L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 3 (1988-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Kristalezko egunak

 

G. J.

 

                                Ile nahasietako neskari eskainia

 

Logelan eta irrati zahar baten notaz bustirik, kriseilu apal batek irudi makurtu baten itzalarekin bere kasa jolasten zuen. Irudiaren pisua aulki batek neketsuki eusten zuelarik, honen alboan buka ezinezko liburu hilera batzuk arroki altxatzen ziren, ongi pilaturik mila idazleen jakinduri eta obra biblioteka bateko apaletan solasean...

        Idazten ari zen irudia, bere boligrafoa eragingailu arraro batez piztua zegoen eta horri baten barnean hizki distorsionatu eta alditsu batzuk dantzatzen zuten tinta urdinezko aztarnak utziaz. Bapatean irudiak durbazio instintiboz idazketa geratu zuen, haseran logelako hormak begirada zorrotzez miatu zituen eta gero goruntz begiratzerakoan ke gris flotagarri bat inguratzen ari zitzaiola ohartu zen, hau bere gorputzarekin topatzean ikusi ezina bihurtu zen eta hotzikarak irudiaren bizkarrean zehar bidai motz bat egin zuen.

        Nere garunaren lurralde ezezagun batean sentitu nintzen, ganbara huts batean eta iluntasun sarkoitz baten preso. Atmosfera trinko hartara ohitu nintzenean hutsune argitsu bat ikus izan ahal nuen; gau beltz batetako izar bakartia bezela, neri zai. Pentsakizun zehatzgabetan murgildurik efekto argitsura igeri egin nuen indar ezkutu batez erakarririk. Harri batek nere burua jotzean esnatu nintzen, nere ingurunera behin eta berriz begiratu ondoren lupetza beltz eta itzaltsu baten mendiska batetan nengoela konturatu nintzen. Nahiz eta lupetzak ttukatzen zituen lurrin hatsituak nere ikusmena galerazi, aldameneko mendiskan harriak botatzen zituen izakia ikusi nuen; txikia eta lodia, bere bizkarraren gainean konkor arraro bat nabarmentzen zelarik, buelta eman zuen eta zimurrez ongi landuriko aurpegiaz aurrez-aurre geratzerakoan begirada lauso batez zeharkatu zidan.

        — Nor zara zu?

        — Ilmo aspertua deitzen didate.

        — Esango didazu, horregaitik botatzen dituzu harri hoiek?

        — Bai. Gorgo errealitatearen aztiaren presoa naiz, nik harri bat botatzen dudanean Eztoposko biztanle bat aspertu egiten da. Eztoposko sorreratik nago ni hemen, Gorgok egun batez malkozko aintziran itotzen ari nintzenean "ongiz" hitza askatu nuelako geratzen zaizkidan hurrengo egun guztietarako honera bidali zidan.

        — Zerbaitetan lagundu badiezazuket...

        — Ez, alferrik da. Gorgo bizirik dirauen bitartean ni hemen egongo naiz.

        — Orduan, zulo ustel hontatik ateratzeko bidea agertuko al didazu?

        — Oso erraza da, zure instintoak agertuko dizu eguzkiaren argirako dagoen bidea. Agur, eta zure bidea lau poloetako izarren argiek zuzendu dezatela.

        — Agur bai eta lurrak Gorgo nazkagarri hori jan dezala bere maldizio eta guzti.

