L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Itzulera

 

Stefan Agirreurreta

 

Aspalditik ez zuten elkar ikusi. Carlos trenaren atzeraurreren maiztasuna ta guzti erdi lo zetorren. Burua lehio kontra zekarren eta bere arnasez kristala lurrutzen zuen. Bitartean Rosak etxean loaren azken minutuak dastatzen zituen izara artean, kanpoan falta zen berotasuna bere gorputza oker oker eginda eta besarkatuz lortu nahirik.

        Bagoian zihoazten langileen aurpegi esanguratsuek Carlos sutan jarri eta alaitu egiten zuten aldi berean, amorrarazi eta poztu bakoitzaren destinoaz pentsatzeaz bat. Aurpegi igartuak zituzten, laiez iraulitako lurrak azaltzat. Begietan tunanteenganako ernegua, egunero etxeratu beharreko baba lapikoaren irakina eta bart irentsitako ardo pitxerkada, semaforoek beraien mezua zalantzarako betarik gabe adierazten duten modu berean. Ahultasuna eta loak konpon ez dezakeen nekeak eraikitako gorputz narrasak, itsu itsuka aukeratu eiterik gabeko jantzi miserable zazkarez estaliak. Pentsamenduaren lautada amaigabean ilusionari eskeinitako tiestotxoa titia utzi zutenetik hautsia. Guztiak esnatu berriak zirela majaderoenak ere asma zezakeen, holako herri nano batetan biharamunerainoko parranda, ezinezkoa izanez gain, inork ez lukelako begi onez ikusiko. Baina guzti honek ezin zuen aspaldi erne zitzaion bueltarako gogoa apaldu. Egia zen langile gizajoek makina hotz eta mutu-iskanbilatsu baten aurrean egon beharko zutela eta bera, ordea, ohe epel baletara zihoala eta ez lo egitekoan gainera. Baina berak horren errua ez izatetik aparte, hamaikatxo aldiz oroimenean eta ametsen arnasa puskagarrian kulunkatuz bizi behar izan zuen. Eta azken baten zer egingo zuen berak ba? Trenetik jetsi orduko langileak iraultzarako irripa ilun eta minatuan bideratu? Edo, Rosaren etxera gonbidatuz eta "hemen daukazue nire kuttuna" esan beraiek hankatartean sakaka ekin ziezaioten errukigabe?

        Euria ari zuen, motelki, gogo gabe, beraneanteen erneguak eta baserritarren madarikazioak lortzeko neurri ezagunean.

        Carlosek jertsea tantaka modura azalean gelditzen den euri fin baina tematiaz estalia zeukan gehienbat eta ile lau erdi kizkurrak aurrez ondo pentsaturiko era batez bustia eta orraztua zela ematen zuen. Bere oin hotsa eta txakurren baten zaunka entzuten zen bakarrik. Ez zen gehiegi arduratzen aterpez aterpe ibiltzeko, oinetakoak putzuetan ez sartea nahikoa zen. Herritxo zaharkitu eta bakartiko kale estuetatik hainbat arinen igaro, arkupe batetik lau pauso egin eta Rosaren atondoan zegoen.

        Rosa ez zen ohetik jeiki, lo ondoko nagi ezagun hori, Carlosen etorrera eta freskura zukutu zituen berna biak elkarrekin igurtzen zituela inzitanteki. Carlosek bazekien giltza felpudopean utzi ziola. Atea zabaldu, barrura sartu eta Rosaren gelara jo zuen. Hau ez zen konturatu, Carlosek ohean etzanik, bere esku hotzez gerri beroa zeharkatu zion arte. Rosak aurpegia pittin bat handitua zeukan loaren loaz, baina hala ere beti bezain ederra. Begi inguru ilunskak eta belarri batetik urrezko zirtzillo luzenga bat zintzilik.

        Batak ezin besteak aurrez oso ondo zekiten zertarako zeuden elkarren ondoan berriro: sexoa den beste disfrutatzeko.

        Bata gorputz beroaren tentazioz atxeki egin zitzaion besteari; bestea, azala oilandatu zitzaiolarik, hotzikaraz zirrika hasi. Arazo klimatologikoa konpondu bezain bizkor, ezpain batzuk besteak bilatzen zituzten, tarteka "noiz arte etorri haiz?" edo "egunez egun guriago hago" botatzen ahalegindu. Ezpain gizentsuak eta mihin labanak ez erdibanatzeko eskatzea gauza inposiblea zitzaien biei. Ezpainek berotasun reziprokoa behar zuten eta mihingainek gauza bera, okelaren kilikilia txistu milagrosoaz nahastea, igurstea. Ezpainak saman zehar ibili, ezpainetara bueltatu, handik berriz hona. Carlosi, Rosaren gerria esku biez zeharkatu ondoren, ezinezkoa egin zitzaion bragatxo nimiño haietatik barrura eskuak ipurdiraino ez irristatzea.

        Rosak berriz ere zakil kariñoso hura sentitzen zuen eta Carlosek haren titi handi xamarrak esku artean zerabiltzan. "Zer moduz handik?" "eta hemendik?" galderek ez zuten inportantziarik. Rosak brageta geldiro zabaldu zion eta esku epelez ferekatzen saiatu zen. Carlosek hatzaparrek gauza bat koipetsua den ala ez jakiteko eran igurtzen zituzten Rosaren titi puntak, honek zakila gorputz bien artean jarri eta estuturik atzeraurreraka zerabilen bitartean.

        — Rosa, ezetz igerri zeinbat aldiz jo dudan kanpaia hire kontura?

        — Hago isilik mamalo eta eskuartekoarekin arduratu hadi orain.

        Carlos ohe artzean eseriasia eta Rosa bere zango baten gainean zegoelarik titiak ahora eraman zizkion umeek udako egun sargorietan karanbanoak urtu orduko mihizkatzen dituzten presarekin.

        — Utziden sukaldera trago bat edatera joaten.

        — Ezta pentsatu ere! Ez daukak barkaziorik mamoi horrek! Zenbat postura ikasi dituk hor zehar?

        — Bahenki! Normalean eskua jaboiz busti eta ibiltzen nintzunan... bestela baino gusto handiagoa ematen din. A! eta egun espezialetan, ni bakarrik egoten nintzenean, bainerako uretan sartzen ninan gorputz osoa eta aldez aurretik harrapatutako euli bati hegoak kenduz islotearen puntan ibiltzera behartzen nuen.

        Komentariotxoak norbaiten ekaitza baretu zuen. Espadatxin planta ipiniz sudur burruka bati ekin zioten irri isil maitakor batzuk elkarri eskeiniz. Carlos ohean luze zetzan eta Rosa bere gainean eseriz zirin zaran hasi zen arraunlarien antzera bankilo gainean baina askozaz delikatuago. Carlosek aserretu itxura egin zuen eta borrokan hasi ziren. Hasieran Carlosek txitximurka egin zion ipurdian gainetik ken zedin, gero Rosak Carlosen kirtena ahoratzeko ahalegin zoroak egin zituen; azkenerako, Carlosek Rosa atzekaldetik ebatu eta ohe guztia astindu eta sekulako muelle zarata zabaldu behar izan arren plazerraren gailurrera ailegatu ziren. Arpegietan nekea eta irrifarra bateratu zituzten eta gelan ixiltasuna zen nagusi. Geroxeago hasi ziren hizketan...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.