L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik (1994-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

Leiho atzeko neskatila

 

Jorge Yabadaba

Eguzkiak ortzemugaren atzeko bidea hartu du jadanik Gaztelako zeru oskarbian, eta suzko borobil hantuari zenbatuak izan zaizkio bere osotasun esferikoa galdu arteko minutuak. Nahigabeturik, antza, jarraitzen dio bukaerarako bideari, lur hauetako gizon emakumeentzat laster hilda egongo dela jakiteak axola ez balio bezala. Eta eguna hil aurreko ordu honetan —azken ordu honetan— herria agertzen da, ezin ederrago, ezin bereziago, beste orduetan eguzkipean, nortasuna galduko bailuen, inguruetako beste herriekin berdintzearekin batera. Aldiz, ordu honetan hain zuzen ere, badirudi bere izaera nabarmentzen dela, afaria berotzen ari den suaren keak tximinietatik kanporatzen, aideratzen diren bezala.

        Zentzazio guzti hauek ez zaizkio zehatz mehatz gogoratzen muino txiki batetik herriari so dagoenari, baina bai era intuikorrago batean, zeren orduantxe —eta ez beste ezein instantetan— oroitzen baita herri horretan bertan —elezaharrak dioenez— hiruehun bat urte lehenago gertatutakoaz.

        Urte haietan ere herriak ez zuen inguruko herriekiko desberdintasun handirik izango seguraski. Bakar bakarrik bizitza herrian emandakoek antzemango diete, soilik bertan bizitza emanez harrapa daitezkeen herriaren berezko izaera eta nortasunari. Zeren, beste gauzetan ez bezala, horretan berdin irauten baitu herriak. Hala ere, aldaketak, nahitaez, gertatu dira, eta kale estuetako etxe pilatuez gain bazegoen, aintzina, herritik apartatu samar, etxe isolatu bat.

        Etxe hura ez zen gehiegi ere bereizten gainerako etxeetatik. Izan ere, bazituen etxe guztietako elementuak: tximinia, teilatua, horma gotorrak, ateak, leihoak... eta leiho batean neskatila bat. Hauxe zen, hain zuzen ere etxea gainontzekoetatik desberdin egiten zuena, burdin hesiaren atzetik kanpora begira egoten zen neskatila beltzarana.

        Herriko jendeak laster hartu zuen neskatilaren berri, inork ez baitzuen inoiz ikusi kanpoan eta nahiz eta haren ama haurdun agertzen zeneko garaietan guztiek pentsatu umea beste umeekin jolasten ikusiko zutela, aurpegi pentsakor konformatu behar izan zuten, jende aberatsen etxeetan, herriaren jabe zen kontearena bezalakoetan, egon ohi ziren koadroetako baten gisan.

        Gurasoei, jende xehea eta langilea, arrunta eta on hutsa, makina bat alditan galde eginak ziren familiarekin tratabide estuena zutenak alabaren berri, baina neskaren kontu hauetan, ordea, mututzen, ixten zitzaizkien ezpainak aita-amei eta ez zegoen ezer ateratzeko modurik. Denboraren poderioz lagunek isiltasun hau errespetatzen ikasi zuten eta ez zioten galdetzeari gehiago ekin.

        Baina, zoritxarrez, bazegoen beste jende mota bat herrian, leku guztietan egon ohi direlako era guztietako jendeak. Hauen artean, ume, heldu eta zahar, guztiek jokatzen zuten berdin, neskari buruzko kontuak asmatuz. Batzuen ustez, neskatila leihoan egoten zen printze aberats eta odol urdineko baten zain, herritik etxe hura bereizten zuen bidetik zaldi zuri baten gainean eta urrezko koroa batekin agertuko zelako esperantzetan. Honi dagokionez era guztietako kontuak egiten ziren jendeartean, batik bat, udako gau sargoritsuetan, nekazari xumeek larrainean kontu kontari patsadatxuan aritzen zirenean.

        Hala ere, ez ziren denak kontu goxoak leiho atzetik begira zegoen neskatilarentzat; gaiztoagoak eta ankerragoak ere baziren. Esate baterako, haurrek, soroetako eta artzaintzaren lanari itzuri eginez etxe aurrera bilduta, botatzen zizkiotenak.