        Iluntasunean eta bakardade oinazetsu batez, bide zail eta bihurkagarritik denbora luze baten ondoren kobazulo kiratsu hartatik airearen fragantzi freskoa usaitu nuen. Eguzki artzaiak bere beso nekatuak tiratzen zituen hodeiak eskuratu nahiean, bainan hauek ia beti alde egiten zuten eta azkenean eguzki artzaia, jota eta amore emanda, mendiak osatutako ohe bigunean etzan zen eta txorien kantu izalduekin eta errekastoen zurrumurru konstantearekin lo hartu zuen, lore nabarrez osaturiko mantu batez estalirik. Iluntzen hasia zen, Jainkoek zerua beltzez margotzen hasiak ziren bainan hutsune borobil bat margotzea ahaztu zitzaien; gabeko erregin argitsua. Eta beraien obra bukatzeko gaua punttu zuri dizdiratsuez zipriztindu zuten. Anitz soinuek giroa bustitzen zutenean, hotza sentitu nuen, nere azala zeharkatzen zuen hotz zorrotz bat, izotz Jainkoaren ttuaz bustitzeko laban bat. Dardarka lo egiteko leku baten bila hasi nintzen eta azkenik zuhaitz baten adar luze eta zabal batean moldatu nintzen eta sûl haizeak zuhaitzen hostoak igurtzean sortzen zuen musikaz lo hartu nuen. Zaldi txuri baten gainean hegan nengoela amets egin nuen, bapatean tximista itsukor batez iragarririk ezpatadun irudi luze bat agertu zen, burua eta gorputza maindire beltz batez estalirik. Burua egon behar lukeen hutsunean bi puntu gorri dizdiratzen zuten. Irudia nere aurrean geratu zen eta ahots metaliko batez behin eta berriz errepikatzen zidan: orainaldia etorkizuna da..., etorkizuna orainaldia da..., eta horrela desagertu zen inongo aztarnarik utzi gabe. Hurrengo egunean esnatzerakoan ezin nituen nere hankak aurkitu, hodeizko pildamu batzuk zeruaren urdintasun ezkutua ikus arazten zuten sare zikin bat sortuaz. Piskanaka sarea irten joan zen zulo guztiak grisez estali arte, euria egitear zegoen; zuhaitzetik jeitsi nintzen erabat nekaturik, hodei berunkara guzti hoien oisua nere buruaren gainera erori baliza bezela. Bide, mendiska eta errekastoak zeharkatu nituen ezerk bultzatuz. Mendi baten malda igotzen ari nintzenean euria hasi zen. Kristalezko tantoak aurpegian zehar irristatzen ziren nere fakzioei alditsuki moldatuz. Mendiaren gailurra koroatzerakoan jadanik nere gorputza hezetasunaren menpe nuen, jantziak eta gorputza bat eginak besarkada erraldoi batez bateratuak. Harriturik, belarraren freskotasuna eta izerdia osatzen zuten nahasketa usaituz hodeiertza begiratu nuen eta paisaiaren edertasunaz mozkortu nintzen nere azpian herriska bat nuela ohartu gabe. Teilaturik gabeko herria zen; etxeen barrutia biluzik agertzen zen. Hala ere ni nengoen ikustokitik ez zen biztanlerik ikusten. Hau ezeztu nahiean herriskara hurbildu nintzen. Hara iritsitakoan kikildurik biztanleak hankaz gora "ibiltzen" zirela ohartu nintzen. Eta horrela ez dakit zenbat denboraz herri paradojiko horren biztanle batekin luxuzko elkarrizketa bat eduki ahal izan nuen.

        — Kaixo! Non aurkitzen naizen esango ahal zenidake?

        — Eztoposko zakarrontzi herrian aurkitzen zara atzerritar.

        — Barkatu bainan, lotsagabekeri handia ez baldin bada, ankaz gora zergaitik ibiltzen zareten jakin nahi nuke.

        — Hum... Betiko galdera eta betiko erantzuna, gure ibilera ez da hain arraroa, gu ondo goaz, eta.ez zuek. Gorgo errealitatearen aztiak horrela egin gaitu.

        — Berriro ere Gorgo azti arbuiagarri horren bidea eta nerea gurutzatu dira, badirudi gure destinuak elkartzeko joera aurkezten dutela. Gorgo suntsitu behar dut, hori da nere betebeharra Eztoposen!

        — Ja, ja, ja, Gorgo ezin da suntsitu, zaurtezina da. Gorgo ez da gu bezelako hilkor soil bat. Zure bidean Gorgo aurkitzen baduzu zure ekintzetaz zihur egon zaitez.

