L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nik enara neraman amaren aranekin

 

Teresa Igeregi

 

Gurea amaitu dela diozu.

        Bai. Beharbada alperrekoak izan dira gaur arteko atseginak. Elkarrekin eman ditugun egun urri hauetan maitasuna dastatu dugu, etorkizunean gehiegi pentsatu gabe; nork bere grinak bete ditugu, eta orain bazoaz beste alu batzuren bila, kabroi halakoa, rutinan erori garela argudiatuz. Ez naiz ni izango geldiaraziko zaituena, ez, are gutxiago momentu honetan, zulako pertsonak miserableak zaretelako. Inozoa, horrela zure askatasunaz baliatzen zarela pentsatzen baduzu. Sekula ere ez zaituzte asetu bizitza zikin honetatik lortu dituzun plazerrek, ezta?, zer nahi duzu ba? Beti sorbaldaren gainetik urrutira begira, eskura ez duzuna antsiatuz, jakin ezazu gutizia horrek gatibu zauzkala eta noizbait bekaitz indefinitu horrek galdu egingo zaituela. Zenbat bider jaurti didazu gezi zorrotz bat bezala mundua zabala zela eta ni, berriz, eperdi astunegikoa edo ikusmen urriegikoa osoa ikusteko. Baina zer ote dakizu zuk zorionaz. Ez didazu zeuk erakutsiko hitz horren esanahia. Gurea amaitu dela diozu eta onartu beharra daukat, min handiz. Baina ezagun duzu neuri buruz ez duzula apenas deus ikasi eta zorretan sentitzen naiz lehenago inoiz aipatu gabeko aitormen bat egiteko. Batzuetan oroimenaren hari hauskorrak eta sarrien ameskaiztoen zaztagaiek ahaztera uzten ez didaten istorio txiki bat da. Eta despedida den honetan kontatzen badizut ez dut ezeren zurigarri izan dadin nahi, irakur ezazu azken amodio laztana bailitzan eta ahaztu gero.

        Iturribide kaleko aldapa luzean gora laugarren pisu batean Teresa izeneko neska ziratsa bizi zen ama alargunarekin. Bost edo sei urte pasatuak ziren sendiko gizona zenak pausu txar batez aldamio garai batetik erori eta lau eguneko agonia baten ondoren munduan bakarrik utzi zituenetik. Orduan ere langile labanduaren fortuna txarrak ardo merkeren baten laguntza izan ote zuen hedatu zen auzokide zuhurrenen ahoetan, inoren zorigaitzean erreza baita pekatu izkuturen baten penitentzia ikustea —baina neuk beste zuk zeuk dakizu hori—. Inor ez zen asaldatu gertakariagatik, inork ez zien gupidarik eskaini bi emakumeei. Armadan lan egindako sasilehengusu batek bakarrik antzeman zuen emakume haiengan bi gizaki desanparatu; beraz, unibertsoaren ordena zuzena bilatuz-edo, hileta elizkizunak amaitutakoan alarguntsa negartiari hurbildu eta poltsa beltzean pistola bat sartu zion gordetzeko esanez, milaka zirela andre bakartiak munduaren aurrean aurkituko zituen arriskuak, opari bat zela... Baina guzti hura laster ahaztu zuten, edo ez oroituarena egin behintzat eta bi ama-alabak egunerokoari lotzen ziren: elkarrekin ez zeudenetan bata eskolan eta bestea etxeko lanetan banatzen zuten astia. Egun bat bestearen atzean, denak elkarren irudiko, harik eta uztaila bero bat iritsi zen arte.

