L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 7 (1992-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Errekoño San Judas

 

Txan

 

Aspaldidanik dator gure belarrietara euskararen historia. Teoria asko izan da horri buruz, eta horretarako bide asko erabili izan da (Arkeologia, Linguistika...)

        Guzti hori ikusiz, Larramendik (Bartzelona hitza bart_ze_lo onatik zetorrela zioen; euskarak aintzinean zuen hedapena frogatu nahian), egin zuen bezala, nik ere nere harea puskatxoa jartzeko asmoa daukat, eta, beraz, gure hitzen jatorria ikertu izan dut, eta asko harritu ninduten hitz edo esamoldeak bazeuden ere, azken hauetako batek sortarazi zidan hainbat harridura eta larritasun.

        ERREKOÑO SAN JUDAS esamoldeak sortu zizkidan duda gehienak, eta hemen hasten da, beraz, testu hau, nire teoria izugarri eta zientifikoei buruz: ERREKOÑO SAN JUDAS esamoldeak hainbat esanahi izan ditzakeela azkar nabari daiteke. Hori dela eta, nik, Ignacio Sodupe-k, aztertze lan bat egingo dut, betiere euskararen alde eta inoiz ez ene fama haunditzeko edo eta sortzeko.

        ERREKOÑO hitzak banaketa ezberdinak izan ditzake, hauetako bat ERRE-KOÑO izan daitekeelarik. Bere bigarren zatia zein den ikusirik (SAN JUDAS), San Judasek koño (emakumeen atributuetako bat) erre behar duela dirudi (ERRE-KOÑO SAN JUDAS!).

        Azkenetariko teoria batek dioenez, beste zatiketa bat ere eman daiteke; baina horretarako hainbat, aldaketa fonetiko ezagutu behar da, jakina bait da urteetan zehar fonetikoki aldaketa haundiak gertatzen direla. Esaten genuen bezala, ERRE-KOÑO zatiketarekin jarraituz, ERREren azken e palatal hori XVII. mendean sortua izango litzateke, eta beraz, jatorriz ER KOÑO izango zatekeen. Hori horrela izanda, gure arbasoak Andaluziatik letozkeela dioen teoria beteko eta indartuko litzateke.

        Teoria hau areagotzen duen bat ere badago, baina beharrezkoa da hemen beste aldaketa fonetiko bat: KOÑOren k belarea jatorriz t horzkaria izango litzatekeela. Teoria horren bidez, andaluziarren teoria indartzeaz aparte, Aitorren historia deuseztatu nahi izan da. Hauen ustez, lehen euskaldunak Aitor izan beharrean Toño izan beharko zukeen (ER(1) TOÑO, ER(1) AITOR izan beharrean).

        Teoria hauetaz aparte badaude beste zatiketa batzuk ere; hauetako batek, adibidez, gure arbasoen jarrera sexista eta matxista salatuko luke. Hitz honek, nahiz eta jatorriz ape atzizkia eduki, galdurik edukiko luke XVI. mendeaz geroztik. Beraz, zatiketa hau izango litzateke: ERRE ape KOÑO edo ERRAPE KOÑO SAN JUDAS.

        Iturberen azken teoriak, guztiz irreal eta utopikoa nere ustetan, agertu beharko du idazki honetan, pluralitatea bait da nere printzipioa. Berak, ERRE-KOÑO famatu hau EME KOÑO zela dio, eta honela, gu, euskaldunak, nipoien odolezko anaiak garela frogatu zuela esan zuen, Japonen ere honelako antzeko bat gertatzen zela frogatu bait zuen; edo horrela esan zuen behintzat. Horrela HIRO HITO jatorriz GIZON-PITO izango litzateke, eta argi dago bi hauen arteko parekotasuna: EME-KOÑO eta GIZON-PITO.

        ERREKOÑOk, hitz zail eta garrantzitsu honek, ere izan zuen Vicente Pradosen Sobre el origen del vascuencean leku garrantzitsu bat bosgarren kapituluan. Pradosek zioenez, hitz hauek, egoki zatiturik, Iruñea ez zela Euskal Herriko hiriburua betidanik frogatu nahi izan zuen. Errekoño hitza bitan zatiturik, eta ERREren azken e hori kenduz, eta beste hitz askotan gertatu omen zen bezala k belarea g belareaz ordezkatuz, eta l horzkari bat aurrean jarriaz (aintzinean hitz hasieran l ugari omen zen, eta hori desagertu egin omen zen duela urte batzu), azken hau geratuko litzaiguke: ER LOGROÑO. Baliteke beste honako hau izatea ere: é Logroño. Honen bidez gure arbaso andaluziarren teoria asko indartuko litzateke. Beraz, Pradosek zioenez, Euskal Herriko hiriburua Logroño izango litzateke eta ez Iruñea; bestela ERé LOGROÑO SAN JUDÁS izan beharrean ERé IRUÑEA izango bait zatekeen.

