L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Galway

 

Fermin Eguren

 

Galway zinez herri polita da. Irlandaren ezker saihetsean kost-egindako dakhar bikingo bat iduri, jendemodu arrai, bizikari eta txeratsuz populatua dago. Uda partean turistak laparra bezala lotzen zaizkio, armada ezinegon eta builatsua, gidek eta operadoreek agintzen dizkieten libertimenduez gozatzera. Jonek, Anton Marik eta hirurok armada horretako kidetzat ikusiak izan baino nahiago genukeen larrua galdu, baina funtsean egia baizik ez da geu ere oporretan haratuak ginela. Gure gidak ordea ez ziren turismo bulegoetako funtzionari koipelustre edo hastiatuak, baizik eta menturaren helantzak, aldian aldiko apetak eta pubetako iragarkiak. Gure buruak ezajola guztian haietara largatuz antolatzen genituen gure ibilera guztiak.

        Goiza garbia zen, zeruan lainolegor batzuk han hemenka zeruaren urdin arma txuriz titatzen zuten. Eguzki ahula herabez edo astunez bere arraitasun guztian ezin goratuz bezala ari zen, latitude gora hauetan gauza komuna den bezala. Itsasotik brisara gazi eta bixigarri bat heltzen zen.

        Hirurok elkarren ondoan gindoazen, ixilik, urrats nagian, nor bere maxkorraren barnean bildua, marraskilo tuntun batzuk bezala. Jonek aurpegia doi bat xuritua zeukan.

        —Atzo gehiegi edan genuen, eh? —esan nuen, inori zuzendu gabe.

        Inork ez zuen erantzun. Alorrak hondatu dizkion larrapote-plaga igaro ondoan laborari errekaratuari "Gose ziren, eh?" esatea bezain lekuz kanpoko oharra zen.

        Ixildu eta harritxintxar bati ostiko txipi bat eman nion.

        Herrira taju ixil eta bildu horretan inguratu ginen. Turista goiztiarrenak hor zebiltzan, hara ta hona lanpetu batean, nik dakita zeren bila. Haien tarrapata eta ibilgoseak gure pausu zurrun eta desgogotsuarekin kontraste bitxia egiten zuen. Goiz honetan guk ez geneukan turistakerietarako batere gogorik. Gesta nordikoen usainez xipaturiko kalearte estu eta bihurri haietan gaindi noragabe ibili genbiltzan, pasiadarekin nagiak botatzeaz beste xederik gabe.

        —Guinness edan behar dela eta Guinness edan behar dela —esan zuen bapatean Jonek, mutualdi luzea hautsiz eta denbora berean eskuaz sabela minki igurtziz—. Arraiek ezpadu, beitu zelako gorputzaldia utzi digun botika arraio horrek.

        Anton Marik begiaren bazterraz Joni so bat egin eta berriro behakoa lurrean josi zuen. Jonen hitzek Anton Marik Guinnessaren aldera zekarren zaletasun salbaiaren kritika bat iduri zuten.

        Gauzak gozatzera saiatu nintzen.

        —Hara —esan nuen—, beitu hor, errentako txanelak. Zergatik ez dugu alokatzen bat? Arraunketak on baizik ez digu egingo.

        Igerri gabe, Corrib ibaiaren bazterra segituz, txanelak alokatzen ziren molla txipi batera heldu ginen. Ibaiaren adar nagusitik berexiz porlanezko tope baten kontra hiltzera zihoan kanal txipi bat zen. Hormetako argoiletarik lotuak, dozena bat txanela zeuden, elkarren gainka metatuak, uraren txintxaun eztian kulunka, sehaska edo katabut luxe batzuk iduri.

        Nire sugerentzia berehala agradatu zitzaien nire adixkideei.

        —Zuek arraunean badakizue? —galdetu zuen Jonek mesfidantzaz.

