Xaguxarra
1980-1981
 


"Aitzin solasa egin tenorean, preso atxilotu duten adiskide baten berri ukan dugu: Joseba Sarrionandia". Agur hori da Xaguxarra aldizkariaren lehen lerroa; eta aurrerago jarraitzen du: "Kazeta hunen segida lanbrotsua da, gutariko edozeinek ez du bertze bi baino gehiago ezagutzen, ez gatoz bat eta ez dugu, klarki aitorturik bederen, inungo xede, fede eta esperantzarik". Azalean Edward S. Dogson ("Heuscarologus anglicanus") ageri du eta hizkuntzalari honi buruzko artikulu batekin abiatzen da. Txema Larreak eta Josu Zabaletak sortu zuten Xaguxarra 1980an, Hordago argitaletxeak Donostian plazaratua, liburu eitez. Sortzezko ipuin eta poemak idazle hauek sinatu zituzten: Txomin Peillen, Andolin Eguzkitza, Joxemari Iturralde eta Joseba Sarrionandia (Pott Bandakoak) eta Susa aldizkarietatik ezagunak ziren Josu Landa, Iñaki Uria, Batxiler Zalakain eta Mikel Antza. Xaguxarraren bigarren alea (eta azkena) 1981ean kaleratu zen, liburu formatoz baita ere. Jon Miranderi omenaldia egin zioten bai azaleko argazkiaz bai hasierako idazkiez (Joxe Azurmendiren sarrera eta Miranderen poema batzuk). Lehen zenbakiko kolaboratzaileez gainera datoz: Mikel Etxebeste, Imanol Zurutuza, Txepe eta Paul Meabe.


Literatur Aldizkarien Gordailua