L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Kareloren istorio xumeak

 

Joxemari Iturralde

 

I

KARELOREN POZA

 

Kareloren poza egunero ordu berberean hasten da, arratsaldeko 6,30etan inguru, etxeruntz eramaten duen trena hartzerakoan. Lantokitik presaka irtengo da eguneroko une txarrak, ifernu bihur hori, ahaztu nahiean, lokamuts ikaragarria utzi nahi izaten den moduan. Geltokian dagoenerako wagoian sartzeko zai, oso egun gogorra eta latza izan dela hasiko da pentsatzen, hau ez dela bizitzeko era, abereen gisako bizimodu tristea daramala, baina kasik berdin zaio, zeren laster etxean egongo baita. Etxean bai lasai, etzanda, mundutik kanpo, nahiko betaz dena ahazteko hurrengo egunarte, behintzat, ezertaz ez pentsatzeko. Bakarrik garagardoz arduratzeko kezka, aski edukiko duen ala eska samar ez ote dabilen, bapo bapo afaldu, patxadan eseri, joan daitezela orduak beren etengabetasunean, eta besterik ez.

        Zoriontasuna gauza xeheetan omen datza, horregatik Kareloren poza sinplea da oso, eta trena aurrera doan bitartean, Karelo kantu xume bat hasten da kantatzen leihotik begira, berak asmatutako kantu laua, irratian askotan entzun ohi den soinu horietako batez lagundurik:

                "Bost urtez gela bilatzen

                Beste hamarrez ordaintza

                Gauzak ez doaz aldatzen

                Horra non den ene kezka".

        Ez da abeslari yayoa, noski. Ez daki hitzak ere behar bezala egokitzen, baina nori axola zaio hori; etxera heldu nahi du lehenbailehen eta bitartean, nolabait pasa behar denbora. "...denbora enganiatuz eman nituen urterik ederrenak...". Bururatzen zaiona kantatzen du. Edozein gauza. Aurrean duen iragarkia ikusita, non amak negarrez, zotinka dauden haurrei aspirina pare bat ematen dien malkoak lehortuz gehiago ez sufritzearren, bestea bururatu zaio:

                "Ez naiz gehiegi kexatzen

                Aspalditik joan zan poza

                Noizko ote ase sufritzen

                Malkoak datoz gainezka".

        Eta ez luke une eder hau hautsi nahi bihar goizeko 7etan jeiki behar duela pentsatuz. Nahiago du beste edozertan pentsa, gurago du oporrak arte zenbat egun falta zaizkion kontatzen hastea, eta orduan ohean geratuko dela egun guztiz ezertxo ere egin gabe, denbora begien aurretik urruntzen ikusten soilik, lan zikin hau madarikatuz behin eta berriro, garagardo freskoa edanez neska lirain eta eder horren desioz, dirua jokatuz lasterketetan apostu eginez, egun guztian ohearen gainean etzanda leihotik begira, aberatsa banintz, orduan bai, zein ederra zaren neska, garagardo freskua eta apartsua, bai, ederra da benetan bai, etxeratzea...

                "Gaitza dun hola bizitzen

                Ta Kareloren bihotza

                Ez gehio penatzearren

                Har ezan, mesedez, neska".

        Orain dela hamabost urte hasi eta egunero gauza bera. Bederatzi mila joanetorri, inguru, tren zatar honetan, eta gauzek hasi ziren eran diraute, ene bizimodua ez da askorik aldatu, eta hala segi behar derrigorrez oraindik beste hogeitamar urtez, gutxienez, berdin. Hil arte bizi behar. Hirurehun-da hogeitamar hilabete, hirurogeitamar mila egun, ehun-da berrogeimila joanetorri oraindikan tren zirtzil honetan. Eta gero beste ahalegin ttipi bat azken geltokiraino, trenak betirako geldirik egoten diren lekuraino, hilak, gorputzak pilatzeko toki geldi eta isil horretaraino...

                "Gaur, eguzkiak kiskaltzen

                Bihar, inolako hotza

                Ni beti berdin, amiltzen

                Ez naiz hasiko parrezka".

        Azken geltokira trena heltzean, oraindik hogei minutu oinez ladrilu marroizko auzategi horietako kale batetik. Bere kalea hartzen duenerako, ilundu du eta etxeek are triste eta itsusiago dirudite. Inoiz ere atsegin izan badira. Karelok goruntz begiratzen du, eta kaleko farolen argi horiskaren ezaz konturatuz "laster piztuko dituzte" dio, eta aurrera jarraitzen du. Ez da zail Karelo konformatzen. Iluntzean eskaratzan sartzean, gezurrezko hortzadura bezain faltsua da auzokoen irriparra.

