Vladimir
1997-2000
 


 

1997ko azaroan entzun zen lehenengoz Vladimir Brigadakoen lehen oihua, "literatura gorria" azpizenburuz indartsu zetorrena. Fotokopiatua, fanzine estetikakoa, 25 pezeta /1 libera salneurriaz, aurreneko alearen editorialak Lehenbiziko bala titulua zuen eta adierazten zuten hura zela "literatur gorriaren eztanda. Horregatik sortu dugu Vladimir, batera hiltzen ikasi behar dugulako, bizitzen hasteko. Hemen gerra ez delako amaitu. poeta guztiak ez daudelako kartzelan eta hilerrian". Zarauzko bost gaztek osatutako taldeak —Gari Berasaluze, Jon Benito, Ekaitz Beatza, Gurru, Txili— poesiaz bete zituen 1999 bitarteko 13 ale. 1998ko irailera arte hilero, eta azken bi aleak, eten luze baten ondotik, 1999ko urri eta abenduan. Euren poema batzuekin batera, besteren poema eta kantuak ekarri zituzten, nagusiki, orrietara. Azken ale bat egin zuten 2000ko martxoan, Zarauzko Villa Manuela gaztetxeko desalojoa zela eta. Taldea literaturaren inguruko zenbait ekitaldiren antolatzeaz ere —aurkezpenak, errezitaldiak, poteo poetikoa...— arduratu zen.


Literatur Aldizkarien Gordailua