L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

"Etsidurak"

 

Bernardo Kapanaga

 

I

Bart, azkenean, "huts" hitzaren egiazko zentzua ulertu nuen. Izan ere, "hutsa" ez da zeozeren gabezia. Ezta gabezia erabatekoa izanda ere. Ez da, halabeharrez, espazio zein denborakin harremantzen. "Plater hau hutsik dago", edo "bagoi hau hutsik dago" dinogunean, arrunt tronpaturik gaude. Platerean ondino dirauelako azken indabaren esentziak, edo bagoian azken bidaiariaren doministikunaren soinu moteldua. "Hutsa" ez da egundo "dago" ez "ez dauka" ideiekin harremantzen, "ez da"rekin baino. Eta honegatik, hain zuzen ere, zera ondoriztatu men, izerdia bekokitik behera zeridala: "Hutsa" hitzak ez dauka inolako zentzurik.

II

Elaberria idaztea ezin ezinezkoa da. Behin lehenengo berba idatziz gero, idazleak ezdeus sentitzen du bere burua aurrera segitzeko, eta boligrafoa uzten du, eta leihora hurbilduz hodeiertz urrutiari begiratu ohi dio. Orria mahai gainean geldituko da, ahaztuta. Baina, idazlea berriz eser baledi orriaren aurrean, gehienez lehen esaldia idatz lezake. Dena dela, lan guztia alferrik litzateke. Zenbat eta gehiago idatzi, orduan eta urrutiago bailegoke amaiera. Izan ere, elaberria aurrera doan neurrian areago luzatu daiteke. Pertsonaiak gehitu egingo dira, denbora-espazioak elkarren artean nahastu: Harrezkero irtenbidea bilatzea ezinezkoa izango da. Beraz, idatzi bagako elaberria da egingarriena.

 

III

Zuhaitza ebakitzen dabilen aizkokariak ez daki egundo zenbat aizkorakada beharko dituen. Eta ez daki, dagoeneko hainbat basoren zuhaitzak bota baditu ere. Eta ez dakiena badakielako, ez da horretaz arduratzen, eta eten gabe dihardu aizkorakada bortitzak emanez, zenbatu baga. Oihaneko zuhaitz guztiak banan banan zenbatzea bezain zentzunbagakoa litzateke. Berak gurago du azken aizkorakadak demaion poztasuna sentitzea, zuhaitzaren krakadak entzutea jaustean, bihotza egundo ezagutuko ez duen emakumearen amodioagatik taupaka.

 

IV

Inor bideari abiatzen bazaio, galduta dago halabeharrez. Norantz doan badakiela uste arren, egundo jakingo ez baitu ailegatuko denentz. Bidea bakarra deino, agian itzultzeko ahalbidea izan lezake. Baina, bidegurutzera ailegatuta, zeharo galduta dagoke. Biderdian eseriko da, kopetilun, eta urteak igaroko dira bideren bat hautatzerako. Milaka kilometro korritu izan balitu bezalako abailduraz, bide zidorrean barneratuko da, betiko galtzeko. Bihotz zimikoek hartuta, aurrerantz segitu ez segitu egongo da, batek bait daki hautaketa karazkoa izan den, atzerantz bueltatzea okerragoa litzatekeen arren. Izan ere, lehenago bide zidor horren amaieraraino ailegatu beharko luke eta gero bidegurutzera itzuli, beste bideari abiatu ahal izateko. Baina, lehenago, ibiltariak hainbeste bidegurutze idoriko zituen nola zeruan izarrak.

 

V

Zertan pentsatzen du urkagaiak? Bere heriotzean pentsatu ote zuen biktimari zintzurra hautsi zionean? Azken gaua ziegan, ihesaren ezina, egunsentia, ireki den atea, korridore ilunak, baila, ilargia ondino zeruan, urkamendirako eskilarak, urkatzaile buruestalia, zapia begietan, urkabilurra saman... zer darabil ordua hilkizunak? Agian damutu egin da, beharbada izua besterik ez du sentitu. Seguraski, hilik dagoke urkabilurretik eskegita gelditu orduko, eta horregatik hain zuzen ere ez dauka ezertan pentsatzerik.