                "Manuela cuitada

                espera sentada

                tu principe azul

                no te lo trae ni un hada".

        Txantxak txantxa, burlak burla, neskatilaren begitarteak pentsamendu sakonean jarraitzen zuen, antza, ezeri jaramon egin gabe gogorragoak entzun behar bazituen ere:

                "En la ventana esta,

                no viene, no viene                la de la cabeza gorda

                que patas no tiene".

        Begiak, mugagabetasun batean galduta, mundu honetatik kanpoko zerbait ikusten ariko bailiren, bere baitan nagusitzen zen saminaren erakusle, malko bustien aintzira bilakatzen ziren bat batean, eta mutu, segitzen zion, burdin hesiaz bestaldean gogoetari, gogoeta mingotsu bati, hari eta norbaitek haurren barre algarak uxatzen zituen arte.

        Denborak aurrera egin ahala, burla egiten zioten haur hoiek legez, hazi zen neskatila ere, baina honek ez zuen leihoaz bestaldera, alegia, mundura, bultzatu. Leihoan bizitzeko kondena luzea jaso izan bailuen jarraitzen zuen, inoren ispilu gisa, leihoan jarrita, kanpora begira.

        Gurasoek, zaharturik zegoenekoz, txintik atera gabe irauten zuten, baldin eta herrira heltzen zirenek alaba ez irtetearen arrazoia galdetzen bazieten. Hura zen oraindik isilerazten zituen kontu bakarra, hura eta lan gogorra, zeren urteetan sarturik, nekagarria zitzaien gaztetako lan berdina egin beharra. Herriko mihiak, ordea, ez ziren isiltzen, eta bihotz onekoek hain guraso zaharrek alaba ederraren laguntza ez izatea adierazi beharra bazeukaten, bihotz txarrekoek printze urdinaren istoriari barregarria irizten zioten eta, horren ordez, behin ihes egin zion senargaiaren itzuleraren zain zegoela esaten zuten, barrezka, trufaka, besteen zorigaitzetan poza aurkitzen dutenaren irribarre maltzurraz.

        Inoiz ere, herriko gizon gazteek, ardotan dexente ibile ondoren etxeko bidea hartu baino lehen, geldialdi bat egiten zuten Manuelaren leiho aurrean euren mihi dorpeetatik atera zitekeen kantarik hoberena eskaintzearren.

                "Manuela espera                tu horno mojado,                que por la reja le llegue

                un pan sonrosado".

        Eta barrez lehertzen ziren jarraian, eta mutil hordituek lizunkeria eta zikinkeriak esaten zizkioten, eta honetaz aspertuta, euren barre algarak etxeko bidean amatatzen ziren, astiro, urruntasuna medio, ezin sendoago baita urruntasuna gogoa baino, oihua isilarazteko orduan behinik behin, baina ez ordea sentimendurik sakonenak. Hala zirudien Manuelarengan ere, begirada leihoan zehar infinituan galdurik; pentsamendua Amerika berrietara joandako maitaleren batenganantz zuzendurik izan zezakeen edo beste edozertara. Auskalo, inork ez zekien, ezta leihotik begira zegoen andreak berak ere, seguruasko.

        Iluntzean muino batetik herriari so dagoen gizonari, zeinek hirurehun urte lehenago gertatutakoa kontatzen duen elezaharra gogoratzen baitu, denboraren jarioa oharkabean pasatzen zaion era berean, pasatzen zaio ere leihotik begira dagoen andreari. Hala, denboraren jarioak leiho hartako neska amona bilakatuko zuen. Ez dago zertan esanik isilik jarraitzen zutela gurasoek, alabaren berri emateko ezezik beste edozer gauza kontatzeko ere, zeren denborak alaba atsotu egin zuen bezala, gurasoak heriotzera eraman baizituen. Eta orduantxe gertatu zen herriko jendeari azkenean atsoa leiho atzean atera gabe egotearen arrazoiak ezagutzeko esperantzak piztu zitzaizkiola, laster jakin baitzen gazte bat sartu zela neskame atsoa zaintzearren.