        Udako egun sargoriek bihotza bitan banatzen zioten Teresari. Bere hamar urtetan agian jakitun zen bizitzak epe zehatz bezain aldagaitzak dituela, eta bere buruari minutu bakoitza aprobetxatu behar zuela esaten zion, ez dakit nik haurtzaro hura mamiagotzeko edo, behar hada, jauzi batez haurtzaroa urrunarazteko. Hala ere, etxe-zuloko bakardade hartan bere existentziari zentzua emango zion zereginik asmatu ezinik, minutuak eta orduak luzatu egiten zitzaizkion, neskatoaren ezinegonaz trufatuz bezala. Aspertuta zegoela esango duzu, bai, baliteke hori izatea, baina ez dudarik egin aspertasuna patuak egiten digun umilazio zital bat baino ez dela.

        —Berriz ere asmo-eske zabiltza, ezta? —bota zion amak, sukaldean horma zuriari tinko begira harrapatu zuenean.

        Desgogora onartu zuen baina ez zuen aitzakiarik bilatu amak ogitan joateko esan zionean. Ezker eskua eskudelan bermatuz binaka jeitsi ohi zituen eskilarak atariraino, atea zabaldu eta kalean behera abiatu zen ondo baino hobeto ikasia zuen bidetik. Betiko moduan Iturribideko horma hits haiek harresiak iruditu zitzaizkion, oso gutxitan irtetzen baitzen espetxe hartatik mundura, amarekin usuenik, eta halakoetan gogoa aurkikuntzarik liluragarrienez gainezka ekartzen zuen muga horiez bestaldetik... Erosketa egin eta berriz etxerako bidea hartu zuen, noiz oinez noiz saltoka, espaloiaren lerroari jarraituz, ogi bat esku banatan, besoak luze, adin horretan perfekzioaren ideia bitxiak sugeritzen duen simetria gordez.

        Mahai gainean utzi zituen ogiok eta bueltetako diru apurrok. Ama plantxatzen zegoela ikusita, ez zion kasurik egin. Berriz ere zerbait asmatu behar zuen denbora pasatzeko. Batetik bestera hasi zen etxeko geografia txikia korritu eta zerbait deskubrituko zuelakoan: armairu hau arakatu, kutxa hura zabaldu, pasabidetik sukaldera, sukaldetik komunera, handik amaren logelara. Gela ilun hartako kaxoi batean aurkitu zuen bere begietara lehen aldiz ageri zen tresna hura. Bai, lehenago aipatu dizudan pistola zen, luzaroan inoren arretarik merezi ez zuena. Kontu handiz ebatu eta besaulki batean eseri zen. Esku bat gatuan, bestea kanoian, jolasean, ez zen bestez konturatzen, tupustean amaren ahotsa entzun zuen arte.

        —Zer egiten duzu hor ilunetan?

        Bapateko ikaraldian Teresak arma izkutatzeko keinua egin eta harekin batera pistolak ertzen bat jo bide zuen. Tiro bakarra entzun zen. Teresa izutuaren aurrean haren ama lurrera erori zen astiro, nekeagatik bezala eta ohol zerenduek gorpuari zerion odol epela xurgatu zuten. Laborriak mugitzen utzi zionean, korrika egitea besterik ez zitzaion otu neskato izutiari, kalera, urrunera. Hiru ordu beranduago aurkitu zuten Erriberako nasako bazter batean kikildurik, eskuan zauri bat odoletan zuela.

        Hori da istorioa. Mila bider esan dut neure artean Teresa hori beste bat dela, ez duela nirekin zerikusirik, baina beste hainbat bider gailendu zait ebidentzia, eskua itsusitzen didan orbain hau, zure ezpainek hain ondo ezagutzen dutena, amaren bizia zaztatu zuen bala berberak egina baita. Bost zentimetroko zauri-marka horixe da haurtzaro hartatik gorde dudan zantzu bakarra eta berau ikustean zerbaitek errepikatzen dit bizitzak ematen didan poztasun bakoitza aldagaitza eta nahikoa dela. Zu, aldiz, arin nekatzen zaituzte txipitasun horiek. Orain ere, gure arteko maitasuna gutxietsi duzu eta bazoaz, amaitu dela esanez. Baina egunen batean minak eta bakardadeak apal zaitzatenean ez da zuretzat ere damurako biderik izanen.

        Adio.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.