L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Orbaina

 

Lehertutako kupelak ezin sagardoari eutsi eta modu berean nik ere oroimenaren jarioari ezin eutsiz gauza huek zelan gertatu ziren kontatuko dut.

        Txakolindegi zaharraren ondoan kanala zegoen, edo, hobeto esanda, kanalaren bazter batetan txakolindegi zahar bat zegoen. Kanal haren inguruak burdin harizko hesi batez zarraturik zeuden.

        Eguerdi hartan etzanda geunden txakolindegiko landan eta handik ondo ikus genitzakeen itsasontzien deskargak eta maniobra guztiak. Mundu osotik etortzen ziren barkuak hara eta gauez ohean geundela sirenek, eskifaiei gaztigatzeko edo, ateratzen zituzten marru ozen eta lotsagabeak entzun genitzakeen auzoko guztiek. Egunez, batzutan, arropa arrotzez jantzitako gizon taldeak ikusten genituen denden erakusleihoetan barrura begira; bitxienak, denak berdin, Maoz jantzita ibiltzen ziren txinatarrak iruditzen zitzaizkigun.

        Agian futbolaz nekaturik edo baloirik ez geneukalako edo sargoriak gogaiterazita edo batek badaki zer zela eta landa hartan geunden etzanda.

        Udaberriaren hasiera izango zen zeren eta landa txiribitez beterik zegoen eta arboletan lehenengo kimuak ageri ziren. Orduan, Jesus Miguelek bota zuen etxeko neskameak gonak altxatuta kuleroak erakutsi zizkiola eta guk ez genion sinestu...

        —Baietz ba! kuleroak erakutsi dostez eta nik ospa egin dot.

        Xabi hasi zen orduan:

        —Ba nik behin, osabagaz plaiara joan nintzen behin, neska bateri titiek ikusi neutsozan bikiniaren goiko partea jausi jakonean.

        Orduan Leok berriketa moztu zuren zirt eta zart batari zozo eta besteari artaburu deituaz hurrenez hurren eta denoi zuzendu zitzaigun —irakasle harroa bere ikasle inozenteei zuzentzen zaien erara— esanez ia ba ote genekien zer zeukaten emakumeek bi hanken artean.

        Eta gehienok lelo aurpegiz begiratu genion zeren eta lelorik leloenak ere jakin badaki ez daukatela ezer ez bada arrakaldura bigun eta misteriotsu bat.

        Fabrika handiko sirenotsa entzun zen orduan; horrek laster bazkaria mahai gainean edukiko genuela esan nahi zuen.

        —Neuk erakutsikotsuet sekulan ikusi ez dozuena.

        Hasi zen berriro Leo eta hori esanda Arte Eskolarako bidea hartu zuen.

        Arte ederretako ikasleak sarritan ikusten genituen ehun eta ohola handiren garraioan beren janzkera arloteekin. Beste gazteak ez bezala neska mutilak elkarrekin ibiltzen ziren eta gu zelatan ibiltzen gintzaizkien.

        Hamabi hamairu urteko ume saldoa abiatu ginen buruzagiak azkar ginderamatzala. Arte Ederretako eskola sasoi hartan oso lehio handi eta zabalak zituen eraikina zen eta bertatik kanala eta untziak ikus zitezkeen. Patar txiki bat igoz eta lehiotik begiratuz eskolako barnekaldea ere ikus zitekeen. Noiz edo noiz ikusita geneuzkan ikasleak lanean beren ohialak zirriborratzen edo irakasle serios baten azalpenak entzuten. Baina egun hartan berandu zen eta amak zain genituen etxeko sukaldean.

        Heldu ginenean Leok barruko aldera begiratzeko esan zigun eta guk gela handi eta desordenatu bat baino ez genuen ikusi. Orduan hatzamarrarekin seinalatuz gelaren bazter batean zegoen ohial handi bat erakutsi zigun.

        Emakume bat zen, horretaz ez zegoen batere dudarik, zeren eta koadroa oso errealista zen bukatu gabe egon arren. Irudikatutako hura ez zen ume bat eta emakumek dituzten ezaugarri guztiak oso nabarmen erakusten zituen eta hanka artean ikus zitekeen ile motots batez estalitako orbain gorriska hark denok utzi gintuen aho zabalik eta hortik aurrera etxerako bidea ixil ixilik egin genuen nor bere pentsakizunetan murgildurik.

        Etxera heldu nintzenean mahaian jezarri nintzen eta amak zopa atera zidan platerera baina egun hartan ezin izan nuen irentsi. Ez nintzen gauza izan ezta amari begiratzeko ere. Logelan sartu nindutenean paketan utz nintzatela xuxurlatu nuen. Gero aste bete eman nuen ohean amesgaizto eta kalenturetan galdurik...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.