L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Larunbata baten izpiak

 

Mikel Etxebeste

 

Goizeko arnas ongarria topatu nahiean kaleratzen nintzen Apirilako egun haietan. Lehenbiziko orduak barre zabalarekin hasten genituen, esaterako gure herritik Donostira joaten ginenean. Eguna lainoturik azaldu zen gure begien aurrean, eguzkiaren izpiak ez ziran askorik sumatzen. Gauean euri asko egin zuen, oraindik ura putzuetan pilatzen zen. Gauz gehiegi ez da itxadoten horrelako egun batean gu bezelako mutil batzuentzat.

        Portalean aszensoririk ez dago eta eguzkiaren izpi argitsuen eza sentitzen zen jadanik ematen ziren lehenbiziko pausoetan. Hamabi pisoko soto batetik irtetea ez da hain espeluznantea, hots, eguzkiari agurra egiterakoan. Egun haietan ez nintzen ba sendimendu hoietarako egina. Laguna —Gaztelu zen bere izena— itxadoten egongo zen jadanik bere elektriku-izkiluko dendan. Lagun ona zen neretzat hura, behintzat ederki portatzen zen nerekin eta aurretik ba nekien orduak ondo igaroko nintuela bere alboan.

        Kotxeak bat bestearen atzetik igarotzen ziren nere aurrean. Atea itxia dago, dendakoak kanpoan dira. Goiko lainoak mugitzen dira mugimendu lasaitsu baterekin, etenaldirik ez dago begi harrituentzako. Gaztelu lagunak ba daki hamarretan hemen gelditu garela, baina hala ere distraitzen nintzen nere buru joku isolatuetan. Sorbaldan behatz batzu ikutzen naute, Gaztelu zen. Bere aurpegira begiraturik sumatzen da larritasun pittin bat, gaur oriental antzean jantzia dator: berak egindako sandaliak anketan —eraztun antzeko larruzko bi dira zeuzkaten—, bere andregaiak eskeindutako tunika zuri luzea, eta tergalezko galtza urdin zabal batzu osatzen zuten Gazteluren agerpen fisikoa.

        Hitzak errex irteten dira bere ahotik eta oztoporik gabe botatzen ditu bere kezkak, eta nik nahasten ditut bere intenzioak hasieratik:

        — Baina ez al haiz konturatzen epea ez dekela oraindik amaitu —bere aurpegiari ez zaio goibelkeri kutsua joaten— eta izango dukela denbora tasa hori ordaintzeko.

        — Joan izan behar diat lehenbizi furgonetarekin —esaten dit— Andoaineraino eta horregaitik beranduxamar iritxi nauk. Baina uste al dek tasaren epea nik uste diaten baino luzeago dala?

        — Gauza ez dek hire ustea ala neurea. Bei ziok nahi, baduk joango gaituk Andonirengana eta berak frogatuko gaitu larritasun ahul hau —bere begiek irudi dute zeruan zerbait aurkitu nahiean dabiltzala—. Zer? zerbait gehiago esateko baduk...

        — Bale ba... joango gaituk! —barrea du aho zabal horretan— oraintxe bertan. Auto garajea utzi diat, badakik orain aitak behar duela zenbait gauz egiteko. Hortaz gaurkoz autobusa hartu beharko diagu.

        — No jodas! Uste nian jadanik erabat independizatua hintzela hire aiteetik. Esperantza nian furgoneta horretan ibiltzeko... zaharra baina dibertitua dek.

        Sartu ginen bezala irten ginen gure hauzoko autobus urdinetik. Milabederatziehun eta hirurogei eta hamabosteko Apirilako egun haretan, beste anitz egunetan gisa, Donostiko hirian ginen gure arazotxo burokratikoak betetzeko. Hiriak oro bezala Donostiak badu usai berezia kanpotar guztientzako, gu kanpokoak ez ba ginen ere Kapitalaren presentziaren jabekuntza bideratzen genuen bere kale luze eta ibil-toki zabaletan ematen genituen urratsetan. Santanderreko bankoetxearen atarian laguna itxadoten nintzen. Hau ez da noski bulego zentrala, erreparatzen ari diren areto bat besterik ez da. Inoiz ez da ikusi banku etxe baten sarrera gisa honetan antolatua: ate ttipi bat besterik ez du; aretoaren fatxada oro egurrezko olez josia aurkitzen da; jendea ez galtze arren kartoizko txartelak ikusten dira; sarrerako zola egurrezkoa eta ondar zuriaz zikindua.

        Autoen koloreak eguzki itxastarraren izpiekin kontrastatuz errefleju zenbait eskaintzen ditu goiz honetan. Gutxietan, baino noiz behinka zakur sueltoak ibiltzen dira kaleetan, ia beti jabea agertzen da haien atzetik. Bost minututxo pasa ditu Gazteluk hor barruan eta itxadoten segi behar.

        Urratsak aditzen dira egurrezko zola horretan eta jendea irteten da kalera bere solasaldien artean. Lehen baino xamurrago ikutzen dit sorbaldan Gazteluk bere behatzekekin, bizpahiru urrats emanik esaten dit:

        — Arrazoi uken, datorren astean amaitzen dek ordainketarako epea. Eta zergait ez haiz sartu? Neska eder batek atenditu nau, kristona hi, hilehori eta altura ederrakoa. Ikusi behar uken...

        — Bai eh... Neri ez zitzaidan horrelako neskatxik suertatu, gizon pare bat besterik ez nian ikusi mostradorean. Ni haizak eta denbora gehiegi igaro dek ez...