        Neskamearen ahalegin guztiak, ordea, antzuak gertatu ziren eta amonari hitz amoltsuak etengabe esateak ezer gutxirako balio izan zuen. Inguruetako altzariak bezain mutu, haietako bat ematen zuen. Hala esaten zien neskame gazteak behintzat amonaren berri galdetzen zioten guztiei, aulki gainean jarritako kuxinaren antzerakoa zela, edo, landarearena edo pixontziarena, eta, saiatuz gero agian gehiago atera litekeela hauetatik atsoarengandik baino.

        Kontatu zuen halaber, mundu guztiak zekiena, alegia, ez zegoela beti leihoan jarrita, inolako laguntzarik gabe joaten baitzen mahaira otorduetan eta ohera logura zenean, nahiz eta egunean lau ordu lo baino gehiago sekula ez egin. Bere begiek ez zuten inoiz zirrararik adierazten, ez arrazoiengatik galde egiten zionean ere...

        Ez zegoen ezer berririk eta kontu zaharrek berdin iraun zuten berriak bailiren herriko belaunaldi berrientzat. Zaharrenek kontatuagatik bazekiten ia laurogehi urtetan leihoan emandakoa zela, eta honek hegada luze batetan eramaten zuen jende berriaren irudimena, inoiz euren aurrekoek egindako bidea errepikatuz, inoiz denboraren poderioak hala beharturik, kontu berriak asmatuz.

        Batzuen esanetan, oso kontu sinesgaitza zen laurogehi urte inguru leihoan zeramatzaneko hura, eta, lan egin ondoren eguzkitan jartzen zen amona nekatu bat besterik ez zen bere ustez. Beste batzuk, ordea, ez zeuden iritzi honekin konforme eta euren gurasoek esandakoari egiatasun osoa emanez eztabaidan sartzen ziren besteekin, zenbaitetan ere batzuk borrokan bukatu zutelarik ardoak mozkortuta auzi honetan sartu ondoren. Beraz, gurasoek bezalaxe hauek oraindik senargai baten zain zegoela zioten, edota gauez beragana hurbiltzen zen gizonen batekin larrua jotzen zuela, nahiz eta laurogehi urte izan, zeren inbidiaz beteriko emakumeen esanetan lan egin gabeko emakumeari gizonen grina ez zaion behin ere pasatzen, eta leiho atzetik begira zegoen amonaren kasuan izugarri handia behar zuela izan txotxoketan ibiltzeko gogoak.

        Bizitzak betiko moduan jarraitu zuen Gaztelako herri honetan atsoari gurasoak hil zitzaizkionetik beste bost bat urtetan. Jendeak lan egitera zihoazen, herriko festan mozkortzen ziren, eta mozkortuta kexu egiten zuten pairatzen zuten pobreziagatik, barre egiten zioten elkarri, haserretzen ziren eta ukabilka eta labankadak emanez bukatzen zuten inoiz; batzuetan ere, alkoholak indartu egiten zituen urteetan sartutako gizonak, eta poz labur eta asegabeak ematen zizkieten emazteei, zeintzuek sapaiari begira euren erraietan hustutako gizonek adar luzeak baino ez zituztela merezi pentsatzen baizuten. Gazte berriak maitasunera eta grinara jaiotzen ziren eta, jaio orduko, Inperioaren gerra batek hil edota usteldu, alferrikaldu eta gaiztotu egiten zituen. Hala eta guztiz ere, ume berriak etortzen ziren mundura eta ume hauek ez zuten irudi azkar eta lausotu bat besterik, gehien jota, leiho atzetik zegoen atsoari buruz, zeren atsoa gurasoak hil eta bost urtetara hil egin zen ere, burdin hesiaren atzetik laurogeita bost urtetan betetako hutsunea utziz.

        Ume horiek izan ziren euren gurasoei, behin, leiho baten atzean andre batek bizitza osoa eman zuela entzun zieten lehenengoak, bizitza osoa heriotzaren zain, entzun zieten, eta entzun bezala euren seme-alabei esan ere egin zieten, eta hauek berenei ere, horrela, hirurehun bat urtez, iluntzean herriari so daggen gizonarenganaino iritsi arte.

        Gauak beztu du dagoeneko Gaztelako herria, eta baita herriaren inguruko soroak eta muinoak. Gizona etxera abiatzen da gaur telebistari lekua kenduko diola pentsatuz, zeren gaur badaukan seme-alabei zer kontaturik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.