L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Vladimir aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Vladimir. 12. alea (1999-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Gure konplexu zaharrak berriro

 

Joxe Azurmendi

 

Ezer irakurtzen al da herri honetan? Edo ezer ulertzen al da, irakurriz gero? Edota nahi dena eta nahi den bezala irakurtzen da dena, ulertzen da, esaten da, "koherentzia ez zait balio interesgarria iruditzen" antzeko zerbait, Jon Juaristik Txillardegiri buruz jaulki zigunetik, izan ere dena berdin al da?

        Badago kakao bat oraintxe gure ideietan eta balioetan! Egia da, izugarrizko habailan ari garela "demokrazia mendebaldarrera" adaptatzen, gu ere beste guztiak bezalakoxeak izateko munduan, eta oso ondo ari garela gainera adaptatzen, abelera honetan laster helduak izango baikara segovianoak edo badajoztarrak bagina bezalaxe pentsatzera eta ebaztera.  Orduan gainditua izango dugu azkenik praderako betiko indioak izatea, eta ez dugu lotsatu beharko "aldeanoak" probintzietako aldean izateagatik ("aldinuak", esaten dute marinelek Bermeon).

        Alegia, martxa eta abiada honetan laster, gure karlistakume bekatarion lehengo bekatuen zorrak borratzeko, demokrategitxoak ere bilakatu izango gara, eta tolerantziaren tolerantziako gure lehia demokratikoan, edozer gauza ondo iruditu beharko zaigu, uste-muste guztiekiko izango gara etor-etorkorrak, ideia guztienganako egongo gara leiho-zabalik, birrinduak izango ditugu gaurko estukeriak, azkenean superatua izango dugu gure "nacionalismo cultural"a, mundu guztikoak bakarrik izango gara abertzaleak, zoko-mirrin triste honetakoak barik, izugarri poztuko gara popatik ematen diguten bakoitzean (konstituzionalki izan dadila), txit ohoratuak sentituko gara Euskal Herriko Unibertsitateak Millán Astray-ren ohorezko irakasle memoria instituzionaliza diezagunean urteroko jaiegun gisa.

        Egun horretan deportazioak, ertzaintzaren posta-tiroak neska-mutikoei, telefono-entzuketa, dena ondo egongo da, torturak, presoen sakabanaketak, senideenganako zipo eta zapokeriak, laidoak umiliazioak, burlak, eta politiko demokrata abertzaleen horren guztiaren bedeinkazioak.

        (Helvetius, Maximes et Pensées: "les hommes son si bêtes qu'une violene répétée finit par leur paraître un droit") Biolentzia besteari egiten zaionean batez ere.

        Baina orain, oraindik, egun hori berehala guztiz etor dakigun arte, ilusio pittin bat geure buruari baimendu nahi diogu, ilunabarrean irudikatuz, oraino lizentzi ditugula bizitzan intolerantziaren batzuk; buruan geure ideia pare bat, geuk pentsatuak, eta bihotzean preferentzia bi; zilegi dugula oraino geuk hautatzea geuretzako nahiago genituzkeen gure irakasleak denbora pixka baterako, El País eta BOEren dizipulu ferboretsu bilakatu baino lehen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.