakion, parera iristerakoan albotik jokatuz soinean zeraman zama zezenari uzten amaitzeko; gero jarraian, pisu gutxiagoz edo, are gainetik babes ostera azkar ospa egiteko. Beste bi aldiz ekintza bera egin ondoren alde egin zuen, ostera ere toreroa bakar-bakarrik bere lana betetzeko gera zedin. Zezena, eguzkiaren poderioz eta baita ere galdutako odola zela medio, indarge, nagi mugitzen zen pausu laburrak eginez, sekula ere ez hamar edo hamaika pausotik gora. Toreroak zirikatzen ziharduen behin eta berriz, automatikoki alde batetik bestera zebilen zezen gixajoaren jokaera ezin aldatuz. Populuaren birao, garrasi, zapi eta beste zenbait erasok ere laster izan zuten eragina toreroarengan: Pase baten ostean, piztia hil orduko jendeak txaloak jo diezaieten toreroek egin ohi duten geldiunea egiteke, ezpata makulupetik aterata luzaroan pentsatzen egon gabe eraso egin zion ezpata eskuturra odolez blaitzeraino honduratuz.

        Ohe barrutik serioski, igual haserre ere bai, begira dirau, begirada hori mantak alde batetara jaurtita gorputz tentagarria bistan jarriz eten egiteko; jagi eta zuzen-zuzen datorkit motelki motelki. Kauen, kriston neska aurrean, eta nik majaderoarena egin behar betiko moduan, urratu behar natzaio ba, gehiago haserretu ez dadin sikiera, eta ze demontre, den ederraz... Besarkatzen nau, musuz bete aurpegia eta sama, gorputz osoa goitik beheraino ferekatu eta nik dakit ba zer gehiago... Eta gustoruen nagonean "Agurra!" lizuna botatzen dit ohera alde eginez ni atzetik erakarteko moduan. Ia biluzten uzteke, hainbeste zirri eta ostijaz ez biluztu ez ezer, baba zaharra!, trankil mutil, orain eransten ez dena gero galduko duk eta. Elbarria bainintzen iniziatiba berorrek darabil: Musukatzerakoan tinko behatuz ene ninietara; bere bularren kemena ene paparraz estutzerakoan sentieraziz; ene gerrian eta lepoan eskuen igurtziak egiterakoan, eta zakil koittaduak ere totxin kezkatiaren ferekak jasan behar dituenean. Besarkatu beharra daukat ene hoztasuna deusezteko; ni martxan jarri naizela konturatzen naiz, lehenengotako berotasunaren aztarna lez zakila trabatzen hasten zaidanean: Han-hemenka gorputzak joten, bakean has dadin maniobra ikusgarriak egitera behartuta. Ni ere harrizkoa ez naizela adierazteko kirtena zabaldu eta luzatu ahala eskuetako dardara edota ezinegona lasaitzeko musuz, mihiaren laztanez eta zirriz hezetzeari (asetzeari?) ekin diot. Ganora berotzen utzi barik kirtenetik heltzen dit (lehenengotan jadanik mardul dagoela ziurtatzeko dirudi), eta esku batez ene ezpainak bere ahora eramaten ahalegintzen bada ere, besteaz zakila darama bere ezpainetatik barrena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.