        Azken urtean Nobel Saria jaso zuen pertsonaia ospetsuak, Valentin Edwardsek hain zuzen ere, bota zuen teoria bat arazo latz honi buruz, gauzak argitu nahian, berak esan zuenez. Honen ustetan, ERREKOÑO hitza plática-óbice hitzetatik zetorren, baina euskararik ez zekienez, inork ez zion kasurik egin eta. porkulo hartzera bidali zuten azkar asko.

        Badago konpartitzen ez dudan teoria ugari ere, nere ustetan oinarri zientifikorik ez dutenak. Hauetako batek dioenez, ERREKOÑO famatu hau hasieran eta jatorriz hitz txar bat zen, hitz honen esanahia emagaldu izango zelarik. HERRIKOÑO izango zen jatorriz, nahiz eta beste hizkuntzalari batzuen ustez jatorriz HERRIko KOÑO izan zitekeen.

        TXERRI-KOÑO eta horrelako teoriak ez aipatzea erabaki dut nere lana serioa bait da, eta ez ergelkeriaz betea, edo horrela da nere asmoa lan honen hasieratik behintzat.

        Baina ezin dugu ahaztu SAN JUDAS, edo esamoldearen bigarren zati hau, ERREKOÑOk beste garrantzi edo gehiago bait du. SAN JUDASi buruz zegoen ardura asko indartu da azken hamar urteetatik hona, eta honek, nola ez, teoria berrien garapena ekarri du.

Cuadernos Filosóficos aldizkarian agertu zen duela gutxi honi buruzko teoria interesgarri bat. Bertan, José Felipe de Santosek zioenez, aintzinean i bat zegoen JUDAS horretan, i bokal itxi hori XII. mendean galdu zelarik. Beraz, Santosen ustetan aintzinan SAN JUDIAS izan beharko zukeen. Hala ere, teoria hori ez da oso fidagarria, ez bait du argitzen JUDIAS hori janaria den, edo eta emakume judutarrei buruz den.

        Smithek zioenez, ERRE- aurrizkia XVIII. mendean ezarri zitzaion, eta beraz, aintzinako eta benetako esamoldea KOÑO SAN JUDAS zela argitu zuen. Honen ikasketak, beraz, azken esamolde horretan oinarritu ziren. Aldaketa fonetiko batzu ere ikusi zituen Smithek. Horrela, JUDAS hitzean o/u alternantzia zegoela esan zuen, eta SAN eta JUDASen artean gaur galdurik dagoen o bokal irekia zegoela ere defendatu zuen. Guzti hori ikusirik, bere aintzineko esanahia atera zuela esan zuen, nahiz eta hitz haren esanahia ez izan oso "morala" beste izkuntzalarien artean (apaizen artean bereziki). Azken finean, KOÑO SAN JUDASen jatorrizko forma KOÑO SANo JoDAS izango litzateke. Teoria honek jarraitzaile dexente izan zuen 60.eko hamarkadan, nahiz eta azken urteotan indarra eta aktualitatea galdu izan duen.

        Judas Iskarioteren bizitzan oinarritzen diren teoriak ere badaude, eta azken urteotan jarraitzaile asko hartzen ari dira. Hauetako teoria baten arabera esamolde honek Judas (Iskariote)ren bizitza nolakoa izan zen eta jatorriz Judas nola deitzen zen argitu nahi digu. George Willesek, teoria honen asmatzailearen parrafo bat jasotzen dut idazki honetan, inolako aldaketarik egin gabe, lehen esan dudan bezala egia kontatzea bait da nere lanaren azken helburua:

        "Ezaguna da euskal hizkuntzaren j letra azken bi mendeetan agertu eta sartu dela kanpo faktoreak direla eta (gaztelera...). Hau ikusirik, gaur j letra dagoen lekuan aintzinean zein letra zegoen aztertu beharko da, eta argi dago aintzinean zegoen letra d zela, azken hitz honek indar eta presentzia handia galdu bait du XXI. mendetik aurrera. Hau ikusirik, argi dago gaurko SAN JUDAS aintzinean eta jatorriz SAN DUDAS zela. DUDAS honek Iskarioteren dudak izugarriak izan zirela esaten digu, asko dudatu bait zuen Jesukristo erromatarrei salatu edo berarekin elkartu horrela zerua irabazi ahal izateko. Guzti hau ikusirik, nik, George Antony Alfred Willes-ek Judas inoiz existitu ez zela baieztatzen dut (ez pertsonaia bezala, izen bezala baizik), DUDAS baizik. Beraz, munduko biblia guztietan agertzen den akats hau zuzentzea guztiz beharrezko deritzot, horrela gure seme-alabek egi hutsa ikas dezaten, eta ez erdi-egi edo gezurrik".

        Nahiz eta Willes-en asmoa teoria eztabaidagarri bat egitea izan, ez zuen lortu, handik urte batetara hil bait zen, eta linguisten munduak hiruzpalau urte behar izan bait zituen teoria honen aurka altxatzeko, hain izan zen bortitza teoria honen erasoa eta.

        Baina ene irakurle maiteok, ikusi duzuenez, orain arte beste hizkuntzalarien teoriak agertu dizkizuet. Ikusi ahal izan duzuenez, hainbat eta hainbat teoria dago gai garratz eta zail honen inguruan, eta ikusi duzuenez, bata bestea baino "jevi"-agoa izan da. Hau ikusirik, ni ere ez naiz atzean gelditu, eta teoriarik "jevi"-ena egiten saiatu naiz, beti ere erregela fonetikuak eta froga zientifikoak erabili ditudalarik.

        Nere ustetan ERREKOÑO SAN JUDAS esamoldea zati batetan aztertu behar da. Hau izan da nire teoriaren lehen urratsa. Bigarren urratsa, ordea, aurreko teorieetatik (gehienek, daukate, nere ustetan, arrazoi parte txiki batetan), nire ustetan arrazoia duten parte txiki edo haundiak harturik, teoria berri bat lortu eta asmatzea izan da, nere eritzirako benetako eta jatorrizko esamoldea lortu dudalarik. Hona hemen agertutako teoriarik "jevi"ena eta baita bere baitan egia osoa duena ere:

        Lehenengo hitza, ERREKOÑO, bi zatitan banatu daiteke: ERREKO eta ÑO. Eta hauetako teoria batzuetan agertzen den        bezala e/i eta o/u alternantziak gertatu ziren XVII. eta XVIII.. mendeetan. Beraz, eta argi dagoenez, ERREKOÑO hitza hasiera batetan HERRIKO-ÑU izango zatekeen (ÑU, aspaldiko talde jevi famatua, gaur desagertua).

        Falta diren bi hitzekin jarraituz, SAN JUDAS ere bitan zatitu daiteke, SAN eta JUDAS. SANi buruz, XII. mendean gertatu zen bezala, azken n hori galdurik, SA geldituko litzateke, edo berdina dena, S.A. (Soziedad Alkoholika), azken hau Gasteizko talde jevi ospetsua.

        Aurrera jarraituz, JUDAS hitzak bazuen urteekin galdu duen eranskin bat, euskaran asko bait dira laburtzen edo desagertzen diren hitzak ekonomi arazoengatik (beste hizkuntza askotan gertatzen den bezala). Argi dago hemen aintzinean zegoen hitza, eta gaur egun galdurik dagoena, PRIEST izango zela. JUDAS PRIEST betidanik izan bait da talde jevi famatua Europan eta mundu guztian zehar.

        Azken finean, eta oso argi ikus dezakegun bezala, jatorrizko eta benetako esamoldea honako hau zen: HERRIKO ÑU S.A. JUDAS PRIEST. Eta teoria izugarri eta miresgarri hau deusezten saiatzen denak ezin izango du birrindu, hauxe bait da egia, egia hutsa. Eta egiak, nahiz eta kostatu beti, irabaziko dio gezurrari edota erdi egiari.

                ÑU!!! Herria zurekin!!!

                S.A.!!! Ez zaituztegu ahaztuko!!!

                JUDAS PRIEST!!! Zuen alde gu beti prest!!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.