        Ia beti bezala Donostian ginenean buelta luze bat ematen genuen kale eta ibiltokietan zehar. Gure iritziz liburutegi onenak zirenei bisitatxoa egiten genien, eta posible ba zen ere libururen bat lapurtzen genuen. Gaztelu oso eskaparate zalea zen eta denbora nahiko ere erropa berriei so eginez joaten zitzaigun.

        Azkenik Gazteluren intenzioak diska denda batera hurbildu eta sartu ninduten. Itxuraz elektrodomestiku etxe bat da, baina atzeko areto ttipi batean diskoak saltzen dituzte. Gazteluk hango neska saltzailea ikusten denez asko ezagutzen du. Nik musikaz arras gutxi dakit eta baztertzen naiz haik dauzkaten solas baitatik.

        Konbidatzen nau aurikularreetatik musika hura entzutea: lehenbizi Marruekosko musika entzun dugu, gero berak deitzen duen musika elektronika hori. Beti bezala gauz hoietaz diskutitu dugu hauzora itzultzerakoen autobusean. Nik esaten nion txikitan Lourdes Iriondo besterik ez zitzatela gustatzen, hark berrik esplikatu nahi zidan hura ez zala musika osatu bat, ez zala musika aurreratu bat. Ezagun bat ikusi nuen bideberan autobusan eta haren hitzen baitatik sumatzen nuen larritzen zala nik egitxen nizkion zenbait galderen aurrean... Egia esanik aspaldidanik ez nuen ikusten eta nabaritzen zen bere arpegian denbora ahaztu baten zubi ahuldua.

        Dudarik gabe larunbatak ziren nere baitan egunik argitsuenak, egunaren orenak oro betegoak dirudite eta lasaitasun nabaritu bat hedatzen zen kalearen giroan. Bazkalondoan kuluska luze bat egin behar zen, gorputza oro al zen heinean erlajatu sofa handian —etxeko mueble maiteena eta erabilliena urte askotan zehar— kalera irtetzeko oren pozagarria itxadoten soilki.

        Goiza susmo txarrarekin hasi banuen ez nintzen orain horren txartotzat hartzen nere egoeran. Itsas ertzeko argitasuna gure herrira ere iritxi zen, zeruan ez ziren jadanik laino goibeltsuak agertzen. Arratsaldeko lauretan kaleak gorri dira, apenas ez da mutil bat ere ikusten eta kotxeak interbalo isil eta luze batzuen tartean pasatzen dira etxe aurrean. Pisoa azken aurrekoa da eta kanpora dituen bi leiho bakarretan ikus daiteke herriko teilatuen paisajea, guztia telebistaren antena kolektibaz hornitua. Gelditasun paketsu honetan igarotzen det bazkalondo hau, tarteka, ahaideak ez daitezen ohartu, despensara hurbiltzen naiz eta aniseko botilari xurruoa batzu ematen dizkiot. Aitek eta anaiak distraituak dagoz telebistarekin eta ez dira konturatzen.

        Betiko tabernara iristerakoan Xanti ikusten dut, bakarrik dago mahaian jendea itxadoten. Ator ilun bat jantzia du eta jertsea alboan duen ahulki batean utzia dauka, zihuraski gaur bere baratzean lan egina izanen da zeren larrua pittin bat gorritua du, baikortasuna sumatzen da bere aurpegian ikusi nauean. Alboratzen naiz eta salutatzen dut, berak eskuan duen zerbezari xurrupa ematen dio.

        — Kaixo! zer moduz Xabi! —barrearekin isiltzen da, botzen du haize bat eta igortzi du bere mihiarekin bibotean gelditu zaion zerbezaren aparra. Arratsalderako behintzat eguraldi ona diagu ezta?

        — Bai Xanti, zer gaur baratzean ibili al haiz lanean o zer, larrua zertxobait gorritua daukak, ohartu haiz?

        — Zer ni baratzean, keba, keba... Ba dakik nolakoa naizen ez nekien goizean zer egin, aitak konbidatu nau berarekin mendira joatea ia xixaren bat agertu ohi dan ikustea, baina ez nauk berarekin joan. Gero Maiteri deitu diot baina ez zuen inork telefonoa kontestatzen, kanpoan egongo dituk ala? Eta azkenik badakik zer egin deten eskopeta hartu —barrearekin isiltzen da, eta bere esku batek basoa berriro hartzen du eta beste eskua nere besoan ipintzen du— eta mendira joan nauk zakurrarekin, eta ez dakit nola arraio zakurra galdu diat.

        — Ostras, ederra egin dek! Oraingoan zakurra galdu. Baina zertara joan haiz mendira —galdetzen diot— eskopetarekin, hik noiztikan egiten dituk horrelakoak?

        — Hik ez nauk ezagutzen, ni txikitan horrela nintzen zer uste dek ba. Orain ez nauk biolentoa —serio jartzen da eta hitzak ongi neurtutzen saiatzen da— eta ez uste astakeririk egiten dizkiatela eskopetarekin. Leheno bai baino orain ez, ez nauk biolentoa.

        Xantik beti bezala gauz asko ditu kontatzeko. Noiz behinka erlojuari so dio.

        — Hi! badituk onezkeo seriak eta hemen ez duk inor ageri. Ez al duk deusere hartu nahi? Ez, bueno ba nik beste zerbezatxoa hartuko niake.

        — Eskatu bi orduan.

        Ordu erdi bat igaro zen taldeko besterenbat azaldu arte.

        Batu ginen taldeko beste gutziek —Maite ere agertu zen eta Xantik beti bezala explikazioak eskatu zizkion— eta jardun genuen gure betiko kaleetatik itzuliak egiten. Jadanik arratsa zen eta azken izpiak desagerturikan guretzat prestijiodunak ziren gau beltzetan sartzen ginen.

(1980)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.