        —Jakin? Arraunean egiteko zer jakin behar duk ba? —esan zuen Anton Marik, Jon animatu beharrez edo—. Tirok. Jon. Asko kobratu nahi badigute erregateatu egingo diagu.

        —Eztakit ba... —esan zuen Jonek, epel-epela.

        Txaneletara inguratu ginen. Hurbildik begiratuta, urrundik ageri ez zuten holako tokor eta astun aire bat antzematen zitzaien. Bakoitzak pare bat arraun luze alboetan kandaduz estekaturik zeukan.

        —Jox, zelako itzuli polita egin behar dugun —esan zuen Anton Marik, berotzen hasita. Anton Mari beti berotzen zen giharrak —edozein gihar— teink jartzea eska zezan jolas edo denborapasa baten aurrean.

        —Zenbat uste duzue kenduko digutela? —galdetu zuen Jonek.

        —Etzekiat —erantzun nion nik—. Jakin dezagun bertan.

        Txanelen aztertze periziala utzi eta alokatzailea bilatzen hasi ginen. Honelako mugimendu askoko itsaslekuetan beti egoten da txosnatxo bat, prezioak, orduak eta holako zerzelada guztiak kartel batean konpli adierazten dituena. Beraz, hirurok, lehia gehiago edo gutxiagorekin, ingurumariak aztertzen hasi ginen.

        Herriaren  erribale xamarretan ginen, eta goizeko tenore honetan ez zen arima bat ageri bazterretan. Beha ta beha aritu ginen, baina segur ere han ez zegoen mugimendu askoko itsaslekuetan egoten omen diren bezalako txosnen arrasto bihirik.

        Bapatean gauza batez konturatu nintzen. Kanaletik ezker berrehun bat metrora zegoen parke txipi bateko jarleku batetik norbait gure mugimendu guztiak arretaz jarraitzen ari zen. Beste biei disimuluz erakutsi nien.

        —Hori ote da jabea? —galdetu zuen Jonek ahots iraungi batekin.

        Gizona ez zen ongi antzematen, elkarrengandik berexten gintuen tartearengatik eta parkeko itzalagatik. So jarri gintzaizkion, eta hura guri, erne-erne, haizean oilanda gixen batzuen usaina usmatzen ari den axeria bezala.

        Apur bat aztoratu ginen, hurbildu nahi eta lotsa. Irlandako jendeak ingles zarratua egiten du, eta guretzat tormentu txipi bat izaten zen haietako batekin tratuan sartu behar izaten genuen bakoitzean (non ez gintezen aurkitu egoera afable eta arrai hartan zeinetan, asko edanaren kariaz gure hizkuntza bera ere ahazturik, kasik erdara guztiak mintzatzeko gauza sentitzen baikinen.)

        Ixtant batez holaxe egon ginen, elkarri tentemusu begira, ez arre ez ixo. Baina bapatean gizona astiro zutitu eta herrenka-merrenka gugana abiatu zen.

        Hurbildu ahala, argiago ikusi genuen. Aitona makur bat zen, hirurogeitaka urtetik gorakoa nonbait. Ibiltzeak lanak ematen zizkion, herren txikia egiten zuen ezkerreko hankarekin. Gure aurrera heldu zenean holako ardo sundaño baten laguntasunean iritsi zen.

        Diteken itxura zarpil eta zabarrena zuen. Hegal haundiko marinel-praka urdin batzuk zekartzan, dena tarratada eta olio kolpe. Haren alkondara garai batean xuria izango zen, baina orain liburuen orri tartean urte luzez atxikitzen diren lore osto ximelen margo histu eta zehazgabea ageri zuen, baieta haien mehetasun hauskor eta higatua ere. Gainean gabardina marroi luze bat zeraman, botoirik gabea eta tximurrez eta mantxa morez han-hemenka kurioski apaindua. Gabardinaren poltsiko erraldoietariko batetik kukuka, kangurokume bat amaren sabeleko zorrotik bezala, grazios-graziosa, estalgirik gabeko botila mutur ferde bat ageri zen.