 

 

II

HIRUEK ZOROKI MAITE NAUTE

 

Zergatik maitatzen naute hiruek? Honek buruhauste piloa besterik ez dit sortzen eta. Oraintxe bertan esango dizuet argiro zer gertatzen zaidan azkenaldi honetan. Ni bizi naizen etxe beran bizi dira hiru emakume eta nitaz zoraturik maiteminduta dabiltza. Hori da gertatzen ari dena, sinpleki, gau eta egunez nitaz pentsatzen dihardutela. Ez dut hainbat merezi. Benetan. Beharbada birekin nahiko izango nuke. Bai badakit, txikitatik neskatoak nire atzetik ibili izan dira beti, eta ni ere neskazale amorratua izan naizenez gero, bada, gauza normala da orain ere hiru emakume hauk nigatik txoratuta ibiltzea. Baina, agian bi nahiko zitekeen. Gainera Matildarekin jadanik lau izango lirateke eta ezin denak pozik utzi. Matilda, baldin ez badakizue, ene andregaia da, baina ez pentsa gauza finkoa denik, jakina gauza behin behinekoak zer izaten diren, aspertzen naizenean aparte utziko dut eta segituan beste batengana joango naiz behar baldin hada. Matildarekin duela hiru urte tratuan hasi nintzenetik. Orduan orain baino askoz lirainago zirudien. Egun, piska bat zahartu da eta gehiegi loditu. Lehengoan esan nion ia noizko moztuko zituen zangoetako bizarrak. Hori alde batetik eta gero berriz, daukan arnasatsa, hori bai gehiegi dela. Baina ohean dena ahaztu ohi da, ala ez? Lehenbizi Matilda eta gero beste hirurak hasten badira berdinean, berehalaxe hustuko naute, urtuko naiz eta ez da posible inola ere. Erraz konturatzen naiz oso xarmangarri naizela neskentzat, baina hiru eta Matilda demasa daiteke, benetan. Eta, zer egin bestela?

        Haik dira ene atzetik dabiltzenak. Honetaz garbi konturatu nintzen herenegun, Tronz andreak pakete hura bota zuenean igangailuan, nik berehala lurretik jasota atzera eman niezaion. Emakume horren begirada, ene begietan iltzatua, kilikatua, amodiozko su gartsutan ahitzen ari zen, baina nik ez nion kasu handirik egin. Begira ezazue zein arraroak diren emakumeak! Esan dizuet nola Tronz andrea nitaz zoroki zoratuta dagoen; hala eta guztiz, ene ustez, bere senarrarekin jarraitzen du arrazoi sinple bakar batengatik bakarrik, eta hauxe da, senarra utziko balu eta dena lagatuz niregana etorriko balitz, gizonak berehala bere burua hilgo luke, eta hor dago koska. Hori garbi dago, eta zurrumurru txarrak ez altxatzeagatik haren ondoan jarraitzen du soilik.

        Nik beti neskatan zorte izugarria eduki dut. Oso erraztasun haundia daukat neskak guztiz maitemindurik uzteko. Hau da ene ahalmenik ederrena, nabariena. Eguneroko lana eta beste gauza guztiak ez zaizkit batere inporta, bost potro axola. Gainera zertarako lan egin, norentzat? Hemendik ere, nahi izan ezkero diru mordoa atera nezake, hontatik. Ez dakit zenbat diru edukiko duen hirugarren etxebizitzako andre alargunak, baina kristoren pila bai, segur. Ni ez nauzue horietakoa, baina, jarrita, diru piloa kenduko nioke aiseki. Bakarrik bizi den alarguntsa, ez daki zertan denbora eman, zer egin, nora jo, niri botatzen dizkidan begiradetan antzematen zaio gehiegi aspertzen dela, zeredozer nahi duela eta gainera oso pozik hartuko lukeela. Beno ba, guzti hori niri eskatzen dit, niri bai, niri.

        Beno, egia esatekotan, ez dit oraindik ezertxo ere eskatu, inoiz ez dugulako hitz egin elkarrekin, baina begietan nabari zaio nitaz txoraturik dabilela eta nik esandako guztia egingo lukeela bertan. Segur naiz bai, hortaz. Orain ni bakarrik nago haren bizitzan, bere pentsamenduan, neu naiz bere bizitzaren jabe, horregatik gehiago ez dabil orain dela gutxirarte zuen zakurrarekin. Maitale bat hartu, bestea utzi, gauza guzti horik oso delikatuak izan ohi dira, horregatik ez dit kasurik egin, behar den herabetasunez, gaur goizean ezkaratzean topo egin dugunean.

        Emakumeak, arraroak bai, benetan, eta beren nahikeriak bai garestiak! Matilda honek batere dirurik gabe utziko ote agudo! Elkarrekin egoten garen bakoitzean gero eta diru gehiago eskatzen dit. Eta aspertzen ari naiz. Astero duro pilo hori ematea larregi iruditzen zait; gainera, bera ere ez al da ohean nahiko olgatzen?

        Ba al dago nesken gauzak ulertzen dituenik? Ezetz uste dut, eta nik inork baino gutxiago oraindik. Lehengoan bai, barreka eskaileratan hirugarrengo ihaus horrekin eta gaur berriz, ezer ez, ezta kasorik ere. Noski, tipo batekin musukatzen zebilenez gogotik ilunbean, bada, ezta agurtu ere. Oso haserratu naiz. Emakume zerri hauek nazkatzen naute.