 

VI

Hasi egin da orkestra, sinfonia jotzen. Zuzendariaren eskuetan dago orkestraren gidaritza, berak bakarrik daki sinfoniaren amaieraraino iritsiko direnentz. Edo ez, baliteke batere segurtasunik ez izatea. Nahikoa bait da klarinete baten galtzea, bere noten artean korapilatzea, gainerako musikariak gal daitezen, elkarren arteko armonia deuseztatuz. Hori gerta baledi, galduta leudeke musikariak. Zuzendariak, bidegurutzean erroak eginda bezala, bere musikarien sakabanatzea ikusiko du, hamaika bide desberdinetatik, haizearen poderioz partiturak nahasi izan balira legez. Hala ere, orkestraren nahasmena geldierazteko senperrenak egingo ditu, bere adatsa airean, besoak gora-beha. Dena alferrik. Orkestra, norabide bagako untzia bailitzan, pentagrama nahastekatuetan zehar nabigatuko da. Irtenbide bagako galmendian bezala. Zuzendaria deihadarka hasi arren, bere paperak bildu eta eskenatokitik ihes egin arren, ezerk ez luke orkestra geldieraziko. Izan ere, musikariak joikien menpe bait daude, joiki sorginduen gidaritzapean. Musika zorabiagarria geldiezina dateke. Urteak igaroko dira baina musika eroa ez da iraungiko, harik eta etsipenetan galdutako azken musikariak azken hatsa eman arte.

 

VII

Ezbaian dagoen bidaiaria ez da egundo garaiz ailegatuko. Alkondara hau edo hori aukeratzerako, behar beharrezko minutuak igaroak izango dira, halabeharrez. Arineketan irteteko premia sentituko du, agian trena ez bait da ondino irten. Baina kontrako barre indar handiago batek eraginda, ohe bigunean jezarriko da, eta besoak antxumatuko, etsiturik. Bidaia zentzungabea dela pentsatuko du, onurabakoa. Hala ere, dena galduta dagoenean, trena harrapatzea ezinezkoa denean, eta agian honegatik hain zuzen ere, bidaiaria jagi egingo da, eta eskilaretatik behera abiatuko, alkondara lotu baga eta prakak zabalegi eduki arren. Ziztu bizian kurrituko ditu kale jendeztatuak, tope eginez, izerditan, eta zirimiria, goitik beheraino busti baina bereziki begietan sentituko du zirimiria. Adegietako zainak odoleztatuko zaizkio min eman arte, odolaren kolpeak nabarituko, mailuak ingudean bezala. Aurrera segituko du ostera, haize sorgindu batek bultzatuko balu legez, irabioaren irabioz. Kaleak amaigabetu egingo dira, hala nola hegazkien arrastoa ortzean. Txerrenengandik iheska bezala joan arren, ez du ia abantzatuko, jendetzak oztopaturik. Dena dela, geltokira ailegatuko da, arras arnasbeharturik ailegatu ere, bihotza lehertzear. Eta, nahigabeturik, trena abiatzen ikusiko du, urruntasun ezezagunetarantz.

 

VIII

Bibolinaren soinu aratza, neskutza lokartu baten arnasa bezain liluragarri, hain ezti nola hauskor, horixe da entzun nahi nukeena, mendeen mendetan. Aire goxo bat, egunak eta gauak igaro eta beti gogoan dabilena, dantza amaigabea bailitzan. Hasieran leun, hasperena bezala, umearen irria bezala. Gero arnasotsaren tankera hartuz, amorante suharren gisara, zirraragarri, gar-gar, sumendiaren eztanda lakoa. Azkenik, aintziraren ur loa legez, goxo-goxo, atsegin-ikararen ondoan datorren barealdiaz, egundo amaituko ez den aire malenkoniatsuaren laztanak sentituz. Horixe da nahi nukeena, eta ez oinaze bihurtu zaidan bizitza hau, ez bakartasun pairaezin hau, mortu osoaren isiltasuna bezain neurrigabea.