        Pertsonai kezkagarriaren trazak zituen. Nik Lord Jim eta Colomboren arteko holako nahaste aire xelebre bat hartu nion. Gure ondora iritsi zenean hobeto ikertu ahal izan genuen. Egun zenbaiteko bizarrak haren hazbegien tolestura eta ertz gogorrak gehiago baizik ez zituen lazten. Begi txipi eta kasik klandestinoak malezia eta jakituria sakoneko pindarrez pizturik zeuzkan. Giza arimaren plegu eta flakeziak ezagutzeko naturak berezko sen batez dohatu dituen gizona ematen zuen. Ixtant batez gure aurrean ixilik geratu zen, begi kuskusero batzuekin gu aztertzen bezala. Tratulari aditu baten begirada zorrotz eta imintzio zuhurrak ageri zituen. Zerbaitek esan zidan lanak izango genituela horrekin erregateoan ezer lortzeko.

        Mintzaira zarratu eta bihurri batez, txanelak alokatu nahi ote genituen galdetu zigun. Nire ingles lastimagarrian mesedez astiroago hitzegiteko esan nionean, irribarre kokin bat egin zuen.

        —Honek turisten lepotik Jauja egin nahi du —esan zuen Jonek ahapetik—. Esaiok ez diogula bost libera baino gehiago emango.

        Nolaz eta Anton Marik guk baino ingles sendoagoa zeukan, bere eskuetan utzi genituen negoziazioak.

        Gure bost liberaren eskeintza jakinerazi zionean, gizonak bere irribarrea sartu eta afruntatua bezala serio-serio jarri zen. Ondoren, ez Anton Marik, ez Jonek ez nik ulertzerik izan ez genuen erasia batean abiatu zen, artetan baizik konprenitzen ez genizkion hitzetatik —eta hitzak ebaki aldiko pasiotik—, familiak altxatu beharraz, lanen diña ez diren sari ahalkegarriez eta Irlandako ohitura on guztiak errekara botatzen ari diren turista paganoen zigorradaz ikusteko zerbait bide zuena.

        —Bost libera edo ezer ez —esan zuen Anton Marik fermuki. Anton Marik itsuski laket izaten zuen gauzak fermuki esatea.

        —Aizue —esan nien nik orduan Anton Mari eta Jon aparte batera eramanez—. Begira zelako pildaire tristea daukan gizonak. Ezagun du negozioak ez diola etekin haundirik ematen. Tipo zintzoa dirudi. Nik uste dut apurtxo bat gehiago emanda ere ez dugula asko galtzen. Zer derizkiozue zazpi libera?

        —To, ba orduan zazpi libera —esan zuen Anton Marik berehala agurearengana inguratuz. Anton Marik itsuski laket izaten zuen tratuak denen gustora zarratzea.

        Agureak behako akitu bat bota zigun. Gutan Salomon erregearen meategiak bilatzea alper lana zela etsitu zuen nonbait. Hortz arteko marmarreta ilun batekin eskeintzen genizkion diruak hartu eta txanela bat erakutsi zigun, arraunak jadanik askatuak eta erabilia izateko prest-prest zegoena.

        Arraunean ote genekien galdetu baitzigun, hirurok batera baietz erantzun genuen, nahiz eta molla txipi hartako soka eta ontzi anabasatik ateratzeko erabili genituen driska eta zalapartak agian besterik pentsaraziko zion.

        Finean, aitona makurra parkeko arbolape itzaltsuko bankura tirriki-tarraka itzuli zen eta guk berriz, pozez eta pilpiraz txoraturik, umekondo katapusintx batzuen kontentuaz gure mentura berrira amarrak largatu genituen.