        Giza presentziaz aseturik eta baieztapen sendo honekin nere bidea jarraitu nuen. Gorgorekin topatzea aski erabakia nuen. Bi egunez izadi amak ez zapalduriko lurralde irmo batzuetan arro ibili nintzen, zihur aski lurralde hoiek zapaltzen zituen lehenengo biziduna nintzelakoan. Lurralde birjin monotono hura zeharkatzerakoan bapatean baso baten lohidura berdearekin topo egin nuen; basoa ez zetorren bat zegoen urtaroarekin, zoruan zuhaitzek galduriko lehengo, bigarrengo edo ez dakit zenbatgarrengo azalak orbelezko ohe bigun bat osatzen zuten, zuhaitzen adar nekatuen gainean geratzen ziren hostoak ohe bigun hartara erortzea irrikatzen zutelarik. Eta basoaren erdian petalo morezko lore bakarti bat hazten zen, orbelak jakintsuki gordetzen zuen hezetasuna bere erraietan zehar isurtzen zelarik. Lorea hartu nuen eta oraindik iruditzen zait bere oihu garratza nere bihotzean oihartzundu egiten dela taupadekin nahastuaz. Lorea beti nerekin batera eramaten nuen baso antioletako erregin elfiko batek emandako altxor bat bezala.

        Udazkeneko baso melankoliotsu haren bukaeran zilarrezko aintzira batek paisai zurbilarekin hausten zuen. Berehala aintziratik zuriz jantzitako irudi bat ur gainera irten zen bere azpian ke txurizko hodei bat utziaz.

        — Gorgo naiz, errealitatearen aztia eta hemen ikusten duzun aintzira, malkozko aintzira da, urtetan zehar bizidunen malkoz nik zuhurki osatutako obra.

        — Zurekin bukatuko dut, eta zurekin batera zure eskuz egin duzun guztia!

        — Ja, ja, ja, ja.... ja, ja, zauritu nazakezu, bainan deuseztu behin ere ez, indarrezko erakusketa bat, hori da zu ez zerana, nere bidea oztopatu dezakezu, nere maletik ihes egin, bainan deuseztu behin ere ez, ja, ja, ja, ja..., zuek osatzen duzute errealitatea, zuek moldatu egin nazakezue, zuen bizitza beti alda daitekeen gaixotasuna da. Alda nazazue beraz!

        — Ez! aluzinazio batetan gorpuzturiko irudia zara, ken zaitez nere bidetik, azkar!

        — Zatoz! Bai, zatoz eta sar zaitez nere malkozko aintziran.

        Sartzeko esaten ari da, aintzira hortan sartzea nahi du, bizitza normalera itzultzea nahi du, sartu egingo naiz, Gorgoren burua nerearen gainean jarri da. Agur nere bidaiari; lorea lurrean etzanda utzi dut, lau petalodun lorea. Orainaldia etorkizuna da, etorkizuna orainaldia da. Itotzen ari naiz, aintziraren janaria naiz, bere urdailean nago. Malkozko uholdeak nere ahoan sartzen ari dira, malko gezaminak.

        Orain jadanik gizaki horren burua, buru lauki bat da, garun itxi bat. Ez du imajinaziorik, ezta ere sentimendurik, hotza da: izotza. Lotan bizi da, manipulaturik. Programatua dago. "Eta denek tekla kolpez ordenadoretako pantailetan poza inprimatuko dute, eta horrela biziaren pantaila deshumanizatuaren parra sorraraziko dute. AXPORDEN. Bere bidaia aspaldidanik bukatu zen, bainan alferrik da, ez da ezertaz oroitzen. Boligrafo majiko hura tinta urdinez odolduriko paper batetan dirau, ispilu batek hilezkorra egingo duen isladapen baten barnean. Bitartean Eztopos atzera doa eta aintzira baten ondoan dagoen udazkeneko basoan, orbelezko ohe bigunean, lau petalodua lore more bat aurkitzen da, etzanda...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.