L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik (1994-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Unibertsitateari su,

su unibertsitateari

 

Miel Anjel Elustondo

 

(Zintzhilik Literatur Lehiaketako 1. saria saioen atalean)

 

Azkenean!, por fin!, unibertsitate planak berritu zizkigunate. Kitto garai bateko unibertsitate zaharra. Akabo. Jada, aro berri batean sartuak gaitun.        Planak berriturik, sendabidean dun unibertsitate har joa. Osasunbidean. Edota kontrakorik aditu dion inori?

        Ezin izango zienagu borondaterik ukatu unibertsitateko agintariei. Esan nahi dinat, txarra. Borondatea, alegia. Bestalde ordea, ez ote dugu urrutiegi begiratzen negon: nire barruan. Bai, ez ote dinagu gaitza uste baino askoz hurbilago. Ez ote dinagu minbizia —kanpora eta urrutira gabe— aterpe dugun adreilu gorri itsusiko hostopean bertan. Eta ez naun ari giro hits atzemangaitzat. Ez dinat horixe intentzioa. Noraezean jarduteke, nora edo nora zuzen tiratu nahi dizkinat tiroak. Zuzen noakin harira. Irakasleei apuntatzen ari naun. Ez natzain ausartzen izen-deituraz jarduten. Ez zaidan damu halaere. Fakultate honetako ikasleon ahotan zebilzkinagu. Inpresentable kuadrila galanta dinagu gidari. Zezenzale ez garenok —eta are gutxiago torero—, zezen beltz adar motz punta zorrotzekoak toreatu behar! Berehala egingo geninan amak agindu izan baligu! Asmatu geninan aitzakiaren bat. Ez zegon kuidadorik! Eta barruak agintzen zidan: ezin zienak barkatu irakasleei.

        Ez ditun irakasteko gauza. Onenean, gaiaren jakitun ditun. Onenean. Gaitz erdi dugula esango didan, baina ni ez naun uste berekoa ordea. Gaiaz dakitela nahiz ez dakitela, gure irakaspidea sasiz eta larraz garbitu eta abiarazteko gauza ez badira, niri bost haien jakituria: izan handia nola handia. Haiek gauza ez direla, guk ikas dezagun oztopo dizkinagu. Traba eta enbarazo. Behaztopa. Eta jakina, urtea joan, urtea etorri, harri berean egiten dinagu topo ikasleok. Nola tontoek hala bizkorrenek. Saiatuek zein alfer nagiek. Biblioteka-umeek nahiz estudiante tunante gautxoriek.

        Bestalde, irakasteko gauza litezkeenak, etengabeko jarduna dinate didaktika-oinarririk behinena. Hau da, didaktikaren arrastorik ere ez. Eta lotsa gutxi endemas. Ez ditun pentsatzeko gauza ere. Ikastaldia amaitzen delarik ere, baloraziorik egiten ausartzen ez zaizkigun. Inork, «gaizki esanak barkatu» bat botako din lotsagabe, lau hilabetean —alditan zuzen, alditan oker—, isildu gabe jardun ondoren. Hori onenean. Gehienean, azterketa eguna aipatuko dinate, irri gaizto zitala ezpainetan, eta agur benhur. Horrela beti edo gehienean.

        Azterketa ondokoa ez dinagu askoz gozoagoa. Agindu baino hilabete beranduago emango dizkinate erakustera notak. Guztiz larrituta ematen dinagu guk bien bitartean denbora tarte hori, lan berriari behar bezala ekiteko gai ez garela. Halakoren batean, ateratzen dizkinate notak. Erdiak edo suspenso. Irakasleari berari emango nioken suspensorik borobilena! Ikaslearen lepotik gizentzen ditun horiek! Eta notaren gainean eztabaidan joan eta amak baino buila handiagoak igual!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.