 

* * *

 

        Ordu bi genituen oso-osorik guretzat, eta Corrib ibaiaren lautada zilarraren bozkario eta udako freskotasun guztia ere bai. Gure gorputzak arestian erorimenduzko lauza baten azpian loturik zeuzkan ajearen aztarrena guztiak bapatean, magiaz bezala, aidatu egin ziren. Jon, hasieran ontziaren brankan eskuak antxumaturik Anton Mariren arraunkolpeei kuriositate uxkur batekin so zegoena, orain ontziaren kulunka eta eszitazioaren giligiliaz kutsatzen hasia zen, eta arraunak hartzeko bere txandaren zain zegoen.

        Nik, besteak bezalako legorreko piztia nintzen honek, pilpira eta asaldu berberak nabari nituen. Uhin maltsoen gainean joatea, zaldi fantastiko baten zelagainean kalopatzea iruditzen zitzaidan, ihi-sailak, ahate saldoak, pentze boluptuos, lertxundi itzaltsu eta gaztelu misteriosoen errauskinez inguratutako erresuma magiko batean barna.

        Badia harek, ibai haren goaia paisibleak bustitzen dituen bazter haiek, zenbat izpiritu irlandes ez ote zituen poesiarako durundi mehe batez mindu eta naturaren amodiozko amorosen pleinuzko eta sorterriaren laudoriozko balada eta kantika hunkigarrienez dohatu? Ez ote zen Byron eregia aieka eta erribera hauetara arribatu Eireren edertasunaz amoretan jausteko? Ez al zen bertzorduz Yeats minbera ibai honetan bertan lehiatu Lady Gregory-ren konpainia amoltsuan bere herriaren mina eta muina hilezinezko perpausetan biltzera? Joyce alkimilari sofritu harek berak, ez ote zuen bere musatzat aurkintze paregabe hauen eztiak eta suak moldaturiko emakume bat hautatu? Eta, denbora berean, poesia eta edertasun guzti horrekin batera, ibai honek zenbat odol ez ote du karreatu bere uretan, zenbat gorpu iretsi ez ote du bere ohantze ilunetan, askatasunezko gatazka etengabe baten garaizia ta derrotazko helantza krudelek hain jeneroski errendaturik? Corrib ibaia, oi Corrib ibaia, amodio eta herra, ezpata eta poema hire uretan eradatera jaisten diren parabisu eternoa...

        —To, lokartu haiz, ala?

        Ikaran esnatu nintzen. Jon arnas estuka zegoen, arraunak uretan geldirik. Anton Marik esku bat nire sorbaldan ezarria zeukan eta bestearekin arraunak erakusten zizkidan.

        —Hire txanda. Ezpaduk gogorik neronek egingo diat —esan zidan arraunen kutizia nekez ostontzen zuen ahoskeraz.

        —Ez —erantzun nion—. Neronek ere apur bat egin nahi diat.

        Arraunak hartu nituen. Lehen aldia nuen ene denbora guztian. Inor arraunean ikusten duzunean esaten duzu: "To, bederako lan errexa, neronek ere egingo nuke horrenbeste". Baina arraunak eskuetara hartzen dituzun bezain laster, puntuan konprenitzen duzu arraunek ere, beste gauza guztiek bezala, badutela bere trikimailua. Batetik, arraun-paleta biak posizio berdinean sartu behar dira uretan, urik gehiena mugi dezaten gisan, eta bestetik, beso biekin indar berdina egin behar da, bestela laster zoaz ibaiaren ertz batera nahiz bestera. Joni eta Anton Mariri luze jo zien lanari tamaina hartzeak. Haiek bogatzen zutenean ematen zuen ibai ertzetik intxixuren batek soka ikustezin batekin legorrera tiraka herrestatzen gintuela, ezin erriberak gainetik kendu. Ni hobekixe moldatzen nintzen, baina astiroago, eta, egia esan dezadan, intxixuaren malefizioari zeharo itzuri gabe.

        —Jox! Lan astuna da, e? —esan nien puzka, arraunak hartzeko pilpiran so zegozkidan Jon eta Anton Mariri.

        —Hobe atseden apurtxo bat hartzen baduk —esan zidan Anton Marik.

