Umea, Eroa eta Moskorra
Bi ero Guggenheim aurrean
Zoroagako Garziarenatarrak
1. eroa: Hau eskandalua! Baina, ikusi al duzu agintedunek egin diguten obra "faraoniko" hori? Herriarentzat diotenez, baina, beti bezala, herriaren diruarekin eta herria gabe. Herriaren protestak zuzenak iruditzen zaizkit.
2. eroa: Faraonikoa? Aizu, aizu, Egiptoko faraoiek ere holakoak egin zituzten, baina herriaren odolarekin, eta beraien bizitza eternala ziurtatzeko. Oso merke atera zitzaien gainera, herria esklabua zen. Herriaren protestak zuzenak ziren, baina protestatzen zutenak krokodiloetara botatzen zituzten. Jar ditzatela krokodiloak Nerbioi ibaian!
1. eroa: Erotuta zaude! Euskaldunoi kostatu zaigun dirutzarekin! Gure herrian pobrezia ez balego bezala. Zergatik ez dute diru hori erabili langabezia murrizteko?
2. eroa: Egia da agintedun batzuen goi-asmo ilunak egon direla tartean, eta egia da gure herrian oraindik pobrezia handia dagoela, baina artearen eta kulturaren kaltez izan behar du beti? Diru asko kostatu duelako bakarrik da txarra? Pentsa zenbat alde on edukiko dituen, eta ez bakarrik kultur alorrean; Museoak lanpostu asko sortu ditu, eta aberastasun handia eragingo du haren inguruan. Gainera, mundu osoa liluratuta utzi duen edifizio ezin ederragoa da, berez jende asko erakarri egingo duena. Euskal Herriak oihartzun ona lortu du mundu osoan proiektu honi esker.
1. eroa: Ondo, artea eta kultura ere garrantzitsuak dira, ez dizut ukatuko. Baina zure hitzen segadan erori zara: artea eta kultura ez al dira berez baliozkoak? Zergatik sortu behar dituzte lanpostuak: politikoki zuzenak izateko? Eta superabit ekonomikoa ematen ez duten kultur ekintza txikiak zer? Bestalde, nahi dituzun lanpostuak sortuko zituen, baina artista euskaldunen obrari mespretxua baino ez diete azaldu. Gure euskal kulturaren aurkako erasoa da.
2. eroa: Ondo dago munduko artisten lanak ekartzea hona. Gehiago edukiko bagenu hobe! Gainera, zer arraio, euskal artistek kexatzeko arrazoia balute bezala! Inoiz baino laguntza eta babes gehiago lortzen dute erakunde publiko eta pribatuetatik. Alde guztietan daude beren obrak, baita zabortegian ere, gogoratu! Eta bakarren bati museo edo fundazio berezia ipini behar omen diote diru publikoaz.
1. eroa: Burutik eginda zaude! Ez al zara konturatzen euskal artea baztertu ezezik, amerikanizatu egingo gaituztela? Geure etxean bertan ere ez diote txokorik utziko gure nortasunari, baita txikia izanda ere?
2. eroa: Aizu, zu bai zaudela burutik jota! Niregatik, hobe genuke horiek denak, Picassoren "Guernica", edo "Gioconda" eta Van Goghen pintura guztiak adibidez ekarriko balituzte, eta euskal artisten obrak hemendik kanpoko museoetan erakutsiko balira: euskal kulturaren handitasunaren neurri .izango litzateke. Arteak ez dauka gentilizio beharrik ona bada. Flaubertek zioenez, artistak ez du erlijiorik, ez aberririk eduki behar.
|