 

IX

Koadro bati begiratzea arras korapilotsua da. Lehen koadroa duzu aurrean, ondino, eta dagoeneko ahiturik zaude. Eta ez duzu deus aditu. Eta museoko erakusketa ikuskizun, ondino. Begiak lausotu, hankak dardaratu, zorabioak hartu zaitu. Izan ere, koadroaren azpian dagoen tituluak —"Itsukeria Metafisikoa III"— ez el du koadroan nabartuta dauden itxura gabeko pintzeladekin zer ikusirik. Eta zenbatean dagoen salgai galdetuko bazenu, orduan bai eroaldia. Ondorioak erraz atera daitezke, nahi izanez gero: Egungo "intelektualgoa", ematen duenez, ideia gabezian eta benetazko talentu ezean oinarritzen da. Inork zioen legez, batzutan seriotasuna ezgauzen gordeleku izan ohi da.

 

X

Etsipenezko bide luzea ikusten da hemendik, bizitzaren goragune honetatik. Ilusio oro hilik. Zertarako gorantz behatu? Erripa horma bihurtuz doa, hobeto legoke irristatzea, jaustea, oroitzapen eta errenkura gabeko trokara amiltzea. Aurrerantzako urrats bakoitza penez jositako zorabioa da, eztarrian gorde ezinezko negarra da, zaina jasangaitza da. Dagoeneko, bizitza zuhaitz eihartua da, ibai agortua da, lur idortua da. Kaioaren auhena bezain tristea. Zenbat nozitu behar da, ondino? Zenbat arrastiri hits, bakartasun lazgarrienean? Noiz ailegatuko azken gaua? Noiz hartuko atsedena, gailurrera iritsi, arroka artean etzun eta azken loaren ferekak zoriontsu sentitzean baino?

 

XI

Aspaldidanik ez dit inork itxaroten. Atez ate noa galdezka. "Ez, ez gaude zure aiduru". Eta dagoeneko nekatu egin naiz, ate-joka etengabe honetaz. Eri koskoak ubelduta dauzkat, eta ez dit inork itxaroten. Ene begiak begirakune hutsaletara daude eginda, erantzun gabeko galderetara. Esperantza baga noa, bizitzaren norabidea erraturik. Badoaz egunak, badoaz urteak. Eta ez dit inork itxaroten.

 

XII

Etxea eraikitzen hasi zirenean bazeukaten ondino egin nahi zutenaren ideia izpiren bat edo. Baina adreiluak adreiluen gainean jarri ahala, proiektuak ahaztuz joan ziren, udazkeneko haize zirimolatsuak zuhaitzen hostoak eroan bezala. Ez ziren konturatu ezertaz ere. Ezta solairuak pilatzen hasi zirenean ere. Ez zituzten bata bestearen gainean eraiki, ez, denak nahasian baino, etxea galmendi bihurtuz. Teilatua ipintzeaz ere ez ziren gogoratu, eta han egoten ziren, zeruari begira, irtenbidea idoro ezinik, beren eskuez altxatutako galmendian harrapaturik.