        —Ez. Nire hamar minutuko txanda ahitzeko gauza ote naizen ikusi behar diat.

        Erabakia baikenuen gutako bakoitzak hamar minutuko txandatan erabiliko zituela arraunak, Anton Marik nire osasunaren aldera bapatean agertzen zuen ardura hura zerbait gisaz banaketa demokratiko horren kontrakoa zen.

        —To. Hamar minutu. Orain ni.

        Akitua, arraunketa geratu eta Anton Mariri lekua utzi nion. Hatsantua nengoen. Besaburuak minduta neuzkan, gerria eta bizkarhezurra ere bai. Zalantzarik gabe, biharamonean ebaindurak agertuko ziren. Eta, azen ontzeko, eskuetan azala aidatzen hasi zitzaidan.

        —Ez dut uste gehiago egin behar dudanik —esan nuen eskuetako maskuriei begira.

        Ez Jonek ez Anton Marik ez zuten ezer esan, baina haien begietan piztu zen kontentuzko pindarra zen erantzunik aski.

        Ordu bete inguru generaman gure espedizio horretan sartuak. Hirurok nahiko nekatuta geunden, baina bakarrik ni nengoen amore emana. Jon eta Anton Mari beti bezain gogotsu ari ziren arraunei loturik.

        Bapatean, goizeko eguzki ahula hodeidorre beltz baten ostean ezkutatu zen. Haizea atera zuen eta, konturatzeko arterik eman gabe, lehenbiziko euri tantoak erori ziren.

        —Arraiek ezpadu! —hotsegin zuen Jonek— Hauxen bai dela suerte txarra! Herrira itzultzeko astirik ez dugu!

        Hasieran tanto xehe ta ilaun batzuk baizik ez zirena, kolpez udako zaparrada izugarri hoietako bat bihurtu zen. Furia uharka abiatu zen eta inguru guztian ez genuen aterbe bakar bat ere ikusten. Herria ordu erdiko bidean zegoen. Hara saiatzea erokeria izango zen. Ibai bazterrak begiz aztertzen hasi ginen.

        —Han! —hotsegin zuen Jonek— Beitu, hango arboladi hartan txabola bat dago!

        Horren gainean, Anton Mariren ondoan eseri zen eta arraun banari eragiten ziotela tximistaren pare abiatu ginen esandako lekura.

        Corrib ibaiaren ertzak ihi-moltsoz eta zelai ferdez inguratuta daude. Euria ari duenean han ez dago zuhaitz baten puntan baino aterbe gehiago aurkitzerik. Ordea, tarteka-tarteka, batez ere oraindik herriaren erribaletan zaudelarik, arboladi lodi eta itzaltsu batzuk baditu, euren enbarkaderu txipi eta guzti. Galwayko gazteek biziki maite omen dute hoien abar segretura biltzea, eta adinari dohazkon jostetak han egitea. Gu ez ginen jostetarako umorean, segur, baina abaro haren lehia berdina bagenukeen.

        —Astiro orain, astirooo...! —gidatu zuen ekurutze maniobra Anton Marik. Krak! Euria bota ahala ari zuen, eta eroturik lehiatu ginen txanela estatxean lotu eta enbarkadero ondoko txabola edo zelako hartara babestera. Txabola hura ordea, txanelak aterbean edukitzeko eraikin zoladura gabe bat zen. Ibaiaren gainean eraikia zen, eta urak barru guztia betetzen zionez, guk jai geneukan han.

        —Ointxen bai larruraino busti behar dugula! —hotsegin zuen Jonek etxola ondoko arboladiko lertxun baten azpira korrika babestuz.

        —Zerbezak hor daude? —galdetu zuen Anton Marik beste arbolape batetik. Amuarrain bat baino xipatuago zegoen, baina gauzak lasai hartuzale zen. Orain zigarro bat pizten ari zen— Gustora edango nuke bat orain.

        Ostatutik ateratzean gure lehenbiziko lana, Anton Mariren gomendioz, zerbeza batzuk erostea izan zen.