        Lekuz, etxez aldatu naiz. Bai, etxebizitzako alokairua aski garesti baitzen. Honela, orain ez dut Matildaz maiz pentsatzen. Ez dut esango etxe polita denik, edo merkea, baina bart bai neskato ederra ikusi nuela aldameneko bizitzan. Bere leihoan eta nere gelakoa pare parean daude. Ordutan egoten naiz leihotik begira. Oso gaztea da, ilehoria, guztiz xarmanta benetan eta zelako ditiak!, ikaragarriak, sinestezinak. Berehala sinistuko didazue esaten badizuet gorputz izugarria duela, itzela. Bihar bertan jakin behar dut nola deritzon, zeren uste baitut bera eta ahizpa gazteagoa nitaz maitemindurik daudela honezkero.

 

 

III

"CAPRICCIO BASQUE"

 

"Begira jauna, Herri hau eraikitzen ari diren horietako bat nauzu. Aberria egiten ari garenetako bat. Gizon sinplea, ni bezalako hainbat baitago, ez diot bizitzari askorik eskatzen, baina denon artean ari gara Herria jasotzen, bai, ni ene ofizinako lan apalaz ere bai, burokraziak badu bere garrantzia gaurko munduan nahiz eta askok ez pentsa berdintsu, goizetan altxa eta bulegora, bazkaldu gero, arratsetan buelta berriro ofizinara, lanera, paper pilo bat zai, eta txosten, eta dokumentu, bai jauna, hala eraikitzen da Herri bat, pixkana pixkana denon artean. Lehendakaria niregana etorriko balitz eta ia "hiritar eredu" naizen ala ez galdetuko balit, baietz erantzungo nioke dudarik gabe, pozez puzturik. Zeren beharrezko baikaituzue. Txikitatik hasi nintzen gogor lanean, ikasketak utzita, soldaduzka ere bete nuen zintzo, bulegoan sartu nintzen orduko andregaia bilatu eta ezkondu nintzen berehalaxe (eta orain ohar bat, jauna, zergatik zuek, kazetariek ez duzue "ezkondu" hitz itsusi hori aldatzen? Denok dakigu ezkontzean baietza eman behar dugula eta ez ezetza, orduan, zergatik hitz hau ez-kondu, zergatik ez duzue aldatzen eta hemendik aurrera ez-kondu esan beharrean, bai-kondu esaten? Zuen esku uzten dut ideia hau). Ezkondu nintzen baina ez dut damurik horregatikan, zeren hiru semealaba baitauzkat eta laster laugarrena datorkigu. Betor Jainkoren nahia bada. Herria sendo eta jendatsu behar dugu. Partaide naiz Herri honen haunditzean ere lanaz, eta politikoei uzten diet berea egiten, ni baino askozaz trebeagoak direnez, haiek badakite nahiko hortaz nik hautatu bainituen botoen bitartez. Argi, ur eta alderdi politikoaren kuotak ordaintzen ditut legeak eskatzen duen moduan hilabetero. Manifestapenetara joan behar baldin bada ba, joaten naiz zintzo baitaere. Etxebizitzaren epeak pagatzen ditut eta duela gutxi bukatu nuen telebistaren ordaintza. Lasaitasuna behar dut, eta pakea, pakean bizitzeko aukera, istilurik gabe, semeek buka dezaten karrera.

        Nik ez dut esaten nire bizimodua ederra denik eta hau posible den mundurik hoberena dena. Bakarrik, nahiko dela egiten dudanaz eta ongi dagoela; gauzak aurrera eramteko ni bezalako jendea behar dudzuela, gauzak ondo egin eta lana gogotik, horixe bakarrik. Ez nuke galerazi nahi...".

        Gutun hau dendariaren senarrak idatzi duela uste dut, ene emazteak erostera joaten den dendakoak. Atzo, biagoa egin ondoren egunkariaren idazlaritzara nindoala, aurpegia freskatzen ari nintzela karta zati hau aurkitu nuen xaboi pastila biltzen zuen paperean. Orriaren haseran ipintzen zuena egia bada, idazleak ene egunkariko "Irakurleen gutunak" sekziora bidaltzea pentsatzen omen zuen, nik beharra egiten dudan egunkari berberera. Kasualitatearen sinesgaitza! Ni bainaiz periodiko horretan kirol sekzioko arduradun.

        Gaur goizean idazlaritzan "Gertaerak" eta "Herriko oharrak" sekzioetaz arduratzen den kideari galdetu diot badaezpada ia ezer bazekien karta horretaz, eta ezetz erantzun dit. Baina paperontzia miatzean, hantxe kausitu dut gutun galdua, ia guztiz apurtuta. Berriro joan naiz harengana eta orduan baietz esan dit, berak botatako karta berbera izan zitekeela, eta inolako kezkarik gabe gainera, eta mesedez pakean uzteko, pake pittin bat behar zuela lanerako, ezin duela denborarik galdu txorakeritan eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.