 

XIII

Liburu itxia behatu, txirrindulari ahul bat eztulka igarotzen ikusi, iluntasunean eltxoaren burrunbada entzun, ganibetadaren mingorra sentitu, neskutza baten bular zuri tenteak miretsi, aspaldi hildako laguna, sinetsi ez arren, beste espaloian suertatu, arratsean bedarrean etzun, ortzearen izarratzea iguriki, izar bakoitzari bere izenaz deitu, alboko gelan ahots hordiak aditu, emakume baten maitasuna desiratu eta gizon baten proposamendu lizunkoiak besterik ez idoro, urte eta urteetan lo egin, ez gogoratzeko, karrika ilunetan noraezean paseiatu, bidaia luze baten ostean norberaren burua ere ez ezagutu, bostgarren solairu batetatik idazle etsi hura bere burua botatzen begiztatu, hogeita sei urterekin emakume bizardun batekin ezkondu, lagun min bertsozalearekin azken lamorkiza hartu, betiko desagertu baino lehen, agure bakarti baten begirakune galdua somatu, hiri deboilatuak amestu, zergatia jakin ez arren ihes egiten duen jendea ezagutu, umeak kale bazterretan negarrez kausitu, aharrausi egin, bizitzaz gogaitua, oihukatu oihukatzearen plazerragatik, ibaiaren korronteak eroanda heriotzaren sakontasuneraino hondoratu, ahaztuta izan (edo ezin ahaztuta izan, inor ez bait da zutaz egundo gogoratu), desagertu. Liburua ireki eta hau dena dagoeneko idatzita dagoena konturatu.

 

XIV

"Ningún alivio en la miseria
mía hallo; de ningún
mal estoy ajeno"

(Fernando de Herrera)

 

Alkoholaren eragin erregarripean, bere buruaz zeharo desjabeturik, X-ek pertsona misterios jatorri ilunekoen artean ikusi zuen bere burua, harriturik. Haietako batek Soviet-en aldeko ezaugarriz beterik zeraman bere jaka zirpildua, eta honen pean Vladimir Ilitch Ulianov-en irudi zimurtua, berau harrokeriaz erakusten ziola edonori. Honez gainera, aldiro, oihu eta arenga iraultzaileak jaurtikitzen zituen. Otoz, begiak lainatu eta une batez konorterik gabe gelditu ostean, X-ek pertsonaia harrigarri baten ondoan ibilkatzen ikusi zuen bere burua. Erdi elbarria zen, bere gorputza arras narriotsua. Eskuak barrurantz tolostuta, bere ezkerreko hanka narraz zeraman, ozta-ozta, gorputz itxuragabeak zatika jausteko hurran zegoela ematen baitzuen. Hala ere, arraroena zera zen, beren ondoan igarotzen ziren pertsonak ez zebiltzala boltxebikearengatik marmarrean, ezta elbarriarengatik ere, X-engatik baino, honek berak aditu baitzuen, lamorkiz galantaren erdian, honelako dunduria: "Begira, horixe duk Deustenlantz-eko unibertsitateko errektorearen aurrean erdi biluzik eta gaur bezain mozkortuta paseiatu zena."

 

XV

Abenduko hilbetean —hego haizeak jotzen badu— gauerdian zuhaitzek gerizpea daukate. Gauerdian baselizen horma zahar huntzeztatuek gerizpea daukate. Eta kanpaiek, inork ikutu gabe, jo egin ohi dute, euren hotsa mendietan barna zabalduz. Eta anima erratuen auhenak entzun ohi dira, urrunetik, hego haizeak ekarrita.

        Gaur bezalako gauetan —gaur abenduko hilbetea bait da, gaur hego haizeak jotzen bait du— txakur kateatuak zaunka ari ohi dira ilargia ezkutatu artean.

        Gaur bezalako gauetan gorpu-ohoinen arnas estuak entzun ohi dira kanposantu ilunbetsuetan, eta palen hots metalikoa hilkutxarekin topo egitean.

        Gaur bezalako gauetan —gaur abenduko hilbetea bait da, gaur hego haizeak jotzen bait du— hau bezalako idazle grinatsuak etxetik jalgi eta basorantz abiatzen dira, eta pago zaharretara igo, bertan, ilargiaren argi iradokikorretan, beren ipuin eta istorio malenkoniatsuak idaztera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.