        —Zerbezaren ajea zerbezak kentzen du —esaten zuen.

        Jonek bere zuhaitza tirriputzinka utzi eta txanelara oldartu zen. Plastikozko poltsa xuri batekin itzuli zen.

        —Hik nahi al duk? —galdetu zidan.

        —Ez. Edan zuek —erantzun nion, ametsetan bezala.

        Gure egoera hura bitxia eta magikoa iruditu zitzaidan. Corrib ibaia, euriaren kolerazko erauntsi supitua, ikara, bazterrerako lehia, eta gero legor ezezagun eta misteriosoa, gure bizkarrean lerro-lerro fantasma edo fian gaelikozko armada baten antzera hedatzen zen lertxundi itzaltsu eta loetzana, haren ilunbe eta misterioa, nora jotzen zuten ez nekien, nortzuk ibiliak ziren ez nekien haren xendra xuri hertsiak, lurraren adatsean gizonaren urratsek —gizon ezezagunen xede eta lehia ezezagunek— marraturiko beste hainbeste arraia magiko batzuk bezalakoak. Euria, tanto freskoak masailetan behera, lur bustiaren usain sarkorra... Bapatean, droga batek bere lainoetan irentsia senditu nintzen. Non nengoen ni? Nor nintzen ni? Arboladi ixila parabisu sagratu bat bilakatu zitzaidan, zuhaitzen abaro flakora babestutako eta zerbeza lata bana eskuan zigarro erretzen jarritako Anton Mari eta Jon kolpez intxixu edo gnomo bi bihurtu ziren, parabisu haren zaindari bihurri bi bezala. Mitoz eta magiaz kargaturiko hosin beltz batera erortzen ari nintzela senditu nuen. Ispiluen bestaldean ezkutatzen den unibertso miresgarrira heldu nintzela senditu nuen. Eta, orduan, sukarrak darabilen baten fijazio zentzungabeaz, gogoeta bat heldu zitzaidan burura: "Unikornioak esistitzen badira, oraintxe xendra horretatik agertu behar da bat."

        —Mekabuenlapuñeta! —hotsegin zuen ahots ezagun batek.

        —Zer da? —galdetu zuen Anton Marik.

        —Ez gara iritsiko.

        —Nora?

        —Ordaindu ditugun zazpi liberakin ordu bi baino gehiago ezin erabili dezakegu ontzia.

        —Zer ordu da? —galdetu zuen Anton Marik, kezka punta bat ahotsean.

        Laurak jotzeko ziren. Txanela ordu bietan hartu genuen.

        —Atertzen hasi du —esan zuen Jonek—. Goazen aguro.

        Egia zen atertzen hasi zuena, baina artean lanbro nahiko lodi bat ari zuen.

        —Goazen bada —agindu zuen Anton Marik zerbeza lata hutsak plastikozko poltsara bildu eta ontzira igonez—. Hemendik herrira bitartean gaudena baino gehiago ez gara bustiko.

        Jon eta biok atzetik jarraitu gintzaizkion.

        Txanela euriz pelatua zegoen. Plastiko puxka batzuk jarlekuetan ipini eta soka largatu genuen.

        —Zer uste duzue egingo digula agure harek berandu iristeagatik? galdetu zuen kezkaturik Jonek, Anton Mariri abiatze maniobretan eginahalean laguntzen zion bitartean. Hemendik aurrera arraunketa ez zen izango gehiago josteta.

        —Ea sasoiz iristen garen —esan zuen Anton Marik esportzuz, arraunkada bakoitzarekin mihia apur bat kanpora atereaz.

        Sasoiz iristea ezinezkoa zen. Laurak eta hamar ziren jadanik, eta oraino puxka ederra falta.

        —Guk erabili ditugun erregateo ta aiko-maikoekin, tipo hori oraintxe mendekatu behar zaigu. Baietz denoi larrutik pagarazi —esan zuen Jonek arrenguraz. Arraunkadak ere gogoz kontra ematen zituela irudi zuen, iritsi nahi ezik bezala.

        Ibai bazterreko intxixua berriro ere bere soka ikustezinaz tiraka hasi zitzaigun.

        —Joder, Jon. Hori duk ganora! —errita egin zion Anton Marik.

        Denok urduri jartzen hasi ginen.

        —Are, are, utziok Mikeli! —leher egin zuen Anton Marik finean— Eztuk arraunkada bakar bat ere zuzen ematen.

        Etsiturik, Jonen lekura aurreratu nintzen eta arrauna hartu nuen.

        —Tipo hori kapaz da poliziari deitzeko —mormoxatu zuen bere popako desterrutik Jonek.

        —Hi haiz hi polizia ona! —deiadar egin zuen Anton Marik bere onetik aterea— Hainbeste berriketa egin barik esku bat ezarriko bahu arinago iritsiko ginatekek!

        Ni kikiltzen hasia nengoen. Jonen bildurrak neroni ere kutsatzen hasi zitzaizkidan. Eta Anton Mari sumintzen hasia zen. Anton Mari beldurgarria da sumintzen denean.

        Gogoeta txarrak nigandik kasatzeko, ene su, ene gogo guztia esku artean neukan lanean eman nuen. Une batera ezkero, ez nuen ezer ikusten; ontzi zolan euriak egindako ur-ixtilean txipli-txapla zebilzkidan zapatila xurietan iltzatu nituen begiak. Ene aldamenean Anton Mariren arnas hotsa entzuten zen.

        Apurka-apurka herrira hurbiltzen hasi ginen. Errentako txanelen molla txipia tita urrun bat baizik ez zen oraindik.

        —Eup! Eup! —egiten zuen Jonek, arraunkaden erritmoa gero eta azkarrago markatuz.

        —Beitu, hantxe dago jabea! —esan zuen Jonek ikarazko ahotsez, molla gainean zutik eta lausorik berexten zen figura bat erakutsiz—. Gure zain dago. Beitu, eskuak mokorretan ezarri ditu.

        —Eup! Eup! —sakatzen zuen Anton Marik. Ni zapart egiteko puntuan nengoen.

        —Animo mutilak! —karraxi egin zuen Anton Marik— Azken txanpa!

        Hortzak tinkatu eta azken bermakoa egitera prestatu nintzen. Eskuak irakiten neuzkan. Nire inguruan dena ezabatu zen. Pentsamentu bat baizik ez nuen: boga!

        Ximixtan aitzinatzen ginen. Haizeak zakarturiko uretako uhintxoek gure abiada titanikoari jazarkunde gogorra egiten zioten. Pixkaka-pixkaka, molla gero eta haundiago egiten hasi zen.

        —Jaungoikoaren izenean! —hotsegin zuen Jonek izu laborrian— Ukabilari eragiten ari da! Gureak egin du!

        Azken metroetan ene giharrak dzast! denak batera eten behar zitzaizkidala iruditu zitzaidan. Gezi akitu baten antzera sartu ginen mollako beste ontzien artean. Azken topekada batekin drak! gelditu ginen. Hautsia nengoen, porrokatua, birrindua. Nire aldamenean Anton Mari burua belaun biren artean eroria eta mihia kanpoan zeriola zegoen.

        Ni ere belaunen gainera makurtu nintzen. Bularrean bihotza pottoka bat bezala jauzika zebilkidan, aire freskoaren galdez erotua. Nire ahuleziaren erdian begiaren bazterraz nire atzean Jon ikusi nuen. Begiak gora jasota zegoen, aurpegian izu eta espantuzko zeinu lazgarri bat. Bere begiradaren haria jarraitu nuen eta...

        Aurpegia koleraz gorri-belztua, ontziaren benetako jabea ukabilekin guri mehatxu gorrian ari zen.

        Zorionez puntuan konortea galdu nuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.